«Munduko surren surrik surrena»

 
Bilbo aldean «zu mutil zurra zara» edo «zu neska zurra zara» esaten deutsuenean, kontuz ibili behar dozu, adarra jo ez dagitzuen.

        Hain zuzen ere, era bitara ulertu daitekeen hitz joko bat ixaten da esakera hori sarri askotan, sudur luzea badozu batez ere.

        Bai. Guk bilbotarrok, ba dakizu, zuhurra eta sudurra adierazteko surra esaten dogu ta kitu. Eta, jakina, hortik sortzen da adarjotzaileen hitz joko barregarri hori. Izan ere, «zu mutil (edo neska) zuhurra zara» esaten deutsuelakotan, zure bizkortasuna goratuko balebe legez, «zu mutil (edo neska) sudurra zara» esaten deutsue, zure sudur handiagaitik.

        Harritzekoa ere ez da hori Bilbon jazotzea, hemen gehienok ditugulako sudur galant ikaragarriak, neurrigabeko sudurtzarrak. Bai horixe! Eta ez gara lotsatzen horregaitik, harrotu baino. Harrotu, bai. Sudur handia eta txapel handia, bilbotarren ezaugarria... eta harrokeria.

        Orain ehun urte inguru Bilbo ondoan bizi izan jakun Eusebio Azkue euskal idazleak (Resurrección Maria de Azkue izan zenaren aitak) esan ebanez, gure sudurra «Babelgo torre leio bikoa» da, «sur erraldoia, jagole barik aziko surra, sur ain andia ze bere erdia da geiegia, munduko surren surrik surrena...»

        Bilbo Zaharreko tabernarik taberna egunero «gurutz-bidea» egiten ibiltzen den gizontxo batena dela esango neuskizu danetarik handiena. Izena Deunoro daukala uste dot, baina Surtxu esaten deutse guztiek, aldrebeskeriazko ezizen horrekin sudurraren neurria hobeto adierazteko ironia bidez. Izan ere, sudur hutsa da gizajoa. Batetik bestera dabilenean, sudurrean eskegita doala dirudi.

        Berak ere ondo daki Surtxuk sudur handia daukana. Eta zelan edo halan apur bat disimulatzeko edo, moko painelua (mahaiko mantel bat dirudien moko painelua) atera ta sudurra garbitzen ibiltzen da txitean pitean. Pizka bat gorrituta ere horrexegaitik eukiko dau, beharbada. Ardaoagaitik ez dot uste, neurriz edaten dau ta.

        Bilbotarren ezaugarria ta harrokeria da sudur handia baina, hainbesterainokoa ere...

        Behin baten, betiko antzera «gurutz-bidea» egiten ebilelarik bere lagunekaz, egotaldi batetik besterantz joialarik, kitana lodi gona-luze ugertsu batek urten eutson bidera Txakur kaleko iturritxoaren ondoan. Hiru umetxorekin egoen kitana eskeko hori: bere ondoan bat, lau bat urte inguruko mutiko baltzaran bizkor bat, sudur zuloetatik «kandela» hori-berdeak dariola; bere sabelean beste bat, laster egun argia ikusteko zain, eta altzoan hirugarrena, urtebete t'erdi bat izango zituan neskatotxo bat. Mutikotxoa erdi biloizik egoen, fraka zahar zikin apurtu batzukaz bakarrik.

        —Zu, gizon! Mesedez! Limosnatxo bat, Jainkoaren izenean! Zuri ta zure emazteari ta zure seme-alabei bakea ta zoriona emon deioela Jainkoak! Limosnatxo bat, mesedez! —esan eutson kitana apalak Surtxuri, esku eskoia luzatuz.

        Ez eutson jaramon handirik egin Surtxuk. Baina kitana ekinkorrak ekin eta ekin haren atzetik.

        —Begira, gizon, zelan ditudan nire seme-alabak. Zureak hobeto egongo dira. Seguru! Ikusi, gizon: gaixorik dagoz ta erdi biloizik ta goseak hilik... Limosnatxo bat, Jainkoaren izenean!

        Beti bezala, moko painelua atera eban Surtxuk. Orduan, kitana zuhurrak, bere mutikoaren lepo narru gogorra maitekiro igurtziz, bihozkatu egin eban Surtxu. Eta...

        —Ez dot uste zure seme-alabarik honela eukiko dozunik. Begira zelan dagoen nire semetxo errukarri hau, dagoen hotsez. Ikusten dozu? Hartu pozik hartuko neuke baina, horixe bai, dirurik emon ez arren ere, emoidazu, mesedez, Jainkoak ordainduko deutsu ta, zure moko painelu hori nire semetxo laztan honi arkondara eder egiteko... Eskerrik asko, gizon, eskerrik asko!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia