L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-2 (1998-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—De jardines ajenos—

 

(Gerardo Markuleta,

«Basurdea labyrintoan: Joseba Sarrionandia eta Hnuy illa nyha majah yahom».

Testu hautatuak)

 

Margolaria deserrian

 

Gerardo Markuleta

 

Bereziki izugarria behar du exilioak margolariarentzat. Sorterriko itsasoak sorterriko haize, argi eta koloreak hain urruti izanik, margolariak muzin egingo dio agian bere deserriko inguruneari eta beti hara, aukeratutako aberri hurrinera, bidali nahi izango du bere mezua.

        Sorterriak barrenean etengabe sortzen dion oihartzuna mingarria izango zaio, beti ere alanbrada paisaia eta larderia besterik ez baitzaio gogoratuko. Postalak, argazkiak, liburuak izango ditu lagun, baina handik zeharka heldutako usoak, berriz, ez dio sekulan mokoan olibondo adarrik ekarriko. Usoen keinuek mozorro baten azpikoak irudituko zaizkio, ala bele negarra, ala arranokeria hutsa. Lotura sendoek tinko iraungo dute, baina beste era batez: haizeari esker, itsasoari esker, aldekoak izango baititu biak, haizea bere hasperenekin elikatu duelako, itsasoa bere malkoekin igo eragin.

        Barreneko bideari ekingo dio orduan, margolariak, erbestean, besteren herrian hain zuzen: ordurako beraren herria ere besterena bihurtua izango baita, zoriona bezalaxe. Eta garbitu nahiko ditu eztarria eskuak eta pintzelak uso zirin guztietatik, baina beti bere basurdetasunak basurdetasun dirauela. Eta atzaparka ekingo dio sorterriko kalenderak, postalak, haurrentzako liburuak, diska azalak etab. marrazteari, paisaietatik ageriko alanbradak kenduak izango direla profitatuz, baina bere benetako sinadura beti gordea izango du beti behin-behinekoa izango zaigu haren ahotsa. Eta libre —baina agian ezjakin— jaurtikiko ditu bere gezitxoak, etxekoandre eskolaratuari, beren baitarako pake eskaleei, errata-argitaratzaileei...

        Gaur jada han izanik, Orhiko berri baduelarik hantxetik etorri berria dela esango du lasai, azken finean hemengoa ez zela ere esana baitzuen eta hortik aurrera ez du iruzurraren aurreko obstinazioa eta obstinazioaren iruzurra nahastuko halabaina mito zaharrak nahasteari ekingo dio, salbamendu bakarra horixe baita labyrintoz okertu zirenentzat. Ongi etorria egingo zaio orduan, kontutan hartzeko apostua baita berea, bere alde soil-soilik sinadura eta lana dituela arriskatuko baitu burua.

"Ertzetik", Euskaldunon Egunkaria, 1993 -1-3

 

 

Etorkizunaren saudadea

 

Joseba Sarrionandiari zor

 

Koldo Izagirre

 

Inoiz porturen bat jotzen baduzu

Beti zabalduko zaizu

Munduko edozein portutan aurkituko duzu

Rue des Basques bat

Ahantz ez dezazun ez zarela

Ziega hartan sartu zinen lehena

 

Inoiz Newfoundland jotzen baduzu Kanadan

Egina dute lehenago han ere

Ziegan hordituriko zangoek

Rue des Basques bat

Ostera ere ontzi har dezazun

Hemengoa ez zarela frogatzeko

 

Inoiz Biskay Bayko Baiona jotzen baduzu

Amorezaren ihesi

Zain edukiko duzu itsasoan luzatzen den

Rue des Basques bat

Oroit zaitezen hemen ere

Ez garela geure baitakoak

 

Rue des Basques bat

Portumundu guztietan

Rue des Basques bat

Euskal Herri guztietan

Non da Basrque's Harbour?, 1997

 

 

Posdata

 

Bernardo Atxaga

 

Joseba Sarrionandiari egindako gutun batetik

 

Marinel sartu bahintz orain Hamburgon egongo hintzateke

edo apika Dublinen edo Errege Cristianen lur jelatuetan

edo Shangain bestela, jazmin-tea hartzen enperadorearekin

eta zergatik ez Lisboan arratsez, leve leve muito leve

um vento muito leve passa, e va-se, sempre muito leve.

Susa 5 zk., 1982

 

 

Deserria / Herrimina

 

Pako Aristi

 

Zuri, Sarrionandia:

Bizi zara benetan?

Ala zure izena

maite izan zintuztenek

zure memoria gordetzeko

darabilten goitizena al da?...

 

...Ez al da arrazoirik tristeena

zure maitasunari gorrotoarekin,

zure borrokari isekarekin

erantzun dizutenengatik

deslurtar izan beharrarena,

lurminez bizi ezinarena?

Castletown, 1996

 

 

 

Joseba Sarrionandia

 

Lehendabizi Ekuatoreruntz nabegatu ondoren, itsasuntzia ekaitzek Hego Polo aldeko Eskualdera eraman zuten. Marinel zaharrak han, gupidarik gabe eta abegitasun legeak apurtuz, itsas Hegaztia hil zuen eta, ondorioz, zigor ugari eta gogorrek oldartu zuten. Eta nolabait bere herrira itzuli zen.

 

Marinel zaharraren balada-ren argumendua, 1995

 

 

Joseba Sarrionandia

 

...ustekabeko xori migrari, iritsi dira

gutunak.

Ihazko galdera haientzako, heldu dira

erantzunak.

 

Baina berritu dira haroak, eta zahartu

galderak

gutuna iritsi baino lehenago, erantzun ditu

denborak.

 

Orain galdera berriak ditut, hegats arinez

hor doaz.

Hurrengo urtaroarekin ea itzultzen diren

menturaz.

 

Hnuy..., Poemak 1985-1995



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.