Hitzaurre gisa

 

—«Yo soy Barayazarra».

                —«Yo soy Apraiz».

                —«Yo soy Laibarra».

                —«Ni... Pérez naiz».

        Hanitz eztabaida ta matraka sortzen ziren Larrugoienen deiturak zirela ta ez zirela. Zertaz ez? Anaia liskarti ta borrokalariagorik leku gutxitan!

        Hauzoko Zezenlarru boteretsua eztitan egoten zen Larrugoienekoez.

                —«Nik gorria, berdea ta zuria».

                —«Nik gorria ta horia».

                —«Nik gorria».

        Koloreetaz ere hizka-mizka. Eta hirigintzaz? Hamaika mokokaldi eginak ziren hortaz ere.

                —«Nik hiria».

                —«Nik baserria».

                —«Nik batua».

                —«Nik sakabanatua».

                —«Nik berria».

                —«Nik bizia».

        Kaleen izenei buruzko liskardura ere hots haundikoa izan zen.

                —«Nik Goienkale».

                —«Nik Eskuikale».

                —«Nik Erdikale».

                —«Nik Ezkerkale».

                —«Nik Barrenkale».

        Baina eztabaidarik haundienak garia ereitean izaten zituzten Larrugoiengo anaiok. Eta Zezenlarru esnetan eta bitsetan, pozaren pozez.

        —Neuk ekarri dudan gari-hazia da onena. Dudarik gabe. Hauxe erein dezagun.

        —Zurea onena? Baita zera ere! Horrek ez du ezertarako balio, zaharra baita. Ikus ezazu nirea. Hau bai badela gari-hazi egokia...

        —Baina garbitu gabe dago hori.

        —Zertan ari zarete zuok orain, ordea, kokolook halakook!

        Neuk dauzkat hor gari-hazirik onenak batuta.

        —Baturik euki arren, zer? Batzen jakin behar da, lehenbizi, eta zuk ez dakizu...

        —Zuk haina bai.

        —Zera dakizu zuk!

        —Lehengo urtean ere neurea aukeratu genuen.

        —Bai, egia. Eta halako garia bildu genuen. Hori ereitekotan hobe...

        —Entzun! Honela ibiltzekotan garirik ez ereitea izango litzateke onena.

        —Ken hortik, babalasto hori! Ez horixe. Nolakoa edo halakoa, erein egin behar dugu.

        —Ereiten ahal du inork orain garirik...?

        —Bai, oraindino bai.

        —Zein ereingo dugu, ba, orduan?

        —Hauxe.

        —Hori ez, inola ere.

        —Zuona batena ere ez. Neuk batu dudana da onena. Har ezazue ta erein.

        —Ez.

        —Zein, ba?

        —Neurea.

        —Ez horixe!

        —Ezta...

        —Neuk ekarri dudana?

        —Hori ere ez.

        —Ez.

        —Bai.

        —Ez.

        Hura ere bazen konpondu ezina! Eta eztabaida horiek zirela ta ez zirela, erein ere lehenago baino soro gutxiagotan ereiten zuten garia.

        Behinola, mokoka ari ziren bitartean, ostu egin zizkien Zezenlarruk haziterako gari guztiak, ostu ta lurperatu bere etxe ondoan. Eta gero, beste gari mueta bat erein zuen Larrugoiengo anaien soroetan, beste gari mueta bat erein zuen, beste gari mueta bat erein zuen... hau ez.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia