L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Uztaila-Dagonila. 7-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Izadiaren otoitza

 

Aitzorrotz

 

Gaur iskanbilla aundia degu Arantzazu'n. Ni ordea ixilzale porrokatua, zaratak on gutxi bait-dakar. Agur ba Arantzazu. Aserretu gabe urreko arkaitz-torten bat billa noa.

        Ona emen bidetxoa. Jarrai dezaiodan. Txigorra izanik, txakur-isatsak ez omen du ainbeste gorabera. Bidea oraintxe bitu egin da. Gora dijoana, zabalxamarra, ur-jasak mindua dirudi; Urbia izango du jo-muga. Bildur natzaio: luzetxoa.

        Besteak mendi-maldan zear darraio bere adurrari; Iturri Gorrira narama. Au det lagun.

        Ara nun billa arkaitz zakar, bakartia. Zugaitxoak ditu kankarrean. Ausarti aurreratzen du bekoki berdiñeza leize-zulo aldera. Auxe nire atseden toki. Nekez izanarren eldu naiz tontorreraño. Begia zoli derabilt. Au ikuskizuna! Jauna, eskerrak! Ago geldi, ene biotza! Gauza aundiak egin ditu Jaungoikoak, goraipa dezagun!

        Otoitzean irudi. Arantzazu datza antxe aurrean. Eliz dorrea dager igo-miñez... Uso'txuriak biraka, ega luzean... Aurrez-aurre arkaitz zorrotzak, erdi billosik, abere argalaren ezur aundiak antzo, zerua ebaki naiez. Aitzetan zintzillik, narrak eta goroldia oskatuz, auntzak. Atzetik mendiak obo aundi bat osotuz: or Aitzgorri, Araba-mendiak, Kurtzebarri, Aloña, bata bestearen ondoren, leian goitik bera begira. Aldakaitzak, Jainkoaren errañu dira. Aloña'n bera, errosario ale zuriak bailira, artaldea jeisten dator. Arkumea negarti, ardia ioranez. Araba mendien egian moxal ariñak irrintzia jo du. Zezen indartsuak morraza luzean erantzun dio Aizkorri aldetik.

        Arkaitzei oñetan kili-kili egiñaz dijoa errekastoa sakonean. Susmur ixilla, lotsatia du bere apaltasunaren abesti.

        Udaberri, neska lirain, aratzak, txit apaindu ditu alderdi guztiak. Mendietan orlegia erein du. Zugaitzak osto berri, ugariz jantzi ditu. Usain gozoz lurrindu ditu zelaiak. Basoa kuku ta larretxorien abestiekin poz betean dago. Zeru sakona urdiñez margoztu du.

        Esku maratza ibilli du Udaberrik gauza guztien Egille danaren jauretxea txukuntzen, ornitzen.

        Jainkoaren jauretxea! Orixe da izadia. Baño au miña! Izadi eder, txundigarri onek ez du adimenik, ez naimenik. Pago tinko, sustrai sakon, adartsuak ez daki Jainko onaren izakia danik. Mendi altsu, arroak ezin siñistu lezake Jainkoaren jaurgoa. Txoriak ez daki bere abestia Jainkoari eskeintzen.

        Jauna, zure maitasunak egin du izadi eder au. Zure ontasunaren dirdaia da bera. Eskerrak bere ordez! Jaun txit altsu, alguztidun, Zuri zor dizugu gorapena, aintza, ohorea. Izadi onen biotz-buru biurtu nadin. Izadia ta ni anai gera, Aita bakar, esku zabaldunaren eginkizunak bait-gera. Eguzkia, urgarbi apala, lañoak, mendiak, zezena, lore usaiduna nire anaiak dira. Au poza! Eskerrak, Jauna, Nere biotzetik irtetzen dan otoitza, izadi adieten gabearen biotz pil-pila da. Izadiaren apaiza naiz ni. Emaidazu, Jauna, nere Aita Prantzisko Donearen biotza! Aintza, onetsia, maitasuna Zuretzat, Ona bait-zera!

        ...Illunabarra dator. Illun-miña du egunak. Baserritxoak keia dario. Lañoa sartzen asi da. Banoa, atseden-toki, Jainkozko bakardade. AGUR!

        Arantzazu, banatorkizu. Ixilean zaude. Gabon Jaunak.

 

Kurtzebarri, 1952'ko Uztaren 6'an.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.