Atarikoa
Arturo Campion
(1854-1954)
Aspaldiko
Aurten gertatzen da euskaltzale aundi onen jaiotzaren eungarren urteurrena.
Urtemuga au ez dugu pasatzen utzi bear aren oroitzapen agurgarria munduko euskaldun guzien artean aizatu ta goratu gabe.
Oraingo Euskalerri menderatuan isilune estuan bizi gera euskaltzaleak. Guk erbestetik, Amerika zabal ontatik urratu bear dugu eriotz-isiltasun ikaragarri ori, eta gure oiu zorrotz, gure deadar ozen eta irrintzi maite-mindua Arturo Campion zanaren omenez bialdu nai dugu mundu guzira.
Ez jaioterri zun Iruñe'k, ez Naparroa'k, ez Euskalerriak ez dio merezi dun aintza ta gorasarrea eskeñi. Guk, ordañez, sorterritik urrun biziagatik Campion'en ikasle ta jarraitzalletzat gure burua dugunok esker-onez zor ori ordaindu nai dugu.
Bestek esan eta esango dutenaz gaiñera, nik nere aldetik Campion euskaltzale bezela ederretsi nai dut.
Berak egiña digu euskeraz ikasteko dan liburu ederrenetako bat: «Gramática de los cuatro dialectos literarios». Asieratik agertzen du bere biotzaren ai erri-maitasuna. «Orreaga» kantu famatua euskera mota guzietara itzuli zun. Eta naiz Campion'en liburu geienak erderaz izan, bere idaz-lan eta itzaldi guzietan sakon eta kementsu beti euskeraren alde jokatu zun.
Orregatik, ez da arritzekoa Euskaltzaindi edo Akademia euskalduna irasi zanean Campion Jauna lenengotako euskaltzain izendatua izatea.
Jakituri edatuko gizona: lege-gizon, historigille, musikazale, abar eta abar zentzu aundiko idazle ta kristau zuzena euskaldungoa ohoratu zun bizi guzian.
Guk beraz, omendu zagun Campion eredutzat arturik. Biderik onena aren liburuak irakurri ta irakurraztea da. Nun-nai gaudela Euskal-Erria ezagutzen eta maitatzen ikasiko dugu segurki.
Campion'en gaztaroan gerta zan otsaundiko «Gamazada» auzia. Gero etorri ziran 1936-1939'ko gudate negargarrizko urte beltzak... aztutzekoak obeak! Orain beste burruka bat sartu da Naparroa'ko Diputazio ta Madrid'eko Gobernuaren artean. Betiko leloa! Gu zapaldu naia.
Aldizkari ontan ez genuke politika kontuan sartu nai baiñan ezin ukatu dugu ordea gure odola ta nai ta ez ateratzen al gera gure erriaren bizia ta eskubidearen alde.
Campion'ek erakutsi zagun nola jardun. Jarrai zagun arek erakutsitako bidetik.
|