Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

PEN euskal bilkura

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

Ogeitamar urte bai, INTERNATIONAL PEN, izen omentsua, mundua zear egan asi zitzaigunetik. Londres'tik bilkura orren otsandia ludia zear zabaldu eta edatzen asi zan, eta andiko deiari iarraituz erri geienetan idazleak bilkura berezietan elkartzen ziran. Ingland'eko elkargo nagusiari geroago itsasteko. Era ortara, INTERNATIONAL PEN' elkargoak, bere adar lodiak legorra zear edatu zitun, enbor sendo baten inguru.

        Zer ditugu ordea P.E.N. iru letratxo oriek? Izen ori iru erdel-izenen aurreneko letratxoz borobildua duzute, ots, Poet, Essayst, Novelist, euskeraz, olerkari, idazle, eleberrigille edo nobelari. Lan oietan eta bestetsuetan lumaz ari diren langille oro bildu nai ditu. Lenik enderri edo erri bakoitzeko idazleak elkartuz, urrenik erri-arteko bilkura aundi baten bazkidetuz.

        Eralguntza onen egiteko garaiena auxe duzute: lur zabaleko literatura guzien eta idazle ospatsuenen izen ta izanak ezagutarazi, eta elkarrekiko artuemanean ezarri.

        Bere araudian dionez, elerti edo literaturak ez du mugarik, ezta ere politikarik. Gizonek gogo-antzez sortu lanak, erri-mugen gainetik daude: beaz idazlan aiek ezagutarazteak politikarik ezin dezake egari. Giza-gogoaren zitu garaienak barreatzea ordea, bear-bearrezko egitekoa duzute. Orra, labur, INTERNATIONAL PEN bilkuraren yo-muga.

        Euskal idazleak, aspaldi ontan, atzerriko idazle batzarretatik aldenduta bizi giñan. Gure artean sortu idazlanen berri, Euzkadi'ko mugartean kokatu oi zan, oskol-zailaren barnean eltzaur-mami guria bezelatsu.

        Zorionez, gurean ere idazleek lan aipagarririk erron dute, baita gizon azkarrik ere erne izan da. Zoritxarrez, ordea, aien ezagupidea etzan gure ibar eta landetatik kanpora egaldatu. Garaia genun, noizbait ere, oskola apurtu eta geure mami-guria arrotz-errietan erakusteko, beurena bezin goxo ta guria zala ikus zezaten.

        Ekiñak eta ariak, beti ere ondoren ona. Ekin genion eta ari giñan, eta gure aleginek uste gabeko igali mardula bildu zuten. Iragana dagonillean, urtero oi dutenez, International Pen'go bazkideak, Edinburgo'n, Ezkozian, elkartu ziran. Ludi guziko bilkurek ordezkariak biali zituten.Biltzar artan, euskal idazleen naikaria batzar buruak azaldu zuen, eta batzarkide guziek, ao-batez, gure eskabidea onartu zuten. Geroztik, Pen Euskal-Bilkura, zugaitz eder orren kimu gertatu zan, eta laister abar sendoa izateko bidean egokitu.

        Gure arteko batzarra deitu genun. Lur zabalean sakabanatutako eusko-idazleei, Prantzia ta Amerika barna erauntsi gogorrak uxatuta bizi diran guztiei ots egin genien, eta gure otsari idazleen oiartzunak alde orotatik yardetsi zion. Geienen eskutitzak iaso genitun Pen Euskal Bilkuraren sortzea onartuz eta gainera arnaz ta adorez beteak.

        Xubero'n Benaparra'n ta Laburdi'n ate ioka iardun genun, eta ateak iriparre ta txerarik goxoenaz iriki zitzaizkigun. Ezin aterik yo ordea, Napar, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian arkitzen diran idazleen baitan. Aintxe dauzkagu ainbeste idazle, ta onenak alajaña. Uzkur ginduzun, norbaitek gure oiuak politikatzat edo artuko ez ote zitun. Bildur giñan gure deiak idazle maiteen eskuetara ez edo ziran elduko. Ikara ere bai, idazleei okerrekorik gertatuko ez ote zitzaien. Ez gera erabe, izatez beintzat, bainan ez genion iñori ere kalterik egin nai.

        Au entzuten zagozkidaten eusko-idazleak. Orain badakizute bilkura duzutela, eta bilkura orri beroa, arnasa ta bizitza emateko zuen laguntasuna bear dugula. Zuek gabe ezin gindezke onartu dugun bidea barna ibili.

        Bilkuraren buruzagitza Euskadi'ko idazle ospetsuenen izenez edertua daukagu; Altube, Gavel, Lopez Mendizabal, Justo Garate, Laffitte, Orixe, Zaitegi, Fagoaga, Iratzeder eta abar. Orok onez artu dituzte gure batzarrean egin izentapenak, eta idazle azkar oiek ez diote gure deiari ukorik egin. Idazkariak ere ba ditugu bi: Mirande, xuberotar olerkari iaioa, eta izketan ari natzaizuen au. Gertu gaude, idazleak laguntzen badigute, gure lanak aurrera eramateko.

        Gainera, Paris'era etorriko liraken gure bilkurako eusko-idazleek, zuzendu bitez guregana, ta uste baino errextasun ugariago izango ditute.

        Paris'en ba'da Maison Internationale des Pen deritzan etxe eder bat. Etxe artako idazkariak eusko idazleentzako errextasunik aundienak eman dizkigu. Ba duke ostatu, bost gauez gutxienez, deus ordaindu gabe. Idazkariaren bitartez, Prantzi naiz edonundiko idazlearen ezagutza egin dezaken, Paris'en arkitzen bada. Orrez gainera, ango sala nagusian jaitxo bat atontzeko eskatu digu, eusko literatura zar ta berriaren oinarri ta zabalgoa idazle arrotzei erakusteko.

         International PEN batzar nagusia, aurten, Lausana'n egingo dute. Lenengo aldiz, batzarre artarako euskaldunei ere ots egin digute. An izango da norbait gure oiua el-erazteko.

        Atzerriekiko ori, eta aberriarekiko? Soro zabala agertzen zaigu gure erri maitean, arloari ekiteko. Ba dugu zer eginik ugari: idazleei lagundu, eusko literatura landu, eusko literatura landu, jaiak antolatu eta batez ere, idazleen artean euskal-garra beti ere pizkor eta erne iraun-azi. Lan bearrezko ta izugarriak burutu ditzakegu. Batasunak berez dakar indarra, eta eusko idazle oro elkartzen bagera, zer onik egingo dugu euskera ta Euskalerriaren onez. Orixe duzute gure egitekorik aundiena: erri-ta atzerri euskal-zuzia beti txinpart-jario, beti gartsu erakutsi.

        Agur t'erdi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.