Heriotz zigorraren aurka
Ahmed eta Yasmina Garziarena
Oinazea dagoen toki guztietan nago
gurutzera josten nau malkorik ttipienak.
(Maiakovski)
BAT. Moisesen garaian, Bibliak dioenez, Faraoiak ez zion Egiptoko lurretatik irteten utzi nahi bertan esklabu bizi zen herri hautatuari, eta horregatik jainkoak hamar zigor beldurgarri bidali zizkien. Hamargarrena, jakina denez, egiptoarren (eta beren azienda eta abere guztien) lehen-ume guztiak hiltzea izan zen. Hau da, gaur egun, Moisesen jainko hori genozida eta ekozida izateagatik epaitu egingo lukete, edo behintzat terrorista bilatuenen arteko bat izango litzateke. Horrelako antezedenteak dituen jainko horrekin, ez da harritzekoa Elizak historian zehar eta baita egun ere genozidio askoren aurrean izandako jokamoldea.
BI. Jainkoak egiptoarren lehen-ume guztiak hil zituenean, herri hautatukoek beren etxeetako atezango eta ataburuak bildots odolez busti zituzten, heriotz ekarleak jakin zezan etxe horretan ez zuela sartu behar. Jainkoaren mehatxua betetzen zen bitartean, beren auzokoen artean sekulako triskantza gertatzen ari zen bitartean, herri hautatukoak beren etxe bildots-odolez markatuetan itxita zeuden, heriotzetik babesean, bildots errea eta ogi altxatugabea jaten. Inork ez zuen, gizabideak deituta, egiptoar auzoko bakar baten atea bildots-odolez basitu, inor ez zen gupidatu egiptoarren sufrimenduaz. Haiek ere nahikoa sufrituta zeuden: ondo zegoen, beraz, guztien artean banatzea sufrimendua.
HIRU. Abenduaren 11an, beste hilketa politiko bat izan zen Euskal Herrian, asko dira orain arte gertatu direnak, eta hiltzaileek ez dute gelditzeko asmorik. Hilketa horren atzean esku beltz baten ekintza ikusten duen idazle baten zurikeriaren aurrean, hilketa horri etekin politikoa ateratzeko aprobetxatzen ari dela (ETAren helburua zein da, ba?) salatzen duen taldearen miseria moralaren aurrean, hilketarekin batera gure herrietan gertatzen art diren etengabeko eraso zitalen aurrean, euskal Kulturako inor ezin da isilik geratu, Moisesen garaiko herri hautatukoen antzera, gure etxe babestuetan, kanpoan jendea hiltzen jarraitzen duten bitartean.
Euskararen eta euskal kulturaren munduko jende gehiena zalantzarik gabe hilketa horien/guztien kontra daude, baina askok erreakzionatu gabe jarraitzen dute, edo haien marmarra ez da behar bezain ozenki entzuten. Egoera honetan, ezinezkoa da ekidistantziaren erosotasunean geratzea, jarrerarik errazena baita. Etxeetako ateak nolabait markatuta daudenean marka babesgarri batez, arriskurik ez dagoenean etxean heriotz ekarleak sar daitezen, ekidistantzia hori faltsu eta gezurtia da. Horren ordez, behar-beharrezkoa da argi eta garbi altxatzea hemen eta orain aplikatzen ari den heriotz zigorraren kontra: bere burua Kulturaren munduko biztanletzat jotzen duenak heriotz zigorra ezabatzearen aldeko borroka izan behar luke lehen eta ezin utzizko eginkizun, beste guztien gainetik.
Askorentzat ez da ulergarria edo onargarria alderdi bakar batekoen adierazpen askatasunaren aldeko manifestuak sinatzea, ordubeteko itxialdia egitea liburu azokan, baraualdiak egitea unibertsitatean edo elizetan, bertsoak egitea betiko alde bakar horretan sufritzen ari omen direnen oroimenez, ezer gutxi egiten bada heriotz mehatxupean bizi behar dutenen alde, mehatxatzen, jipoitzen edo erretzen dituztenen alde, ezer gutxi egiten bada heriotzaren danbatekoa gertu-gertu entzuten denean. Askorentzat ez da ulergarria edo onargarria, kontzientziak lasaitzeko, hirugarren bidea deitu duten hori bilatzea, bide hori ez bada gurutzatzen heriotz zigorraren aurkako manifestazioak igarotzen diren kaleetatik. Askok ez dute ulertzen babes-marka duten etxeetan geratzea, isilik, auzoko batzuen ateetan fusilaren jomuga pintatuta dagoela ikusten denean. Hilketa bat gertatzen denean, ezinezkoa da ekidistantzian geratzea hildakoaren eta hiltzailearen artean: erdibiderik ez dago, bien bitartean, borreroak heriotz zigorrak exekutatzen jarraitzen baitu.
|