R. Saizarbitoria eta euskal prosaren eraberritzea

 

        «Egunero hasten delako, Ramón Saizarbitoriaren lehen nobela, Txillardegiren obrak bezala, euskal nobelaren texto-inguruan juzgatu behar da. Txillardegiren egintza, aurreko egoerari buruzko erreakzio bezala ikusten genuen, aurreko nobelagintzaren baserritartasunaren, herstutasun ideolojikoaren, mamiari buruzko axolagabekeriaren, garaiari eta giroari buruzko desegokitasun eta atzerakotasunaren aurkako erantzun bat bezala. Txillardegiren lehen nobelak izan zuen garrantzia batez ere hortan zegoen: etorkizunari buruz irekitzen zituen posibilitateetan. Bigarrenaren "frakaso"a eta hirugarrenari buruz egin daitezkeen oharrak hildo beretik doaz: lehen nobelak espero-arazten zuena oso partzialki soilik gauzatu zen hurrengo bietan. Txillardegiren lanaren ondoren, gauza asko gelditzen zen oraino konplitzeko euskal nobelagintzaren eguneratzean.

        »Texto-inguru honetan ezarri behar da, hain zuzen, Egunero hasten delako: aurreko nobelagintzaren (Txillardegirena barne) kontrako erreakzio bat bezala, nobelari eta nobelagileari buruzko iritzi berri eta arras diferente baten adierazpen bezala. Hor datza Saizarbitoriaren obraren garrantzia euskal nobelagintzaren etorkizunerako. Ondorengo obrak hori kontuan harturik (onartuz nahiz ukatuz) gauzatuko dira halabeharrez, "tradizio" (hots, texto-inguru) berri baten barnean artikulatuko dira.

        »Saizarbitoriaren lehen nobela honek aportatzen duena, nobelagintzaren kontzepto berri bat da. Egunero hasten delakorekin, euskal nobelagitza posibilitate zeharo berri batzuen aurrean gertatzen da. Nobela hau Txillardegiren Elsa Scheelenekin bateratsu argitaratzen bada ere, argi dago batak eta besteak adierazten eta suposatzen duten nobela-kontzeptuek ez dutela elkarrekin ia zer ikusirik. Eta diferentzia ez dagokio soilik formaren hauziari. Desberdintasuna maila guztietara hedatzen da. Mamiaren mailan ere, nobelagintzaren bi ikus molde zeharo bestelakoen aurrean aurkitzen gara». (Ibon Sarasola, Txillardegi eta Saizarbitoriaren Nobelagintza, Donostia, 1975, 59. orr.).

        Azterketa hontan girotzeko beharrezkoa genuen Sarasolaren sarrera mamitsu hori irakurri ondoren, goazen, bada, Saizarbitoriaren literatura textu bat irakurtzera ta aztertzera. Sarasolak aipatu digun bere lehen nobelaren lehenbiziko zatia da.

 

        «Arrazoia duzu, estazioetako buffet-etan ematen duten kafeak ez du kafe izena merezi. Izan ahal zara noizbait Italian? Ez? Ai Italiako kafea! Mamma mia! Italiako ristretto-ak! Un ristretto, signore? eta a ze nolako kafea ateratzen dizuen...! Beno, neri, egia esateko, estazioetako kafea ez zait gertaizen, buffetak berak gutxi, estazioak gutxiago... Estazioak, estazioak deus ez.

        Estazioak tristeak izaten dira: bagoi abandonatuak, tren bat joaten, Agur! Agur!... maletak, besarkadak, malkoak... traka-traka bagoi abandonatua... Beste kafe bat? E, hi, gazte! Eta kopatxo bat? Hi, gazte, bi kafe eta bi kopa! Bai, edozein marka. Ba, estazioak ez zaizkit laket, baina estazioetan gutxien atsegin zaidana... Ez, ez, beltza erretzen dut. Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan neskatoren bat, maleta bat eskuetan duela, trenen bati itxoiten. Zenbat ikusten dira, gero! Batzuetan pentsatu izan dut "Protection de la jeune fille"-k inpakto egiteko propaganda bezala ez ote dituen jartzen. Ni hunkitu egiten naute; haur bat jotzen ikustea eta neska gazte bat maleta batekin, bakarrik, trenari itxoiten, gehien tristatu nauten bi gauzak direla uste dut. Zergatik? Neska horren destinoa tren horrek ekarri eta eramanen duela pentsatzen dut nahi ez badut ere. Bai, bai, bai, jakina, egiten ditut beste era bateko reflesioak. Ama ikustera joanen duk, edo egun batzuek Riemmes-en alaiki pasatzera... Baina ez! Azkenean derrigorrezko zait abandonatutako neskato bat dela pentsatzea eta tren horrek bere gal-lekura eramanen duela. Zertan fundatzen naizen hori pentsatzeko? Ezertan ere ez, egia esan. Nire esperientziei kasu eginez, kontrako arrazoia izanen litzake lojikoena. Begira... gazte urteak joan bazaizkit ere... Zenbat, zenbat botatzen dizkidazu? Eskerrik asko» [1].

 

        Modernotasun bat du, lehenbizi, Saizarbitoriak; gaurkotasun harrigarri ta miresgarria.

        Ez du orain arteko nobela probintziano askoren usairik (honek ez du esan nahi nobela probintziano onik egin ezin daitekenik eta ez dagoenik). «Gure euskara ta Euskalerri maitea» ez dira inon aipatzen eta, nahiz eta, nire ustez, oso orijinala izan Saizarbitoriaren nobela, extranjeriatik etorritako nobelaren baten itzulpena dirudi. Eta orain arte idatzi diren euskarazko nobelen ondoan «idazkera nabarmena» du. Hala ere, bere txikian, guztiz baliotsua da.

        Saizarbitoriaren mundua Euskalerrian hasten da (euskaldun sentitzen denez gero); baina ez da Euskalerrian amaitzen. Euskalerritik eta euskaraz, mundu osora doa, mundu osoa Euskalerriratzeko ta munduaren ikuspegitik Euskalerriko prolemak aztertzeko. Hain zuzen ere, «ezin egin ditekeana zera da, prolemak sinplifikatu, prolemak» [2]. Detxeparek nahi zuena hobeki betetzeko egiten duela hori esango nuke nik, hots, munduko literatura balioak Euskalerriratu lehenengo, ta, gero, euskara goimailaratu ondoren, euskara munduratzeko.

        Gaurko nobelagintzako teknika berriak ikusi ta ikasi egin ditu Saizarbitoriak, zinetik harturiko teknikak, batez ere.

        Lehenengo ta bat, elipsisa, hau da, narrazio, deskripzio, elkarrizketa ta bakarrizketako anitz zehaztasun kentzea, etenaldi dinamiku batzuk jartzea, denboraren korrontean zuloak egitea (denboraren abrebiaturak), esaldiak jatea... Elipsisez josirik dago aztertzen ari garen textu hau eta Egunero hasten delako osoa. Ez du jartzen Saizarbitoriak orain arteko nobeletan ikusi izan ditugun explikaziorik: «Durkehim-eko estazioan nengoen ni ta...»; «Hauxe esan nion bati:»; «Orduan berak haserrez erantzun zidan:»; «Gero kopa bana hartu genuen ta zera galdetu zidan...», «Berriz ihardetsi nion»; «Kamareruak, ordea,»; «Honela erantzun zigun:». Baztertu egin ditu horrelako azalpen guztiak, pelikuletan gertatzen den bezala. Sarrerarik ere ez dio jarri. Besterik gabe, elkarrizketa bat entzuten dugu. Hobeki esanda, bakarrizketa ta elkarrizketa entzuten ditugu, irakurtzen ditugu. Ez dakigula nola izan den elkarrizketaren hasiera. Ta zer? Zertarako behar da, ba? Ez da preminazkoa. Elipsisaren bidez, bat-batean, pelikuletan bezala, sartu egin gara gu ere Durkehim-eko estazioan, parte hartzen dugu elkarrizketa hortan. Ta irakurtzea ez zaigu gauza astun bat egiten, atsegingarria baizik. Irakurtzen dakitenentzako, jakina.

        Ikusten jakin behar dela pelikula bat esaten dute. Honelako nobela bat ere irakurtzen jakin behar da eta «euskeraz irakurtzeko ez da jadanik nahikoa euskera jakitea» (I. Sarasola, Egunero hasten delako-ren Hitzaurrean, 8. orr.).

        Elipsisen bitartez, irakurleak ere parte hartzean, irudimenaren bidez hutsuneok betetzean, argitasun, kolore ta bizitasun berri bat hartzen du textuak, irakurlearen jakituriaren arauera, ta poza sortzen du.

        Imagenen indarraren gizaldia esaten diote gure gizaldiari. Ta zinetik harturiko imagenen teknika gaurko nobeletan ere nabari da. Saizarbitoriarenean ere bai.

        Har dezagun textua. Estazioetako buffet-etan (fondetan) hartzen den kafea jartzen digu nobelagileak lehenbizi, ta, berehalaxe, kontrapunto bezala, Italiako kafeteria bat, Italiako kamareruen hitz koipatsuak, kafe gozoa ta kafea hartzen dagoen protagonistaren pozezko oihua.

 

        «Arrazoia duzu, estazioetako buffet-etan ematen duten kafeak ez du kafe izena merezi. Izan ahal zara noizbait Italian? Ez? Ai Italiako kafea! Mamma mia! Italiako ristretto-ak! Un ristretto, signore? ta a ze nolako kafea ateratzen dizuen...».

 

        Estazioen tristetasuna adierazteko imagen-elkartzearen teknika darabil ta elipsisez josten ditu. Bagoi abandonatuen imagena, joan doan tren batena, agurka ari den jendearena, maletak ikusten ditugu urrengo, jendearen besarkadak eta malkoak gero; trenaren eta bagoi abandonatuaren hotsa entzuten dugu bien bitartean, jendearen agurrak ere bai, ta, azkenez, hasieran bezala, bagoi abandonatu baten imagena.

 

        «bagoi abandonatuak, tren bat joaten, Agur! Agur! ...maletak, besarkadak, malkoak... traka-traka, traka-traka bagoi abandonatua...».

 

        Protagonistaren presentatzea egiteko, edozein estaziotako neskato bakar baten imagena presentatzen du. Maleta bat eskuetan duelarik dago, trenen bati itxaroten. Berehalaxe, imagenak bizkor elkar tuz, estazio ta neska bakar berdintsu asko ikusten ditugu («Zenbat ikusten dira, gero!»), neska gazteei laguntzeko etxe bat eta etxe horren propagandarako anuntzio bat («Protection de la jeune fille»), nobelaria hunkiturik, eta... leheneratzea, «flash-back» (lehen Italiako kafeteriaz egin duen bezala), bakarrik dagoen neskatoaren egoera konparabidez hobeki adierazteko, bihotz hunkigarri den imagen bat jartzen du: jo egin duten haurrarena. Gero, berriz ere, neskato bat; baina oraingoan protagonista («Neska horren...»), «Gisèle: neska bat eserita maleta batekin, estazioan, jende artean. Bakarrik» [3].

 

        «Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan neskatoren bat maleta bat eskuetan duela trenen bati itxoiten. Zenbat ikusten dira, gero! Batzuetan pentsatu izan dut "Protection de la jeune fille"-k inpakto egiteko propaganda bezala ez ote dituen jartzen. Ni hunkitu egiten naute; haur bat jotzen ikustea eta neska gazte bat maleta batekin, bakarrik, trenari itxoiten, gehien tristatu nauten bi gauzak direla uste dut. Zergatik? Neska horren destinoa tren horrek ekarri eta eramanen duela pentsatzen dut nahi ez badut ere».

 

        Adierazi nahi den realitatearen plano ezberdinak nahaste ordenatu batean jartzea ere, zinetik hartutako teknika dugu. Ta, horrexegatik, Saizarbitoriak, estazioaren deskripzioa, jendearen joan etorriak eta hitzak, entzuten diren hotsak eta narradorearen beraren gogoetak, bakarrizketaren barneko korrontean sartzen ditu, ta arintasun eta osotasun bat ematen dio narrazioari.

 

        «Estazioak tristeak izaten dira: bagoi abandonatuak, tren bat joaten, Agur! Agur!... maletak, besarkadak, malkoak... traka-traka, traka-traka bagoi abandonatua... Beste kafe bat? E, hi, gazte! Eta kopatxo bat? Hi, gazte, bi kafe eta bi kopa. Bai, edozein marka. Ba, estazioak ez zaizkit laket, baina estazioetan gutxien atsegin zaidana... Ez, ez, beltza erretzen dut. Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan neskatoren bat...».

 

        Bakarrizketaren barneko korronte hortan doaz lehen aipatu digutun elipsisak ere. Hain zuzen, plano ezberdin horietako azalpen astungarririk ez da agertzen hor. «Agur! Agur! esaten du jendeak», «Galdera hau egin diot nik: "Beste kafe bat?"», «Eta berak hauxe erantzun dit: "Bai"», «Orduan, berritz ere...» ta horrelako zehaztasunik ez du jarri nobelagileak. Mintzolagunaren «bai» biak ere ez. Ezta kamareruaren edo kamareruen erantzun eta galderarik ere (narradorearen dei eta erantzunaren bitartez aditzen direlako: «E, hi, gazte!», «Bai, edozein marka»). Esan ez dio narradoreak baina, tabakoa opatu dio mintzolagunak berari, tabako rubioa gainera (erantzunetik aditzen da hori ere: «Ez, ez, beltza erretzen dut»). Elipsisaren teknika horren bidez «lortzen diren ondorioak aipagarriak dira: lehenik, berez oso aspergarri gertatuko litzakeen sermoi bat eramangarri egiten da, monotoniaren eta ritmo-gabeziaren arriskutik begiratzen baitu bakarrizketa. Bestalde, mamiaren dentsitatea apaldu egiten da kontatzen denarekiko funtzional ez diren mozketa eta tarteratze hauen bitartez». (Ibon Sarasola. O. c., 75. orr.)

        Saizarbitoriak, azkenik, herriak ahoz-aho egunero darabilen hizketa bizi landugabe ta arrunta ta hizkuntza txukun idatzia urreratu egiten ditu.

        «Céline fue el primero en crear lo que podríamos llamar un estilo de lenguaje demótico. Mientras que en la obra de Proust la palabra hablada permanece sumisa a las leyes estéticas tradicionales, en la de Céline la utilización del lenguaje hablado coincide con las tentativas de Joyce, es decir, se aleja definitivamente de las formas literarias habituales; pero, al mismo tiempo, ese lenguaje se da a sí mismo sus propias leyes. Porque no es cierto que el lenguaje de Céline sea el que se habla en Courbevoie. Céline, aunque utilice el argot, no se sirve de él como de un lenguaje escrito. Pero con la lengua demótica, con el argot y con todos los componentes del lenguaje hablado crea para sí mismo su propio lenguaje, más próximo sin duda al popular que al culto, pero plegado a una forma exigente, a un estilo propio. Es lo que el mismo Céline ha llamado su «pequeña música», la que ha querido que se oyera a lo largo de toda su obra y que se oye efectivamente en sus mejores libros. Esta lengua demótica estilizada figura al comienzo de todas las tentativas hechas a continuación tanto en la literatura francesa como en la extranjera (el hecho sorprende sobre todo en el caso de Henry Miller), para utilizar un lenguaje hablado que sea, sin embargo, literario». (J. Bloch-Michel, La «nueva novela», Madrid, 1967, pág. 131.)

        Frantzia aldetik datorren gaurko «nobela berria»-ren eragina argi dakusgu, ba, Saizarbitoriaren nobelan. Eta, horrexegatik, ahoz-ahozko hizketa ta literatura hizkuntza elkarganatu nahirik, orain arte literaturen erabili ohi izan diren aditzeko hirugarren pertsona hotz eta inpertsonalak oso gutxitan darabilzki. Bigarrenak eta lehenengoak, ordea, erruz. Eta «zuka» ari delarik ere, bere-bereak diren pentsamenduak adierazteko «hika» darabil narradoreak; «Bai, bai, bai, jakina, egiten ditut beste era bateko reflesioak. Ama ikustera joanen duk, edo egun batzuek Riemmes-en pasatzera...».

        Ahoz-ahozko hizketan ni-a desdoblatzeko erabiltzen den bigarren pertsona ere badarabil, hau da, zu-ri edo zuei-ri dagokion bigarren pertsona, baina lehenengoaren ordez eta lehenengoaren esanahia duelarik. Hara nola erabiltzen dugun berbetan: «Horrelako gauzaren bat egiten duzunean, kartzelara sartzen zaituzte» esaten dugu «Horrelako gauzaren bat egiten dudanean, kartzelara sartzen naute»-ren ordez ta honek duen esanahi berberaz. Eta Saizarbitoriak, aztertzen ari garen textuan: «a ze nolako kafea ateratzen dizuen...!». Geroago ere, nobela bereko beste kapitulu batean: «Hibaiak zure lekutik oso hurruti ez bazaitu uzten eman ditzazkezu eskerrak» [4]. Horra hor, bada, gaurko literatura-prosa egokiaren ezaugarri bat.

        «Literatura "bide bat" da, baina baita ere "helburu bat"; estetikari buruz zilegiztatzen ez den nobela bat ezin baitaiteke errealitatearen lekuko eta salatari efikaz bat izan. Intentzio onek ez dute ezertarako balio kontzientzia literario egiazko batekin elkartzen ez badira. Literaturak, "util" izateko, lehenik literatura izan behar du, literatura bezala justifikatu behar da». (Ibon Sarasola, O. c., 83. orr.)

 

        [1] Ramon Saizarbitoria, Egunero hasten delako, Donostia, 1969, 13. orr.

        [2] R. Saizarbitoria, O. c., 162, orr.

        [3] R. Saizarbitoria, O. c., 20. orr.

        [4] Mikel Lasak erabiltzen du maisuki era hori: «Ordu horietan zer eginen? Gela barnean Kafka-ren Egunerokoa irakurtzen hasten bahaiz, hireak egin dik; misteriozko lupe itzaltsuetan galduko haiz. Dirurik ezpaduk (ondo ezagutzen diat estudianteen poltsa urri hori) ezin pasa noski neskatxei ipui xuri-gorriak arraiten denbora guziz. Bakarrik bahabil...» (Mikel Lasaren eta Amaia Lasaren Poema bilduma, Donostia, 1971, 83. orr.). Irugarren pertsona, inpertsonaltasuna, adierazteko ere erabili izan da, lehenagotik, bigarren pertsona: «Hara bazoaz.... Hara joaten bada bat...». Bigarren pertsona lehenengoaren esanahiaz lehenbizikoz erabili izan zuena (erdaldunek heurek baino askoz lehenagotik esango nuke nik) Bernat Enepare izan zen: «Mosen Bernat, jakin bahu gauza nola jinen zen,/ Bearnora gabetarik egon ahal intzanden»; «Mosen Bernat, pensa ezak...».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia