Bilboko gauetan
Bittor Uraga
Bilboko gauetan
euria izaten da
maiz
eta euri tantek
tirikitauki, tirikitauki
leihoetako kristal karratuak,
teilatuetako uralita arrunta
eta putzuetako ur azal zikin uhintsua
kolpatzen, mailukatzen dituzte
poesia ere mailua omen zen.
Bidaztiari, orduan,
oroitzapenak ilaran inguratzen zaizkio:
bidean sortu eta hil grina malenkoniak,
gehienetan;
burruka gorrietako herra gorrotoak,
sarri;
zorionezko argi izpi iraungiak,
noiz behinka;
bide eta argi
nahi isila ere bai.
Badaki bidaztiak,
Bilboko gauetan,
urratsak oihartzunen itzala besterik ez direla,
berez
«caminante, no hay camino,
sino estelas en la mar»
eta kontuz ditu
biltzen,
marrazten,
ordenatzen,
harri bitxiak bailiran,
zeruko izarren antzera
bide izan daitezen,
edo mapa, gutxienez.
Badu bidaztiak,
Bilboko gauetan,
beste bidaztiren marrazkinik
(ezkonberriarena,
Aingeru izugarriaren lagunarena,
lau haizeetakoa,
oihan artekoa,
lur eremukoa,
eta beste hainbat)
eta bertan edireiten du urratsok
nola bildu,
nola marraztu,
nola ordenatu,
zirkulutan galdu gabe
bide izan daitezen.
Horra bidaztia,
Bilboko gauetan,
urratsez urrats urratsen duen bidean
egia bilatzen duela,
bizitzeko.
Grina Malenkoiak
Orendain
Dudak dardarkaturik
luzatu hizkidan
izar keinu hauskor gisa
beso bero usainok.
espantuz
begiratzen zigutenan
gau hilkorreko ihintzak,
egunsenti hurbileko lainoek.
Zeinen betegarria
ene bihotzeango hustutze hura!
Dena izan zunan, orduan,
hire ezer eza!
Lur osoa hintzen,
zerua ene bahintzelarik!
Hastapeneko koplak
Bizkai azpiko burdina
altzairuaren berdina;
are latzagoa dugu
maite ezinaren grina.
Bihotz barruan algara,
begitartean islada;
zure begi nabarretan
hegaka dabil enara.
Bidaian ez nuke gura
damuaren arrenkura;
maitasuna gora behera
zalantza gorrizko duda.
Ezin omen dugu etsi
nahiz infernuraino jetsi;
baina orain, oinazetan,
ezin deus ere irentsi.
Bilbo altzairuzkoa
Martxoko haizeak dena darama:
oinazea, berbak,
zalantzarik eza, batez ere.
Kimatzen da barnean zerbait
udaberria zen eta hostoak,
hala ere, nabar!
baina haizeak,
kale hotzetako haize grisak,
ez du ezer ere
(ezer ere ez?)
bizirik uzten.
Izangokoa izankizun amets huts
ote?
Haizean doaz ametsak zementua
eta altzairua, besterik ez inguruan
ihauteri zoro
eta garai guztiez kanpoko.
Ahaztea
Gauak bereganatu dizkin
arrastiri haren gomuta
eta hire begi nabarrak.
Bion itsu nahia geratu dun,
soilik,
oroitzapenean
eta bihotza, zahartuxeago
bat batean.
Ez.
Ez haut maite jadanik,
labanean joan haiz,
pinuak gorritzen zituen eguzkiaren antzera.
Baina uztaileko arrastiri hark
ezpainak kiskaltzen zizkidan oraindik,
noizean behin.
Zeinen llabur den maitatzea
eta luze ahaztea!
Esperantzazko koplak
Y allá ahajo el tiempo sigue siendo,
esperando, lloviendo sobre el polvo,
ávido de borrar hasta la ausencia.
P. Neruda
Oroitzen haiza? Haizean
kulunkan eta oinazean
ito gura izan ninan
hire begien hezean.
Oroitzen duna hibaiak
jotako soinu alaiak
kulunkatzen zituela
hire berba eta nahiak?
Baina gaua hilez doa
uhuluka haize auspoa;
harekin hil zitzaigunan
azken izar urrezkoa.
Ez bainaiz udaberria
eta hi gerezi gorria,
ezin lora eraztea
dinat nik negargarria.
Han, hausnartzen genuela
etsipenaren ustela,
bagenekinan behin oro
esperantza izan zela.
Zuretzat
Zuretzat, soilik zuretzat
idazten ditut hitzok
haize samur ametsok
entzun ditzazun, nazazun,
entzun
(bizileku zuten lehen
orain zuk betetzen duzun bakardadea,
beste nork eraman lezake,
uso mezulari, hango argiaren goibela?).
Baina ezpainetatik ahotsera gabe, zerbait da hiltzen
larrialdi beltzean ito hegalen dardara
eta pinu hostoen burni harizko intziria dakar oihartzunak haizean,
aiaria baino ez.
Hurbil nahi zaitut orduan, eta oroitzen:
zure ezpainak eneak hesten,
egunsentiko sua soan,
preso biok, besoen kartzelan.
Eta zurekin urratu nahi dut bide zaharra
(han ez baita larririk, heriotzarik, negurik zelatan),
eta ahotsez, oihartzunez, lehen minez,
berriz bidea bete.
Maita nazazu, laztana, ene ondo-ondoan iraun.
Ondo-ondoan. Ez nazazu utzi estualdi oldartsuan.
Zorion izpi iraungiak
Lagun ez
Lagun ez,
maitale;
uhinek ere aparra baitute lagun,
eta zoriona gizonak.
Adiskide ere ez,
maite;
adiskide baitu biziak heriotza
eta piztia gizonak.
Ezta bidaide ere:
rnaitale, maite.
bidaide baititu bidaztiak izarrak
eta gizonak utopia.
Maitale,
maitale nahi haut
eta maitea, maite:
hala nola itsasoak kresala
edo poetak oinazea,
bat,
beti.
Bidaide
Halaxe zirudien
irakin edo amata
zenen sua eta ura
ezin nahas ei daitezkeen;
mendabal bortitzak
dorre sendoa
lurreratu nahi arren,
ez du itsasoak hausten
errez
harkaitz sendoa;
ez omen da etxerik
areatan eraikitzen ahal
eta martxoko hormak
erraz, errua eta arnas
ei ditu eihartzen
lore polit goiztiarrak.
Baina hor dirauzu,
urratsez urrats urratzen dugun
eguneroko bide berrian,
oroitzapenen hots oihartzunak
bezain ezti...
bidaide.
Egia bizitzeko
Maiatzak 13 zituen
(Iñaki Guinea gogoan)
¡Dios mío!
Sólo el olor de unas flores.
J. R. Jimenez
Maiatzean
bihotzean
nik ere badut mina;
enarak jin
eta horrekin
Iñakik alde egina.
Ez al dira
hilobira
hainbat hamasei urtez?
Ez al dut nik
gaur, jadanik,
so egin behar aurrez?
Ez al dute
hamar urte
Araiako txoriek
eman izan
lehengo gisan
kantatuz kantu horiek?
Ipar izar
zerutiar
hura higitu al da?
Bigundu da
behin, ardura,
Araia hartako malda?
Primadera
da berbera
soilik, eta ereinotzak.
Biziaren
usaiaren
bortitza heriotzak!
Aberriaren sonetoa
Bizi behar badut, izan dadila,
askatasunari dena emanik,
beti ere ontziaren lema nik
daramadala, ez zaitezen hila.
Ez dut onartu nahi jende umila
bazterrera uzten duen esanik,
ezta ere, neure anaienganik,
kontra dugun etsaiaren fusila.
Madarikatzen dut gure lepoan
eraman behar dugun uztarria
(lehen legez, berdin egunekoan).
Hala zaitut maite, Euskal Herria:
inork agintzen ez didanekoan
maite dut, maite, bai, aberria.
Egun argia
Gauaren beldurra ikasi genuen,
iluna non nahi genuen genuelarik
begirik gauak edu genedukanean
eduki beharra
erraza zen, orduan,
burruka,
katea astintzen zutenentzat
eta ilun izuak zigun zorrozten soa,
ihesean zein erasoan,
sugeak irudi.
Gaur
argiz jantzi da goibela;
hogeitamar txanponen dizdiraz,
etsaien arma berberen suaz,
uretako irudien isladaz
mamituriko neon argiek
maskaratzen dute iluna
Gerra ala dantza?
Dantza ala gerra? ;
eta guk,
ihauteri jai honetan
ezin lagunik ezaguturik,
ez dakigu nora garamatzan
nondik datorren ea dakigun haizeak,
dugun lemazain bakarrak.
Hautsi da anphora?
Ez
Oraindik ez
Jainkoari eskerrak
iritsiko da itsurik
sinetsi dugun
egun argia.
Datorrena
Badakit
ibilian soilik garela ibiltari
gariak hilez du uzta,
ez bestela
eta agortuak bakarrik asetzen duela.
Baina berandu ez ote den susmoak
inguratzen nau,
zelatan igurikatzen,
noizean behin;
eta oroitzapenak ez dira
oihartzunen itzal hutsa baizik
izaten, orduan.
Ez,
ez da ilearen urdindura
ene laugarren hamarkadaren iragarle
dagoeneko nabarmen samarra,
ezta denboraren urrats geldi ezinaren
muga ezezaguna ere.
Datorrenaren arruntak
larritzen nau ni!
Berridatz nitzakeenak
Anitz, anitz bitxi berridatz
nitzake gaur gauez:
"Dudak dardarkatunik
luzatu hizkidan
izar-keinu hauskor gisa
beso bero-usainok",
"Maitale nahi haut, eta maite;
hala nola itsasoak kresala eta poetak..."
edota "urratsez urrats urratzen dugun
eguneroko bide berrian,
oroitzapenen hots-oihartzunak
bezain ezti, bidaide".
Baina alferrik.
Gau hilkorreko ihintzak,
egunsenti hurbileko lainoak,
espantuz begiratzen digute,
berriz ere;
baina egun berriak ez dakar
etorkizuna gurea den duda baino.
Gatza geza denean,
zer geratzen da?
Eta "oroitzapenak ez dira,
jadanik,
oihartzunen itzal hutsa baizik".
Berbera da ihintza,
berbera lanbroa,
berbera gaua, baina gu?
Gaurko gau hau bezalako
beste gau batzuetan
berbak labanka,
ezari-ezarian sortzen ziren
arimatik.
Gaur berriz, ihintzak eta lanbroak
negar isila baino ez dakarte,
izango baita, izan, beste ihintzarik,
beste lanbrorik egunsentian
enarak ere urtero ei dira etortzen;
ibiltari, alabaina, ibilian gara bakarrik;
eta egindako bidea
eta egin bakoa
itsas bits huts bihurtzen dira.
Ez dakit hauek diren
idazten dizkizudan azken hitzak
eta hartzen dizudan azken oinazea;
lur osoa zinen
zerua ere bazirelarik
halaxe esan nizun.
Zein llabur den, ordea maitatzea
hamaika urte
eta luze, eta mikatz, eta gordin...
ahaztea!
|