Olerti
Eguzkia yekitzen, etziten
Ormaetxea'tar Nikola
Argi-xinta sumatuz, ogeari muzin,
yakitzen naiz goizero bi belaunak arin.
Atea zabaltzean zakurra nerekin,
arnas-uxtu, mi luze, iñon egon ezin.
Irten gera. Zakurra zoraturik dabil
oin-muturretan dantzan, gorputza txoratil,
isats-zut, bekain-arro, begiak biribil,
belarriak erne, ta bi besoak zintzil.
Ba goaz muño gora Eguskiaren zun,
goiz ontan apustua nork irabazten dun.
Gu lenago! Kirika noiz asiko zaigun,
iñaurkin legorrean yarri gera bigun.
Zakurrak, nik, ez dugu makarrik begian;
esnatu da muñoa biok sumatzean;
ostoak pirpir asi dira zugatzean
eguneroko gure zantzuak artzean.
Orobat Eguzkiak ez du gaur makarrik,
ortzi guzian ez da nabari zardairik,
itsas-mendien ertza ubelik, gorririk,
apain irtengo zaigu Andrea gelatik.
Ara lenen izpia biotzaren pozgai;
gero, mako bat, gero zerbait egonik zai
biribil irteten da menditikan ustai.
Illun zeuden zokoek berela dute yai.
Begiak mindu gabe luzaro begira
ustaiaren ertzetik ezker eskuin bira,
argi legun arekin sendatuko dira.
Bizkor yotzen astean, gu geure tegira.
Zakurra baratzean etzan da zabala,
nik ere lanerako naigo dut itzala.
Sorkari oro dauka beroak zapala.
Nik gaur egingo lana ez bedi makala!
Eguzkia ba doa ogera kuzkurra.
Nola sar ikustera nerekin zakurra.
Isats, mutur, belarriz billatzen du lurra.
Zernai erio-zantzuk bai dula bildurra!
Ni bakarrik naiz alai, ba-dut itxaropen
biamonez Ekia tiñel sortuko den.
Urteak urte, baña ba-dut aski kemen.
Alare, litekena neretzat gau azken.
Itsasoaren ertza gorri pinpiriña,
ara sartzen asi da Euzki Erregiña.
Egunero yantzi bat eun berriz egiña,
gaur askotan bezala ginga-margo ziña.
Agur! Zuk deramazu zerekin eguna.
Lurra gorputz antzera gelditzen illuna.
Argi beti gogoa, zurekin laguna.
Ez gau, egun dedilla ni yasoko nauna.
Geldi bedi nolanai gorputza; gogoa
maitasun gorri miñez yantzirik biyoa.
Odei baltzen makarra, obenen laiñoa,
Len suntsi bedi! Zuzen zuregana noa!
|