Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Heidegger'en azalkizunak

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin

 

Yaungoikorik ez da ageri Heidegger'en azalkizun berrietan: arrezkero, ez siñesterik, ez itxaropenik, ezta goi-maitasunik ere.

        Lur etze, kixkaldu ta illaundua besterik ez dugu ikusterrean; lili batxo ere ez dakusgu urbil: dordo, axanpa ta larriak txurtenean yota datza gizona norarik gabe. Alare, iñolako aipua iritxi dizu Heidegger'ek, oraiñaldiko gertakizunei zor, iñolaz ere. Dana dala, bazterrak arrotu ta arritu ditu.

        Beraz, yakintza orren saietsak oro aztertu ditzagun, eta aztarrenok lerro-lerro azaldu-ala, euskaldunok ikusiko dugu gixon oiek baño gizonagoak gerala gure siñestez, gure itxaropenez ta gure goimaitasunez, ta euskaldunak gizonez iñori zorrik ez diola eguzkipean.

        Alik zeatzen eta sakonen azaltzeko alegin egingo dizut, yakintza utsal orren utsa ikusi dezazun. Euskeraz landu berria duzu arlo au; beraz, lenengoetan latz idurituko zaizu, nonbait. Alare, ekiñalean ari gatzaizu alor berriotan ildo berriak urratzen. Gure artean garako gizon ikasiek ortara yarriko ba'lira, euskera errezagoan gai zaillenak eta burubide ostenenak azalduko lituzke noski baño noskiago: alboko erderak erabat utzi ta noizbait asiko al dira gizon yakintsuok gure arbasoen euskera bikaiña barnez ezagutzen eta yakinkizunak oro euskeraz ematen. Orrelako zerbait ba'genu, besterik litzake gure euskeraren etorkizuna.

        Izan'anarena aiputan dugu egunotan. Itzak berak dakarrenez, izan'aren yakintza duzu, baitik bat, giza-izan'aren yakintza. Izan'a dana adierazi nai du Heidegger'ek edo izan'a osotara, alegia.

        Alare, onen alegiñik beiñenak ez dute aztertu nai izan'a bera osotara, ezta giza-izan'a bera ere, norberaren izana baizik: «nerau ba-naiz» aztertu nai du.

        Yoan dan gizaldiaren erditsuan KIERKEGAARD asi zitzaizun gai ori nolarebait aztertzen. Emen eta orain bertan bizi dan gizona aztertu nai zizun. Arrezkero, UNAMUNO euskalduna ere ortan ari izan zan ortz ta agiñez ezur ta mamizko gizona aztertzen. Prantzi-aldian SARTRE'k buruaz bestera eta MARCEL'ek itxarokizunez, naiz ta bakoitza bere bideak barna yoan, norberaren gertaze ta izan'a yakin nai dizkitzute.

        Ortan aipagarrienik, nonbait, HEIDEGGER Matxin doixtarra duzu, baita ZUBIRI euskalduna ere. Oraingoan, ordea, Heidegger dut mintza-gai.

        Zein irtengune du Heidegger'ek izan'aren yakinkizunaz yabetzeko?

        Norbera ba-dalazkoa, arean. Izatea bera izatea danez (ens ut ens) zun gairik beiñena ta bereziena orain-arteko yakintzak: da'na bera osotara, alegia, izatearen erabateko sorburuak, izatearen zer-nolako ta etorburuak. Yardunaldi ortan ikusle zenun gizona, egille baño areago. Gaiok gizonari zegozkion, baña, yakintsuaren alegiñik beñenak zuzenik izan'a berea osotara ikastera yo oi zuten. Orain, ordea, erabat alderantziz duzu: yakintzaren begi ta txilbor duzu gizona.

        Areago oraindik: yakintza-alor osoaren gaia soil eta erabat gizonak betetzen dula dirudi. Gizona bera aztertu ta ikasi nai du oraingo yakintzak eta ain zuzen ere, beraren izanean bertan. Giza-izan'a bera duzu Heidegger'en gai berezi ta beñena, gizonari izatea ematen bai-dio izan'ak.

        Oraiñarteko yakintzaleak barne ta aldeko gertariak oro biltzen zituten izan eta izateari buruz: orain, berriz, norberaren izan eta gertaera barne-barnez aztertu ondoren, bertatik gizonaren eta gertaera ta dan'aren gaiak oro arkitu ta yakinbide osoa azaldu nai dizkitzu.

        Sein und Zeit idaztiaren aurreneko orrialdetan Heidegger yakintzaleak izan ere ba-dan gizona bera azaltzen digu, izan ere ba-geran guretako bakoitza, norbere buruaren izanarengaz galdeka, izan ori baitugu urbillenik. Ortik asi bear omen duzu. Ain zuzen ere, zenbaitzuen gardiz, giza-izan eta izatea aztertzea besterik ez du opa Heidegger yakintzaleak. Ez duzu ori erabatko egia. Norberaren (Dasein) aztetzeak erabateko izan'aren galdekizuna antolatu bear bai-du, berberak berriz ta berriz dionez.

 

 

Heidegger'en yakinbidea

 

        Heidegger'en yakintzak berebiziko yakinbidea du. Irtengunea bezin berebizia ez, ausaz, bai baña yakinbide ondo mugatu ta zedarritua.

        Norberak bere buruaren izana aztertzeko bidea Heidegger'ek Husserl irakaslearengandik eratxi bide zun.

        Aurretik ezarritako (presupuesto) dana erabat alderaturik, edozeren izan'a erazagatu nai dizu, zeren ageriak bakarrik onartuta, marra itsatsiei alde-egiñik.

        Bide ori darabil Heidegger'ek nork bera (Dasein) aztetzeko, zertxobait aldatuxe, ordea. Nork beraren gairik barnekoienak azaleratu nai ditu, agerietan aurkezten diranez: alegia, nork bere burua danez yalki ta azaldurik. Zer eta nor bakarra garbiro ezagutzearen bidea bestek ere onartu ta erabilli dute. Emen eta oraintxe miñez burrukan bizi dan gizona soiñez ta gogoz ezagutu nai du. Semea il zaion ama, maite esia ta gudara doan gizona ezagutu nai ditu: gauzak berak ezagutu nai ditu, ez gauzen oldozpenak.

 

 

Giza-izan'aren barne-muiña

 

        Heidegger'ek eskeintzen digun yakintza, ordea, zer duzu? Aren irtengune ta yakinbidea ezagun ditugun-ezkero, argi ta garbi yakin dezakegu oien igalia, arean, nor beraren gertari ondozkoena. Erabat esan: norberarengan (Dasein'ean) azaltzen dan giza-izan bakoitzaren somatu-gaia.

        Heidegger'en aztarrenak gaiok atematen ditu giza-izanean:

 

        A) Ludian izatea

        Nor danak bere giza-izanean auxe oartzen du aurrenik, alegia, nork bere burua ludian murgilduta dula. Uts egiteko beldurrik gabe, nork bere burua orrelaxe atematen du. Norberak bere burua ezin lezake atzeman bestetara. Eguzkia bera bezin argi gorritan azaltzen zaigu aurrenengo egia: nai ta naiezkoa omen dugu ori.

        Norberak bere burua ludiaengandik ezin alderatu du: norberarengan oldoztean, nai ta naiezko ageri da ludia: orixe autematen omen dugu aurrenik.

        Baña, bitara, egon liteke edonor ludian: giza-izan'aren bi muetak derizkio Heidegger'ek: izan egizkoa ta izan alegizkoa, alegia.

 

        B) Izan alegizkoa

        Ludian izan, baña, ludi barnean galduta bezela egotea da izan alegizkoa. Ori gertatzen zaio eskuarki gizonari eguneko bizibidean: ori edo ura buruan izaki, atariko gauzen billa urduri ta artega dabil nork bere buruari axolaririk ezarri gabe. Erara ta naroro bizi diteke, baña, nork berak bere buruaren izangoaren berri ta nagusigorik ez du, munduko iraizeko gauzak yitoan baidaramate.

 

        C) Izan egizkoa

        Alderantziz duzu izan egizkoa. Galduta bezela zegon nor orrek bere burua arkitzen du bere baitaraturik. Bera ba-dalazkoaren berri ikasi du. Izan egizkora irixteko bidea duzu neke, larri edo axanpa. Areago oraindik: gizonaren dana axanpa edo larria duzu.

 

        D) Larria

        Yakintsu orrek usuenik ikutzen ditun gaiak oiek dituzu: ludian yaurtia izatea, otezkoa, aukera, utsa, eriotza, eroria, ogena ta aldizkoa dituzu larriaren dana, giza-izan'aren dana larria izaki.

        Nola, ordea, gaiok azaltzen dira giza-izan'ean? Or duzu yakintza orren zain eta muiña.

        Ludian galduta dagoan norbait, azpikoz gain iñarrosten dun gertariren batek eraginda, bere buruaren yaun eta yabe egokitzen da, ludian egon bereziaren berri ikasirik. Orrek estu uzten du nekez, larriz ta axanpaz. Ludian yaurtia bezela, edota betan bera utzia lez bere burua aurkitzen bai-du. Nork bere bidean oztopo garaitu eziñen bat dril egiten dunean, bere burua iñorengandik bereizirik, bere eziñean atematen dizu; bere kabuz aleginka ekin bear dio, ta alare, usu beiñik bein, besterik eziñik arkituko du bere burua, eziña buru-aundia izaki. Biotzondo edo erason ori areagotu egiten zaio, nork bere galurrenean ikusi-ala. Ortan, norbait danaren kolkopean iñolako axkure edo axanpak zulatu ta gora egiten dizu. Axanpa ori edonork eskutu ixillean du, baña, abagune orrek azaleratu dizu.

 

 

Axanpa orren iturburuak

 

        Iru dituzu axanpa edo larri orren iturburuak: ludian yaurtia edo bertan bera utzia egotea; uts izan ala izan aukera-bearra ta azkenik eroria edo ogenez yabe ta yakitun izatea.

        Nork bere alegiñez aleginka inguratzen duten saietsak oroen buruzki burrukan diardu. Bere burua ludian yaurtia edo bertan bera utzia atematean, norbera eskierrik ez dala ikusten du. Oraindik areago: etengabe bere burua aurkezten bai-da bi eratako izan'a aukera bearrean: utsa izan ala norbera izan.

        Zer aukeratu, auxe gertatuko zaiola goganbeartzen bai-du: erabat bere burua galdu ala erabat bere burua irabazi.

 

        E) Utsa

        Gizonaren aukera-bear orrek bere burua utsaren aurrean yartzen du. Ta ain zuzen ere, utsaren buruzki dala, nork bere buruaren ba-dalakoa kementsuago oartzen du. Ortik datorkio utsari bere kanore andia: giza-izan'aren erkide-edo izanik. Nai ta naiezko baidu gizonak etengabe utsaren urren bere burua ikustea. Ortaz, utsa duzu gizonaren yareibide. Utsarekiko axanparen gau zoarrean azaltzen bai-da nor nor danez, norbait dala ta ez utsa.

 

        F) Eriotza

        Ba-dan gizona danez utsaren aurrean aurkitzen da, ta ba-diteken ezkero, izan'a utzi lezake. Nor danak izan'a utzi lezakela eriotzaren bidez bereizik atematen dizu. Orra Heidegger'en beste bereizgarri bat: eriotzak bizia nabaiterazten dizulakoa. Norbait ba-dana erabat eten eta aitzea omen da eriotza: norberaren erabateko utsaren agerkizuna omen da eriotza. Gizakume xeak eriotza aantzi oi dunean, bere buruaz berebat aantzi oi da ludiko gauzetan pulunpatzeko. Eriotzak, ordea, ba-gerala gogor sentierazten digu, utsaren ariora.

        Heidegger'ek alegiñak egiten dizkitzu, eriotza giza-izan'aren nai ta naiezko atala dala egiztatzeko, ta ain zuzen ere eriotzak norbera ba-dalakoa agererazten dula. Ezin dugu eriotza itzurtzerik, noraezekoa izaki, ludian dagoan izan'ari nai ta naiez baitagokio. Axanpak agererazten digun kezka ta lorraren dana, eten gabeko eriotza da, eriotzarako izaki. Arrezkero gaitzik ez du eriotzak, gure izan'aren burutzea edo osotzea baida. Ori uste du Heidegger'ek eriotzari buruz, arrezkero, eriotzarako izateak ez du gizonarengan gaitzik esan nai, norberaren erabateko izatearen buru edo osotzea dan-ezkero.

 

        G) Ogonez yabe ta yakitun

        Larriaren irugarren ekaia duzu eroria.

        Ekai onekin mamiki elkarturik duzu ogenez yabe ta yakitun izatea. Yoera eskuperatu ezin ortan agertzen zaizu eroria. Arean, gizona yoeraz gaizpera, biurri ta okerra duzu.

        Gizona ogenean datzala erakusten digu yoera orrek. Gizonak berak aurrez aukeratu omen zun erori ori ta ortan omen datza ogena.

 

        H) Noizaldia

        Giza-izan'aren ekai guziok auxe dute barreneko guna: noizaldia. Larriaen izanean bertan dituzun len aipatu iru ekaiok (utzia, alde-aurre ta eroria) aldiaren iru guneei dagozkie: oraiñaldi, lenaldi ta geroaldiari. Larriaren iru gune oiek guzitariko bat egiten dute giza-bizitzaldian, noizaldiaren iru agerraldi izaki. Arrezkero, noizaldian iru gune bereizi ditzakegu: oraiña, lena ta geroa ta irurok egiten dute aldia.

        Kezka edo larriaren iru guneetan aldiaren iru guneak agertzen dizkitzu Heidegger'ek: oraiñaldia, lenaldia, ta geroaldia. Egin-egiñean lenaldia duzu beste noizaldi guzien iturburu ta asiera: ain zuzen ere, naizan au nik neuk aukera gabe ludian yaurtia nagolakoa, lenaldiari dagokio. Ortaz, norbera lenaldiari buruz duzu. Egizko izan'dunak, ordea ez du gogo ta buru lenaldia, geroaldia baizik: geroalditik ateratzen bai-dugu norbera litekena.

        Arean, norbera ludian yaurtita soillik ez da; nor orrek aurrean du bitariko al izatea: egiazko izan'dun ala alegizko izan'dun diteke: Ludian bertan bera utzia izanik, al izan andia du. Liteken ori geroari dagokio. Litekena aukeratzeak, egiazko izan'dun ala alegizko izan'dun gertatzea ekarriko dio. Ortaz, giza-izan'aren inka larriena adierazten dizu geroaldiak.

        Labur-zur esan: norberak bere burua mugatua danez onartu ta baiestea duzu bearrezkoenik. Norberak bere burua dagokion eiñean yarri bear du, giza-izan-a danez onarturik: alegia, ludian yaurtia edo bertan bera utzia duzu eriotzarako dan ori.

        Besterik ez da ageri giza-izan'dunaren izanean.

        Aztarrenok azaltzean, Heidegger'en yakintzaren erpin berezienak azaldu nai izan dizkitzut, aren berri izan dezazun, irakurle.

        Bidenabar, gure arteko yakintsuak zirikatu nai ditut, gure baserritarren euskera gairik illunenak azaltzeko egokia dala ikusi dezaten. Yakintsuen alegiñak gure euskera bizkortu, edertu ta zabalduko dute. Erriak bere eredu baidu yakintsuen yarduna. Zerbait ikasi uste izan degunok non-nai ta noiz-nai euzkeraz egiten ba'dugu, euskeraz burua yasoko du, goiz edo berandu. Ikasi ta irakatsi, auxe dugu euskaldunaren bidea, noraezeko atzerrialdi au Euzkadi'ren onerako egokitu nai ba'dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.