Idazti Deunak
Antiokei'ko elizaren asiera
(Bid. Eg. XI, 19-30)
Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin
Euntariaren berri luze emanda gero, atzekaldera garamatzi Luka'k. Estebé'ren eriotza zala-ta sortutako beltzaldian barreiatu ziranak siñeste berri aren azia ereiten azaltzen ditu.
Lenago, barreiatu ziranak, an emen zebiltzala Berri Ona zabaltzen (VIII, 4) aipatu zun. Gero, oien arteko Pillipe'k Samari zear eta Kaisarain egindako lanaldiak yalki zitun. Orain, ordea, beste langille-sail bat agertzen digu. «Estebe zala-ta, sortutako beltzaldian barreiatu ziranak Poinike, Kiper ta Antiokei'n barna zebiltzan, Berri Onaz itzik ere, yuduei baizik, iñori egiteke»(19).
Palestinai ta Poinike artean artu-eman andiak oi ziran, bai itxasoz bai legorrez. Poinike, palmondo lerdenen eskualdea zan, izenak berak dionez: Sidon, Tir, Arad iri aipagarrienak palmondoa zuten iruditzat beuren txanponetan. Bertan zerabilten izkera, eberkeraren izkelgia omen zan. Poinike'ko errialde ospatsuenentan aspaldidanik bizi ziran salerosketan yudu eskukoi ta non-naitarrak. Tir, Sidon, Berite, Biblos, Arad irietan sinagogak ageri ziran. Bertaraturik Berri Ona bearrik zabaldu zuten izlariok, gerotxoago kistar asko arkituko baiditu Paul'ek, Tir eta Sidon'en beintzat (XXI, 3-4; XXVI).
Kiper ugartea Poinike'ri begira zegon itxaso zabalean, Aberri Amakin ekanduz ta itxasontziz elkarturik. Ugarte onen iparraldean babesik ez zuten itxasontziak, izpazter gorri ta oiartsuak baitziran. Ego ta eguzki-aldean, ordea, bazitun iri aberats ta ugariak. Poinike-aldetik Salamin, Kiki, Amaton eta Papo'ra egunero zetozten itxasontziak. Makabearren alditik ezkero, yudu asko ziran bertan bizitzez. Ain zuzen ere, Berri Onaren ereilleak ango yuduei erakusten asiak ziran.
Bereonelaxe ziarduten Antiokei barna. Ordun Siri'ren uriburua zan. Nikanor'ek eraiki zun iri aipatua, Silpi mendiaren egian eta Oronta ibaiaren bazterrean zabaltzen zan.
Bosteun milla bizilagun zitun iri artan, yudu-taldea kopurutsua zan. Eguzkipean zegon iririk andiean omen zan, Erroma ta Alexanderi kenduta. Ango yauregi ederrak entzute andikoak ziran: bertan berebat aipagarri ziran ao-ederreko gizonak. Iri osoan ekandu gordin eta ezeak nagusiturik ziran, Dahpne'ko Apolon'i zioten yaureskeriari esker. An murgildu ziran yudu bekoki-estuak elendarren antzera bizi ziran, nonbait.
Estebe zala-ta, sortutako beltzaldian barreiatu ziran geientsuenak yudu izaki, yuduei baizik, iñori etzioten Berri Ona azaltzen. Alde guzietan yuduak onbideratzeko aleginka ari ziran: arrotzei, ordea, iñolako yaramonik etzien egiten.
Aldarrikari guziak, ordea, etziran yudu: «aietako batzu Kiper'tar ta Kirenai'tar ziran»(20). Gerotxoago, Antiokei'n ziran igarle ta irakasle artean Luki kirenaitarra aipatuko du Luka deunak (XIII, 1). Apirka'ko izpazterrean zegon Kirenai, Aigito ta Kartago'ren bitartean. Ango ordoki gizen batean ekuratu ziran Elade'ko zenbait, sei gizaldi lenago, koloni ura sortzeko. Alexander il ondoren, Aigito'ko nagusien mendera etorri zan Kirenai. Nagusiok obari ainitz eskeiñita, yudu mordo ugaria bertaratu zuten. Erromarrek ere onartu zituten gizakume askar, lankoi, yainkozal ta zintzo oiek.
Antiokei'ra eldu ziran aldarrikari batzu, Kirenaitar omen ziran: bestetzu kipertar. Dagoneko, Kisto'ren siñestea onartu zuten bi Kipertar ezagunak ditugu: Barnaba (IV,36), ta Mnason aspaldiko ikaslea (XXI,16). Azken onen berri andirik eztugu zoritxarrez. Izlari aietako ez zan Barnaba, Yerusalen'en ikusi baitugu aurtemein, bidaliei Saul aurkezten, ta andik laster bera etorriko baida Yerusalen'go elizak bidalita.
Kiper'tar ta Kirenai'tarrok beste yudu siñestunak baño lenago, ala, geroago eldu ote ziran Antiokei'ra?. Tutik eztakigu.
Yuduei ez ezen, endaz elendar ziranei ere Yesu Yaunaren berri zeramaietela dio soillik Luka gurenak. Bai, ba: Eladeizkuntza erabiltzen zan errietan yaio ta azitako yudu utsak ere elendar zeritzaten Palestinai'ko yuduen artean. Alakoak eztituzu orain aipatzen ditun elendar auek, odolez elendarrak baizik.
Siri'ko uriburuan, yuduen sinagogen inguruan, «yainkozale» asko bide ziran, Kaisarai'n Korneli euntaria bezela. Baita ba-ziran elendar yator gogo-zuzenak ere, yakintzaz ta Elade'ko yainkoz gogaiturik ziranak. Antiokei'ko lagun birtxin, gaizto ta sakerre artean, Egiaren miñez yotako gizon bipillak etziran peit: orregatik, adeiberaz onartu zituten berri-zale aien irakatsiak. Etorri berriok, ostera, gizon zindo ta onak ziran, ez burgoikeriz arrotuak. Aien begi argi zear ta biotz ezti barrena, gogoan zuten altxor arrigarria ezagun egiten zan. Aurrenik, banaka itz egiten zien: gero, entzuleak geituz ari baitziran, aotik belarrira aiek erausia, etxeagañetatik oiuztatu zuten.
«Yainkoaren eskua aiekin ari zan, ta askotsu siñestun egin ta Yaunarengana biurtu ziran» (21). Aldarrikari ez-ezagunok entzuleen gogoetan ildo berriak urratu, nora-nai azia irraka erein ta igali ugariak sortzen ikusi zituten, askotsu siñestun egi baitziran. Aiei txeratsu agur egitean, Yaunarengana biurtu ziran atzerritarren askiñak eta Sinagogatik alde sortu zan lenengo Eliza lokabea agurtu ditzagun!
«Aien berri Yerusalen'go elizarengana eldu zala, Barnaba bidali zuten Antiokei'ra»(22). Barnaba berebat yudu-kipertarra zan. Beraz au igorri zutenean, Yerusalen'go eliz-agintariak Antiokei'ko siñestun berriei buruz zuten gogo ona ageri da. Palestinai'n sortutako beste yuduak nekez onartu ba zezaketen buztan-mokodunen Elizaratzea. Barnaba biotz-zabala egokienik zan, kipertar ta Kireina'tar aien lana zuzen ta bidez onartzeko.
«Ara eldu ta Yainkoaren eskerra ikusi zunean, poztu zan, ta Yaunari biotzez gogor eusteko, guziak berotzen zitun. Gizon ona zan, ba, Goteunez ta siñestez okitua. Beraz, sail ederra Yaunari itsatsi zitzaion»(23-24). Yainkoaren eskerrak uzta yoria zekarren: ukuzi-berriak bestelakoturik ziran. Barnaba Goteunez okitua izanik, eliza aren asiera burutzeko egokia zan. Siñestunei areago irakatsi, onbidean barna bultzatu ta Yaunaren maitasunean errotuago bear zitun. Ori lortu al izateko, alegiñak alegin egin ei zitun eta siñestunak eurrez baño eurrezago ugaltzen ari ziran.
Eskuak bete lan zun Barnaba'k: aren begitandik ez zegon ostenduta Saul. Yainkoak «urrutiko atzerrietara bidaliko» zula ori ba-zekin, gizakume guziekiko aitor egiteko (IX, 27; XXII, 15, 21). Urte luzeak ezkero, ordea, Tarso'n ari zan Saul, Yainkoa'ren burupide ori nola burutuko asma ta ebazka. Orra abagune ederra. Barnaba «andik Tarso'ra yoan zan Saul'en billa; ta bera idorota ekarri zun Antiokei'ra»(25).
Antiokei'tik Tarso'rako bidea iru egunetakoa zan. Barnaba'k erabakia artu ala, bideari otseman zion. Erromar-bidea zear yoan zan, nonbait. Begaratz, Betan'go zama ta Alexanderte igaro, itxaso-kolkoaren bazterretik aurrera egin, ta Iso, Mopsueste ta Adana zear, Tarso'ra eldu zan Barnaba.
Aitarenean-edo Paul arkitu zun. Zertan ari zanik eztakigu. Besoak auma izanik ez zan egongo, noski. Bi adiskideok poz-pozik elkartu ziran. Etxeko sapailloan-edo luzaro yardun zuten Kaisarai'n eta Antiokei'n gertatuak aipatzen. Illunabarrean, aize ozkirriak lili, yazmin eta loretan diran urresagarren ats ona dakar. Ikuskizun yaukala, argi ta bakez betea dute begien betegarri. Ordoki zabaleren iparraldean, elurpean zutik dauden Zezen mendi-tontorrak ageri dira, etzatera doan eguzki-argitan zuri-gorri: menditik bera, Kidno ibaia artazika dator ibar mardul barrena, ta iri zarreko lur etze soilla igaro ezkero, aintzi lizunean galtzen da. Edonon zugaitz orlegiak orrilloan ageri dira: non-nai oian zabal eta liraiñak Tarso esi oi du, artalde zuria barrutian iduri. Zeru urdin aratzena, eta mendi zoragarrienak biotz-begietan izan ezkero, itz urri aski dira gogoa Yainkoaganatzeko. Barnaba ele-ederrak Saul bere esanetara errez ekarri zun. Asmo biotz betegarri aiek entzutean, Tarso'ko gaztearen begiak argitu, zerurantz yaso eta besoak bularraren gain antxumaturik esan bide zun. «Ona emen ni, Yainkoa, zure gogoa egiteko gerturik»(Err., XXXIX,9).
Bere ikasleak bazterrik baster irakasten biñaka igorri zitun Yesu'k. Tarso'tik ere bi aldarrikariok eskuz-esku doaz Antiokei'ra. Elizarako arresian ataka zabala irikirik da. Burrukara doazen buruzagiok elkarren beteko dira. Saul sutsu, azkor eta kementsua zan: Barnaba, ordea, biotz-zabal, txeratsu ta esku-atsegiña. Bakandurik, egiteko larri ura alperrik galdu zezaketen: elkarri eutsita, Mois'en uztarpetik bearrik aterako zuten Eliza.
Beraz, Saul ekarri zun Barnaba'k Antiokei'ra. «Urte beteko ango elizan gelditu ziran, lagun askotsuei irakasten» (24). Etxeko Aitaren uzta, zori egin baitzan, gizadi osoaren alor zabalean; ordurarte, lur etze, gorri ta antzua izana, Yainkoaren arnasak eraginda, lur mardul, gizen eta apatz egin zan. Lanaldira doazen Bidaliok ikustean esan dezakegu esker-onez: «Auek oin ederrak, gentzadei ona egiten dabiltzanenak!»(Isai, LII, 7).
Oraiñarte Yesu Kisto Yaunaren siñestea zutenak oro yuduekiko targotarrak bai-liran bizi ziran. «Nazaretarrak» zeritzaten beste yuduen esanez, Sadukaitar eta Parisaitarrak bezela. Siñestunak berak ikasle (IX, 26; XI, 29), autetsi (Erro., VIII, 33), deun (Erro., VIII, 27; XV, 25), senide (Kolos., I, 2) zeritzaten.
Antiokei'n, ordea, ikasleak asi ziran Kistar izena eramaten (26). Izen ori nork asmatu ote zun? Yuduek iñola ere ez. Mesia'ren izena narriotzea ainbat izango baitzuten, Nazaretar gorrotagarri aiek orrela izendatzea, eta Yesu, aien buruzagia, Mesia zalakoaren zantzurik emateko asmorik ere iñoiz ezpaitzuten izan. Atzerritarrek, alderantziz, yudu ta elanderrengandik alde bizi ziran zenbaitzu oartu zituten: gizalde berriok ez zioazten ez sinagogetara, ez arrotzen yauretxetara. Gaitz-izenez-edo nolarebait zeindatu bear zituten. Kisto'ren yarraille omen ziran eta, kistar izena ezarri zien. Nor ote zan «Kisto»? Arrotzok murtik etzekiten eta beren burua nekatu gogorik etzuten, ori nor zan yakitearren. Eladeraz Jrestós edo Jristós, jrestianoí edo jristianoí ebakitzen zuten ezkero, Krestus edo Kristus edo Chrestiani edo christiani aldatu zuten latiñeraz. Geroago Tertulian'ek idatzi zunez, Chrestianus oker ebakitzen zuten siñesgabeak, izena bera ezpaitute ezagun (Apol., 3). Aurrerantzean izen gogoangarritzat izango du Elizak, Kepa'k dionez. «Kistartzat yasateaz, berriz, ez bedi iñor alke izan, ostera ere, Yainkoa goretsi beza orrelako izenagatik»(Ikep. IV, 16).
Orra izen aipagarri orren seaska: Antiokei. Izendatzen dun yaurespideak ezin zezaken aukeratu toki obea, lurbira barna egabanatzeko. Antiokei, Asia Txikiaren uriburua, Mediterranean itxasoari begira zego, Sartaldea eta Sortaldea batzeko txibista bezela. Orduko bide zabalenaren erdi-erdian zetzan: andik igarotzen baitzan Palestinai'ko Kaisarai'tik Asia zear, Epeso, Korinto edo Atenaitik Erroma'rañoko bidea. Uriburu onen gora andia obeki ulertu ta sakonago ezagutuko dugu Antiokei'ko kistarren indarra Eliza berrian. Aren garrantzia andia izan arren ez zan izan Elizaren buru. Atzerri artean sortutako Eliza lena izan zan. Kepa'k aurrenik bertara yo zun Berri Ona zabaltzen. Aintza betean burua zutik zegon, inguruko errien yaun eta yabe. Alare, antziñateko kistarrak oro Erroma'ren nagusigoa aitortuko dute, ta ez Antiokei'rena.
Itza bestera da. Eliza sortu-berrian gora andia zuten igarleak. Antzi ori aintzakotzat zun Paul gurenak: «Maitasunari ekiozute; gogokoetara berebat leia zaitezte, batez ere igarketara» (I. Kor., XIV, 1) «Igarketan ari dana berriz, gizonei mintzo zaie, ondu, aolkatu ta pozten ditula»(I Kor., XIV, 3). Antzi guziak aipatzean, beti bigarren maillan ezartzen ditu igarleak. «Ta Yainkoak batzu Elizan bidali yarri ditu; beste batzu igarle, bestetzu irakasle; urrenean alazkille, gero sendatzalle».... (Kor., XII, 28). Eladeraz: lenen Elizan bidaliak yarri ditu, bigarren igarleak; irugarren irakasleak.....
Bidali ta irakasleak lez, igarleak ere ara ta ona ibilli oi ziran, erriz-erri, auzoz-auzo. Ez zan aien kisa erri bateko Eizaren ardura. Yainkoaren ordez mintzatu oi ziran. Orixe zan aien egitekoa. Noizpeinka etorkizunaren berri azaltzen zuten, Goteunak ala naita. Orra Antiokei'ko elizan gertatua
«Igarle batzu egun aietan Yerusalen'dik Antiokei'ra yetxi ziran. Agab zeritzan aietako batek gosete gorri bat lur osoan sortzeko zala goi-argiz iragarri zun; ta ala gertatu zan ere Kalauki'ren yauraldian» (27-28). Beza'ren ingurraztiak, Augustin deunak, ta abar, aldatuxe dakartzite idaztuneok. «Igarle batzu egun aietan Yerusalen'dik Antiokei'ra yetxi ziran. Eta ango poza andia izan zan, eta bildurik geunden bitartean, Agab zeritzan aietako batek»... Luka'k idatzia ba'litz, guka izketan, lenengoz, ementxe agertuko litzake. Alegia, Luka bera ere an izan zala adieraziko luke. Antziñateak dionez, yatorriz Antiokei'koa omen zan Luka deuna. Ala aitortzen du Eusebi edestilariak. Iritzi orren zurkaitz sendoa litzake idaztune au. Ez da arritzekoa Luka'k bere yaioterrian Paul arkitzea. Oraingo yakitunak uste duten arauz ere, sartaldeko iyekiaren irakurraldia geroko norbaitek eratsitako azalkizuna izan arren, Luka Antiokei'koa zala ba-zekin idazle zar orrek.
Gatozen igarkizuna azaltzera. «Lur osoan» gosetea sortzeko zan, Agab igarleak iragarri zunez. Ta ala gertatu omen zan Kalaudi'ren yauraldian, Luka'k aitortzen dun arauz. «Lur osoak» Mediterranean itxasoko basterrak edo Erromarrek menpetutako lurraldea adierazi lezake. Goseta ori urrenez-urren eskualde orietan zabalduko zala esan nai ba'du, izpidean egon zan igarlea, Kalaudir'ren yauraldian (41-54), iñongo barruti guziak, kirian kirian, ezurte andiak, eten gabe, izan baitzituten, Antziñako erri zarrak, ordea, «lur osoa» esatean, beren erri zedarritu oi zuten sarri. Beraz, yuduentzat Palestinai besterik ez zan.. Orra, ba, Yosepu edestilaria lekuko (Ant. Iud., XX, 26), gosete gorria izan omen zan Palestinai'n, Tiberi Alexander yaurle zalarik, baita Kuspi Pad aurreneko yaurle zanean ere. Kuspi Pad, 44 garren urtean eseri zan yaurle-alkian, Agiripa ilda gero; Tiberi Alexander'ek, berriz, 48 garren urtean ustu zun. Beraz, 44 garren edo 45 garren urtean asi zan gosetea Yerusalén'en. Ain zuzen ere, Kuspid Pad yaurle zalarik, Elene, Adiabene'ko erregemea Yerusalen'en aurkitu zan, Yosepu'k dionez, ta goseak ilda ziran millaka yuduen eza esku zabalez arindu omen zun.
Agab igarleak esan biotz errukitsuak yaso zuten. Berri Ona eskuarki ezin-bizizko maiztarren artean zabaldu zan aurrenik. Antiokei'ko elizan ordea, baziran ogasunik aski zutenak. Berealakiak igortzea erabaki zuten, bakoitzak al zukenez. Ta ala egin ere zuten Barnaba ta Saul'en eskuz zarrei igorririk»(29-30). Onela, elkar-maitakuntza sendoagotzen zan. Dirutan ezer bidaltzerik alperrikakoa zuten: erosteko gairik ezpaitzuten Palestinai'n. Arrezkero, garitan-eta igorri zituten sorozkiok, Barnaba eta Paul'en bidez. Barnaba aipatzen du Luka'k aurrenik: nagusiena baitzan oraindik. Ala agertuko da aldi bateko; gerora, berriz, gora andiagoa iritsiko du Paul'ek.
Biok, ba, batu zuten emendioa, «zarrei»eraman zieten. Itz onen bidez ez ditu Bidaliak aipatzen. Oiek Yerusalen'en ziranik iñon ez da ageri. Orduko alde egiñak ziran, antza. Alderantziz, «bidalien oñetan» yarriko zituten sorozkiok, Iri deuneko siñestunen eduz. «Zar» aiek nortzu ote ziran? Adiñez elduenak eta elizako aipatuenak al ziran eguneroko sorozketan Bidaliei laguntzeko, edota, Eliz-agintari ote ziran? Erantzuna geroago ikasiko dugu xeetasun argiagoei esker. «Ta Barnaba ta Saul, beren egitekoa egin ezkero, Yerusalén'dik itzuli ziran, Mark birrizena zun Yon berekin zekartela» (XII,25).
|