L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Orrila-Garagarrila. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Adiskidetasuna

 

M.T. Kikero

 

euskaratzailea:

Ametzaga Aresti'tar Bingen

 

IX. 29.— Baldin zindotasunaren indarra, iñoiz ez ikusi ez ditugunengan ala etsai batengan ere ura maitatzeraiñokoa baldin ba'da, arrituko al gera, arremanak izan ditzakenengan onbidea ta zintzotasuna ikusten ditula uste dunean, gizonaren biotza ukitua ba'da? Ala ere, adiskidetasuna artutako onegiñaz da sendotzen ta ikusitako eraspenaz, oitura elkartuta. Guziok gogoaren eta maitasunaren lenbiziko igidurarekin batzen diranean, onginai aundi ta arrigarri bat biztutzen da. Zenbaitek uste dute adiskidetasunak aulkerian dula bere erroa, ez duguna iñoren bidez eskuratzeko naiean; yatorri apala ta ez zintzoa damaiote, gabe ta eztasunetik yaio dedilla nai dute-ta. Orrela ba'litz, nork bere burua iñulagotzat euki ta adiskidetasunerako gaiago genuke; egin-egiñean ere, oso bestera agitzen da.

        30.— Nor bere buruagandik geiago entzindu, iñoren bearrik ez izateko ontzaleago ta yakintsuago izan eta geiago ere adiskidegoak billatzen eta erabiltzen ari da. Zer, ba? Apirkarra'k nire bearrik ote? Ez, noski; ez ta nik arenik ere. Maite nun nik, ordea, aren ekandunaz arrituta: ark, berriz, bearrbada, nire aztura aintzat euki ta maite niñun. Oiturak geitu zun elkarren onginaia. 0bari aundi asko etorri zitzaizkigun; auen itxaropena, ordea, ez zan maitasunaren erroa izan.

        31.— Ongilleak eta eskuzabalak yitez geran bezelaxe, ez esker ona eskatzeko (ez baitugu onegiña irabazitan ematen, izatez, ordea, emakoiak gera), orobat ere, uste dugu adiskidetasuna billatu bear dala, ez sari baten usteaz, maitasunean bertan bere onura dagolako baizik.

        32.— Abere-giza, guzia atsegiñera yotzen dutenak (1) oso bestelako iritzikoak ditugu; ez da arritzeko: beren gogoetak oro gauza ain apal eta gutxiestekora beititu ditutenek, ezin dute ezer goraturik, aundirik, yainkozkorik, ikusi. Bazter ditzagun, ba, mintzaldi ontatik, eta guk geronez, ulerrtu dezagun izaerak berak sortu ditula maitasunaren biotz-eragiña ta maitasunaren indarra, zindotasuna ezagutu ezkero. Onen billa dabiltzanak urbiltzen eta elkartzen dira, maitatzen asi dutenaren yardunbide ta izakeraz gozatzeko; maitasunean oso ainbatekoak izatea nai dute ta eskatzera baiño ongi egitera etziñagoak ditugu. Norlenka omengarria sortzen da aien artean, ta orrela adiskidetasunetik onura oso aundiak yasoko dira, aulkerian baiño izaeran yatorri zindoago ta egiazkoagoa dularik. Onuan oiñartu ba'litute adiskidetasunak ura aldatu ezkero ondatuko lirake. Baiñan izaera ezin aldatu dalarik, egizko adiskidetasunak betikoak ditugu. Ba-dakusazute adiskidetasunaren erroa zein dan, onen aitzi zerbait esan nai ez ba'duzute.

        FANI.— Ez, Leli, yarraitu, arren; ni baiño gazteago dudan Eskebola'ren orde erantzuten baitut, eskubidez.

        33.— ESKEBOLA.— Zuzen diozu; entzun dezagun, beraz.

        X. LELI.— Entzuzute, ba, gizon zintzook, adiskidetasunari buruz, Eskipi'k eta biok maiz ari izan ditugun bulkoak. Adiskidetasunak biziaren amaieraiño irauteak baiño gauza zaillagorik ez dagola zion: sarritan, ba, onurabideak elkar-aitzikoak dirala gertatzen da, ala erri-gaiari buruz iritzi ez berdiñak izatea, bai ta gizonen aiurria aldatzen da ere, naiz zorigaitzak dirala, naiz urteen lorragatik. Gaztetasuna yartzen zun erakusburuz; sarri askotan gaztetxoek toga zuria yanztean beren adiskidego bizienak alde bat uzten ditute.

        34.— Aitzitik, baldin gizaro arte iraun, erazten ba'ditute, austen dira batzutan norgeiagoka batengatik, naiz emaztearen autatzeagatik, naiz biak batera yadetsi ez dezaketen edozein obarigatik. Adiskidego batzuek luzaroago iraun ba'dute, sarri austen dira ere, aginbide batean, naikide diranean; adiskidetasunen zigor aundiena diru-gosea dugu, gizon geienetan, eta, zintzoenetan, aginbide ta ospearen elkarren leia: orregatik sortu dira maizetan etsaigo aundienak adiskide mamiñenen artean.

        35.— Lipizta aundiak sortzen dira ere, ta bidezkoak maizenik, adiskideari zuzen ez dan zerbait ezkatzen zaienean, galdukeri-laguntzailleak edo zuzengabekeri baten, aldekoak izatea bezela. Ezetza ematen dutenai, zintzoki ari ba'dira ere, adiskidetasun-zorrari uts egitea leporatzen diete morroi etorri nai izan ez dietenek; adiskide bati edozer eskatzeko bekoki dutenek, berriz, beren eskatzeaz beraz agertzen dute adiskide batengatik edozer egiteko gertu daudela; auen espak dirala bide, adiskidego zarrak galdu bakarrik ez, betiko gorrotoak sortzen dira ere. Orrela, ba, Eskipi'k zionez, ainbeste alabearrek zemaitzen dute adiskidetasuna ta guzietatik iges egiteko yakintza ez da naikoa, zoriona ere bearra da, aren aburuz.

        XI. 36.— Dakusagun, ba, lenik, on ba'zaizue, maitasunean leia noraiño eldu bear dan. Koriolan'ek adiskideak baldin ba'zitun, arekin, iskilloak aberriaren aurrka erabilli bear ote zituten? Eta Vekelin'ek eta Meli'k beren buruak errege egin nai zitutenetan, aien adiskideak lagundu bear ote zitzazkieten?

        37.— Tiberi Grak'ek erroa nasten zun eta geronek ikusia dugu Tubero'k eta aren adinkideek nola alde batera utzi duten. Kuma'ko Kai Bolosi, zure sendiaren etxakide zana, Eskebola, Popili Lena ta Errupili kontsulen, batzarrkide nintzan nigana zitzaidan arrenka, ta azketsi nezan; Tiberi Grak'ekiko zun oniritzia ematen zun, zuribidetzat; ark zer nai ta berak ura egin bear zula uste zun: «Zer, esan nion, Kapitoli'ri su eman zenizaion nai izan ba'lu ere?» «Iñoiz ez zun ori nai izango; nai ezkero, ordea, men egingo nion». Ori itz nardagarria! Ta egin ere, orixe egin, zun ta esan zuna baiño geiago ere. Tiberi Grak'en ausardiari ez baitzitzion yarraikatu, aixatu egin zun; ez zan aren samiñaren lagun izan, aren otsemaille baizik. Orrela, bere zentzugabekerian, auzibide berri baten izuaz, Asi'ra iges eta etsaiengana zan; an, erriaganako bere gaizki egiña, neke zuzenbidezko ta ikaragarriz, ordaindu zun. Ez da uts baten zuribidea adiskide baten ederragatik ura egin duzutela, zintzotasunaren usteak adiskidetasuna sortu zun ezkero, nekeza da ark irautea zintzotasunetik alde ba'dagizute.

        38.— Bidezko ba'deritzagu, bai nai duten guzia adiskideai ematea, bai nai dugun guzia aiengandik eskuratzea, yakitun oso ta beteak izan bear genuke orrek ondore txarrik ekarri ez dezan. Baiñan, begi aurrean dauzkagun adiskideai buruz, ikusi, mintzatzen entzun eta eguneroko bizian arkitu oi ditugunai buruz ari gera. Orrelakoxeen artean artu bear ditugu ereduak eta, batez ere, yakintzara geien urbiltzen diranen artean.

        39.— Ba-dakigu (gure gurasoengandik ikasia baitugu), Papu Emili, Kai Luskini'ren adiskide miña izan zala; birritan izan ziran kontsul batera ta eslaritzan (2) kideak ere bai. Irakatsi ere digute, Mani Kuri ta Tiberi Korunkani elkarren eta lenagokoen adiskide aundiak zirala. Ezin dugu susmatu ere, aietako batek uste onaren, ziñaren naiz erriaren kaltekorik adiskideari eskatu izatea. Orrelako gizonez ari gerala, esan bearrik ere ez baitago, eskatzekotan ere, ez zun lortuko, gizon zintzo-zintzoak izan baitziran eta ainbateko gaizkia da alakorik eskatzea ta eskatua egitea. Tiberi Grak'ek, ordea, Kai Karbo ta Kai Kato zitun bere ondoan; bere anai Kai, gaur orren sakerrea dana, oso gutxi ari zan ordun.

        XII. 40.— Lege au, beraz, eman dezagun adiskidetasunari buruz; ez dezagun eskatu gauza lotsagarririk, ez dagigun ere ura eskatzen digutenean. Zuribide lotsagarria ta onartu ez ditekena da, bai gaiñerako utsetan, bai erriaren aitzikoetan, adiskide baten alde ari izan gerala aitortzea. Izan ere, Fani ta Eskebola, erria zemaitzen duten, galbideak urrundik ikusi bear ditugun lekuan bizi gera. Aita zarren oiturak okertu dira dagoneko beren leku ta ibilbidetik.

        41.— Tiberi Grak'ek erregetu nai izan zun ala, obeki esateko, errege izan zan zenbait illabetez. Erroma'ko erriak, iñoiz entzun ala ikusia ote zun orrelakorik? Tiberi Grak'en eriotz ostean ere, aren adiskide ta aldekoek yarraitu zioten. Pubili Eskipi'ri egin dagiotena ezin esan dut negar gabe. Karbo, al bezala, yasan dugu, Tiberi Grak'en zigorraldi berriagatik. Ez dut iragarri nai Kai Grak'en tribunagotik uste dudana. Gaitza geroago ta zabalagoa da; asi ezkero, ariñik, ondamendira doala. Ba-dakusazute zein kalte aundia egin duten auteskundeetan, lenik, Gabini legeak eta, bi urte geroago, Kasi'renak. (3) Iruditzen zait onezkero dakustala erria Agure-batzarretik alde egiñik, eta bearr-bearrenetako zerak lagunabarraren naikeriz erabakiak. Gizon geiagok ikasika baitute gaitza nola egin, ari nola buru egitea baizik.

        42.— Zergatik ari naiz auetzaz? Iñor ere ez dalako orrelakoetan, oldartzen gaizkiderik gabe. Oarrerazi bear zaie, ba, zintzoai, alabearrean eta ez yakiñik, onelako adiskidetasunetan erori ba'dira, uste ez dezaten, gaizki ari diran adiskideak alde bat uztera beartuak ez daudela; neke bat agindu bear da ere gaiztoentzat, eta ez txikiagoa yarrailleentzat, legauspenaren otsemaillentzat berentzat baiño. Elade'n nor Temistokel baiño argiagorik? nor altsuagorik? Pertsitarren aurkako gudan buruzagi, Elade yaregin zun yoputasunetik; bekaizkeriz atzerriratuta, ez zun eraman, bear bezela, aberri eskergaiztokoaren bidegabekeria. Gure baitan, Koriolan'ek ogei urte lenago egiña bera egin zun. Ez zuten izan aberriaren aurkako lagunik eta orrela biek beren buruak il zituten.

        43.— Orregatik, gaiztoen orrelako elkartasuna ez da adiskidetasunaren zuribideaz estaldu bear; aitzitik, oiñaze mota guzien bidez zigorrtu bearra da, iñork uste ez dezan, bere aberriari guda egiteraiño eltzen dan adiskideari yarraitzea zillegi dala. Izan ere, gauzak doazan bidean„ uste dut ori gertatuko dala egunen batean. Ta ez dut axol gutxiago nire eriotz osteko aberriaren egoeraz, gaur egunekoaz baiño.

        XII. 44.— Au izan dedilla, beraz, adiskidetasunaren lenbiziko legea: adiskideai gauza bidezkoak eskatu, ta adiskideengatik bidezkoak egin ditzagun; ez gauden, ere aien arrenen begira; beti tukuz, ezmezean iñoiz ez; ausartu gaitean aolku ematera zabalki. Aolku oneko adiskideek nausitasun aundiena izan dezatela ta ura darabiltela oarr-erazteko zabalki ez ezen, lazki ere bai, bearra ba'da, ta aien esana egin dedilla.

        45.— Elade'n entzun dudanez, yakituntzat artuak ziran zenbait gizonek atsegin izan dute, nik uste, aburu nabarmenak agertzeaz (ez dago, or dea, aien kako-makoetatik iges dagikenik). Batzuek, diotenez, adiskidetasun andiegietatik iges egin bear da bat batzuengatik kezkatsu ibilli bear ez dedin; bakoitzak, diote, ba-du asko ta geiegi ere bere azi-orraziakin; gogaikarria da iñorenetan geiegi sartzea; adiskidetasunaren ao-ugalak alik lasaien eukitzea da egokiena, nai duzunean, aiek zureganatzeko ala askatzeko; ongi bizi izateko, naretasuna baita aurrena, ta gogoa ez diteke artaz gozatu baldin bat bakarrik kezkatan ba'dago batzuengatik.

        46.— Beste batzu are ankerrkiago mintzatzen omen dira (arestian ukitu dut gai ori laburrki); uste dute adiskidetasunak babes eta laguntzagatik billatu bear dirala, ez onginai ta maitasarreagatik. Orrela, nork sendotasun eta indar gutxiago, izan eta adiskidetasuna naiago; ortatik dator emakumetxoek gizonek baiño geiago billatu bear dutela adiskidetasunaren magalpea, ezeukiek eukitsuak baiño areago, ta zorigaiztokoek zorionekoek baiñoago.

        47.— Ori yakintza ederra! Adiskidetasuna bizitzatik kentzen dutenek eguzkia ortzetik kentzen dutela iruditzen zait; betiko yainkoek ez baitigute eman ezer oberik, ez atsegingarririk. Zelako baretasuna da orrako ori? Irudiz, zoragarria izan liteke; egiz, ordea, ura zapuztu bear dugu askotan. Ez baita bidezkoa gauza naiz egipen zuzen bateri ez egitea, edo ekin ezkero ura uztea, kezkari itzuritzeko. Kezkatik iges ba'dagigu, onbidetik ere iges egin bear dugu, ta onek beraren aitziko gauzak gorrotatu ta narda egin bear ditu nekeren batekin; ontasunak gaiztakeria, garbitasunak lasaikeria ta kemenak koldarrkeria bezela. Ba-dakusazute, beraz zuzengabekeriek zuzentsuak atsegabetzen ditutela geienik, koldarkeriek kementsuak, lizunkeriek elikutsuak. Gogo ongi neurritua, beraz da gauza onakin poztutzen eta aitzikoakin naigabetzen.

        48.— Ortara ezkero, yakitunak min izan al ba'du bere gogoan —ta ba-du noski bere gogotik gizatasuna idokia ez dala uste ba-dugu— zer dala ta, adiskidetasuna bizitzatik kenduko dugu osoro, argatik nekeren batzu ez arrtzeko? Zer alde dago ba, gogo zirrarak kendu ezkero, ez diot gizonagandik abereaganaiño, gizonagandik zubileraiño, naiz arriraiño, naiz mota ortako edozein gauzaraiño ere? Ez baitiegu entzun bear onbide gogor, eta burdin-antzekoa nai dutenai; bera da, aitzitik, naiz adiskidetasunean, naiz beste gauza askotan, biguin eta malgua; adiskidearen onak zabaltzen bide du, aren elkaitzak estutzen. Beraz, adiskide batengatik maiz artu bear dan kezka ori, ez da adiskidetasuna bizitzetik idokitzeraiñokoa; ez baitugu ere onbidea zapuzten berekin, zenbait neke ta kezka daramatzilako.

        XV.— Baiña, len esan dudanez, onbide argiren bat dirdiratzen ikusi izatea da adiskidetasunaren erroa; gogo bat bere antzeko beste batekin batzen eta elkartzen da; ori yazotzen danean, maitasuna sortzen da bearrez.

        49.— Izan ere, zentzungabea da gauza uts askotan —aginbideak, ospea, etxeak, gorputzaren yantzia ta apaiña— atsegin artzea ta maitatu ta gure maitasuna ordaindu dezaken gogo zintzoaz, atsegin aundia ez izatea. Ezer ez baita elkarren onginaia, bata besteaganako laguntza ta eskerrak bezain atsegingarririk.

        50.— Ta gaiñeratzen ba'dugu, bidezki gaiñera dezakegunez, ezer ez dagola berera ekarrtzen eta eratortzen dunik antzak adiskidetasuna bere ganatzen dun aiñan, onartuko da, noski, egia dala onek onak maitatu ta, izatez ta alako aidetasunez elkarganaturik, aiekin batzen dirala; ez baitago ezer izaera bere antzekoengana baiño erakarriagorik, ezta erakarkorragorik ere. Orregatik, Fani ta Eskebola, agiri da, nire ustez, gizon zintzoek bearrezko elkarren onginaia dutela; izaerak agindutako adiskidetasunaren iturburua. Onginai au, ordea, gizadiaganaiño zabaltzen da ere. Zintzotasuna ez dalako biotz-igarra, ez berekoia, ez arroa; erri osoak babestu oi ditu ere, ta aiek zaindu obekienik; ez zun ori egingo, noski, lagu, nabarraganako maitasunik ez ba'lu.

        51.— Gaiñera, onura dala ta adiskidetasuna, asten dutenak, adiskidetasunaren lotura maitagarriena urratzen dute, nire aburuz. Adiskideak ekarri-onurak ez batzu atsegintzen bere maitasunak berak aiña; adiskideak ekarria eder zaigu, maitasarrez ekarria baldin ba'da. Beartasuna ez da, urbiltzekorik ere, adiskidetasunaren erroa; aitzitik esku-artez ta aberastasunez ornituenak eta onbidetsuenak, batez ere, —ta onbidea dugu elbide aundiena—, iñoren bear gutxien dutenak, eskuzabalenak eta ongilleenak ditugu. Ez dakit, ordea, adiskideak iñoiz gure bearrik ez izatea egokia danentz. Nun agertuko ote nun nire Eskipi'rekiko onginaia ez nire aolkuaren ez nire laguntzaren bearrik iñoiz ez ba'lu, naiz bakean, naiz gudan? Ez da, beraz, onura adiskidegoaren erroa, adiskidegoa onurarena baizik.

        XV. 52.— Ez zaie, ba, gozakeriz okitu-gizonai entzun bear, ez ariz, ez ustariz, ezaguna ez duten, adiskidetasunaz diardutenean. Nork naiko luke, ba, Yainko ta gizonen izenean! guzitariko atsegiñetan gaiñez egitea, gauza guzien ugaritasunean bizi izatea, baiñan iñor ez maitatzeko ta iñork maitatua ez izatekotan? Orrelakoxea dugu tiranoen (4) bizia; ez zintzotasunik, ez onerizkorik, ez onginaizko uste iraukorrik ez diteke artan izan; susmo ta kezka utsa da guzia, ta ez dago adiskidegorako tokirik.

        53.— Nork maite dezake, ba, bildur diona ala bere bildur dala uste duna? Lotsa erakusten zaie, ala ere, baiña gezurrez ta zenbait denboraz soillik. Erortzen baldin ba'dira, geienetan oi bezela, orduntxe ikusten da aren, adiskideak urri zirala. Tarkin'ek atzerraldian zegola esan omen zun: «Ikusi ditut nortzu nitun adiskide zintzo ta nortzu aizunezko, ez batzuai ez besteai bear bezela ordaindu ezin nienean».

        54.— Arritu egiten naiz, ala ere, bere arrokeri ta ozarkeriaz adiskide bat ere izan al ba'zun. Gizon onen izaerak ezin beregana zezaken egizko adiskiderik eta, orrelaxe ere, eukitsu askoren aberastasunak adiskidego ziñezkoak baztertzen ditu. Izan ere, Zoria ez baiña itsua bakarrik, begipetu ditunak itsutzen ere ditu; andiketa ta arrokeria nora aiek ara, ta ezer ez dagoke yasangaitzagorik ergel zoritsu bat baiño. Oartu diteke, ere, len aiurri gozoa zutenak, aginte, al izate ta zori onaz aldatzen dirala, antziñako adiskideak gutxietsi ta berriakin atsegin artzen dutelarik.

        55.— Zer zentzugabeagorik, ordea, ainbeste aberastasun, eskuarte ta eskuandi daukatenek, diruaren bidez eduki dezaketen guzia, zaldiak, otseiñak, yantzi ederrak, ontzi bikaiñak-berenganatzea ta biziaren apaingai onenak eta ederrenak diran adiskideak ez irabaztea? Gaiñerakoa berenganatzen dutenean, ez baitakite ez norentzat lortzen duten, ez noren alde ari diran ere, guzi ori indarrtsuenarentzat da-ta; adiskidetasunak, ordea, yabetza iraukor eta eskierra da edonorentzat; eta zoriaren emaitz-antzekoak diran beste gauza oriek iraun-erazten ba' ditugu ere, bizia, adiskideen artu-eman gabe, ezin liteke atsegingarri izan. Baiñan, aski da onetzaz.

        XVI. 56.— Erabaki bear ditugu orain, adiskidetasunaren mugak eta xedeak zeintzu diran. Oni buruz, iru iritzi daudela dakust, aietako bat ere onartzen ez dudala: lenbizikoa, adiskideentzat gure buruentzako maitasuna bera izan dezagula; bigarrena, gure aienganako onginaia, aiek guganako dutena bezainbatekoa izan dedilla; irugarrena, nork bere burua artzen dun aiñan, bere adiskideak ere aintzat ar dezatela.

        57.— Ez dut iru aburu orietako bat ere onartzen iñola. Lenbizikoa ez da egizkoa, nork bere, buruarentzat eta bere adiskidearentzat gogo bat bera izan bear dula. Izan ere, guregatik egingo ez genituken amaika gauza egiten ditugu adiskideengatik! zital bateri otoi eta arren egitea, beste bat garrazki erabilli ta gogorrez esetsi; gure gauzetaz ari dala omengarriak ez diranak, guzizkoak yotzen ditugu gure adiskideez ari dala. Gorabera askotan gizon zintzoek beren obariak galtzen ditute edo uzten ditute galtzen, beren adiskideek berek baiño geiago aietaz gozatu ditezan.

        58.— Bigarren aburuak onginaien eta laguntzaen, berdintasunaz neurtzen du adiskidetasuna. Estuegi ta murritzegia da adiskidetasuna orrela, zenbatzea, artua ta emana einkaturik. Aberatsago ta eskuzabalagotzat daukat egizko adiskidetasuna; artu duna baizik zeatz ez biurtzeaz ez du axolik. Zerbait galdu, edo lurrera erori, edo ordaiña baiño geiago emateaz ez da bildur izan bear adiskidetasunean.

        Urrengoan geiago.

 

(1) Epikurtarrak ukitzen ditu or Kikerok: izan ere, yasangaitz zitzaion «Epikur'en zerri-taldea».

(2) Eslaritza: censura, Erroma'ko aginbide bat.

(3) Gabini-legeak, isilleko autarkia auteskundeetan agindu zun eta Kasi-legeak ebazleen erabakietan.

(4) «Tirano»a, goreneko aginbidea indarrez artua zun erri-lagun altsua zan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.