Elerti
Eguberri
Otea'k egiña
Etxe barnean giro epel idazten ari naizela, kanpoan elurra ari. Elurra ari ta nola! A zelako dantzariak, elur-maro oriek. Betor elurra, betor; elur gabeko eguberriak ezpaitira egizko eguberri. Nik ez neguz ego-aizea maite. Udazkenarekin bai: usoak datozela. Neguak, ordea, elur-oiala bear: ezkontzera dijoakizun neska garbia, zuriz jantziko zaizu. Jantzi adi zuriz i ere Lur, udaberriko emaitza-aurretik.
Eguberritan 1913 garren eguberri-gabaz ila zait aita. Donibane Lohitzun'en, gaberdiko Meza tenorean. Juanartu ondoren ereslaria baitzan bere asmoko eresiak Jainkoari jotzen ari zitzaizkiola, eskuak pianoan zitula gelditu zitzaigun ila.
Ez da neretzat, Donibane'ko Gaberdi-Mezaren antzekorik: ederraren ikutu ta biotz-ikarak ezpaitira, geienetan, diruz erosten. Abeslaririk oberenak Paris edo N. York'eko opera-antzokitan eman lezazken abestiak baiño, barneago sartuko zaizu, bearba, mendian arkitua duzun artzainaren kanta epela: ezpaita egirik gabeko ederrik. Ta ori diot atzematen Donibane'ko Gaberdi-Mezari: egiaren ederra. An ez iñor kanta-sariagatik oiuka arituko. Erria, erri osoa, Jainkoari kantuz mintzo. Onek emanen dio otoitzari, bere egizko sakontasun, zabalera ta indarra. Eliza goi-goraino betea duten gizon-errenka oieri begira, esan diteke elizako arriak ere abesten asiak dirala; baita emaztekien oin-azpitako arbasoen ezurrak ere:
«Atzar gaiten, atzar lotarik
Gau ontan da Jesus sortzen....»
Ta geroxeago, gaberdi jota, eztiki:
«Au eguberri-gaua
Zorioneko gaua....!
Alegeratzen duzu
biotzean kristaua»
SAN JUAN DE LA CRUZ olerkari berdin gabearen antzekoak iduri zaizkit, Gaberdi-Mezaren Jaunartzean erriak abesten ditun bertso abek. Ara espaiñiar olerkariarenak:
«Vivo sin vivir en mí
Y de tal manera espero
Que muero porque no muero....»
Ta ara gure Erriarenak:
Nahi duzue jakin nere gutizia?
Yainkoarentzat da ene min guzia.
Ene baitan nagola pentsatzen
noiz ikusiko dudan ene Yainkoa,
Ezin bertzela biziz, ah hiltzerat noa!
Doazela bai elizati kanpo, iri nagusitan mila liberakoagatik elizaz-eliza oiuka ibiliko zaizkigun «tenorini» koitadu oriek. Aiei entzuten egotea baiño, naiago dizut ene Erriko arrantzale, nekazari ta langileekin Jainkoari kantuz aritu.
Ontan ere badugu, beste aldeko euskeldunak, Donibane'ko eliza barnean zer ikasi.
Alde artan ditugun abotsekin, emengo erri-eskola ba'genuke, a zelako otoitzaldi ta elizkizunak egin zitezken gure eskualde artan. Baina.... gure erritako serora menberati, andra pinpirin eta praile atzeratu batzuek ezpaitituzte erriaren kantak maite. ¡Euskal-kantak batezere!: pufff...!! Obe marmol zurizko eliza ponpoxetan, zudur-kantuz bizpairu abotsetara ari:
«El niño Dios nació en un pesebre
Cuando menos se piensa .... salta la liebre»
ta olakoak.
Baina gatoz arira. Ez da gure ludi ontan, aurten ere, eguberri-giro aundirik. An Korea'n-eta, Indotxina'n-eta, odolez gorrituak ageri diran elur oriek ¡ez dira eguberri-elurrak! A zelako bake-giroa arkitu bear dun aurten ere, mundurat etortzean, Jainkoaren semeak. Ogei mende dala bezalaxe gaituk gaur ere: «Gizona gizonarentzat otso».
Geu ere, «kristauok» ez beti bildots. Gure gaurko kristaukeri onek askotan ezpaitu egizko kristautasunaren itxurarik ere. Ez aren egi, ez aren eder, ez aren indar.
|