Olerti
Tzakur hil bati
Jon Chaho
Tzakur zahar bat errekan
nehork ez jakin nondik jinik,
tzakur bat zoan errekan
uretan gaindik, arhin, hilik.
Ur luminos, hotx, gardenek
laztantzen zuten berhilkia;
sorgin-orratz botx, lerdenek
miresten zuten sarraskia.
Goizean goiz urera jin
arrantzaleek agurtzen zuten.
Noizean noiz, arrantzaleen
hamu tzarrek sistatzen zuten.
Nausiak atzo itho zuen
zabar egin bait-zen zahartuz.
Sukin goxoan jarten zan
landan behiak ezin zainduz.
Norat, erradak, errekan
uraren hotxez konkorturik,
norat ba hoa itsurat,
hilaren hotzez gogorturik?
Geldit' ezina
behar dukeka joan aitzina?
Geldit' ezina, gaixo hor
Azken-Egunerainokoan?
Azken-Eguna hurrun da;
hartara gabe hor lirina
hirotan ezekaitu zan...
...Aizeak eroan zuen urrina.
Ur luminos, hotx, gardenek
ahantzi zuten sarraskia;
sorgin-orratz botx, lerdenek
ez zuten orhoit berrhilkia...
Nik soilik, arima baithan,
usnatu nizun hil-usaina.
Nik soilik Horen Batzarrean
dut ohoratzen hil anaia.
22-IX-52.
|