Bestelan ondo baina, ez

 
—Kaixo, Jose Mari! Aspaldiko!

        —Hola, Santi!

        —Ta?

        —Ba!

        —Ene! Zer egin dozu bekokian, ba? Golperen bat. Bai. Kotxeaz beste kotxe bat jo ta...

        —Bai zera!

        —Jainkoari eskerrak, neuk ez nuen min handirik egin.

        —Ta kotxea?

        —Eurre guztia mailatuta, ezertarako gauza eztala.

        —Ahor, ba!

        —Baina kotxearena baino txarragoa da dendakoa.

        —Dendakoa?

        —Ez dakizu ezer ala?

        —Ez.

        —Periodikuan ere etorri zen, ba.

        —Bai, etorriko zen. Baina nik ez dot periodikurik irakurtzen.

        —Lapurretan egin eusten erlojerian lehengo astean.

        —Gauza asko ohostu eutsuezan?

        —Diru, erloju, pitxi ta handik hortik hemendik, bosten miloi.

        —Kontxo!

        —Bai. Abisatu neutsan poliziari berehalaxe. Baina oraindino...

        —Ta ze asmo dozu orain? Barriro zabaldu erlojeria?

        —Diru barik?

        —Egia da. Lagunduko neuskizu gustora. Baina diruz oso txarto nabil neu ere.

        —Eskerrik asko, Santi.

        —Ta gaisorik egoen seme zaharra, osatu al zen?

        —Osatu? Bai zera! Lau urtetan dago gaisorik, gizajoa, ta geroago ta txarrago dago. Beste alde batetik, beste semeak alde egin deust etxetik, Holanda aldeko kantante bategaz.

        —Jesus! Ta emazteak zer dino?

        —Ez dakizu ezer ala?

        —Jakin zer?

        —Dibortzio eskatu deust.

        —Holangorik! Modazaleak izan dira beti andrak eta!

        —Ba holantxe nago.

        —Bestelan, ondo baina, ez?

        —Bai, bai. Bestelan... oso ondo.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia