Olerti
Euskal-egazti
Etxaniz'tar Nemesi
Kanta dezagun Iparragirre,
Euskalerriko olerkari:
kanta dezagun gure erri zarra.
seme bikañen sorkari:
eta munduak entzun bezaigu
nola ari geran kantari,
Gernika'n degun Aritz deunaren
Bertsolari yayoari.
Etziñan sortu gure errian
zuaitz geldia izateko.
Zure biotzak, ibil-miña zun,
ludi zabala ikusteko:
ames-egotan, pakerik gabe,
lur-berri-gose ibiltzeko:
baña azkenean zure lurrera
ekarri zindun iltzeko.
Mila ta zortzireunetan gendun,
ain zuzen, ogoigarrena,
Urretxu, erri zoriontsuak
jaiota ikus zinduena.
Joxe Agustin, Idiazabal'ko,
zure aitaren izena;
ta Manuela Frantzizka berriz,
Gabiri'ko amarena.
Zerain'go zure osabarekin,
aurrenengo zure eskola;
Gazteiz'era, urrengo txandan,
sartuaz latin-eskola:
baña bi urte baño lenago,
zure guraso-kaiola,
Madrileraño alda zizuten,
zuk jarraitzen zeniola.
Il da Fernando zazpigarrena,
ta sortu zaigu burruka.
Karlos'en alde or dator bizi
euskal-jendearen oiuka.
Iparragirre, egon gaitz dabil,
(urte geiago ba-leuzka...)
Goiz baten bere etxera utxita,
gudura dijoa igeska.
Alperrik dabil Zerain'go osaba
mutilla, bereganatzen:
Ataun'en degu San Gregorio,
an da mutilla kokatzen.
Soldau eginda, Karlos'en alde
gogor asten da jokatzen.
Bi aldiz balak zauritu arren,
ez da gaztea atzeratzen,
Iturritza ta Altzaa izan ditu
agintari gerratean:
Karlos'en zaiko, alabardero
aukera dute legean:
baña orduntxe bukatu zaie
gudatea, ustegabean;
ta Iparragirre, muga igarota,
sartu da Prantzi-aldean.
Egazti sortu den gizonari,
ames zaio eguratsa:
gure lur onek jira-biraka
ibiltzeko du ardatza.
Iparragirre'k bere emeretzi
urtekin, ba-digu gatza.
mundu guzia txiki iduritzen:
nork lotu ari oñatza?
Jaunak emana dute txoriak,
erein gabe bizitzea.
Biarko kezka bestentzat bedi:
aien lana, kantatzea.
Onela artu du Iparragirre'k
mundu ontako bidea:
etengabeko kanta-jaia du,
lagun-arteko legea.
Adarrik-adar, basorik-baso,
gaur egora, biar ipar:
pago-usoa bezela dabil
Iparragirre lur-zear.
Paris da Suiza, Tirol da Itali:
berriz Paris'era azkar.
Marsellesa'ren doñu zoliaz,
pizten du Prantzi'n su txingar.
Bonaparte'ren zeladoreak,
kezkaz jarraitzen diote.
Errepublika-sua berriro
arrotz arek piztuko-ote?...
Agintariak kantariari
neurriak artzen dizkate;
ta azkenerako, Prantzi-lurretik
kanpora bialtzen dute.
Ez da itoko gure gizona.
Ingalaterra'ra doa.
Antzokietan, mundu guziko
kantaz aidatzen du loa.
Taberna baten, kantari ergel
bet ikusten du lur-joa:
ta aren errukiz, jator abestuz,
biltzen du diru pilloa.
An Mazarredo, Jeneral jaunak,
entzun ditu euskal-kantak.
Onek lagunduz, Españia'ko
Enbajadore zegonak,
iristen dizka Iparragirre'i
emen sartzeko baimenak.
Luzatu gabe, Santoña-aldean,
jarri ditu bere oñak.
Bilbo'n asita, erririk-erri,
asi du kanta-mataza:
txibia bere saltsan bezala,
bihotza du emen lasa.
Euskal-jendea zoratzen dauka,
ardangela eta plaza:
jan-edanetan, kontu ta kanta,
ba-du aretxek arnasa.
Iparragirre, txori-bezala,
zotzetik zotzera arin:
ta an da Madrilen, lengo tokiak
ikusiz bere kantakin.
San Luis-kapea beteta dago
euskaldun-jendearekin:
Iparragirre'k ba-daki nola
aien biotzak irakin.
Mila ta zortzireunetik gora,
berroi ta amairugarrena:
euskaldunontzat aztu-eziña,
Aurten eun-urteurrena,
Iparragirre'k San Luis-kafean,
(euskal koplari gurena!)
jaiki, ta kanta zigula, amesti,
bere kopla ederrena.
GERNIKA'KO ARBOLA,
DA BEDEINKATUA
Asi da txertatuaz
bihotzetan sua.
Entzule danak ari
dardaraz kolkua.
Euskalerriak arki
du bere oiua.
EUSKALDUNEN ARTEAN
GUZTIZ MAITATUA
Negarra begietan,
txaloka eskua,
Aritzak irabazi
digu gaur jokua:
Gernika'n degu gaurtik
biotza lotua.
EMAN DA ZABAL ZAZU
MUNDUAN FRUTUA
Bekaitz-arrik gabeko
biotz loratua:
gorrotoari kendu
diogu lekua.
Mundua, gure pare,
nai degu poztua.
ADORATZEN ZAITUGU
ARBOLA SANTUA
Gure lege, oitura,
ta herri zintzua:
guraso zarren arnas,
ta odol sutsua,
zuk dituzu. Zu zera,
gure eliz autua.
Bizkai'ko mendi eta ibarrak,
jaso zuten oiartzuna:
euskal-biotzak esnatu zuten
guraso zarrei entzuna:
zapaldutako lur maite onek
astindu zigun illuna.
Mendi-ostetik eguzki: izpiak,
sor zezaketen eguna.
Erromeri da. Iparragirre,
an dute jai-suspergarri.
Giza-taldeak sua dario:
guardozobillak an larri.
Olerkaria, atzeman dute,
ta Tolosa'ra ekarri;
t'Euskalerritik gure txoria
kanpora dute igorri.
[baña jendea etzan lengoa,]
Iru urteren buruan emen
da berriro olerkaria:
illa zegoen gure erria.
Zer egin? Egan! Urrutietan,
ames-zai du lur berria,
ta Ameriketan agertzen zaigu,
alai bidari ermia.
Buenos Aires'en euskal-emazte
argia aukeratzen digu.
Kerejeta'tar Maria Anjela,
Alegri'ko alaba du.
Maitasun onek seme-alabaz
koplaria digu poztu:
baña txoria urruti artan,
kabi-miñez da gaxotu.
Lagun-karta bat idatzi dio
Lertsundi jeneralari,
Euskalerrira etor-gosea
adieraziz berari.
Euskal-jendeak laguntzen dio,
ta aize emanaz amesari,
Burdeos'en da, agur egiñaz
aurrez bere sendiari.
Euskalerria piztua zegoen
Canovas'en lege-miñaz.
Urretxu eta Donosti'n ba-du
arrera beroa ziñez.
Iparragirre, urteetan buruz,
zuri da buru-bizarrez:
eztarria latz, baña biotza,
etzaio aldatu urtez.
Santa Lutzia-ondoan dago,
Txapartegi basarrian.
Bizkai, Gipuzko ta Araba'ko
iru Aldundik batian,
diru-laguntza eskein diote.
Iparragirre, lenian:
kanta ta edan, kezkarik gabe,
bizi da lagun-artian.
Zozoaro du azkenik berak
aukera duan etxea.
Etorkizunak ez du kezkatzen
aren barruko pakea.
Gau baten, alai, mai-inguruko,
batu du lagun-taldea,
ta ardangelako txoko batean
egin apari-legea.
Jatordu arek eta gau-pasak,
sortu dio azken gaitza;
ta bi astetan ebaki zigun
koplariaren bizitza.
Bilbo'ko lagun batzuengandik,
artu du gaxo-laguntza,
ta arekin ordain al-izan zuten,
eliz-illeten langintza.
Onela il zan Iparragirre,
azkenerarte koplari:
Prantzizkotarren jantziz zutela
aren gorputza estali.
Urretxu'raño ekarri zuten
auzo ta lagunen erdi:
kutxa-ondoren negarrez zula
Zubiri, napar kantari.
Geldiegia izan zan, nunbait,
azken-bizialdi ura,
ta egonak Iparragirre'i
sortu zion ituzura.
Andik sartu zan biotz aretan,
eriotzaren landura
ta emen geio ibil-eziñik,
iges zitzaigun zerura.
Euskaleriak negartu zuan
zijoakion semea,
eta geroak maitez gorde du
ark utzitako ondarea:
abestietan eskeñi zigun
biotz gorroto-gabea,
gizon guziei opa ziela
ARITZAREN ITZALPEA.
Aza ederrak eman dizkiguk!
Zer diok, Arlote Aundi?
Mundu guzia, etxe artu uan.
Iretzat Prantzi ta Inglaterra,
etxeko gelak ituan:
eta Amerikak, etxepe baten
degun alboko bizitza.
Ikusi uan naikoa baztar,
iñun egin gabe egoitza.
Etxeak, aoak dizkik:
etxe aundiak, geiago.
Nola ase munduak ditun
onenbeste kristau-ago?
Artu dek ire kitarra, eta
jarri aiz Jaki-Ministro;
ta Gernika'ko Aritz zarrari,
eska diok laguntzeko.
Eman da zabal zazu frutua,
mundua zabalean.
Aza ederrak eman dizkiguk
gaur, alajañean!
Urdaidun oien pare egin gaituk.
Ori dek azala!
Eskur-eskeinka asteko ez dek
umore makala!
Gizon-erri
Nundik sortu aiz. Zer dakark?
Erri baten lañoa
igan elurtu dek.
Urte joanen amesa,
guraso zarren mataza,
erio-aizez, eten-zorian,
genekusan negargarri.
Jaiki intzan arrigarri,
begietan sorgin-argi,
gogoan ezkutu ixil;
biotzean, erri osoa
ekarren irekin.
Ez uan bizi-kezkarik,
ez intzalako gizon-uts.
Gizon bakoitzak, bizi laburra:
laster dek lur-azpian auts.
Baña erriak, seme-alaben
kateak dizkik luzatzen.
Ta i, gure erria intzan
aragi egiña.
Argatik ire lurriña,
ez uan irekin galdu.
Bizi aiz gure zañetan:
abenda batek ire gogoa
jaso dik.
Gure odolean abil:
euskal-biotzaren errota
aiz zutik.
Ames indudan negu-atsaldetan,
aizeak min leioetan:
ildako gizaldietan,
beti uztarria astintzen,
arrotz-lorratzak garbitzen.
Aurrean aut gure mendien
orratz goietan. Lañoak,
ire usai ditek. Egoak,
ire izena zekarrek.
Iparragirre! Zein Maitagarri'k
soindu iñukan?
Nungo aideak doñu
bihurtu au? Zelai ta malkor,
ire soñuz pozkor;
ta gabaren etxe illauna,
eresiz astandu dek.
Gernika! Aritza lege!
Ostro bakoitza, Euskalerriko
oitura burutua:
gure izate-muñean
sakon erotua.
Sustraiak euskal-lurrean
odoltzeraño sartuak dituk:
besoak zabal aidean,
besarkada eskeintza
mundu osoari. Munka,
ire oñetan auspez nauk.
Ago! Ez adi zapuztu
ur zikin nastuan.
Munduan,
izan adi aizena:
sendotasuna erroan,
zuzentasuna gerrian,
zintzotasuna buruan.
Agur Iparragire!
Orain oake pakean!
Lurrak, ez dik iretzat
arrik.
Geroaren magalean,
iraupena dek oetzat.
Euskalerrian
bizirik
zebillek ire iduria.
I, ez aiz gizon, ez!
I aiz, gure erria!
|