Gose urteak

 
1940. Parkatu, baina txarto irakurri dozu. Hori ez da «mil novecientos cuarenta» irakurtzen, «milla bederatzirehun eta berrogei» baino.

        Gerrate ondoko urteak oso gogorrak izan ziren Bilbon, janaririk ezagaitik batez ere.

        Mutikotxo bat izan nintzen ni orduan. Baina ondo gogoratzen naz zelako gosea pasatu nuen eta, hori zela ta, zelako lapurtxoa bihurtu nintzen.

        Behin baten, Erriberako merkatuaren ondoan egoen kamioi batetik kereizak ohostu genduzen nire lagun batek eta nik. Kereiza ederrak eta gozoak benetan! Gogoratuz bakarrik ere estomagua dantzan hasten jat.

        Arineketan Santantoiko zubipera joan ta «zuk bat» eta «nik beste bat», «zuk bi» eta «nik beste bi», «zuk hiru» eta «nik beste hiru»... kereizak jan eta jan hasi ginen.

        —Hazur eta guzti jaten dodaz nik —esan neutsan, halakoren baten nire lagunari, jan beharraren jan beharraz berbak heurak ere mamurtuz.

        —Hazurrik ba dauke ala? —erantzun eustan nire lagunak, zazpi kereiza batera ahora sartzen zituan bitartean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia