J. Azurmendi ta euskal topiko bat

 

        Beste expresio-bide jatorrago ta egokiagorik ez dakielako arrunkeria asko esaten dituenean hizlari edo idazle batek, «topiko asko darabil», esan ohi dugu. Baina, literaturaz ari garenean, aintzinatik datorkigun pentsamentu edo esaldi klitxetu bati esaten diogu topikoa.

        Topiko asko aurkitu genezake literaturan. Esate baterako, beatus ille «zoriontsua hura» dugu topiko horietako bat. Nekazarien edo artzaien «bizitza zoriontsuaren» alabantza ta guraria agertzen da topiko horren bitartez. Berez, izatez, ez da horren zoriontsua izaten nekazarien ta artzaien bizitza; baina zoriontsua dela uste izate hori klitxetu, topikotu egin da literaturan, Fray Luis de León-en Vida retirada olerkian ikusten dugunez.

 

                «¿Qué descansada vida

                la del que huye del mundanal ruido

                y sigue la escondida

                senda por do han ido

                los pocos sabios que en el mundo han sido».

 

        Euskal literaturan maiz agertzen da topiko hori. Hona hemen, adibidez Emeterio Arreseren bertso bi.

 

                «Mendian iñoiz aldarte txarrik

                ezdet izan, lasai nago;

                aldi bat ezik, bizitz osoa

                nai nuke bertan irago.

                Txindiz aberats ezpanaiz ere,

                pozez nor aberatsago?

                Atsegiñaren ezti jatorra:

                an bean ez, emen dago.

 

                Elkarren etsai bizi dira ta

                gauza onik ez uritarrak.

                Mendian beso zabalik daude

                lizar, aritz, orrikarak...

                Zuaitzak laztan, usai garbidun

                eskeintza lili nabarrak

                eta goizero txioka nere

                teillatupeko maizterrak».

 

        Ubi sunt...? «non dira...?» dugu beste topiko ezagun bat, lehenari penaz begiratzea: Non dira gure asaba zaharren ohiturak? Non gure fedea? Non gure euskara jatorra? Adibide baten bidez esanda, Jorge Manriqueren «cualquiera tiempo pasado / fue mejor». Euskal idazleen artean, Felipe Arrese ta Beitiak erabili izan du sarritan topiko hori.

 

                «Nun dira, bada, zure semiak

                Foru ta euskera zaliak?

                Nun dira, bada, Tubal, gure aita,

                zure ondorengo garbiak?

                Nun dira, bada, zure ume zintzo

                eta leialen legiak?

                Nun dira orain, orain negarrak,

                nun dira nire begiak?

 

                Agur illun bat egin deuskue

                guraso zarren legiak.

                Umezurtz batzuk gelditu gara

                billosik foru bagiak.

                Izan bagiña eurak legetxe

                euskeriaren zaliak,

                oso ta garbi gordeko ziran

                oitura ain miragarriak».

 

        Topiko asko erabili izan dira literaturan; baina, azkenez, sarrera hau gehiago ez luzatzeko, beste bat aipatuko dut: Locus amoenus «toki atsegingarria», paradisu ametsak idazleen irudimenean sorturikoa. Garcilaso de la Vega dugu maisu topiko hori erabiltzen, eta euskal idazle asko ere bai, gehiegi erabili baita topiko hori euskal literaturan. Txomin Agirreren adibide bat irakurri dezagun.

 

                «Emen dagon pakea!

                Gaztaña arbola baten azpian nago jarririk,

                bere kerizpe maitagarriaz inguraturik:

                ara non dagon nik opa nuan bakartadea.

                Dakust, or beian, ibar jantzia;

                aurrean daukat baso itzala

                aritz arbolaz oso betia,

                nagon lekuan, gaztañadia;

                beratxoago, intxaur-pagoak;

                belar berdean, marrubi gorri gozo-gozoak,

                aldamenean, sagarren lorak,

                txori kantariz beteta arbolak;

                lore politak nere inguruan,

                t'intza biribil beren kolkuan».

 

        Beste inongo literaturatan ikusi ez ditudan euskal topiko batzuk ere ba ditugu: Euskararen eriotza ta Bagenu ta balitz, adibidez. «Euskara laister hilgo da, euskarak ez du zereginik...» horixe da lehenbiziko topiko horren esanahiaren guna, ta «ustetsu, ezer egin gabe, geroari itxaroten egotetik ez dator ezer, alperreko ametsak direlako; egin egin behar da egitekoa gaur eta hemen», horixe da bigarren topikoarena. Eta aztertzera goazen J. Azurmendiren olerkia ulertzeko, preminazkoa dugu, lehenengo ta behin, topiko hori sakonkiro ezagutzea.

        Euskal errefrauetan eta esakeretan agertzen zaigu, batez ere, topiko hori. 1596.eko errefrau sortan agertzen da lehenbizikoz: «Balizko oleak, burdiarik ez» «la ferrería de "si fuese" (es decir, la ferrería que sólo existe en nuestro deseo), no produce hierro». Geroagoko errefrau sorta batzutan ere agertzen da errefrau hori, pizka bat aldaturik: «Balizko oleak burniarik egin eztaroa», «Balizko olaak burnia gutxi», «Etorkizuneko oleak, lanik az», «Balizko errotaak urunik ez», «Balizkako iharak ez du irinik agiten».

        Topiko berdina agertzen zaigu beste errefrau hauetan ere: «Usteak, alde erdia ustel», «Geroa, alferraren leloa», «Baleuko ta balitz, alkarren ondoren dabiltz», «Bagendu ta balitz, alkarren ondoan dabiltz».

        Hara herriko esakera batzuk ere ta ikusi nola topiko berdina adierazten duten: «Ala balitz, ala "in" baginu, amalau anaie: denak goseak il», «Bagendu ta balitz amalau neba-arreba izan ziran, baiña atzo arratsaldean joan ziran danak, lau t'erdietako trenean», «Esnerik eztaukot; uruna baneuko, auzoko sartena ekarri ta aia egingo neuke».

        Bagenu ta balitz, gure euskal topiko berezi hau adierazten emanez ta euskal aditz batuaren baldintzaera irakatsi nahiez nire ikasleei, olerki hau egin nuen:

 

                Balizko olaren oihartzuna

 

                «Banu ta banintz,

                ezaren irrintz;

                bazenu ta bazina,

                ametsaren ezina;

                balu ta balitz,

                mutuaren bi hitz;

                bagenu ta bagina,

                alperreko ahalegina;

                bazenute ta bazinete,

                asmo hutsa ezin bete;

                balute ta balira, besteen anaiak dira».

 

        Topiko hori ulertu ezik, ezin dezakegu ulertu J. Azurmendiren olerkia, topiko horren poesiazko adierazpen bat baino basterik ez delako, nire ustez. Goazen, bada, olerki hori irakurtzera.

 

                Bihar

 

                Eta urak, ur berdeak itsasoa bezala,

                eta urak, ur handiak itsasoa bezala,

                urak itsasoa bezala

                bete-beteko du askatasunak oparo

                euskal lurraldea» [1].

 

        Ikasleei irakurtzen diedanean, hauxe esaten didate berehalaxe: «Laister etorriko dela askatasuna Euskalerrira, dio Azurmendik...». Eta nik erantzuten diet: «Ez, ez dio hori Azurmendik, ez dela etorriko baino. Ez da poztasunezko olerki bat, tristura ta mingostasunez beterikoa baizik». Eta begiak zabal-zabal eginda gelditzen zaizkit.

        Tituluak du indar guztia olerki hortan, titulua aldatuez gero, olerki osoaren esanahia aldatuko litzateke. Horra hor idazlan bateko izenburuak izan dezaken garrantzia! Hain zuzen ere, bihar horrek Bagenu ta balitz topikoaren giroa sartzen du olerkia, ta itxurazko esanahia aldrebestu egiten dio topikoaren barnean: Bete-beteko du askatasunak Euskalerria, oparo beteko du..., baina inoiz ere gaur izango ez den betiko bihar huts batean, bihar hori, olerkariaren ustez, ezin daiteke ta gaur bihurtu.

        Azurmendiren poesia sozialetan lehenbizikoa da hau, eta, gainerakoen antzera, mingostasuna dario olerki askatu horri, «kezkatsu ta eskeptiku izatea baita Joxeren jatorrizko pekatua» [2].

 

                «Bainan urteak zehar

                Euskal Herriaren etorkizunak

                ba dirudi

                basamorturakoan

                saski batean

                hartu genuen ura» [3].

 

        Gainera, betiko «bagenu ta balitz» giroaren egoera estu ta larriak berdetu, garraztu egiten du Azurmendiren numena, etorria; garraztu, irtenbiderik ikusten ez duelako.

 

                «Argia debekatu zaigu.

                Poza, itxaropena

                ta argia debekatu.

                Pobreak gera ta...

 

                Arratsaldean euri egiten du

                euskal mendi saihetsetan.

                Pobreak gera ta

                ez dago aterperik guretzat,

                debekatu zaigu ateria.

 

                Askatasuna debekatu zaigu

                kostako haize leunak

                alamerako neskatxen ilea,

                ikurrin moduan,

                askatzen duelarik.

 

                Hamar dirade mandamentuak

                ta hamaika bai

                pobrearen nahigabeak.

 

                Debekatu zaigu

                gizon izatea

                ta kitto» [4].

 

        Behinolako Abrahanen antzera ari da, «contra spem in spem», ustearen kontra uste izanik.

 

                «Herri triste honen

                seme tristeago

                ta tormentu biren

                bildots bildotsago.

                Besterik ezinda

                kantatu beharko

                neronen penari,

                nire burutapenen

                berri emateko.

 

                Eta hau idaztean

                egundurik dago.

                Handia dugu, ba,

                gaua nola ez den

                bihurtu gauago» [5].

 

        Ustearen kontra uste izanik, etsipenaren hauts artetik itxaropenari deika ari da, itxaropena fenix bihurtu nahi du. Jeremias profetaren sua darama bihotzean ta irudimena irakiten du, ta, jakina, ezin da isilik egon. «Bagenu ta balitz» topikoaren zauriak minduko ez balu, isilduko litzateke; beste giro bat, beste egoera bat balego bere inguruan...

 

                «Suak erreko ez balu

                ta euriak busti ez.

                Negarrik ez balitz

                ta arratsaldea

                gauak itoko ez balu.

                Pobreek lurrik balute

                ta lurrak maitasunik,

                ta esperantzarik zaharrek.

                Justiziarik balitz

                ta herriak sofritu ez,

                gustora bai,

                isilduko ginake

                ta —zenbat da?,

                beste kopa bat» [6].

 

        Aurrerapiderik egin gabe gaudela, gure euskal topiko berezi horren jarraitze bat dela adieraziko balu bezala, textuan adierazten ez den lehen eta orain berdintsu batekin loturik balego legez, eta batez hasten du Azurmendik Bihar olerkia.

 

                «Eta urak, ur berdeak itsasoa bezala,

                eta urak, ur handiak itsasoa bezala..».

 

        Hain zuzen ere, lehenagoko errefrau eta esakeretan bakarrik ez da agertzen «Bagenu ta balitz» topikoa. Gaurko literatura era maiz agertzen da. Eta Azurmendiren murrika mingotsez ta titulu berdinez ere bai.

 

                Bihar

 

                «Bihar: iguzkia, mendi gibeletik, agertuko...

                Bihar: itsasorat, arraintzariak, abiatuko...

                Bihar: ildoz ildo, laborariek, lurra landuko...

                Bihar: mendiz mendi, artzainak luzaz kurrituko...

                Bihar: ama gazteak, haurrari nigarra xukatuko...

                Bihar: eskoletan, haurrek eskuara ikasiko...

                Bihar: gazteek, elgar hobeki maitatuko...

                Bihar: neskatxen ondotik naiz ibiliko...

                Bihar: langileek, gehiago irabaziko...

                Bihar: zaharrek, diru pittat, hunkituko...

                Bihar: Herri guziak libertatean biziko...» [7].

 

        Eta-z hasten du olerkia Azurmendik, ta itsasoko olatuen ritmo berbera jartzen dio olerkiari, olatuak bezala behin eta berriz datorkigun topiko berdina adierazi nahiez.

 

                «Eta urak, ur berdeak itsasoa bezala,

                eta urak, ur handiak itsasoa bezala,

                urak itsasoa bezala...».

 

        Neurriak ematen dio, lehenbizi, aparteko higidura hori. Lehenengo lerro biek neurri berdina dute, hamabost silabakoak dira eta hiruna eten dituzte: laugarren silaba ondoren, zortzigarren silaba ondoren, eta hamabigarren silaba ondoren. Hirugarren lerroan aldatu egiten da pizka bat ritmoa neurri aldetik bederatzi silaba bai ditu ta eten bi, bigarren silaba ondoren ta seigarren silaba ondoren. Azkenengo lerro bietan apurtu egiten da hasierako ritmoa, uhinak apurtzen diren antzera; baina ba du, hala ere, ritmo bat. Begira nola gelditzen den olerkia etenak eta azentoak jarri ta gero:

 

                «Eta úrak, / ur bérdeak / itsásoa / bézala,

                eta úrak, / ur hándiak / itsásoa / bézala,

                úrak / itsásoa / bézala

                béte-béteko dú / askátasunák / opáro

                euskál / lurráldea».

 

        Ba du bere garrantzia euskaraz ere azentoak eta, neurriak ezezik, aparteko higidura bat ematen dio olerkiari honek ere. Ba dakit, era askotara irakurtzen denez gero, iritzi ezberdinak egongo direna hortaz; baina beharrezkoa da, nahiz eta errakuntzarako bide labana izan, zerbait esatea hortaz ere, garrantzia handia duelako olerkaritzan. Neurri, azento ta anaforaz ematen dio ritmo berezi bat Azurmendik Bihar olerkiari.

        Anaforak ere, topikoaren etengabetasunaren adierazle dira: «Eta urak..., eta urak..., urak..., ur berdeak.... ur handiak...». Hobeki esanda, ez dira etengabetasunaren ezaugarri, etengabekeriarena baino, topikoak adiarazten duen egoera hori txarra, kaltegarria baita.

        Estruktura bi dituela olerkiak esan genezake, estruktura bi esanahi aldetik. Azaleko estruktura da bat, ustekeriazko itxaropenez gainezka dagoena, itxura hutsezkoa. Barruko estruktura da bestea, kontextu baten argibidez ikusten eta aztertzen ari garena. Barneko esanahi hau mingostasunez josirik dago ta bihar hitzaren bitartez sartzen gaitu Azurmendik, gainerako hitzen berezko esanahia guztiz aldatuz, aldrebestuz, egiazko barne hortara, beti egitekotan egon gabe gu ere zer edo zer egiten hasi gaitezen.

        Eta Azurmendiren olerkiaren azterketa egin ondoren, amaitzeko, Dámaso Alonsok esandakoa esan genezake guk are: «El uso de los tópicos tradicionales convive perfectamente con la expresión individual del escritor. La obra literaria es un compromiso entre tradición y expresión individual. Estudiemos lo común, los "topoi". Con tal de que sea precisamente para mirar a lo que no es "topos": al prodigio creativo, a la unicidad, intacta y esquiva, de la criatura del arte». (Dámaso Alonso, De los siglos oscuros al de oro, 2.a ed., Madrid, 1971, págs. 82 y 85).

 

        [1] Joxe Azurmendi. Hitz berdeak, Oñate (Guipúzcoa), 1971, 83. orr.

        [2] Bitoriano Gandiaga, Autoreaz eta liburuaz, Hitz berdeak liburuaren sarreran, 10. orr.

        [3] Joxe Azurmendi, O. c., 109.

        [4] Joxe Azurmendi, O. c., 84. orr.

        [5] Ibídem, 37. orr.

        [6] Joxe Azurmendi, O. c., 80. orr.

        [7] Daniel Landart, Uhin berri-n, San Sebastián, 1969, 170. orr. Azurmendi ala Landart da iturburua? Ez dakit. Dena dela, antzekoak ditugu olerki biok. Paulo Iztuetak ere ba du antzeko olerki bat ta titulu berdina du honek ere, baina kristau fedearen ikuspegitik, gure topikotik at jartzen du. Irakurri nahi baldin baduzu, Uhin berri liburuan duzu, 80. orrialdean. Arestik ere ba du Azurmendiren olerkiaren antzeko bat Harri eta Harri-n. Hona hemen:

                «Egun batean

                eztu inork

                ezer erosiko;

                egun batean

                ezta merkatuetan

                sagarrik

                salduko.

                Egun batean

                guztiok

                izanen gara

                zorion tsuak».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia