Bilbo euritan

 
Euria da. Bilboko euria. Baina ez zirimiria. Kutsadura guztiak garbitzen dituen euri nagusia, euri lodi mamintsua.

        Euria da. Geratu barik. Zaparrada itzela!

        Taxisak, hara ta hona, inoizkorik beteen eta bizkorren dabiltza kale arteko erreketan.

        Jentea guardasolpetan doa, edo geldi dago aterpetan, euriari begira, noiz atertuko itxaroten.

        Euria da. Euria ta euria. Bota ahaleko euriak.

        Kalean zehar doa Enrike, bizkor, taxisen antzera. Baina euritako barik doa, busti-busti eginda.

        Denda batera sartu da. Bere lagun baten janari denda batera.

        —Kaixo, Enrike —esaten deutso bere lagunak.

        —Egunon! Hau da denpora modua! Bilbon inoiz euririk egin ez balu ere...

        —Lehengo astean itxi zeustan goardasolaren bila etorri zara?

        —Bai. Hemendixe igaro naz ta, bide batez...

        —Oraintxe behar dozu, ezta?

        —Hemen badaukazu...

        —Ba dakizu zer pasatzen den? Lagun bati itxi neutsan atzo.

        —Orduan...

        —Itxaron. Eskatu egingo deutsat.

        —Ez, ez.

        —Bai, gizona. Oraintxe bertan deituko deutsat.

        —Egia esateko, niri neuri ez deust ardura handirik baina, guardasol horren jabeak eskatu egin deutsola ta, ahalbait arinen eroateko berari esan deust niri itxi eustanak.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia