Elerti
Markiegi zana
Ormaetxea
Tiroz yo zituten Arrasateko iru apaiz lagun aiek, nork ez ditu gogoan? Iruren artean bi ziran euskera txukuntze lanean ziardutenak: Guridi ta Markiegi. Gipuzkera osotu naieko Batzordean zeuden Azkuerekin eta Ormaetxearekin. Guridi'k euskera landurik zeukan mintzatzeko, errian bere lanbidea ongi betez. Ez zun ordea, nik dakidala, zenbail eskutitz besterik utzi. Ausaz gezur-izenez emanak ba zituken zenbait artikulu. Markiegi oso poliki ari zitzaigun, baña bizi-arorik oberenean galdu genun.
Iru gauza argitara zitun: S. Luis'en bizitza, Txerrenzubi'ko gertaera, prantsesetitk biurtutako komeri polita, eta Lizardi zanaren liburu bati ezarri zion sarrera. Iru lan oiek emen ditugu Ameriketan. Oraintxe irakurri ditut bi, S. Luis'en bizitza ezaguna bainun. Beste bi oien berri Zaitegi yaunak eman dit emen, nere zokoan sartuegia bainengon, beste artikuluan diodan bezala. S. Luis'en bizitza ere irakurri dut bigarren aldiz. Nola diteke, Altube yauna, lan goxo ori betiko baztartzea? Itz berriak dozenerdiren bat ditu guziak zuk erabiliko etzenitukenak. Ezinbestean ematen ditu, erderazkoak itsusiago lirakelako. Eta... idatzi bearraren gaiñean, ausartuko ote litzake erri-zalerik beroena ere, itz oiek erderaz uzten? Or dago korapilloa! Besteri esaten errez da «etzazula ola idatzi.» Norberak egin bear dunean dira izatekoak. Gogoan daukat Tolosa'ko apaiz bat, karlista amorratua ta gure etsai amorratugoa. Bizkaitarristek euskera gogorra egiten omen zuten, baña zer gertatu zitzaion berari arratzaldetik egiñarazi ziotenean? (Arratzalde itz zarra da, kulpitua). San Yosepe eguneko itzaldia eman zioten, eta an ikusiko zenun euskera lotsagarria egin bildurrez, bizkaitarristen itz berri berberak esaten. Ixilik egon obe da, ta erderaz idatzi ere bai, euskera gogorrik ez egiteko.
Orain bertanegi gaude gure aldiko idazleetaz iritzi zuzena emateko. Geroa dugu auzi-garbitzaile. Bion iritzia iratio duketenak esango dute nor dagon izpidean. Ona emen garbi nere iritzia: euskera bere erri mailetik yasotzen geiago izan zala Markiegi yauna, Kirikiño, Barbier, eta Ithurralde baño. Txerrenzubiko gertaera baño euskera goxoagorik zer nai dugu?
Lizardi'ren «Itz Lauz» liburuari ipiñi zion sarrera ere ez dago bada ain gogor euskeraz ikasiarentzat. Euskera landuagoa du, aundiki soiñekoz yantzi nai aren naiez. «Erria, erria!» Baña zein erri? Irakurtzen ez dakina edo ari ez dana, ala erri zerbait ikasia? Lizardi'ren yario geitxo arkitzen diot, bañan yario ori ez da urruñatzekoa. Lizardi'k itz askatuz egin zitun artikulu aiek ez al dute igeri egingo 50 urte auetan itsasoan pulunpatu diranen gaiñetik? Baiki. Artikulu oiek nik erderara biurtu ba'netza, euskerara al lezazke gure oraingo idazlerik oberenak ark bezain ederki? Bai zera! Ez dago bildurrik. Markiegi yauna ez zan batere motelago euskera yakite ortan. Bi gizon auen izenak elkarrekin aipatu bearrak ditezke gure ele ederraren berri ematean.
Gauza bat aitortzen du Markiegi'k edo ote otean uzten: «Aren (Orixe'ren) ixuria (Lizardirengana) norañokoa izan danik ez dala errez mugatzen.» (11). Bai, gizona, bai; oso errez. Neregandik ez zun artu ezertxo, itz eta esaera baizik, naiz idatzietan, naiz izketan. Esan al lezaioke iñork besteri: «adi zak, i; a, b, d, ta gaiñerako elatzak neri artu dizkidak.» Orobat litzake besteren itzak darabiltzanari esatea. Itz beroiekin bakoitzak bere bururakizun eta biotzaldi bestek ez bezala atontzen ba'ditu, norekin gelditzen da zorretan? Olerki gaiean zerbait erakutsi ote nion? Ezer gutxi. Zenbait oarkizun, ausaz, Horati edo olakoren batez. Neurtitzetan lerro bat bakarra du nik ukiturik. Ua ere txar egotzi zion RIEV'ean kritiku batek: etzala euskera. Bejondaiola!
Adiskide irizle, orduan euskaldun berri, esaera ori neronek Naparroa'n ikasia nizun. Ez naiz oroi beste lerrorik bat ere ukitu nionik. Kendu edo bakandu, bai, bost edo sei ahapaldi. Ori duke neregandiko ixuri guzia. Aski argitasuneko zan, eta gure aldi ontako ele ederra, batez ere atzerrikoa, nik bañon obeki ezagutzen zun.
Izketan, bai, euskera galdu zun urbil mutikotan, eta berriz ikasi. Eta nola ikasi! Ikus zer dion Markiegi'k, eta ontan ez doa oker: «Zer pozaldi ematen al nizuke, irakurle, aren len-idazlanetatik zenbait emen aldatzeaz. Yakinik zaude, agian, esan idatzi bear dala ta ez ezan; ba, zure pozgarri, ba-dakuskezu au onela idatzita, bein baño sarriago.» (9)
Zanaren paperak arakatu genitunean, nere artikuluetan oarkizun asko zeuzkan (Kirikiño'renetan ez), arkatz gorriz ipiñiak. Batean bakarrean berrogei. Euskera ikasia du nererik; bestela, bera zan bera, naiz izketa askatuan, naiz neurtuan. Ez zun iñoren bearrik.
Lizardirekin eta Markiegirekin euskerak geiena yo zula esan dunen bat ere ba-da. Ez dabil oso oker ori ere. Berrogei ta amar urte auetako lanak uts eman detzakegula? Ez, Altube yauna, ez. Utsa al dira Txomin Agirre-Garoa ta Kresala? Eta oiek zer balio dute izkerari gagozkiola Eguskitza yaunarenaren ondoan? Bide berriak urratu naiean geitxokeri batzuk eta asko ere egin ditugula? Yakiña! Bañan berrogeita amar urte auetan ondo egin dana gaintzen, neke izango da. Lizardiren eta Markiegiren bidetik yoan bearra ba daukagu. Aldapa ortatik beretik. Ia aiek baño xuxenago, zailuago igotzen ote geran. Ori bear genuke.
Olako idazleen aurka ari dan bat (irakurri gabe, yakiña), bide ortara erortzen asi da. Arritu zaitezte. Nor? eta Arotzarena yauna, berak nai ez ba'du ere. Irakurrazute yaun orren azken-artikulua GURE HERRIA'n. Euzkerara itzulpenak nola egin bear diran ari zaigu. Atsegiñak Arotzarena yaunari! Sei zati dakartzi, españeraz eta prantsesez: Cervantes, Rabelais, Bossuet, Chateaubriand, Voltaire, Anatole Francerenak. Erakusbide ematen asi zaigu. Nere ustez, Lizardi'k obeki itzuli zituken; bañan ez daude ain gaizki.
Cervantes'ena itzuli baño len, oarkizun au ematen du erderaz: «Euskera itzez oso ugari dugu nekazari ta artzai mintzaeran; bañan urri beste arloetan. Olakoetan, itz sortuberri eziñ-igarrizkoak baño euskal-itz erauntsiz eta eratorriz balia bearra daukagu ontan oso gai baita gure izkuntza.» Esku zartak zuri, Arotzarena yauna! Zer besterik egiten saiatu gera «les basques peninsulaires?» Ez bide dituzu irakurri. Ezinbestean, bai, ezinbestean sortarazten ditute itz berriak, esandako oiek, beintzat. Guzi guziak ez gera Eusko-Gaztedi'tarrak.
Rabelais biurtu aurrean, ikus zer diagon: «Bakan bederen, gertatzen da zenbait idazletan itz-yoku eta antz-otsa. Auzi zailla den arren ez da garbitu eziña, asmakor danarentzat. Euskera gai da ortarako.»
Ba-dator Chateaubriand'egana ta ikus zer derizkion: «Euskalduna ai dago oitugabe bere baitaratzera, izkuntza ere gorbizi baitu bere barrena aztertzeko; Montaigne... ta olakoen lanak euskeraz emateko.» Barkatu, Arotzarena yauna, bañan euskalduna barnerakoi duzu, prantsesa bañon areago. Latiñezko itz asto oiek (ez baititezke sekulan prantsestu) lilluratzen zaitute beren burrunbarekin. «Introspection» ez dute atzematen prantsesik geienek, ez errikoek, ez zenbait ikasiek ere. Yakintsu itza da ori: «mot savant». Erriko prantsesean nola diokezu ori? Euskeraz aisago esan dezakegu: barnera-naia. Esazu gure etxean gizon bat barnerakoi dala, naiz zurean bere baitarakoi dala, eta prantsesez baño milla aldiz aisago ulertuko gaitute. Ez dut esan barnekoi, ez baita gauza bera.
Voltaire dator urrena. Ziri-mintzoak izkuntza aberatsa nai omen du. Euskera gai ote da octarako? galdegiten du. Galde bezaie bertsolarieri. Zer balio du Voltaire'ren motelkeri orrek «Ikazketako mandoa»ren naiz Xenpelar'en «Bei betroiaren» aldean? Utsa, edo utsaren urrengoa.
zkenik, Anatole France'ren zati batekin amaitzen du. Ez da alako zailla ere. Aski ederki itzuli ditu Arotzarena yaunak zati oiek. Zenbait tokitan, erdera ere gaintzen dute. Mingarri da, beraz, artikulu ori erderaz egotea, euskeraz alegin pixka bat geiagorekin ain ederki atera zitekena.
Itzulpen auek, eredu ez-baña saio dira... «Duten balioa dutela, alegiñ au ez da alperra.» (Gora zu, berriz ere!) «Ortara yardunez iritxiko dira izkuntza bizkorragoan idaztera; nik esango nukenez, mintzaira lerdena egitera.» Saiatu besterik zer egin dugu berrogeita amar urte auetan? Eta burutu ere bai, Xuberotarrek erreusitu ordez dioten bezala. Zuek uste baño geiago.
Bietan bat, Arotzarena yauna: edo zuk ez duzu irakurri gure lanik, eta burura zaizkizun arau oiekin gure arlora etorri zakigu; edota irakurri ba'dituzu, guregandik artu dituzu. Emazu bosteko ori! Zuk esan zenun lengo batean, etziñaldeko euskal-idazleok ez genekila itz-urren edo syntaxi'rik. Zuri irakaskizun batzuk emateko aiña, bai. «Hola nola» ez da euskera; «noiz eta are» latiña da, bestea bezala; «Hain... nun», orobat.
Mouche bovine, «lespada» ez-bañan iteuli da (Idi euli, Bizkaian). Gurean lespada ori «oistros» da. J'ai tant d'amour propre» onela ematen duzu: «Nere ohoreaz hain naiz ni kilika, nun... «Naparroan badugu itz eder bat «amour propre» esateko: eder-itxusi. Gizon orrek ez du batere bere buruaren eder-itxusirik.
Ez dakizu zer egiñ-al egin ditugun gure aldean euskera lerdendu naiez. Ez da arrigarri, geron arteko askok ere ez baitute ezagutu nai. Ni oso itsu ez ba'nago, beste aldeko oiek oso itsu daude. Berrogei ta amar urte auetan egin lan guziak alper dirala? Dioten oiek zer egin dute euskera lerdenarazteko? Gure bidera etortzen asi dira, ala ere, eta guk baño aisago igo dezatela aldapa gaitz ori.
|