L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-1 (1997-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Umea, Eroa eta Moskorra—

 

Nik hau ikusten badut, auskalo zer gehiago dagoen!

 

Inaxi Garziarena

 

Egunero bezala eskolara noa autobusean. Laugarren iladako eskubiko aldean, leiho ondoan eserita kanpoan dagoenari begira, zer ikusten dudan?

        Betiko zakur beltz itsusia gaur ere kale erdian kaka egiten ari da, jabeak lasai egunkaria begiratzen duen bitartean. Bastoiaren laguntzaz mantso dabilen aitona batek zakur mokordoa zapaldu du konturatu gabe. Nire eserlekuaren ondoko mutikoari oso barregarria iruditu zaio.

        Egunero bezala amonak boiloak erosten dizkidan dendako eskaparatera begiratu eta marrubi koloreko tarta handi eta gozo bat: itsulapikoko diruekin erosteko iritsiko balitzait!

        Ilea txirikorda askotan orraztuta eta kolore biziko lazotxoekin lotuta daraman neskatila bat ari da errepidea gurutzatzen amaren eskutik: beltza da!

        Hara, orain autobusa geratu egin da ospitalaren ondoan: auto batek galerazten digu pasoa gaizki aparkatuta dagoelako. Autobus gidariak udaltzainak non ote dauden deiadar egiten du besoak jasota. Sekulako klaxon zarata entzuten dut: Gaixo gizajoak!

        Abian hasi gara azkenik. Parke paretik pasatzen ari gara: banku batean arropa zarpailekin jantzita dagoen gizon bat ikusten dut, triste dagoela iruditzen zait, plastikozko zorro batetik botila bat agerian dauka. Gurasoek eskaleak deitzen diete horrelakoei, edo mozkor bat ote? Seguru aski bi gauzak. Mozkorrak eta eskaleak ez dira ateratzen nire historia liburuan.

        Nire alboan doan lagunak atzo gauean martetarrei buruz bideoan ikusi zuen filme bat kontatu nahi omen dit: hemen lurrean ere nahiko martziano badagoela iruditzen zait. Jendeak semaforoa gorri dagoela ere gurutzatzen du kalea, denak presaka dabiltza. Espaloi ertzean, zanpa-zanpa egindako uso bat ikusi dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.