Bilboko alkate izateko aukera

 
Alkatetzarako hauteskundeak zirela ta, Bilboko Botxoa egunkariak galdera hau egin zuen: «Bilboko alkate egiten bazaitue, zer egingo dozu Bilbon?». Erantzunik onenak sarituak izango ziren.

        Handik egun gutxi barru, erantzun asko heldu ziren egunkari horren idazlaritzara. Eta danetarikoak.

        Ez naiz gogoratzen zein izan zen saritua, baina hona hemen argitaratu ziren erantzun batzuk:

        «Bilboko alkate egiten banabe, Bilboko botxoa lurrez beteko dot, lehenengo ta behin, eta gero Bilbo barri bat egingo dot, Pagasarri ta Artxandaren erdian».

        «Separatista, komunista, sozialista, protestante, ateo, masoi ta ezkertiar guztiak kartzelara sartuko neukez. Fulana etxeak, gau klub-ak, zine txarrak eta boite-ak zarratu. Ikurriña guztiak eta aldizkari lizun ganorabakoak erre. Abade, fraile ta mojei sotana ta habitua jantzierazo. Garizuma bi jarri urtero, eta abar, eta abar».

        «Bilboko alkate izango banintz, euskera ikasiko neuke ondo, lehenengo ta behin, ta gero gerokoak».

        «Bilboko alkate izan ezkero, Bilboko alkate izango nintzateke, Bilboko alkate ta ez madrildarren zerbitzari».

        «Moja bat izan al daiteke alkate?».

        «Zeuok ikusiko dozue, baina ni ezin naiteke Bilboko alkate izan, ezelan ere, Bilbo osoa umetxo baten menpean egongo litzatekeelako. Hain zuzen ere, niri neure emazteak agintzen deust, eta nire emazteari gure seme txikiak, eta... ez, ez, ni ezin naiteke Bilboko alkate izan».

        «Bilboko alkate ni? Zoratu egin zaree ala? Ni gormutu bat naz».

        «Bilbotar guztiak nire zerbitzari izan ondoren, bilbotar guztien zerbitzari izango nintzateke».

        «Neure bizitza guztian lapurretan baino besterik ez dot egin eta, zer egingo neukeela uste dozue, ba, Bilboko alkate izateko aukeratuko banindue?».

        «Pelikularik berdeenak euskeraz jarriko neukez, alemanezko subtituluekaz».

        «Bilbora sartzeko ta Bilbotik urtetzeko, helikopteroak jarriko neukez, asko jarri ere, Bilboko alkatetzarako hautatuko banindue. Eta gainera zulakailuak ekarriko neukez, zementoan zuloak egin ta zuhaitzak landatzeko. Besterik? Gorbeako haizea saltzeko dendak jarri, plaza guztiak parketu eta Bilbo zaharra Venecia bihurtu, arratoiak behin betiko ito daitezen eta bilbotarrek hurian bertan arrainketan egin dagien».

        «Lau katuk bakarrik ezagutzen nabe ta, zelan uste dozue alkatetzarako ni aukeratzea?».

        «Bilboko alkate izango banintz, euskaldun barriei bostehun bana mila pezetako saria emongo neuzkioe».

        «Nik Negurira eroango dot Bilbo alkate egiten banabe. Edo mendi batera. Hain zuzen ere, ez dakit nik zergaitik ez dituen egiten honelako huriak kutsadurarik ez dagoen lekuetan».

        «Dirurik ez daukat, etxe onekoa ez naz, eskoitiarra ere ez, abizen ospatsurik ere ez dot, karrerarik ere ez... Egin galdera hori, mesedez, beste bati».

        «Nik zera egingo neuke: zereko zera zerean zertu».

        «Nik ezer ere ez».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia