«On Egin» jantokian

 
Euskaldunok oso jatunak gara. Eta jaten hasi ezkero...

        —Zu, Tripaundi! Zenbat eper jango zeunkez zuk bazkari baten?

        —Bazkari baten? Baraurik joan ezkero, hogeitamarretik gora.

        —Eta oilagorrak?

        —Hirurogei ere bai, beharbada.

        —Galeperrak?

        —Galeperrak? Jesus! Ehun? Berrehun? Neuk ere ez dakit zenbat. Asko.

        —Eta zozoak?

        —Hemengoak ala kanpo-zozoak?

        —Bardin da.

        —Ba hemengoak hirurehun, laurehun... Kanpokoak bostehun baino gehiago.

        —Eta txori txikiak?

        —Danak.

        Jatunak eta okelazale amorratuak gara gu, ta baraua ta haragiste ta holakoak ez jakuz inoiz ere ondo etorri guri. Okelarik jan barik egon behar izan dogunean ere, beste zerbaitez bete izan ditugu gure buzkantzak, eta, ahal izan dogunean, angulaz edo mariskoz.

        Euskaldunon artean bejetariano gutxi egon direla uste dot.

        —Baietz, ba, gizona! Zuok euskaldunok ez zaree konturatzen baina, bejetariano izatea baino hobarik ez dago luzaro bizi izateko. Hor daukazu, esate baterako, Panr; ogia, gaztaia ta zerbeza apur bat bakarrik hartzen zituan, eta 132 urtetan bizi izan zen. Basamortuan bizi izan zen Paulo santua ere ogi pizka bat, ura ta barazki batzuk baino besterik ez eban jaten, ta 115 urte zituala hil zen. Arsenio, Arkadio enperadorearen edukatzaile izan zena ere oso zahar eginda hil zen, 120 urte zitualarik, ta fruta ta berdura apur bat baino besterik ez eban hartzen. Zera ere...

        —Bai, bai. Egia izango da hori. Baina ba al dakizu zuk zenbat urtetan bizi izango ziren gainera txuletak jan balitue?

        Euskaldunok jatunak gara, eta bilbotarrok ere bai, jakina. Horrexegaitik dagoz hainbeste jantoki eder gure huri honetan. Baina janari ta edari finak gustatzen jakuz guri. Mustur finekoak gara, ta zorrotzak jateko orduan, ta ondo atonduta ta fresko ta garbi ez badago jatekoa edo edatekoa, hasarrez jartzen gara. Goiak jo ta beheak jo ere batzutan.

        Hori dela ta, hainbat eta hainbat gauza barregarri gertatu izan dira gure jatetxeetan. Lehengoan On egin jantokian jazo zena, esate baterako.

        Manu Zilbot, Busca Isusiren lagun handi bat, hasarre egoen ta agirika ebilkion aurrean isil-isilik, apal-apal, ta gorri-gorri eginda egoen kamareruari.

        Inguruko mahaietakoak ere, bazkaltzeari itxi, ta begira ta entzuten egozan.

        —Ugazaba non dago? —Manuk.

        —Ez dakit nora joan den. Baina oraintxe bertan joan da nonora —kamareruak.

        —Ez dago deretxorik honetarako! Lotsagarria da hau, lotsagarria! Baina non gagoz, ba? Bilbon ala Orensen? Ez dago deretxorik honetarako, ez! Euli bat zopan..., euli baltz zikin bat! Salda hobea egiteko okelatzat ala? Beste jatetxe batera joango naz ta kitu. Baina, hau dela ta, biharko periodikuan nire artikulu gogor bat agertuko da. Ez. Hau ez da honela geldituko. Ikusteko ere..., handiagorik!

        —Jezarri zaitez, gizon, mesedez!

        —Jezarri? Zertarako? Angulekin batera gero beste euli bat... edo ziraunkume bat jateko? Horretarako jezarri?

        —Parkatu! Arrazoia dozu, bai. Guk, beste jatetxe batzuetan egiten diren antzera, ahaleginak egiten ditugu hemen janariak eta edariak ahalik garbien eta...

        —Ez dakit, ba. Ez dago itxura handirik. Ikusteko moduko eulia dela uste dot nik hau. Ez?

        —Bai, bai. Hasarregarria da hau zuretzat. Baina guretzat hasarregarriagoa, azkena da ta hau guretzat.

        —Jakina. Horrela...

        —Horrexegaitik, hutsen bat egiten dogunean, bezeruei parkeskeka egon behar izaten dogu. Eta, gainera, heurek gura dabena emoteko, zerbitzeko prest. Eskatu egizu, ba, mesedez, zeuk nahi dozuna. Hemen dozu menua. Zeuk nahi dozuna eskatu ta behingo baten ekarriko deutsut.

        —Ez, ez. Hori gehiegi da. Ba dakizu, berotu egin naz ta...

        —Baietz, ba! Etxeak egiten deutsu konbite ordaingarritzat...

        —Baina...

        —Geu izan gara errudunak...

        Nasaitu egin zen pizka bat Manu.

        Kamarerua arineketan joan zen ezkatzerantz.

        Inork igerri ezteko modura, makurka-makurka, gallegu itxurako gizontxo bat etorri jakon orduan alboko mahai batetik, irribarrezka, bere ondora Manuri.

        —Zu! Itxiko deustazu, mesedez, apur baten zure zopan dagoen euli hori?

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia