J. Intxausti eta saioaren espirala

 

        Hamaseigarren mendean Michel de Montaigne-k Essais liburua publikatu zuenetik orain arte arrera ona izan du saioak literaturan. Eta, gutxi gorabehera, Montaigne-k berak markaturiko bideetatik saiatu dira saioginan idazleak.

        Ez da erreza saioaren mugak bereiztea. Ezaguna dugu Ortega y Gasset-ek esandakoa, urteen joanean klasikotu egin baita: «El ensayo es ciencia, menos la prueba explícita». Literatura liburuetan eta hiztegietan agertzen den definizioa (espainolezkoetan, jakina, euskarazkoetan, nik dakidalarik behintzat, ezpaita agertzen) hauxe da: «Escrito en que se trata de un tema, por lo general brevemente, sin pretensión de agotarlo ni de aducir en su integridad las fuentes y justificaciones» [1].

        Arrera ona eta arrakasta handia izan du saioak literatura guztietan, baina gurean ez hainbeste azken urteotara arte. S. Mitxelena, Txillardegi, L. Mitxelena, J. San Martín, J. Azurmendi, J. Intxausti, J.M. Torrealdai, R. Arregi, I. Sarasola... eta beste asko saiatu izan dira azken urteotan, eta euskal literaturan egon den hutsune hori bete egin dutela esan genezake gaur.

        Oso interesgarria da saioa jakintza mailan bide berriak zabaltzeko. Julián Marías-ek dionez, «el ensayo tiene una aplicación insustituible como instrumento intelectual de urgencia para anticipar verdades cuya formulación rigurosamente científica no es posible de momento, por razones personales o históricas; con fines de orientación e incitación, para señalar un tema importante que podrá ser explorado en detalle por otros; y para estudiar cuestiones marginales y limitadas, fuera del torso general de una disciplina». (Diccionario de Literatura Española, 4.ª ed., Madrid, 1972).

        Saioari buruzko sarrera labur au egin ondoren, goazen, bada, Joseba Intxaustiren saiolan batetik harturiko textu bat aztertzera.

 

        Hitza

        «Hitza beti izan da misterio. Bere baitan giza-izpirituaren beraren taupada daramaki, hitzaren erraietan bizia isuri baitu gizonak. Hitza ez da ideia soilik, ideia maitemindu ta enamoratua baiño: ideiari gizonaren sentimendu, irudipen eta intziriak erantsi zaizkionean, hitza argitara jaio diteke.

        Iñorengandik hitza jasotzean, Giotto-k eta Spagnoli-k pintu diguten hura berritzen da. San Frantziskok hitz egiten die bere xoriei ta, bukatzearekin, han doaz denak egalari munduaren lau parteetara. Honen pareko zerbait dugu guk ere izpirituetan: hitzaren ideia atzeman orduko, isilpeko sentimendu aunitz esnatu ta egadan doazkigu arimaren urdiñean. "Ama" esango zait, baiña ama hori ez da mundura gizaki bat ekarri duen emaztekia bakarrik. Hitzak inguru oparoa du: honela edo hala maitatu nuena da ama; egun batez eskoba kirtena nere iztarrean hautsi zuena; bestean, gaixo ta triste nengoelarik, lau musu luze eman zizkidan emakume maitagarria... Bai, hitza sentimenduz txoraturiko ideia da, ta, areago, zenbaitetan sentipen hutsa ere bai». [2]

 

        Textu interpretatzeari buruz euskaraz eta euskal literaturaz egin den lehenbiziko saiolana J. Intxaustirena da: Euskera batxiller-mutillentzat. Eta aztertzera goazen textu hori saio hortetik harturikoa da.

        Hitza zer den azaldu nahi digu Intxaustik, hitzaren baliakizun joria, hitzaren betetasun bizi misteriotsua. Kanposantuetako hilotzak bezala hiztegietan dagoen hitz hotz hutsa berpiztu egin nahi du, bizitzara eraman berriz ta batxilerra egiten ari diren mutilen buru-bihotzetan landatu, loretu ondoren frutua ugari eman dezan.

        Hitza beti izan da misterio, giza izpirituaren errai sentikorretan sortua izan delako, amaren sabel misteriotsuan haurra sortzen den antzera. Hauxe da Intxaustiren tesisa, eta tesis hori geroago ta sakonago adieraztea izango da bere helburua, jomuga; gaurko munduan indargeturik dagoen hitzaren balioa ta indarra geroago ta argiago azaltzea, behinola Guardinik esandakoaren oihartzuna balitz legez: «Los hombres nos hemos embrutecido. De muchas cosas profundas y delicadas ya no tenemos noción, ni remota siquiera. Una de ellas es la palabra. Ignorantes de su contenido considerámosla superficial; y no sintiendo su fuerza, nos parece ligera y fugaz. No empuja ni hiere, sino que es un producto sutil de sonido y armonía». (R. Guardini, Los signos sagrados, Barcelona, 1957, pág. 131).

        Hitza ez da konputadora batek sortu duen zerbait. «Hitza ez da ideia soilik, ideia maitemindu da enamoratua baiño», maiteminak bultzaturik sentimendu ta irudipenez enamoratu den ideia da. «El lenguaje es un inmenso complejo en el que se refleja la complejidad psíquica del hombre. El hombre al hablar no se conduce como una fría y desamorada máquina pensante. Todas las vetas de su vida espiritual —intrincada como una selva virgen— buscan expresión y aun en las frases más sencillas el oyente intuye inmediatamente la densa carga, el rico contenido complejo de su "significado". Lo imaginativo, lo conceptual y lo afectivo están presentes siempre en el significado que sirve de punto de partida al hablante». (D. Alonso, Poesía española, 2.ª ed., Madrid, 1952, págs. 25 y 609).

        Errazoibidez ari da Dámaso Alonso. Errazoibidea ta irudibidea hartu, ta behin banan ari da Intxausti, kolore ezberdinetako hari sendoz saioa tapizatuz. Irudi ezagun bat agertu digu lehenbizi irudi bizi ulerterreza: Maiteminduen irudia. Ideia pertsonatu egin du ta maiteminez ta enamoraturik jarri. Gero erdiminetan, elkarmaitasunak sortu duen bizi berriaren argitaratze deietan: «ideiari gizonaren sentimendu, irudipeneta intziriak erantsi zaizkionean, hitza argitara jaio diteke».

        Bi pintore italiano famaturen kuadruak jartzen dizkigu, urrengo, iruditzat, «iñorengandik hitza jasotzean» zer gertatzen den adierazteko. Ta ondoren, bere frantziskotartasuna erakutsiz, San Frantzisko ta honen txorien irudia dakarkigu arrazoibidearen argigarritzat, arrazoibidea bera ere, jarraian, irudiaren kolore ta edertasunez iruditu ta hornituz: «hitzaren ideia atzeman orduko, isilpeko sentimendu aunitz esnatu ta egadan doazkigu arimaren urdinean».

        Azkenik, kurubilka ta kurubilka, hasierako irudiaren haria berhartuz, hitz konkreto bat jartzen digu: «Ama». Eta hitz horren bidez azaldu edozein hitzek duen «inguru oparoa». Ama hori «mundura gizaki bat ekarri duen emaztekia bakarrik» ez dela adierazteko bere amarengana eramaten gaitu Intxaustik, berak harekin izandako gertaera batzuk kontatuz: «honela edo hala maitatu nuena da ama; egun batez eskoba-kirtena nere iztarrean hautsi zuena; bestean, gaixo ta triste nengoelarik, lau musu luze eman zizkidan emakume maitagarria...». Eta, buelta ta buelta ibili ondoren, errazoibidezko konklusioa: «Bai, hitza sentimenduz txoraturiko ideia da, ta, areago, zenbaitetan sentipen hutsa ere bai».

        Hitzaren beraren bitasuna saioratuz, arrazoibidez eta irudibidez egin du Intxaustik saiolan hau; hain zuzen ere, «arrazoikeria hutsaren lejiaz hitzak sentimendu oroez garbitzen baldin baditugu, azkenean ideia bera ere erre egingo dugu. Unamunorentzat hizkuntza izpirituaren odola da, ta odol hau ez dezakegu gure barne-sentimenduen lisibarako erabil. Ez. Aintzira batera bota ahal duzue iñoiz harritxo biribil bat? Hara nola joan zen barnera, ideia adimenera bezala, ta ikus nolako uhiñak uraren loan, hitzak gure ariman biztu dituen sentimenduen iduritzat» [3].

        Espiralaren teknika darabil Intxaustik saio hontan, alegia, puntu baten inguruan ari da bueltaka geroago ta zabalago, etendurarik gabe, buelta emanez. Tesisaren puntua beti begitan duelarik, arrazoi bidezko edo irudibidezko buelta bakoitzean zabalagotik inguratzen du puntu hori, digresiorik gabe, lehenagoko Logica zehatzetan agertzen ziren «status quaestionis» eta «ignorantia elenchi» ondo ikasi dituenak bezala. Izan ere, argitasunez eta zehaztasunez gauzak adierazteko zer ikasirik asko dugu, uste izan ez arren edo bazterturik euki arren, lehenago Scientia scientiarum esaten zitzaion Logica-n.

        Berriz irakur ezazu Intxaustiren textu hori. Hitzaren eta hitzak duen misterioaren inguruan ari da bueltaka Intxausti, hitzaren misteriotasun hoti aztertu ta adierazi nahiez: 1) Gizonaren misterioa bezalakoa da hitza, gizonak berak sortu duelako ta haren erraietan bere bizia isuri duelako; 2) Gizona maitemindu ta enamoratu egiten da, ta bizi berri bat sortzen du; gizona ez da adimen hutsa bakarrik; hitza ere ez da ideia soilik, ideia maitemindu ta enamoratua baizik, sentimendu ta irudipenekin elkartua ta esanahi berrien sortzaile; 3) Giotto ta Spagnoli-ren kuadruak ikustean haiek pintatu diguten hura berritzen den antzera gertatzen da inorengandik hitza jasotzean ere; 4) San Frantziskok txoriei hitz egitean haiek hegan doazen antzera, hitzaren ideia atzematean ere, isilpeko mila sentimenduz egiten digute hegan gure arimaren urdinean; 5) Hitzak duen ingurua oparoa da, ba, irudipenez eta sentimenduz jantzia; 6) Adibidez, ama hitzaren oparotasuna; 7) «Bai, hitza sentimenduz txoraturiko ideia da».

 

        [1] Liburu hau egin eta gero irakurri dut zerbait euskaraz ere saioari buruz: «Saioa, gogoetaren bide literario bat dela esan genezake. Arrokeriarik gabe eta teknikakeriarik gabe, gaur gizonak dituen ainbat galderaren azterketak lagunkiro eta errazki egiteko bide berezi eta aberats bat. Saioa ez da erakus-bide bat bezala erabiltzen; idazleak gai horretaz berria duela uste duen puntua inori erakusteko beste asmorik ez du.

        Neurriz laburra izaten da, eta bere tokia egunkarietan eta berezkiro espezializatuta landuak diren aldizkarietan ez da izaten, aldizkari literarioetan baizik; gizaldi honetako saioak, artea, literatura eta zientzi-bilaketa uztartzen bait ditu maiz» (Martin Ugalde, Literatura-motak mugatu nahian asmo batzuk, XIX. Euskera-n, Bilbao, 1974, 302. orr.).

        [2] J. Intxausti, Euskera batxiller-mutilentzat, EUSKERAn, VIII-IX, 196364, Bilbao, 411. orr.

        [3] J. Intxausti. Ibidem, 412. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia