1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea.
1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

Muga-itz edo artikulua euskeraz

 

Orixe

 

(Artiz'tar Xabier'i).

 

Adiskide bat emen etorri zait, idazkiz nerekin omen zerala-ta. Ikus zer diozun. Euskeraz ari geralarik, muga-itz edo artikulua noiz baztertu bear genuken? Dakidana erantzun baino len —ua il ezkero ez baitut paperetarako ezer idatzi— ain egoki aipatu didazun «Lizardi» zanaren eriotzeaz biozmiña ager dezadan. Zenbaitek esan didate, ni ortaz ez mintzatzeak arritu ditula. Ez da arritzekorik. Naigabe aundiegia izaki. Tolosa'ko Aberri Etxean, gauillean, zenbait lerro irakurri nitun. Egun edo biar argitara al ditezke. Ori da nik «Lizardi» zanaz egindako azken-lana, ez zuk oraintsu irakurri duzuna. Orain agertu arren, Sanjurjo'ren altxa-aldikoan bialdua bai nun. Okertu egin nonbait.

        Galde zail samarra egin didazu, sostean erantzuteko. Estutu nauzun ezkero, ordea, estu dezadan buru au. Muga-itz ori, noiz utzi bear da? Ez da sorginkeri, alde batera. Muga-itza zertako dugu? Mugatzeko, bakoizteko; ortaz, burutapenak mugarik ez dunean, itzak ere ez du bear. Or dago giltza. Arau au xea dezagun, ordea.

        I.—Erri ontan entzuna dut: «emen oteak indar du». Nola erderara diteke? «Aquí el argoma tiene «mucha» pujanza». Ez daiteke «mucha» ori kendu. Beste itzez emagun: «emen oteak badu indarra» naiz «emen oteak indarra ba du». Bi otara esan oi da gaur, batez ere etzinaldeko euskalkietan. Zenbait euskaldunek, «aquí el argoma «ya» tiene fuerza» itzuli lezakete, «ya» ori indarrez edo enfasis emanik. Ortaz, muga-itz orrez gainera, beste zerbait ere isiltzen dugu. Esagun bestera euskeraz: «emen oteak indar «aundia» du; «zer» indarra dun emen oteak»; «oteak bai emen indarra dula». Erdera-kutsuz ordea. «Emen oteak indar du», ederkiago.

I'go arau: esanari indar ematearren zerbait ixiltzen dugunean (aundi, asko, ba, bai zer...) ixil dezaguke muga-itz edo artikulua ere. Oar ordea: olako itza galde-itz edo «inquisitivo» gertatzen dalarik, aditza azkenera bialtzen du: «ba du indar: indar du».

2'garrena: (lengora yotzen du, baina bakoizteko xea dezaguke). «Gauza» itz au isiltzen dugularik, isil dezaguke daraman izenondo edo «adjetivo» aren muga-itza ere.

        Adibidez:

 

                Eder zeruan izarra,

                errekondoan lizarra...

 

                Askan eder da garia,

                aren gainean txoria,

                erraztun batek bildu lezake

                andretxoaren gerria.

 

        Oraindik Gipuzkoan ere, Olentzaro-kantetan, gelditu da esbide eder au.

        «Ez»ekin errezago zaizu, bear ba da, «a» ori isiltzea. «Ez da eder semeen ogia zakurrei ematea» dio Mendiburu'k: «gauza» ederra da, ez da «gauza» ederra, ari gera egun. Cosa hermosa es, ordez, la cosa la hermosa es, esaten da.

3'garrena: (Lengoratsu au ere). Oinbesteko bat zeatz adierazi nai ez dugularik, «a» isildu egin oi dugu: «Elur melur, enuk ire beldur; etxean ba diat arto ta egur». Bestera, «ba diat (naiko, aski, bear ainbat...) arto ta egur».

4'garrena: beste zenbait aldiz itz-erorkera edo «rima» dala bide, sortaldeko bertsolariak batez ere.

5'garrena: izketa esaeratsuan (en estilo sentencioso) ere bai.

6'garrena: Zerbait nortzen dugularik (cuando personificamos cosas): Eder eta On aide dira: la belleza y la bondad, o, lo bello y lo bueno, tienen relación entre sí. Ortaz, tasun isiltzea da. Sarri zakarki erabiltzen ditugu atze-izkiak, isildu genezazkenean.

7'garrena: Lenengo arau ortan sar ere daiteke muga-kentze, guzitaratze edo dalako «generalización».

 

II. a) Muga-itz «a» ken-bearrean, atzeizki «ik» ordea ipintzen dala, batez ere izenondo ta aditzondo (adjetivos y adverbios) diranean:

 

                Or daude zure aizpak

                ederrik eta galantik, (Alostorrea)

 

        b) Agiz, erderazko «el», «la», gizakundezko ta emakundezko muga-itz oriek bearreko diranean, euskeraz ere bearreko dira, «lo» kundegabea (neutro) aldiz, isil dezaguke, len esan dugun bezala «tasun» ordez.

c) Kunde edo sexo dalakoa bereizi nairik. Bedi: «este es el mejor, esto es lo mejor». Eguzkialdeko euskerak berezi oi ditu. «Hau duzu hoberena»: este es el, esta es la mejor; «hau duzu hoberenik»: «esto es lo mejor». Ona emen beste «a» bat aizatu. Kendu ere egin diteke zenbait aldiz: «au da bearren». Ez dakit ordea zer edertasun ematen dion «au da bearrenik» esate orrek.

        Irakurriz eta zerorrek oarrak artuz, astiroago ta zeatzago arautu dezazuke gai au. Oina eman-uste dizut. Ez aurrera ni sarrerazi, agerian beintzat, Gramatikeri orietan, len asper asper egiñik bainaukate. Olako zerbait galdetzekoan, yo dezazu bakarrarengandik bakarrarengana.

        Azkenik, eskerrik asko, guri ta gure euskalkiari ain maitaro begiratzen diozulako. Guk ere orkoetatik ikasi egiten dugu. Gogora dezaket orain ogeita lau urte Markinar argi batek esan oi ziguna: nere euzkera eredua, aditza bizkaitar, itza giputz, yoskera napar litzake.

        Guziz maite nindun eta ark eragin zidan aurrena euskal-arlora. Gazteiz'ko apaizgaietan oso nabari izan zan buru argiz, eta andik Yesu'ren Lagundira sartuta gazte gazterik il zan. Etzan batere «Lizardi» baino motelago. Urrena «Lizardi» aundia topo egin nun bidean. Ark ere zerbait yasanbear izan zun, sortaldeko euskerari atxikia zalako. Orain zu zatozkit, «Artiz'tar Xabier» —ezpaitakit nor zeran— indar berria emanez. Ingurura begira zuk ere, etsairik sor ez dakizun. Nik susmo dudana baldin ba zaitut, zeure burua itzal nai antzean idatzi duzu. Bestera ba litza, yarrai iozu «Lizardi»ri, beintzat.

        Aren izketa askatua eredu geldi dedin, zenbait artikulu berezi, len argitaratuak, liburu batean argitaratzea dugu asmo. Gure gazte bizkorrek ikas dezatela mardul euskera.

 

                Oarra: Idaz-lan biok orain amabost urte argitaratuak dituzu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.