Harrizko herri hau
Koldo Garziarena
Haizearekin eta urarekin etorri dira, Afrika urrunetik. Gero eta gehiago ikusten ditut nire herrian, bi-hirunaka ia beti, etorkinarentzat arnasa bezain beharrezkoa baita herkideen hurbiltasuna izatea arrotz diren tokian. Gutxi dira oraindik, baina dagoeneko gure paisaian ohizko bilakatzen ari dira haien azalen ilun edo beltza, haien emakumeen buruzapiak.
Topatzen ditudanean, neure buruari galdetzen diot ea haiek ere txalupa hauskor baten kartan jokatu ote zituzten beren bizi eta itxaropenak, edo zenbat lagun ikusi zituzten itsasoan itotzen hona iritsi aurrean.
Baina alferrik bilatzen dut munduaren mina haien aurpegian, alferrik seguru aski bizi izan duten trajediaren arrastorik. Zorionaren ukitu leuna baino ez diet aurkitzen denei, eta ni ere pozten naiz, haiengatik, haien ametsetako lurrera etorri ahal izan direlako; bakarrik, gezurra iruditzen zait gure herri hau inorentzat halako paradisua izatea. Gezurra, bai, hemen ere esplotazioa eta segurtasunik eza ezagutuko baitituzte zalantza gabe, "legez kontrakoak" izateagatik, inork nahi ez dituen lanpostuak onartu beharko dituztelako soldata ohikoaren zati bategatik, edo gutako edozeini baino gehiago kostako zaielako beren familiak aurrera ateratzea. Eta, hala ere, miragarriro, zoriontsuak iruditzen zaizkit.
Oinazearen kateak bakarrik ezagutzen dituen Afrika batetik datoz, askatasun bila, pobrezia baita esklabutzarik latzena, eta ez digute askorik eskatzen, bizi ahal izatea soilik, baina larrutik ordaindu beharko dute bizi nahi hori: askok heriotzarekin. Zein sindikatu, zein alderdi politiko arduratuko da haien eskubideez? Denak, baita beren burua "aurrerakoi"tzat jotzen dutenak ere, oso berebaitaratuta daude "marko politikoez" eztabaidatzen, ez dute denborarik bizimodu erraza dutenen filosofiatik jaitsi eta azpiklase berri hauen bizi baldintzei arreta eskaintzeko. Haiek ere Europak eraiki duen horma handi horretako harriak dira; haiek ere harrizko ari dira bihurtzen gure herria.
Aspaldian, gure harri izate horretaz idatzi zuen Gabriel Aresti izeneko poeta batek, eta poema batean esan zuen "gure Euskal Herriak maite du Afrika", baina gaur egun askorentzat Gabriel Aresti kale izen bar baino ez da, eta haren bertsoen mailukadak oihularien garrasiek amatatu dituzte. Gaur, herri hau gero eta gehiago da harrizkoa, eta ez haize edo urezkoa, antzina bezala, euskaldun jendea ere emigrazioaren ontzietan itxaropenen atzetik irten zenean mundura, afrikar hauek bezala. Batzuek uste dute, gainera, harriaren gogortasuna behar dugula herri bezala bizirik irauteko; baina Gabrielek berak esan zigun bezala, eta basamortuetatik iritsi diren etorkin berriek ondo dakiten bezala, haizea eta ura askoz indartsuagoak dira: denborarekin beti pitzatzen dute harririk gogorrena ere, eta harri sendoaren tokian legar antzua bakarrik aurkitzen da azkenik.
|