Olerti / Amillaitz'en Olerkiak
Katalin
Amillaitz
Nork eraman du Katalin,
bere begi ederrakin?...
Azken-bordara lagundu dio
auzoak negar batean:
olatu galdu batek bota zun
legorrera bart gabean:
itsas-ertzeko aitz-arte baten,
jaso dute gaur goizean.
Erriko mutil jator guziak
zerakarten bizkarrean:
mutil guziak bizkarrean,
da txandaka aldatuz bidean.
Nork eraman du Katalin
udaberriko lorakin?...
Auzoko biotz gazte guziak
maitez zituan irakin:
biotz guziak irakin,
baña bat besterik maita ezin:
bat besterikan maite ezin,
eta bera, Itxaspeko Martin.
Baña Martin'ek maitasun aren
berririk etzuan jakin:
ta itxasoz aruntz, amesen billa,
erritik zigun aldegin.
Nork eraman du Katalin,
jostatzera izarrekin...?
Itxas-kanpotik kaio talde bat
garraxika dator arin.
Ta ¡ai ene! urruti, ontzitxo baten,
galdu da Itxaspeko Martin.
Neskatxa bati bere biotza
lertu zaio min arekin;
ta itxas-aurrera sartu da
igari deadarka: Nun aiz, Martin?
Eta Martin'ek erantzun dio
urpetik: Ator nerekin!
Abots arretxek eraman digu
illen errira Katalin!
|