Zahartzaroko bakartadea

 
Iturribide kalean. 53an. Patio baten. Emakume bi. Erropak eskegiten..., eta leihotik leihorako alkarrizketa gozatsuan.

        —Beste beheko atsoa hau ere orain...

        —Nor?

        —Katalin. Hirugarreneko alarguna.

        —Bai. Zer?

        —Ezkondu jakoz alaba biak eta, nora joango ete da orain bizitzera?

        —Oraingoz inora ere ez. Koitadatxoa! Pena emoten deust.

        —Zer, ba? Gaisorik edo holan dago ala?

        —Ez, ez. Bai zera! Ez da horregaitik. Lehengoan egon nintzen beragaz luzaro berbetan, eta berton gelditu behar izango dauela uste dot.

        —Bai? Zergaitik?

        —Ba, ba dakizu. Suinak Eibarkoa ta Balmasedakoa dira, ta hara ezkondu jakoz alabak.

        —Bai. Ta?

        —Horrexegaitik sortu jakola nahigabea.

        —Eibarrera ala Balmasedara, nora joan ez dakielarik dagoelako?

        —Ez, ez. Katalin bera, ba dakizu, on bat da ta, prest dago batera zein bestera joateko. Bera konforme dago. Baina suinak dabiltza eztabaidaka. Bata bere amaginarreba Balmasedara joan daitela nahi dau, eta besteak Eibarrera.

        —Asko maite dabe orduan suinak amaginarreba.

        —Maite? Bai zera! Eibarkoak Balmasedara joan daitela gura dau, eta Balmasedakoak Eibarrera.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia