Zubiaurre anaiak
Izurtza
Margolariek orain arte beintzat eusko-gogoa ederkienik aztertu omen dute. Orain berrogetamar urte-edo, ezari-ezarian azaldu zan margolarien artean euzko-tankera berezia. Arrezkero, gure erriak gorengo mailla iritxi dizu.
Eguzkipeko ele-eder-zaleen artean oraindik ez dut ikusi al izan zabal zabal gure izakera; bai, ordea, margolarien laukietan. Oietako askotan, beingo baten ikusi dezakegu gure ariurri ta mendu berezia: eusko-gogoa ixuri baitute eurrez beren eder-lanetan: gure zelai txoko maitagarriak, gure baserritar beso-zaintsu ta arpegi-alaiak, gure amona begi-txiki bekoki-zimurrak, gure itsasoaren geldi-eziña, gure arrantzalearen «berunezko bizkarrak, tente diran erruak, burni diran iztarrak».
Alatz ori egin digunetakoak dituzu Giard, Losada, Iturrino, Uranga, Zuloaga, Arteta, Arrue, Zubiaurre, Kabanaz Oteiza, Uribe, Etxebarria, Salaberria, Flores-Kaperotxipi, ta abar.
Orain, ordea, Zubiaurre anayak aitatu nai ditut.
Biok, yaiotzez, gor-mintzulak dituzu: biok batera lan egin oi zuten eta biok batera aurkeztu oi zituten erakusketan. Bion laukiak iraizean, azaletik aztertzen ba'dituzu, batenak deritzakezu: bereizi-gaitzak baidituzu. Alare, ez uste izan lauki bakoitza bi anaiok margotzen zutela-edo. Biok eder iritxi berdiña zuten-eta, gai antzekoak erabilki, beren laukiak berdintsuak izan oi ziran.
Balendin, ordea, bere anai gaztea baño lenago aipatu zuten ertilariek. Biotz-itxuri eztia dizu margolari onek. Maitasunez landu oi ditu eusko-gizasemien zertzelada txikienen xeenak ere. Gizon bakun eta xaloa izaki, euskotar bakun eta xaloak margozten ditu: illunabarreko urre-dirdaiaren argi baretsuz blei-blei azaltzen ditu bere margo ta gizakumeak. Eguzkiak mendi-gainbera itzalitakoan, odeitxoak ñabar margozten ditunean, lanetan asten dala dirudi Balendin: bitartean, bere ondotik igarotzen da akullua gora, uztarrien atzetik dioan itzai paketsua.
Goruetan ari diran amona xarrak, sagar-saskiz dioazen gure baserrietako neskatxak, zerura begira dauden baserritarrak, Bizkai'ko basetxe zuri ta argiak, ta abar. Bizkai osoa ixuri du bere laukietan. Ikusgarriak dituzu «Bertsolariak», «Mañari», «Durango», «Mundaka'ko ditxoaren zirkillu bat», «Jai-eguna», «Ama-Neskutzaren yaia», «Lege zarrak eta lore berria», ta abar.
Balendin betillun duzu. Euzkadi'ren gogo bakun eta xaarra biotz-ixuri eztiz yalgi dizu bere laukietan. Agitz gutxitan ikusiko duzu irri-parrez. Bere sare-euna errimiñak eta ametsak bilbatzen dute, ari zear eta zutak iduri.
Erraimun aren anaia, berriz, ainbeste ez da bere barnean biltzen: ezpaita orren ameslari. Beraren biotza ez dute ainbeste samintzen amets iritxi-eziñak. Alai, zaillu, baikor duzu: yostalari, ixeka-zale ta ekurugaitza. Biotzaldi argi ta zoliak atsegin zazkio. Gizakumeak diranez ez ditu azaltzen: ezpaitu nai izan argazkilari utsa.
Euzko-gogo berezia, ordea, agitz ongi agertzen du. Euzko-laukietan aipagarriena «Agurra» deritzat. Buenos Aires'eko museuan duzu. Lan ontan etzaizu Erraimun azaltzen euskaldunen lepotik parre egin nairik: «Nere baserriko yakintsuak» deritzan laukian, bai ordea.
Alderantziz «Agurra»k bizitzaldi illuna azaltzen dizu. Ditxotik itxas-ontxixka irtetzeko zorian da. Arraunlari batzuk oial aztuna eraiki bitartean, iru agurka ari dira: batak bere beso zaintsuetan artzen du amak yasotzen dion semetxoa; besteak, besoa gora yasoaz agur oiuka dio; irugarrena, itun dager, min-etsiz, ixillik, baretsu. Aurrekaldean, bi agure zar arpegi negartiz ageri dira.
Onenbestez, Erraimun'en laukirik ederrenak oiek dituzu: «Garai aldeko eguzki sartzea», «Mañari'ko ikuskizuna», «Bermeo'ko Ogoño lur-adarra», «Itxas-gizon euzkotarra», «Bizkai'ko ikuskizuna», ta abar.
Bi anaiok margozten dituten gizakumeak mintzulak dirudite. Lauki batean bizpairu gizon azalduarren, elkarren artean tutik ez dira mintzatzen. Baña, beren ezpain ertsiak ez dutena esaten, beren begiak esaten dizute.
|