Txaloak jo beharra

 
Zinera sarri. Baina butaketara gutxitan joaten nintzen ni gaztetxotan. Jeneralera beti, «oilategira» edo «zorritegira», boltsan kakausek, gaztaina erreak, saladillak edo holako zeozer hartuta.

        Inoiz inoiz butaketara ere joan nintzen, ni baino modu handiagoko beste norbaitegaz joanda. Eta «Gobernadore jauna» butaka baten goienean idatzirik ikusi ere egin nuen, zine baten baino gehiagotan. Zine guztietan egoten ei zen aparteko butaka bat gobernadorearentzat.

        Aldi haretan, Franco izan zenaren diktadurapean, Bilboko gobernadorerik zinera joaten zen ala ez, hori ez dakit.

        Dana dala, egun baten, bat behinik behin, joan ei zen.

        Gobernadore onen bat zen antza. Oso ona, esaten ebenetik. Burukomin handia emoten ei eutson gizarte arazoak, ta horren arduratan egoten ei zen beti. Lantegietara bertara ere sarritan joaten ei zen langileak ikustera, haiekaz berba egitera, haiei hitzaldiak emotera.

        —Herriak haintzat eta ontzat hartzen nauela dirudi, ezta? —galdetzen eutsen, behin eta barriro, bere zerbitzari «leialei».

        —Bai. Oso pozik. Dudarik gabe. Oso pozik dago herria berorregaz. Ez dela inoiz ere ere berori lakorik egon hemen esaten dabe. Oso pozik dagoz danak. Oso pozik, bai —erantzuten eutsen beti haiek.

        Halan eta guztiz ere, duda-mudatan egoten zen. Eta berak beratara jakon nahi eban norainoko heltzen zen bere herritartasuna. Berak beratara eta herriaren beraren ahotik entzun gura eban bere agintaritzari buruzko eritxia.

        Horrexegaitik, egun baten, inori ezer esan barik, sudurpean guzurrezko bigote handi bat jarri, betaurreko baltz batzuk ipini, langileek erabiltzen zituen antzeko fraka, jertsei eta arkondara bat jantzi, fumetako papela, posporoak eta koarteroi bat erosi, ta hor doa «gure gobernadore hori» kalerik kale eta tabernarik taberna, jente artera, herritarrekin egotera.

        Batera ta bestera, ibili ta ibili egin ondoren, nekatu egin zen eta zine batera sartu.

        Ba ekian han aparteko butaka bat egoena beretzat. Ba ekian sarrera txartel barik sartu eitekeana. Baina, beste edozein bezala, kolan egon ta gero sartu zen.

        Akomodadoreari pezeta bat emon eutson erdi ilunetan. Behera jausi zela uste zuen dirua, baina akomodadoreak «eskerrik asko» esan eutsonean konturatu zen bere lekura jausi zela, akomodadorearen «eskuko kazura».

        Baztertxo baten jarri zen.

        Beterik egoen zinea. Nodo ikusten orduantxe. Eta, bat batean, non agertzen den gobernadorea bera Nodoan, langile talde handi bati hitzaldi gartsu bat egiten.

        Txaloka hasi ziren berehalaxe zinean egozen guztiak. Gobernadorea bera ez, jakina. Baina saltuka hasi jakon bihotza bere herritartasuna bere begi eta belarriz ikusi ta entzunik. Eztitan egoen.

        Halakoren baten, alboan eukan gizonak ukondoaz jo eban.

        —Zer? —galdetu eutson gobernadoreak.

        —Zergaitik zagoz txalorik jo barik? Kartzelara joatea nahi dozu ala?

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia