Kaletarren iraultza

 

Unibertsitate zaharreko zemento erdaldundua

arrakalatu egin da gazteria berriaren garraisiz

kutsadura grisaren barne eztanda irakinean.

Hau ezinaren eginaren

ezustezko bozkarioaren gainezkadura!

Lur zapalduaren hasperen gorria,

lehenaren izerdiz bustiriko lurraren hasperen itoa,

baserritarren lotsaz isilduriko lurraren hasperen mutua,

lur euskaldun emankorraren hasperen hila

harrigarriro berpiztu da

arrakalen arnasaz,

zemento gogor lakarra leher nahirik.

Hau nire bihotzaren kantuzko zorabioa

Lizardiren oroitzapenezko lorategian!

«Ez adi beldur, nere Maiteder:

baserriz landa nai aunat ager-

arazi. bazterrik-bazter,

arroki; ez paitun ezer

lurbiran ederrik i bezain eder»

Unibertsitate zaharreko lur euskaldundua

udaberriko bizi ta edertasunez

nire ametsaren itxaropenezko atseginetan.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Etorriaren zorabioz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia