L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Ilbeltza-Otsailla. 1-2 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Zazpi gizerhaile

 

Mirande'tar Jon

 

«Nire eskuinaren laguntzaile honen jabe egin nintzan» erran zuen lehen gizerhaileak sastakai luze bat sakelatik athera-eta, «nire gaztaroan, herri zaharr bateko aitorseme iskilugilearen baithan. Aitzinako Historiak eta Antzeak dir-dir daragiote. Eskuan tinko datxikadala, ilhargi gutiko gauetan, aiherrtu gabe dabilenari hurrbiltzen natzaio atzetik eta bizkarrean emaiten deraukot ukhaldia. Zenbait aldiz oihu-egiten du hil baino lehen, heuragi bozkariotzen bainau haren oihuak; bertze zenbait aldiz ez du oihu bakharr baten egozteko astirik ere bertanbera erortzen delakotz ene oinetara, eta orduan, ene trebetasunak atsegiten deraut».

        Gizerhaile-lagunak beha zitzaizkion, beharri alpherr bat baizik ez emanaz, ordea, haren elheetara. Areto zabal, bikainki aphainduko ephele-an ongi zegozen; elkharr-arrteko adiskidegoak bihotza eztitzen zerauen. Lehen mintzatua olerrkari bat zan, haren mintzo lilitsutik agiri zenez, bainan bertze guztiak gizon hotzagoak, benagoak ziran. Sofa edo ohe-aphaletan eroso etzanik, gazteenak kadiretan zaldizka jarririk, horr zegozen, irripar gozo bana ezpainetan, aitzineko egun lanpetuetarik landa atseden harrtuz ondoko egun lanpetuetarako; gizerhaile ariak ziraden. Denek erretzen eta edaten zuten gogotik, lekhot batek: erikorr izaiki bere osasunari begiratu beharr zeraukon honek. Gaineratikoek habana luzeak erretzen zituzten. Etxeko jaunaren morroin zalhoinak habanak ilhaundi-arau berritzen eta edan-ontziak hustu-arau bethatzen zerauzkien.

        Bigarren eta hirugarren gizerhaileek laburzun azaldu zuten gero berak nola ari ziren gizerhaitekan. Hanpuskeri-gabekoak izan arren, zintzo-zintzoak ziran biok beren langintzan. Barrandan jarrten ziran etxe-kantoinetan; iragale soil bat zekhusatenean, gaitzeko kaska bat emaiten zeraukoten burutik behera eta kaskatik hiltzenzan. Batak burdin barra aztun bat erabiltzen zuen helburu horrtarakotz; bertzeak gomazko bat, malgua eta berunez loditua. Tresnok athera zituzten sakelatik, lagunek ikhus ahal zezatentzat. Berehala hiltzen ziran heietaz jorikoak, gizon sendo, azkarr eta beso-zaintsuak baitziraden gizerhaile biok.

        Heien azalpenak ixilik, gizabideak nahi duen araura, entzun zituzten bertze gizerhaileek.Bainan jadanik ezagutzen zituztelakotz, aphurr bat asperrgarri zitzaizkien eta, azkenean, gizerhaile gazte, dotore jauntzi, bilho gorrhats batek hitza moztu zerauen, honela mintzatzen hasi zelarik, pistol gothorr ederr bat sakelatik athera ondoan: «Jostagailu honekin» erran zuen, «garbiki eta xahuki erhaiten dut nik». Eta gaineratu zuen, gazte zelakotz eta begirunerik guti zuelakotz bere gehienen aldera: «Zuek leize-zaroan bizi zarete oraindik, dirudienez».

        Eztul-egin zuen borzgarren gizerhaileak mintzatu nahi zela adieraztekotz. Gizon oso jakitun bat zan haur; jakintzaren seinale zituen bere buru-gain karsoildua, bere begi-berin lodiak eta besapean bethi zekarrzkien liburu jakintsu handiak. Hitz gutikoa zan hala ere: erraitekoak argi eta garbi erraiten zituen eta erran beharr ez zenik ez zuen erraiten. Txirrista tipi bat ixurgai hori batez erdi-bethea athera zuen sakeletik eta guztiei erakhutsi zerauen, hauer ziostelarik: «Hauxe ene methodua». Hartaz norbait sistatzen zuelakoa egin zuen gero, eta norbait hura hilhotz erorten zelakoa. Eta txiristak zithal-dosis hilgarri bat edeiten zuela enthelegatu zutenharen lagunek.

        Bainan engoitik hitz-egiten hasia zan gizerhaileetarik seigarrena. Hura zan erikorr izaiki bere osasunari begiratu beharrean zegoena; eta, nahiz minik ugari jasan, eztiki mintzatzen zan bethi hain baitziran haren egonarri ta gogo-indarrak handi. Aizkolari bat zan, erran-nahi-baitu, erhan beharr zituenak aizkora-ukhaldika sarraskitzen zituela. Tresna irausgarri bat asmatu zuen horrtarakotz eta haren zathiak bethi berarekin baitzeduzkan, sakelatik athera zituen eta elkharr-juntatu, aizkora nolakoa zen bertze sei gizerhaileek ikhus ahal zezatentzat. Lankai arrunt, moldegaitz samarra zatekean —berak aithorr zuen— eta herio-lanik ezin zezakean hartaz hirietan edo gune agirietan egin; oihan eta basabazterretarat joan behar zuen jendeen erhaitera. Haatik, estaburu horrtaz lekhorean, gogoa bethatzen zeraukon haren aizkora-jokuak eta gainera, oihan eta basabazterretako aide garbiari eskerr, osasuna hobekitzen ari zitzaiolakotan zegoen.

        Hartatik landa zazpigarren gizerhailea mintzatu zan, bertze gizerhaile ororen gehien eta buru baitzan hura-buru-handi ez zenetan behintzat: ezen edariari emana zan zoritxarrez. Alta ulhermen bizkorreko ta nahimen bonthitzeko gizon bat zan bertzeetan; akats itxusi hori ukhan ez balu, ez zazpi gizerhaileren buruzagi soilki, bainan bai zazpitan zazpirena izanen zan ezbairik gabe. «Bai, muthilak» erran zuen «esku-trebe zarete guztiok gure langintzan eta burgoi izanen naiz bethi zuen buru naizelakotz. Hala eta guztiz ere, gizerhaitekan neure jokabidea zuenak oro baino xahuago, zalhuago, egokiago'ta pollitago dela ezagutu beharr derautazue. Lephoko haur» —eta erraitearekin, altzairuzko hari mehe bat athera zuen sakelatik— «gizagaizo baten lepho-inguruan aurdiki-eta tinkatzen dudanean, berehala, batere oharrtu gabe, zentzen da. Joku horrtan ez dut behin ere txil egin. Bainan aski elhe alpherr hoietaz. Urkhabetik zintzilik dagoen urkhatua bezain nabari baita ene jokabidearen nagositasuna».

        Zazpi gizerhaileetarik bakhoitzak beraren methoduaren onura eta alde onak azalkatu ondoren, guztiak eztabaidan hasi ziran, heietarik zein zen egiaz hoberena, arrthamendagarriena. Anhitz edanik eta edariak burua berotuxe baitzerauen, ez da handi liskarr ezin-hezi bat sortzerr bazan heien eztabaidatik —gizarrte orotan maizegi gerthatzen den bezala— eta azkenekotz bertze gizehaileen gehien eta buru zen gizerhaile oientsuak, hitz mingarrtuotarik deus onik ez zela jalgiko ikhusirik, hauxe erran zerauen: «Bakhoitza bere hartan tinko dago eta argumendurik bikainenak ere ez derauko aburua aldaraziko, buru-gogorr baikara zazpiok. Athera gaitezen bada, eta ikhusten dukegun lehen iragaileari galde diezaiogun, gure methodu bereziak zeharo azaldu-eta, hoberena zein den, hartaz erhanen baitugu.

        Zintzo zelakotz denek onharrtu zuten buruzagiaren erabaki haur. Soingainekoak, burutakoak eta euritakoak, jaso zituzten etxeko jaunaren morroin zalhoinaren eskutik eta athera ziran zazpiak kharrikarat. Begiz jo zuten lehen iragaileari buruzagiak agindu bezal-bezala erran zeraukoten, eta bakhoitza ezin-egon zegoan haren ihardespenaren erphai. Iragale hura ixilik gelditu zan luzaro, gogoeta sakon zailetan murgildua iduri; azkenean galdetu zerauen: «Eta zergatik hil nahi nauzue?»

        Ordu hartara arrteo, nehork ez zerauen gizerhaile hoiei horrelako galderik egin eta ez ziran guti balditu haren entzuteaz. Nola ere-baita ihartdetsi beharr zeraukotela ba zekiten- bainan zer ihardets ez zekiten. Elkharri so egon ziran horr, begiak borobildurik eta aho-zabalik, ea heietarik batek zerbait eridenen zuenetz erraiteko, erraiteko on lizatekenik. Bainan nehork ez zuen eriden. Eta heien harriduraz baliatu zan erhan beharr zen iragailea bizirik eta bizkorrik, bertze galderik egin gabe, ihesari emaiteko. Haren ihesgoari oharrtu zitzaizkionean gizerhaileak, engoiteik hurrun zabilan, ondikotz! nork daki nora heldua. Itzuli ez zan egin.

        Etxeratu ziran zazpiak, gogo-ilhun eta mintzul ebilki. Etxeko jaunaren morroin zalhoinaren eskutan utzi zituzten euritakoak, burutakoak, soin-gainekoak, eta berriz ere etzan ziran sofa edo ohe-aphaletan; gazteenak kadiretan jarri ziran zaldizka. Bainan hutsegin hori zela zio, hainbateko etsiak harrtu zituen guztiak, non ez baitzuten gehiago nehoren erhaiteko gogorik ez ahalik. Beren langintzaren uzteko beharrean aurkitu ziran zorigaiztoko gizerhaileok eta bertze bedera bilhatu zuten. Bata pertzegile egin zan, eta bertzea oskigile; bata aphez, eta bertzea au-zaphez; bozgarrena suge-zoratzaile egin zan, seigarrena hobi-zulhatzaile. Bainan nehoiz ere ez ziran beren langintza berriotan etxekotu eta ondore onik ez zitzaion batari ere agitu. Zazpigarrenak aldiz, guztien gehien eta buru izanik, zaharregiz ez zuen langintza berririk ediren: handik goiti eskean ebili zan, gosez ez hiltzeko doia nekhez irabazten zuela, lehen giza-lephoen inguruan xederaren egozketa hain trebe ziren eskuok iragaile bihotz-gogo-rrei hedatuz, egun guztian.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.