Nolako durundu duen!

 

Behin baten,

ikazgin zahar bat

bizi izan zen...,

amonaren

leloak nolako

durundu duen!

 

Neguko hotzez

zirritaka sua

begira minez...,

eta pozez

ni amonarekin

ume ametsez.

 

Suzko sorgin

xarmantaren dantza

berdin ezberdin...,

katu mixin

olgetariaren

lo kuku arin.

 

Ituxura

negarbeheraren

hotsen lilura...,

ta logura,

ipuien laztanez,

nire barrura.

 

Eta altzoa

kuma biziaren

uhain ritmoa...,

ta leloa

aingeru loaren

muga gozoa.

 

Behin baten,

ikazgin zahar bat

bizi izan zen...,

amonaren

leloak nolako

durundu duen!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia