Orrilla ta Garagarrilla. 5 eta 6'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Orrilla ta Garagarrilla. 5 eta 6'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Aldizkari berriak

 

Elentxu

 

        GURE HERRIA.— Orra, amar urte buruan agertu zaigu, berriz ere, ain maite genun GURE HERRIA eta eusko-kultura ren onez ainbeste lan egin zun aldizkari zoragarria.

        Aurreragoko ogeitabi urtetan erabili zun jantziaz bildurik datorkigu, bi illabeteoro bere burua erakuste asmoz, len beze laxe. Ixillaldi luze ontan lankide berriak ere sortu zaizkio, eta idazlan ederrik ematen digute.

        Lankide artean, ordea, utsuneak ere atzeman dizkiogu, bat, batez ere: Donostia Aba edeslari bikañarena. Kostako zaie Gure Herria'koei utsune orixe betetzea. Alaz ere Gure Herria zarraren irakurleak ez dituzu beingoan aantziko, ez orixe, arek eman zizkigun kanta eder eta lan aberatsak.

        Ara emen aldizkari berri onek bere orrialde txukunetan damazkigun lanak, axal-axaletik ba'da ere:

        St. Pierre yaun apezpikuak aldizkariaren ataria artikulu eder batez apaintzen du, erderaz idatzia. Pierre Ithurralde'k (Lafitte yauna) noruegatarren antzera egindako antzerkitxo bat damakigu, «ikhusgarri gisa». Ezin ukatu euskera txanbelin eta gonoa darabilkianik. Etienne Salaberri'k «L'Homme basque» izenburupean euskotarren aiurria bere gisara aztertzen du. OXOBI'k olerki bi damazkigu, dagokion antze ta trebetasunez. Salbatore MITXELENA, prantzizkotar gazteak, beste olerkitxo bat: «Illunabarra Euskalerrian». Benetan pin eta xamurra olerkari auxe, euskal-zeruko izar diztiratsua. Jean Etchegorenek «Mous de Koukoulero» izenpean, xuberoeraz, ipuin xarmagarri eta irri eragillea, euskera txukun eta politez yantzia. Urrengo, Fourcade, Uthurry, Pla eta Jean Iramendi'k, erderaz, gai yakingarriak ikertzen ditute.

        Bainan idaz-lan guzien artean Sauver AROTCARENA yaunarena «Le probleme de la traduction» arretarik aundienaz irakurri dugu. Gu ere ustekide eta asmokide gaitu, batez ere, euskerarik ezin ditekela sor-gor atzerrietako idazlan bikañei buruz dionean. Euskerarik ezin dezakegu erbesteko literaturetatik aldendua eduki, edonorako eta edozertarako izkuntza izatera iñoiz elduko bada. Izpidean dago gainera, idazlea, itzul lana nekatsu ta malkartsu dala dionean.

        Iru itzultzale mota bereizten ditu gure yaun onek:

        a) Itzulpena, nolanai, ulerterraz biurtu nai dutenak.

        b) Euskel itzak soilki erabilirik, yoskera gabe diardutenak.

        c) Euskera errex eta garbiaren bidez ari diranak.

        Lenbiziko mailakoak, idazleak dionez, Montaigne'ren yarraileak dituzu; «Si le francais n'y va, que le gascon y aille», au da: «euskeraz ezin dana, erderaz yaulki» diotenetarikoak. Oietakoak dituzu «L'Introduction a la vie devote»ren itzultzalea e. a. Adibidetzat andik yasotako esakunetxo au yartzen digu: «Euskera garbi-garbian gucia ipiñi izan banizu etzenduen gucia entendiduko eta ala ez nuen deseo nuena logratuko». Arotcarenak itzultzale ori bizkaitartzat daduka, bainan gipuzkoarra duzu, Prai J. C. Etxeberria. Gañera esakeratxo ori ez duzu ain mordoiloa. Lapurdi ta Xuberoko euskaratzalen artean mordoilokeri ugariago arkitu litezke, idazleak irugarren mailan yartzen dituenen artean ere.

        Bigarren mailan DUVOISIN eta peninsulako euskeratzalle guziak yartzen ditu: euskal itzak elkarren ondoan yarri eta beste kontu gabe ari diranen artean, yoskera edo bilbeari yaramoteke, alegia.

        Izen bi aipatzen ditu, batikbat, sail ontan: Mabide (sic) eta Zaitegi, onako Lafitte'n itzak geiturik: «ils écrivent un jargon fait de neologismes pretentieux juxtapossés, dans une sintaxe qui n'a rien a voir avec le vrai basque». Bai errexa barra-barra urko-lagunak iraindu ta lokaztea. Postura, AROTCARENA'k ez OLABIDE'rik ez ZAITEGI'rik ez dula irakurri! Bestela etzuen orrelako keririk idatziko.

        Idazle bi ok, ain zuzen ere, itz berri banakak baizik ez darabilzkite. Zaitegi eta Olabide'ren lanak zear, euskel itzak ugari bai, bainan berririk nekez arkituko dituzu. Euzkadi'ko lau xokoetan ixilik eta mutu zeuden itzak pizkortu ditute, eta ori ez duzu, Arotcarena, itz berriak nahas-mahas erabiltzea, euskera bere bitxiz eta aberastasunez apaintzea baizik. Edota itzok irato eta sekulako lurperatu bear ote ditugu? Izkuntza guziak egin dutena euskerak ezin egin ote dezake? Euskerari bizibidea betiko eragotzi bear ote diogu?

        Zoritxarrez ikonoklasta talde berri bat sortu zaigu pirenez unaindian, orain arteko euskeltzaleen indarrak oro puskatu ta deuseztu naiez. Ez dute aitortu gura peninsulako euskaltzaleak euskarari eman dioten indar eta asnasa. Aien alegiñak, aien onak oro kaltegarritzat arturik, erriaren aurka yarri dira, bada erriak, dagokion usmamenez, ontzat artu ditu orain berrogei urte berri ziran itzak, edo ilzorian zeuden itzak, eta erabiliz berpiztu, idazleen alegiñei zor. Or ari dituzu antxiña ildako «iskiribatu» berpizten, «idatzi» ren ordez. Geiegikeriak kaltegarri dira beti ere.

        Irugarren taldean Lafitte, Leon eta beste lapurditar batzu yartzen dizkigu yarraibidetzat. Ezin uka idazleak euskera ederra darabiltenik. Bainan talde ortako batek ere ez digu oraindik euskeraz eman «chefs d'oeuvre» diralazkoetarik, au da, atzerriko literaturatik itzulitako lan aipaturen bat. Zaitegi eta Olabide landa, gutxi baino ez dira murgildu erbeste-elertian ango lan osoak euskeraz emateko. Murgilduko al dira egunen baten areztian aipatu idazle yatorrak, pozik irakurriko bai ditugu eginen dituzten lanak.

        Guk ez dugu iñortxo zapuzten ez eta ezesten. EUSKO-GOGOA'ren ateak beti daude zabal eta eder euskeraren onean ari diranentzat, bakoitza bere einean, Yaunagandik yaso ditun antze ta trebetasuna erabilki. Guk ez dugu «arriere pensée»rik; euskel-idazle oro betoz bakoitza bere kizkia ekerki. Kizki orori, biotz-aundi izaki, beti aurkituko diogu ezti tantaren bat.

        Ez gaituzute porrokatzalle, yasotzalle baizik. Beraz euskeltzale oro betoz, euskel yauregia yasotzeko. Arriak oro on dituzte. Erriak berak, egunen baten, onetsi edo astanduko ditu. Bitartean yauregi ortarako arriketan gogoz eta adorez ekin dezaiogun.

        Anartean, agur bero bat bialtzen diegu GURE HERRIA'ren egilleei. Aurrera adiskideak artu dezuten bidetik, amor eman gabe, arbasoek utzi ziguten ondare zoragarri au guzion artean yarei dezagun. EUSKO-GOGOA'k zorion betea opa dizue etorkizunari buruz. Emen izango gaituzute.

 

EUSKO-IKASKUNTZ'en LAGUNARTEAK.— Pozez yasotzen ditugu aldizkari onek Eusko-Gogoari dagizkion txaloak. Guk ere zuen asmoak ditugu: lenik erria euskeltzaletu. Baita ere gizalanduak euskeltzaletu eta euskerara bultzatu, erderak alde batera utzirik. Are geiago: euskel-idazleak adoretu eta beren lanak eguzkitarazeko txoko bat eman. Gaur gero ez dedila euskal idazlerik bere lanak nun argitara ez dualako idazteke. Eusko-Gogoak ez dio idazle batxori ere zedarririk yarri nai, ez eta yarriko ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.