Euskal-Olerki Bikañenak
Arrats gorri
Lizardi'tar Xabier
Zerk goibeltzen zaitu, maitea, arratsero,
aizea ta txoriak atertuz-gero?
Begi zabaletan zerk edatzen dizu
gandu delako ori, erdiz nigar ta izu?
Eguna arrausi-nai-asi-garaiean;
mendietako isla zeru-bazterrean
non gerezi ta non baxaran denean,
zerk atzi zakida, gaixo, bat-batean?
Nireganuntz erne zenuan gogoa
zerk arinduz ta nork emanez egoa
dioakit iges, ta aidean esegi
dakust, txori lillurarazia iduri?
Beldur naiz, eneño, arrats gorriotan
erio-oxkirria dabiltzun zaiñetan;
Egun begi-urdin iltzer dagola-ta,
arengana zauden maitez ukituta...
Begira: Izkain'eruntz, txingar borobilla
noiz egingo dago uretan murgilla,
ta noiz txirtxir-otsez itsaso gorria
biurtuko lurrunezko odei zuria...
(Maitagarriari, betazal-ertzean,
ozkorriak dirdai, nonbait malko-intzetan,
ta mutillak, ipui bat asma ta dio
laztanari len-poza itzul ba'lekio...)
Egun begi-urdin, sortu-berri artan,
lurraren gaiñetik arroa zioan.
Iñoren ume zanik ezpaitzekien,
il-ezintzat bere burua yo zuen.
Eguerdiz-gero, zalantza da, larri;
buru oraillean azkura du sarri;
atzera so, ta, illaunki, aldapa bera,
Gaua darraikio ludiaz yauntzera.
Amil-mugan, bekaitz zimelak artu du;
amorruz damakio odei-sail bati su;
ta, aren argiz gaua galazi-ustean,
murgil yo du buruz sarkalde-leizean.
Gauaren aginduz, orra sua itzali.
Itz ok bota dizka Egun yoanari:
Ai, Egunto txoro! ez ezagun ama,
len uts sakonean Bakar nindukana?...
Lurtarrok, ez beldur. Pake, maitaleak...
Altzoan dakartzit zorion-aleak...
Altzoan dakartzit izar ugariak,
etorkizun-egun berrien aziak...
Ta, au esanik, lerden, ereiten asi zan
aziak irraka sail beltz gizenean...
Arrats gorria il da... Zeru-bazterrean
ez gerezi dugu, ez-eta are baxaran!
Ipuin gazigoxoak izan dik almen:
orra gandua urra ta nabari lurmen...
Begi zabaletan, irria nagusi:
giro-alda ain usurik ez dut ikusi!
Ai, eguzkitara, mutillak al ba'lu
auzo-soingañean burua atsedendu!...
Baiñan, Lotsa dauke tartean yarria,
naiz, itxuraz, ez den lagun txit lodia.
Izar urruneri begiak emanik
eztaietan biotzak ditutelarik,
elkarrenganago dituan Gauari
orra ixil-mintzoz zer dioten eskari:
Begi-beltz, oin-illaun, ama Gau naroa,
ekarkor bekigu zure azaroa:
egun begi-urdin betoz ugariak
gure elkarmin onen gaiñezkagarriak!...
|