Elerti
Itzaltzu'ko koblaria
Arturo Kanpion
euskaratzailea:
Sorrarain'tar Andoni A.
Kanpion jaunak ondua, Sorrarain'ek euskeratua
(Aurten betetzen dira eun urte napartar edestilari argi, Artur Kampion jauna iaio zanetik. Edestiak ez-ezen euskerak ere asko zor dio idazle bikain ari. Gure aldizkaria ezin zitekean aren oroitzapenaren saietsean, beraz goratzarre bezela Sorrarain'tar Andoni A'k. ain ederki itzuli «Itzaltzuko Koblaria»rena eskeintzen diogu).
Gartxot, Gartxot!
Altobizkarrko kantua!
Bi auen eske ari ziran Abendu'ko goiz batez Orreaga'n Konpostelara zijoazten erromesak. Gartxot... Altobizkarko kantua... Orreaga! A ze euskal-usaia dezuten! Gertaera ontan Gartxot euskal-loretegian marmaritsu ara ta onera, lore-kolkotik lore-kolkora burrun-burrun dabillen erlea besterik bai al degu? Orreaga berriz Gartxoten gozo-miazketarako pitxi-begirik emeenli. Altobizkar-kantua pitxitik artu duan ezti-tantoa ez ote? Abestutzekoan eztia pranko bai erle zunburruntsuak, baña ondotxo euskal-kutsukoa! Ortxe egon ordea arentzat txuloa!
Gartxot, Gartxot!
Altobizkarko kantua!
Eta Gartxot etzan agiri Orreagako Itzandegi zarrean 1009'ko ilbeltzaren bostgarrenez, Zer dala-ta? Onatx: Aurreko gabaz Gartxot koblakariak Altobizkarko kantua abestu zuan su-ondoan txondortuta zeuden entzule askoren aurrean. Altobizkarrek euskal-mamia izan, eta Begon Konkes'ko Abatak baita laister asko usaia artu ere. Egonean zeuden kanpotar eta etxekoen artean izugarrizko asarre-saioa takatu etzan ba?
Urrengo egunean, goiznabarrakin batera, an dijoa Gartxot erbestebidean nunaikotar erromesei gaitz eta min ematen dielako aitzekian. Berak ez daki ezertxo oraindik, ezta Altobizkar kantua eske ta eske ari diran erromes kristauak ere.
Aibar, nora goaz? galdetzen dio bere ondoan datorren gizonari.
Ator, onerago Gartxot. Zin egin bear izan diat gaur, ik galdetu arte ez diatela esango. Orain jakin araziko diat ipi-apa guztiekin. Orreaga uan gaurdaño ire uztarri, askatu aute, ez dek emendik aurrera iñungolokarririk lepotik bera: Itzaltzu'ra gitxeztik.
Itzaltzu'ra? Nere errira? Nik etzeukat an zer ikusirik. Ni Orreagan natxeok morroi.
Morroi orain arte. Emendik aurrera ez aiz prailleen uztarrian lotuko. Lokarririk gabe bizi bear dek. Emen zeukat iretzat eman didaten diru-zorroa. Mea baño zearo betea.
Jaungoikoak bedeinka ditzala eliz-gizon oiek.
Diru oiek'in nai dekena egin dezakek.
Eskerrik asko.
Eta diruak eskuetan artutakoan, irribar goxoa zerion ezpain-exalean bera artzai gizajoari.
Orreaga'ra berriz ez joatekotan ematen dite diru ori.
Txororen bat naizela uste al dute praille oiek? Bazekiat nik zer dan Orreaga. Ni atzera Orreaga'n sartu? Ez bereala. Zertarako? Ez diat au gaizki ibilli nautelakoan esaten. Pozik izandu nauk an, dirurik ez nian-da. Ni Orreagako bei-zaitzallea niñuan, Koblaritzan zerbait banintzala jakinda, bertako praille etxera eraman nintxiokan Erramon Errege-iltzalleak eta etxe areri lotu. Erromesei bidea erakutsi eta kanta zarrak abestuaz irabazten nizkian ordutik aurrera txanponak eta eguneroko ogi zatia. Baña dirua izan ezkero, korapillo bearrik ez. Baña... zergatik ez didak lenago esan? Orrenbeste ibillita gero, atzera egin bear!
Alperrik! Ez daukak Orreaga'n sartzerik.
Alperrik abil, aurrerantz bakarrik egin bear dek bidea.
Korapillo gabea nauk, utzi idak seme-billa joaten. Korapillo gabea aizela egi borobilla dek... baña beti aurrera joatekotan. Semea ta i etzerate sekulan aterpe batean berriro biziko. Ura prailleekin ondo biziko omen dek. Baleikek prailleetarako izena ematea. Goazimak aurrera.
Ondo biziko dek, parra-parra jango dik, nai aña emango zioae; ala ere arek naiago dik nere ondoan otzik-dardarka egon praille-sukaldean bero-bero baño. Mikelot nerea; atoz, atoz...
Etzegok zer egiñik, Gartxot. I artzai bat besterik ez aiz. Prailleak zernaitarako indar aundikoak dituk. Obe dek aien esanera makurtu, kukurruku jotzera dijoan ollar antzo azaldu baño. Itzaltzuraño leguntzeko egindu zitieten, baño berandutu zaiguk, ia gautu dik. Agiri dituk illun tartean egun zatiñoak baliraxe Itzaltzu'ko argiak. Oraindik urruti xamar. Bakarrik joango baitzake... Gartxot, itz-ematen al didak zuzen-zuzen ire errira joango aizela?
Erriraño gaur joateko ez nauk gauza. Billatuko diat inguru ontan zuloren bat eta bertan loak artuko natxeok. Biar ekingo zioat Itzaltzuko bideari eta gerokoa... Jaungoikoak bazekik.
Gerokoa etzaidak ajolarik. Geroa ire esku zeok. Agur, adiskide.
Itzaltzu urruti zegoan. Ango argi-kiñuak zeruko izarren begi txurizkak ziruditen. Gaua illuna, elurra mara-mara, zeru-gainkia beltz, aizerik ez... Ontzak bakarrik kantari. Gartxot alakoxe zulo batean kuxkurtuta loaren zai, barruko mikaztasuna ito eziñik; ezin zuan iñolare lorik erakarri. Azkenean artu zuan loak... Bustia zegon gizona. Odol beroak legortu zuan pitin bat. Ametsetan asi zan laister. Esnatu zanean itunki negarrez ari zan. Zer dala-ta? Maitasun egoetan Orreaga'ra zijoakion gogoa. Mikelot! zure ondoan baninduzu! Onatx labur negar aren iturburu: Orreaga'n Gartxot eta Mikelot'ek ango Abatak aginduta gero, Altobizkarrarena abestu. Euskalzaletasun-usain zuan kanta arek atzamarkatu noski Begon eta... Arek beltza egin! Aita urtetan aurreratu xamarra zalako bere errira bialdu, baño Mikelot urkatzeko agindu ez du ba! Jakin dute ori Orreaga'ko artzai-morroiak ta an dira zaldiz aguro asko Itzaltzu'n aitari seme iltzea daramatela esanik. An dijoa bere lagun artean Gartxot Orreaga'ra negarka eta zotinka... Bidean esnatu ordea... Esnatutakoan legortu zituan begi ondoak. Eta bere buruakin onela ari zan: artzai onak, zuek zerate nere lagunak! Zuek lagunduko diozute bai nere semeari Orreaga'tik anka egiten. Eskerrik, asko.
Zortzi illabete ba ziran Gartxot bakarrik bizi zala. Elkorreta'ko mendi-maldan zebillen. Lur-ondoan arkaitz-magalean zulo bat ikusi zuan eta araxe eraman gero bizi-tresnak. Untza zuan aterpeak sarreran, osiña ondoan, bidetxigorra aurrean, ardi-borda izan zuan gero goiko aldean. Antxe dabil Gartxot bere berrogei ardi, amar zaldi ta txerri bakarrarekin. Semea an balu... utsa! Baña urruti, bizi zan.
Gogoak al aña semearekin ametsetan zebillen. Mikelot, kutun nerea, noiz etorri bear dezu nere ondora? Beiñola miñak zirt eta zart egiten ziola:
Nerea det semea. Ekarri egin bear det. Baña... Nola? Orixe! Ango artzaiekin alkar artu eta gauez Mikelot ostu. Noan lenbailen.
Onela edo ala laister jakin zuten Orreaga'ko artzaiak. Illargirik etzuan lenbiziko gauez an izango zala Gartxot eta ixillik edukitzeko. Batek besteari esatekotan makurtu egiten ziran lenbizi, bi esku aundiekin txikitu ta estuti lagunaren belarria, sartu ezpaiñak beatz tarteko txuloan eta ixil-ixillik, polliki-polliki, itz bat ondo bukatutakoan bestea atalka esanaz, jakin zuten danak berri pozgarri ura. Mikelot'i ere agertu zizkioten aitaren asmoak. Danak poztu eta alaitu ziran gogotik. Ez dezala porrot egin aitaren ametsak.
Illun-illun zegoan, zerua lañotuta, euria zirt eta zart. Bazijoan Gartxot, zaldia beste lagunik ez ondoan, semea buruan, aita-maitasuna biotzan. Goizeko laurak ziran zalditik jetxi zanekoan, artean ordu erd'iko bidea semearenaraño. Oñez egingo zuan, zakurrak zaunkaka asi etzitezen. Artzaitxabolak itxita, zakurrak ixillik, lañoak negarrez, zerua asarre.
Auria, emen nauk.
Kaxo Gartxot, gure laguna, bakarrik al ator?
Oraindaño zaldia izan diat lagun, baña bide gurutz ondoan utzi diat sastrakari lotuta. Semea?
Onezkero aspertu dek. Atzo zortzi eman genitxeon soka bat, barruan lotuta leiotik tera jeixteko. Goazimak.
Beste artzaiak nun dituk?
Txaboletan. Baña ez azaltzea obe izango dala-ta ez ateratzeko esan ziet.
Ondo zeok, gañontzekoan zakurrak esnatuko giñuzkek-eta.
Esna zegoan Mikelot. Aguro ezagutu zuan bere leio-burnietan lotuta ara-oneraka ibilli ez dedin eta... an dator geldi-geldi gauza beltz bat bera ta bera, bizkarrarekin paretari bultzaka, eskuak goititk bera polliki-polliki jetxiaz... Aita-semeak negarrez... Biotz taupada biguñak... alkar muxuka... semea pozik ta aita areago.
Azkar egin zituzten alde artakoak eta ixil-ixillik, eskutik elduta, urrutiratu ziran. Zaldi-ondora joan ziranean, aberea irrintzika asi zitzaien. Ura ere poz-pozik nunbait.
Igo zaitezte biok esaten zuala zirudian igo azkar nere gañera, aixa eramango zaituztet-eta.
Bearko biak batean eraman. Nork kenduko izarrak gauari? Zeñek loreak Maiatzari? Ta igo ziran aita-semeak. Alkar estutuaz, malkok nastuaz, badijoaz Elkorreta 'ra. Ezpañetan poza, musuan parra, biotzean maite-kabi...
Eguna urratzen asi ordukoxe, mendi-gallur goienak gorritu baño len aita-semeen arpegietan lenengo argiizpiak muxu emanakin batean, jetxi ziran zalditik, geldi-alditxo bat egin zuten, aitak semea ondo ikusi naita.
Maite zaitut, Mikelot, zion kutunkiro. Zure bear naiz. Zu nere zorion izarra. Zuk arinduko dizkidazu, nere miñak, zuk aterako nere oñaza arantzak, zuk gozatuko maite-lore pitxiaz nere bizitza. A enetxo zeñen maitea zaituan zure aitak!
Eta Gartxot semearen marrubizko muxu gorriari begira etzan aspertzen. Bat-batean txintxarri-otsa aditu zuten.
Galdu gera, Mikelot, Orreaga'ko txakurrak ditugu atzetik.
Etzebillen okerretik aitaren mingaña. Orreaga'ko tzakur aundia zan. Zaldira igotzeko betarik ere etzuten izan, goiko aldetik berebiziko aballan fu ta fu sartu zitzaien-da... Rau eta aitaren bizkarrean jarri zituan aurreko bi atzaparrak eta aspaldiko nagusia masallean pozpozik miazkatu zuan.
Zu al zera, Otxaburu? Zu emen? A nere txakur maitea... Eta makurturik pestak egiten zizkion nagusiak. Txakurra berriz lurrean etzan, konkortu, kuxkurtu, zutitu eta punka ta punka saltoka.
Ze jantzi daramakizu, seme? Prailleena?
Oraindik ez beste pitin bat egon banintz... Ez al naiz berriz joango?
Jaungoikoa zartzen danean, nai badezu, bitartean ez. Mendian dauzkat ardiak...
Oi! Ardiak! Nere ametsa, aita. Biurtu bekit amets auxe mami eta egin nazazu artzai.
Zergatik nai zaitue praille?
Mingain guria eta eztarri goxoa ditudalako. Munduko eztarri garbienari ere egingo omen nioke itzal... Ez omen da nori eramango didana oraindik iaio.. Aita, baña ez uste Altobizkar-eta atestekotan, e? Bai zera: Orain ez da euskerazko itz-neurturik botatzen an. Abatak debekatua dauka.
Ori bear genduan.
Karlo aundia ona zala diote ta, aren etsaiak. Elizetsaiak. Euskaldunen kontra elizak ala naita egin omen zuan. Gu giñala gaiztoak orduan, ez Prantzikoak. Neri orrelakoxeak esan arazten dizkidatek.
Arren, zaude ixillik, seme. Praille oien barrabaskeriak!
Eta masallean pa emanaz zion: Nere Aberriko Auna-mendiak, itza itz: nere semeak zuen kantak bakarrik izango ditu gaur-geroz eztarrian.
* * *
Izkutuan bizi ziran Gartxot eta Mikelot. Bere erritarrak ernai zeuden aien billa zetoztenen berri emateko. Maite zuten artzai zarra, bertsolani laguna. Otxaburu ondoan bazuan, etzan beldurti Gartxot. Maiz zan Mikelot Elkorreta-baruan, zelatari, baten-bat ba ote zetorren begira. Etzan agiri iñun.
Lagun zarrak izan gaituk ni ta Orreaga'ko Abata zion Gartxot'ek, bere kolkorako. Ikusten danez, ez dik gure arteko adiskidetasun aria ebaki nai. Bejondaiola.
Artzaia baño maltzurragoa izan ordea Begon Abata.
Oraindik etzitzaien beldurra joango, eta gorde-gordean ibilli dituk. Meza bai entzungo dite jai-egunero, baño gaur emen ta biar an; oraindik ez, emendik illabete batzuetara erriko elizara asten diranean.
Ori zan egia. Lenengo igandeetan aita-semeak etziran mezetara beren errira jeisten, beste elizetara joanik betetzen zuten jaieroko egin-bearra. Asteak joan ala illabete berriak etorriaz, bildur beroa aztu egin zitzaien eta Itzaltzu'ko elizara asi ere bai... Ta ori asmatu Abata maltzurrak.
1010'ko Urrillaren lenengo igandez beren jaioterriko elizan ziran Gartxot eta Mikelot. Otxaburu elizako ateondoan gelditu zan. Meza aurrera zijoan, aita-semeak otoizketa sutsuan... kanpoan perra-soñuak, zaldi-inrrintziak.
Emen dituk, zion Gartxot'i barruak. Galduak gaituk.
Egia orixe. Orreaga'koak ziran. Meza bukatuta barrukoak eliz-atarira atera ziranean, trist bat naikoa izan zan Gartxot prailleen ondora ekartzeko.
Zure billa gatoz. Gure Abatak Mikelot eramateko agindu digu.
Mikelot nerea da. Ez dauka beste iñorekin zer ikusirik. Alde, alde emendik.
Zure semea Orreaga'ko morroia da, ta gurekin etorri bear du nai ta nai ez. Bestela asarretu egingo da Abata.
Ta aren asarreak guri zer?
Naiezkoren bat egingo det.
Arren eta arren egiñalak egin zizkioten eskuratu naiean, baña alperrik. Gizona bereakin. Eldu zioten semeari, baño au negarrez aitarengana joan zan.
Aita, aita, ez utzi; zurekin bizi nai det; zatozkit lagun.
Otxaburu begira-begira zegon. Ortz zuriak agiri, ezpañak zerbait jasorik atzeratu, aoa pitin bat idiki, arnasa botatzekoan marmar egin; etzegon sasoi txarrean ozka egiteko.
Ez adi bildurtu. Gaizki bizi al itzan gure artean? Ator gurekin, ire abots emeak poztu bear gatxeztik-eta, esan zion zurikeritan prailletako batek.
Ez, ez; nik ez det ara joan nai. Aitarekin bizi naiago det. Alperrik zabiltzate.
Eldu eta zaldira, esan zuan aien buru zetorrenak.
Zaldira? Ez orixe, esan zuan bere barruan artzai zarrak. Eta... aita-maitasunaren indarra! Eldu semeari, gorde besazpian, artu lurretik eskukada bat lokatz, atzapar batekin estutu zintzurra, bestearekin sartu eztarri-zuloraño logatza eta... bizitzako loraldian ito zuan Mikelot gaztea danen aurrean.
Inguratu zan jendea. Mikelot gorputz zegoan... Asarratu ziran prailleak.
Lurperatu zazute semea; aita berriz lotu, esan zuan aietako batek.
Lotu zizkioten besoak, zaldi-isatsetik gerrira soka bat jarri ere bai... Ta an dijoaz Orreaga'ra. Otxaburu berriz Mikelot'en ondora...
Itzaltzuko plazan, egun gutxi barru, begiak ikusi ala guztien jendea. Erdi-erdian tantai luze bat, beian egur-pilla, txirbillakotea; otea, erregarriak. Erdian eser-leku bat, aldamenean soka eta katea.
Adarra españetan zuala zetorren gizona ikusi zutenean, ixildu ziran plazan zeudenak. Etzetorren bakarrik. Erri gizon batzuk zaldi-gañean, bi praille zaldiz eta beste bi Gartxot erdian zutela. Aietako batek Jaungoikoarekikoak zuzentzeko esaten zion eta maiz gurutzea ezpañetaratu ere bai. Besteak paper batzuk zekarzkin. Jendeartean idiki zan bdiea. Gartxot zuri-zuri zetorren, zañetan odola oztu balitzaion, il-b'ildurrez dardarka. Soñeko beltzez jantzia, makur zekarkian bere burua...
Agur, lagun zarra, esan zion Orreaga'ko Auria'k bere ondotik zijoanekoan.
Agur, Auria, erantzun artzaiak.
Erri-gizonetako batek irakurri zuan zergatik, zeñek eta zein zan sutara zekartena. Igo zan gero Gartxot eser-lekuraño, arekin batera errigizon bat lepoa sokaz lotzearren eta eliz-gizona zerurako leguntzearren.
Azkeneko bertsoa bota eiguzu, Gartxot.
Uzten al didazu, erri-gizon?
Nik ez dizut debekatzen.
Eta orra or bertsotan Gartxot:
«Nere be-gira zaudeten guztiok
ikusi, zer dan gaiztoa;
emen nauzute nere egiteaz
urkabe ontan igoa.
Luzaro gabe biurrez estu
didatenean lepoa,
buka zazute neronek ezin
bukatu detan Kredoa».
(Orixe).
Azkeneko itz-neurtua artean bukatzeke zala, zaldizko berri bat azaldu zan plazan.
Jauna, Erragearen izenean paper au. Ta prailleari eman zion.
Entzun, entzun; esan zuan prailleak besoak zerurantz jasorik: Orreaga'ko Abatak eta Iruña'ko Gotzaiak ala eskatuta. Naparroako Errege naizen onek Gartxot ez erretzeko agintzen det. Itxi zazute amar urterako lau orma artean, berak nai duan lekuan...
Au entzutean, ango txaloak eta gorak ¡Aien poza!
Gartxot, aukeratu lekua. Ez arin jokatu, jendeak eman bear dizu jaten-eta. Nun nai dezu?
Elkorreta-gañean, esan zuan Gartxot'ek.
Arren, Gartxot, Elkorreta etzazula iñolaz ere aukeratu, goseak ilko zaitu, errian bertan gelditu, zion jendeak.
Ezer esan ez bazenu bezelaxe, aukera zazu beste lekua.
Elkorreta, Elkorreta bear det, antxe biziko naiz.
Ordu ontarako Elizak eskubide bereziak eman dizkit, zion prailleak. Eliz Ama benetako ama dala jakin dezazuten, Gartxot'en presondegiko amar urteak bostera gutxitzen ditut.
Orduan bai txaloa ugari, orduan bai plaza-erdiko tantaia lurrera bota, eliz-gizonak aupatu...
* * *
...1010'garrengo negua luze ta ikaragarria izan zan. Gartxot an zegon lau orma tartean. Atzekoa arkaitzondoan igeltzo ta karez egiña, besteak arrikoxkor eta ondarrezkoak...
Bazetorrek puskaterako elurra, zion beñola Ibañeta'ko Auria'k egualdiari begira. Al detana bildu eta Gartxot aspaldiko lagunari eraman bear ziot.
Ala joan zen beingoan bere semearekin Elkorreta gañera. Barrukoaren poza! Artean bazeukan zer jan, baña lenago aña etzetorkion leiotik.
Nik emengo egualdiaren gora-berak ondotxo zekizkit, Gartxot! zion lagunak eta gañean diagu elurte luze askoa.
Baita asmatu ere. Elur jantziz estali ziran mendi ta ibarrak, jelatu gero mantelin txuria, eta etzan iñolaz ere urtutzen mendi-soñeko berria. Zelaiak txuri-txuri ta mendi gañak areago... Noizbait orratik entzun ziran ur-marmarrak, erreka-otsak. Mendiak negarrez eta ibaiak kantari... errekatxoak mendi-malkoen seaska ta kabi!
Itzaltzu'koei bein baño geiagotan bururatu zitzaien Gartxot gizajoa. Elurra zerbait urtu zanekoxe, Elkorreta-bidean dituzu Zamainburu ta Arpide alkate jauna, Garrotze aurretik zutela. Bizirik etzala egongo esanaz zijoazen gora ta gora bizi-bizi...
Presondegiak etzuan sarrera-aterik. Leio-zulo luze bat aurreko orman, goitik bera iru burni, zear zortzi. Garrotze jarri zan erdi-etzanda barrura begira. Erdian txurikiñezko lastaia, estalki-berogarri batzuek eta ardilarruak. Auzkaldean apala, gañean antosiña ta zapi bat. Etzan besterik agiri. Oean zegoan gizona. Il edo bizirik? Etzan ezagun.
Gartxot, Gartxot! Bizi al zera? Gu gera, atoz. Artzaia bakarrik altxatzeko etzan gauza. Baña lagunaren makillari elduta gero an azaldu zan leio-ondoan. Etzuan lenengo esan-aldian ezer ulertzen, iru edo lau bider polliki-polliki esanda gero bai:
Ona emen ogia, ardoa, aza goxo ta beroak. Jan itzazu. Baña aurrena berotu zaitzala katillukada bat ardoak.
Ezpañetaraño bete zioten katillua, eta Gartxot'ek etengabe danga-danga ustu! Izketan ari zirala artzaiak gorritua ikusi zuan leio-aurreko elurra.
A, il dute nere Otxaburu! Otxaburu kutuna, zeñek egin dizu min? Nere lagun'ik mamiena. Ni emen sartu niñutenetik ondoan izan det. Janariak bukatu zitzaiazkidanean berak ekartzen zizkidan aragi-zatitxoak, gordiñak, orduntxe abereei kendutakoak. Nik ezin jan eta ostera berari botatzen nizkion. Otxaburu, berbiztu zaitez! Aspaldi batean ortxe etzan zan gizajoa, gaxotuta alegia, eta nik ogi-papurrak botatzen nizkion. Gogoan dezu, txakurra! Baña aitu ziran apurrak ere eta agur! agur! esan nion. Etzaitut sekulan ikusiko! Etzan zan txakurra, ni ere bai berriro ez zutitzeko asmoan. Aren al-otsak entzuten nituan, baita sapelats gaiztoen orruak ere. Il egin dute. Zergatik il dute ura bakarrik? Zergatik ni ez?
Gartxot, nola iraun dezu orrenbeste denboran?
Auria, nere lagun zarrak ekarri zizkidanak jan eta edanez. Areri eskerrak nago ni gaur bizirik. Ez, ez; arek aña eman didate uxoak ere.
Uxoak ere lagun?
Bai orixe. Auria'k emandakoak aitu zitzaizkidanean, uxoak zetozkidan egunik egun zerbaitekin. Garia batzuek agoan, besteak elurra. Badatoz, orra or, begira, begira...
Au burutik egina dago, zion Arpide'k.
Ardoak gaitz egingo zion.
Begira, begira, orra or, badatoz. Ja, ja, jaaaa!...
Ardoenak dira auek. Ondoeza egin zaio.
Auldun egon eta batean geiegi eman guk..
Bere bizitzan zear amaika aldiz abestutako Altobizkar'ko kantua zetorkion gogora gajoari.
Ja, ja, ja! Bat, bi, bi, iru, lau,... ogei... milla... bi milla. Gaztea, ondo zenbatu. Begira, begira! Badatoz! Ja, ja, jaaaa!
Ta burni-artetik besoak aterata, betik gora zetozten lañoak ura usten zituan. Dardaratu zitzaizkion ankak eta erori zan luze-luze ZERRALDO.
Badijoaz igesi zion artzaiak ixillago... Zenbatu ondo, mutiko... Ogei, amabi, iru, bi, bat, bat ere ez. Otsoak datoz... Otxaburu... Otxabu...
Etzan geiago Gartxot'en itzik entzun. Otxaburu esaten ari zala ito egin zan.
Ta ain zuzen ere, orduntxe azaldu ziran arratsalde on esanaz Orreaga'ko praille bat eta lau morroi.
Puskatu pareta, mutil, naiko denboran egon dek barruan-da, esan zuan prailleak.
Eliz-gizon, beranduegi zatozte. Illak ez dute sendagaiaren bearrik. Itzaltzu'ko Gartxot oraintxe il da.
Bai ote? Jaungoikoagan beza bere betiko atsedena! Min zuan benetan prailleak bizirik ez arkitua. Poztu nai izan zuan Gartxot, barkatu zitzaiola esanaz; baña... beranduegi etorri.
Bedeinkatu zuan Elkorreta'n bertan lur zati bat.
Gelditu bedi zerua irabazi duan tokian.
Pareta bota, gorputza jaso, il-otoitzak egin eta lurperatu zuten Euskalerriko koblaririk zintzoena, bikañena, argiena. Ta arekin batera Orreaga'ko kondaira zarra... Ordu ezkero Elkorreta aldean laño txuriak ikusten diranero Gartxot'en anima dala esan oi dute angotarrak.
|