Egia hutsa!

 
Atzo goizean hil zen Santi Nonzebarri.

        Bilbo Zaharreko txikiterorik zaharrenetarikoa eta guzurtirik handienetarikoa.

        Txikiteroan albistaria izan da Santi Nonzebarri.

        —Ba dakizue zer jazo den Donostian? Itzela izan da! Ez dakigu zer ikusteko gagozan, gazteak! Eguerdian esan dau telebisinoak. Arratsaldeko egunkariek ere ba dakarre. Irratiek ere esango eben. Ba egia santua esanda, guzurrik esan barik...

        «Egia santua esanda, guzurrik esan barik», hauxe izan da Nonzebarriren betiko esakera. Baina egia esatea gura izan arren, guzurra esan behar beti. Gaisoa euki dau horretan. Baina inori kalterik egiten izan ez deutson gaisoa, oso ondo ezagutzen izan dogulako guztiok.

        Eskuaz oratuteko moduko guzur biribilak botatzen izan ditu. Guzur biribil barregarriak. Eta Nonzebarrik hamalau esaten izan dauenean, guztiok jakin dogu lau direna. Gripe esaten izan dauenean, eztul edo doministikuren bat izango zena. Atletik bat eta bapez doala irabazten entzun dauela esaten izan dauenean, lau ta hiru galtzen doala ulertu behar..., eta abar, eta abar, surtan berehalaxe erretzeko moduko abarrak gehienak.

        Hamaika barre egin izan da Bilbo zaharrean Nonzebarriren guzurrak zirela ta ez zirela! Guzurra ta abarra haxe izan da benetan gizon zelebrea! Guzur hutsa!

        Atzo goizean hil zen gizajoa. Txikiteroak penaz beterik dagoz. Nahigabez eta luturik.

        Luturik dago Nonzebarri bera ere. Hain zuzen, baltzik jantzita dago hil-kutxan, Somerako bere etxeko gelan. Santu bat dirudi.

        Bakarne, Nonzebarriren emaztea, inork baino hobeto Santi ezagutzen izan dauen emazte alarguna, haren gorpuaren ondoan dago, erdi negarrez.

        —Danok daukaguz geure zertxoak baina, oso ona izan da, Bakarne, zure gizona. Gizajoa! Jainkoak zeruetan euki dagiala betiko tabernako pozetan! —Nonzebarriren adiskide batek.

        —Egia hutsa da gizajo hau! —Bakarnek.

        —Zer egingo dogu, ba! Gauza bi doguz derrigorrezkoak mundu honetan: hil artean bizitzea ta hiltzea. Holantxe da gure mundua ta. Gure Santi! Majoagorik ta lagun hobeagorik...! Sinestu ere ezin dot egin egia denik —beste adiskide batek.

        —Egia hutsa da gizajo hau! —Bakarnek.

        —Hamaika koplataldi egin dogu batera baina, igarri barik joan jaku gure albistaria, gure albistari barregarria. Lehengo astean oraindino batera egon ginen —hirugarren adiskide batek.

        —Egia hutsa da gizajoa hau! —Bakarnek, etengabeko letania bardintsu baten antzera.

        —Egia hutsa, Bakarne... Ez neuke nik hainbeste esango. Ez dot esan gura txarragoa izan danik horregaitik. Baina, Bakarne, beste askoren antzera, honek ere noizik behin guzurren bat edo beste esaten izan dau... —hirugarren adiskide berak Bakarneren letaniaz pizka bat asperturik.

        —Guzurren bat edo beste? Zu ere beronen antzekoa zara ala? Guzurra baino besterik ez dau esan, gizajo honek, beronen bizitza guztian. Guzur hutsa izan da. Eta horrexegaitik dinot egia hutsa dela orain, egia guztiak aldean dituelako.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia