Barbier, prosista olerkari

 

        Beti entzun izan dut «bertzaldeko» prosa hemengoa baino landuagoa dela, dotoreagoa. Eta prosista batzuren literatura lan batzuk irakurri ondoren, horrelaxe dela esan behar nik ere.

        Egia horren sustraia hontan datza, ene ustez: izakien Egia ta Ederra literatura bidez birsortzeko teknikak sakonkiago ikasi dituzte «bertzaldeko» prosistek ta letren balioa ta musika ta esaldien ritmoa hobekiago ezagutzen dituzte; labur esanda, prosistarik onenak poetak ere izan dira, ta (konturatuta edo konturatu barik) olerkigintzako ritmo, rima, eten, geldiune, adierazpideak eta abar prosaratu egin dituzte, poesi kutsu atseginez prosa lurrunduz.

        Beste batzuren artean, Jean Barbier (1875-1935) izan dugu prosistarik jatorrenetariko bat.

        Irakur dezagun bere literatura texto bat.

 

        Antxitxarburuko buhamiak

        Donapaleutik heldu zira Donibane-Garazirat buruz. Donazaharren sartzean berean ezkerretarik ikusten duzu etxemoltzo bat: herrixka bat bezala egiten dute egoitza horiek, eta hori dute Antxitxarburu deitzen. Etxeak arras apalak dira, frango fundituak, biziki okerrak. Hetan bizi da jende ibilkari mota berezi bat, buhamien kasta.

        Gertatu zautzuia xinaurri-mukurru baten zirikatzea? Zure makilaren punta sartu dakozuneko, ukumiloa bezain ttipiko mokor hortarik harritzeko da nolako xinaurri-elemenia ateratzen zautzun, ezker, eskuin, harat-hunat ibilki.

        Antxitxarburun areagoko zerbait hautemanen duzu. Urbil zite borta batetara. Ez duzu ez jotzerik, ez helatzerik. Zure urratsa laster senditua da: haur mukuzu tropa bat gainean duzu, batek eskua heda, bertzeak sakela, bertze batek boneta (balin badu segurik, zeren gehienak buruhas baitabiltza, neska ala mutiko). Ai, orduan urrikari zitut, bidaiant gaixoa! Ezin aintzina joan, ezin gibelerat itzul.

        Haurreria guzia laparra bezala lotua zaitzu alde guzietarik, pusaka, tiraka, «amoina» garrasian errepikatuz. Leihoen gibeletik begi beltz batzu zuri so irri maltzur batekin. Ez bide dakozute gizon edo emazte hoieri laguntzarik galde eginen umetarik salbatzeko?

        Orduan ez duzu ihesbide bat baizik: har zure moltsa, sos zonbait ahurrerat bil, eta aurdik urrun ahala urrun gibelerat: haurrak trumilka laster eginen dute nork sosa eskura.

        Arte hortaz balia, zoazi, zoazi ahal bezain fite, ez dauzkitzun berriz jin setiaterat. Izan zitez apez ala auzapez, ezar ezazu zure diñitatea sakelan, eta emazu ihesari ohoin baldurti bat bazine bezala.  [1]

 

        Ipuin baten antzeko egitura du (Barbierren Ixtorio mixterio ipuin sortan agertzen diren ipuinen antzekoa), hots:

        1) Protagonistaren prezentazioa (lekutzea ta egoera baketsua).

        2) Protagonistaren egoera aldatzen duen gertaeraren bat.

        3) Egoera estua ta larria.

        4) Egoera hori zuzentzeko ekintza baten beharrizana ta laguntzaileen premina.

        5) Ekintza ta protagonistaren egoera baketsua berriz ere.

        Protagonista Barbier bera da, geu gara, edozein da kontaketa hontan (aditz erak aztertzerakoan ikusiko dugunez). Donazaharren dago protagonista. Herriaren sarreran. Etxe moltzo baten aurrean. Ijitoen hauzune nabarmenean. Pelikula bat egiteko kamara dirudi Barbierren lumak. Hiru-lau tomarekin pelikularen barnean sartzen gaitu.

        Gertaera azaldu baino lehen, bide ondoko inurri pilo bat erakusten digu, berehalaxe jazoko den gertaeraren sarrera ta irudi bezala. Eta bat batean, gertaera; ta estu ta larria ijitoen haurreriaren erdian: «haur mukuzu tropa bat gainean duzu, batek eskua heda, bertzeak sakela, bertze batek boneta...»; «ezin aintzina joan, ezin gibeletarat itzul»; «haurreria guzia laparra bezala lotua zaitzu alde guzietarik, pusaka, tiraka, "amoina" garrasian errepikatuz».

        Laguntza bila protagonista. Alperreko bilaketa: «ez bide dakozute gizon edo emazte hoieri laguntzarik galde eginen umetarik salbatzeko?». Bakarrik egin beharko du protagonistak egitekoa; ez dago beste ihesbiderik: «ez duzu ihesbide bat baizik...», «arte hortaz balia, zoazi, zoazi ahal bezain fite...». Eta protagonistaren egoera baketsua berriz ere.

        Ahoz ahozko kontaketetan gertatzen den legez, esaldi motzak darabilzki Barbierrek ta esaldi nagusi asko ta menperatu gutxi. Jakina, honek bizitasun, isurtasun ta bizkortasun gozagarri bat ematen dio kontaketari.

        Beste alde batetatik, eta ahoz ahozko kontaketetan gertatzen den legez berriro ere, aditz formen eta deklinabide atzizkien elipsisak ugari dira: «batek eskua heda(tuko dizu), bertzeak sakela (hedatuko dizu), bertzeak boneta (hedatuko dizu)...»; «ezin (zaitezke) aintzina joan, ezin (zaitezke) gibelerat itzul»; «nolako xinaurri-elemenia ateratzen zautzun, ezker(retarat), eskuin(etarat), harat-hunat ibilki». Ta honek ere arintasun bat ematen dio narrazioari.

        Gainera, anitz esaldi paraleloki jarririk daude: «etxeak arras apalak dira, frango fundituak, biziki okerrak»; «ezin aintzina joan, ezin gibelerat itzul»; «har zure moltsa, sos zonbait ahurrerat bil, eta aurdik urrun...» (kiasmoaren adierazkortasun ta edertasunez baliaturik josita). Teknika honek ere ba du bere garrantzia ta eragina narrazioaren higiduran.

        Hasieran esan dugun bezala, esaldion laburtasun, elipsis eta paralelismoaren sustraia Barbier olerkariarengan egongo da agian. Hain zuzen ere, prosazko literatura texto hontan olerki kutsua nabari da. Hara adibide batzuk:

                «Ai, orduan urrikari zitut (10)

                bidaian gaixoa! (6)

                Ezin aintzina joan, (7)

                ezin gibelerat itzul». (8)

                «laparra / bezala (6)

                lotua (3)

                zaitzu alde guzietarik, (9)

                pusaka, / tiraka, (6)

                "amoina" (3)

                garrasian errepikatuz». (9)

                «Arte hortaz balia, zoazi, (9)

                zoazi ahal bezain fite, (9)

                ez dauzkitzun berriz        (6)

                jin setiatzerat». (6)

        Esaldion joskera aldetik ere ba du Barbierren texto honek jakingarririk asko. Lehenengo ta behin, ondo betetzen ditu galdegaiaren legeak: «herrixka bat bezala egiten dute egoitza horiek, eta hori dute Antxitxarburu deitzen». Eta estilistika mailako legeak ere bai: «hori dute Antxitxarburu deitzen».

        «Los vascos orientales se valen con frecuencia de un giro especial, muy expresivo, para recalcar aún más el carácter inquirido de los miembros de oración. Consiste en desarticular la flexión perifrástica invirtiendo sus componentes a fin de hacer seguir el nombre verbal al terminativo auxiliar; véase en los siguientes ejemplos:

        »"Han" zako lotzen bizkar-hezurrari. (En vez de "Han" lotzen zako... )

        »El miembro "Han" colocado inmediatamente antes de la flexión auxiliar zako alcanza un relieve particular muy acomodado a su carácter de inquirido.

        »"Hola" lezake gobernamenduak ororen ona bila.

        »En esta oración los términos de la flexión verbal bila lezake no sólo aparecen invertidos, sino separados por la interposición de otros vocablos de la misma oración. Igual sucede en los dos siguientes ejemplos:

        »"Makurtu huntaz" gira halere huntan mintzatuko.

        »"Hetaz" zen itz hori erraten.

        »En el ejemplo siguiente, la flexión perifrástica es compleja; su desarticulación se produce en la misma forma que en los ejemplos anteriores, o sea, trasladándose el nombre verbal propiamente dicho (izan) al último lugar:

        »Orratzak baino ariak "luzeago" behar du izan.

        »Aunque con menos frecuencia, también recurren a ese giro los vascos occidentales». Altubetar Seber, Erderismos, 2. arg., Bilbon, 1975, 14 orr.).

        Aditz perifrastikoen flexioak banandu ta joskera aldatzea bakarrik ez dela esango nuke nik, baizik eta flexioak banandu, joskera aldatu (atzekoz-aurrera jarririk) eta galdegai berri bat ezartzea (galdegai baten ordez bi jarririk), esaldiak adierazkortasun eta argitasun berri bat har dezan bi galdegairekin. Beste alde batetik, euskal literatura osoan klasikoturik dugun ezezko esaldi batzuren joskera mueta baiezko esaldiei ezartzea baino besterik ez da hori.

        Esate baterako, «Atzo ez nuen ikusi zure aita» esan beharrean «Atzo ez nuen zure aita ikusi» esaten dugu, beste adierazkortasun ta higidura bat emanez esaldiari. Eta baiezko esaldi bihurturik: «Atzo nuen zure aita ikusi». Altuberen beraren adibideak erabiliz: «Hola lezake gobernamenduak ororen ona bila» («Hola bila lezake gobernamenduak oroten ona»ren ordez); «Makurtu huntaz gira, halere, huntan mintzatuko» («Makurtu huntax mintzatuko gira, halere, huntan»en ordez).

        Barbierrenganatuz, hona hemen adibide batzuk: «Ez bide dakozute gizon edo emazte hoieri laguntzarik galde eginen umetarik salbatzeko?»; «ez dauzkitzun berriz jin setiatzerat»; «eta hori dute Antxitxarburu deitzen».

        Aditz forma aldetik ere oso interesgarri iruditzen zait Antxitxarburuko buhamiak. Ipuinak kontatzean eta ahox ahozko elkarrizketetan (edozein hizkuntzatan) maiz erabili ohi den bezala, bigarren pertsonari dagozkion aditz formak darabilzki Barbierrek, elkarrizketa kutsu bat emanez textoari. Gainera, lehen esanda daukagunez, aditz forma horiek jartzean, Barbier bera bihurtzen da protagonista (konnotapen maila batean, lehenengo pertsonaren —idazlearen ni-aren— desdoblatze bat izan daitezkeelako aditz forma horiek); geu ere bai (denotapen mailan, geu jartzen gaituztelako protagonista gisa aditz horiek); beste edozein ere bai (aditz forma horiek, beste konnotapen maila batean, hirugarren pertsonaren inpertsonaltasunaren ezaugarri direlako). Ikus: M. Zarate, Euskal literatura (Azterbideak, Azterketak, Aztergaiak), Bilbao, 1977, 121 orr.).

        Horrela, hiru ikuspuntu bezala dituela esan genezake narrazio honek:

        1) «Ez dut ez jotzerik, ez helatzerik. Nire urratsa laster senditua da» (konnotapen maila, idazlearen ni-aren ikuspuntua).

        2) «Ez duzu ez jotzerik, ez helatzerik. Zure urratsa laster senditua da» (denotapen maila, «elkarrizketaren» ikuspuntua, protagonista geu garelarik).

        3) «Ez du (batek) ez jotzerik, ez helatzerik. Bere urratsa laster senditua da» (konnotapen maila, inpertsonaltasunezko ikuspuntua).

        Adierazpide legez, protagonistak egin behar duen ekintzaren premia gorri ta presa adierazteko, multzokatu egiten ditu aginterako aditzak: «har zure moltsa, sos zonbait ahurrerat bil, eta aurdik urrun...»; «zoazi, zoazi ahal bezain fite, ez...», «ezar azu zure diñitatea sakelan, eta emazu ihesari...».

        Eta aditzak bakarrik ezezik, hitzak ere (hotsitzez baliatuz batzutan) multzokatu egiten ditu inurrian antzeko ijitoen bat bateko erasoaldi ta harrapalada adierazteko: «ezker, eskuin, barat-hunat ibilki»; «pusaka, tiraka, "amoina" garrasian errepikatuz».

        Zer besterik? Irakur ezazu berriz Antxitxarburuko buhamiak, azter ezazu zeure erara ta idatz ezazu horren antzeko narrazio bat. «Euskal literaturaren eginkizuna, behar beharrezkoa eta ber-bertatik ekitekoa, ezin hobeki agindua daukagu: larreko hizkuntza noranahiko egin, jakite-hegoz jaso, soin zaharrari gogo berria eman eta gogo horretan izar urdinetarainoko asmoak sortarazi». (K. Mitxelena, Mitxelenaren idazlan autatuak, Bilbao, 1972, 29. orr.).

        «Goazen lehen bait lehen Lizardik bere maitearekin amest bideetan barrena egin zuen bidaldi luzea berritzera. Bizitz lege zorrotza hauxe aita: besteren ederra bereganatzen ez duena bestek besterenganatzen duela». (Ibidem, 38. orr.).

 

        [1] Jean Barbier, Antxitxarburuko buhamiak 1895ean, Erakasle-k bilduriko Euskal alorretik... lorategian, (?), 1870, 62. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia