Etxe handiagoak behar dira Bilbon

 
Hainbat etxe-orratz egin izan dira aspaldiko urteotan Bilbon. Hamar, hogei, hogeitamar pisuko etxe ikaragarriak.

        Botxo baten sartuta dago egon ere gure Bilbo ta, zabaletarantz ezin denean, gorantz egin behar.

        Oraintxe dago amaitu barri hogeitamar pisuko etxe-orratz eder bat, Indautxu aldean. Orain arte egin danetatik ederrenetarikoa. Eliza, ikastola, denda, kafeteria, zine, piszina ta guzti.

        Hangoxe etxebizitza baten bizi gura dabe Josuk eta Aintzanek. Haraxe ezkondu gura dabe.

        Berrogeitamar urte inguru ditu Josuk eta berrogei ta bost inguru Aintzanek. Nahiko zahar eginda dagoz biak ere ezkontzeko eta aita ta ama izan daitekez oraindino, bizkor ibili ezkero, baina aitita ta amama ez beharbada, hil aurretik behinik behin. Baina ez dago sasoi txarrik ezkontzeko.

        Bizilekurik ezin erosi izan dabelako dagoz ezkondu barik oraindino. Urteetan ibili dira pisu egoki baten atzetik, baina ezin izan dabe aurkitu heurek dauken diruaz erosteko egokirik. Hain zuzen ere, oso karu egon dira pisuak orain arte. Eta orain karuago.

 

                «Bilboko lekurik onenean,

                Indautxu aldean,

                etxe-orratz harrigarria,

                gaurkoa,

                sendoa,

                egokia.

 

                Zeuk nahi izan dozun lekuan,

                huritxo bat huriaren barruan.

 

                Aukerako etxebizitza alaiak,

                merkeak,

                dotoreak,

                nasaiak.

 

                Etorri,

                ikusi

                ta baietz erosi!».

 

        Egunkaria irakurri ta berehalaxe joan dira Josu eta Aintzane etxe orratza ikusteko ta etxebizitza bat erosteko ametsetan administratzailearengana. Eta honek lagundurik, goitik behera ikusi dabe etxe-orratz barri hori.

        —Oso politak dira gero etxebizitzak! —Josuk.

        —Ikusgarriak! Ta polita zer da gero ingurua ere hainbeste lorategiz! —Aintzanek.

        —Ba, hara: Ikusi dozuenez, hogeitamar pisu ditu guztira etxeak. Pisu bakoitzean lau etxebizitza dagoz. Hamabosgarren etxebizitzak dira karuenak. Lekurik onenean dagoz egon ere ta. Hamabosgarren pisuko etxebizitzak hogei miloi pezeta balio dabe bakoitzak.

        —Eta handik beherakoek? —Aintzanek.

        —Handik beherakoek? Ba..., hamalaugarren pisuko etxebizitzak hemeretzi miloi balio dabe bakoitzak; hamairugarrenekoak, hamazortzi miloi; hamabigarrenekoak, hamazazpi; hamaikagarrenekoak, hamasei; hamargarrenekoak, hamabost; bederatzigarrenekoak, hamalau; zortzigarrenekoak, hamairu; zazpigarrenekoak, hamabi; seigarrenekoak, hamaika; bosgarrenekoak, hamar; laugarrenekoak, bederatzi; hirugarrenekoak, zortzi; bigarrenekoak, zazpi, eta lehenengokoak, sei.

        —Eta hamagosgarrenetik gorakoek? —Josuk.

        —Bardin. Hau da, hamaseigarreneko etxebizitzak hemeretzi miloi pezeta; hamabosgarrenekoak, hamazortzi... eta abar. Geroago, ta gorago, miloi bat pezeta merkeago etxebizitza bakoitza. Gorengoa, jakina, beherengoa legez, sei miloi pezeta.

        —Etxe txikiegiak ditugu Bilbon. Hamar bat pisu gehiago edo balitu erosiko geunke, atoan erosi ere, etxebizitza bat. Baina ez. Parkatu baina, oraingoz ezin dogu erosi. New York-en edo ezkonduko gara beharbada. Parkatu ta eskerrik asko. Goazen, Aintzane.

        —Sotanurik edo ez dauka? —Aintzanek.

        —Bai. Baina berandu zatoze. Banku batek erosi ditu.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia