I. agerraldia

 

(Barrualde burges ingelesa, besaulki ingelesekin. Afalondo ingelesa. Smith jauna, ingelesa, bere besaulkian eta bere txapin ingelesekin, bere pipa ingelesa erretzen ari da eta ingeles egunkari bat irakurtzen, sutondo ingeles baten ondoan. Betaurreko ingelesak ditu, eta bibote gris txiki bat, ingelesa. Haren ondoan, beste besaulki ingeles batean, Smith andrea, ingelesa, galtzerdi ingelesak adabatzen ari da. Isilune luze ingeles bat. Erloju ingelesak hamazazpi aldiz jotzen du ingelesez.)

 

SMITH ANDREA: Hara, bederatziak dira. Zopa jan dugu, arraina, patatak urdaiarekin, entsalada ingelesa. Umeek ur ingelesa edan dute. Bapo afaldu dugu gaur. Hain zuzen ere Londresko aldirietan bizi garelako eta gure izena Smith delako.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Patatak oso goxoak daude urdaiarekin, entsaladako olioa ez zegoen zaharmindua. Aldameneko dendariaren olioa gure aurreko dendariaren olioa baino askoz ere kalitate hobekoa da, eta aldapa beheko dendariaren olioa baino hobea ere bai. Baina ez dut esan nahi beste horien olioa txarra denik.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Hala ere, aldameneko dendariaren olioa da inondik ere onena...

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Oraingoan Maryk ondo egosi ditu patatak. Aurrekoan ez zituen ondo egosi. Niri patatak ondo egosiak baizik ez zaizkit gustatzen.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Arraina freskoa zegoen. Gogotik miazkatu ditut ezpainak. Nik bi aldiz hartu dut. Ez, hiru aldiz. Horrek komunera joanarazten nau. Zuk ere hiru aldiz hartu duzu arraina. Nolanahi ere, hirugarren aldian lehenengo bietan baino arrain gutxiago jan duzu, eta nik, berriz, askoz gehiago. Gaur nik zuk baino hobeto afaldu dut. Zer dela eta? Zu izaten zara beti gehiena jaten duena. Zu ez zara, ez, berehala asetzen diren horietakoa.

 

(SMITH JAUNAk mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Hala ere, zopa, aukeran, gaziegia zegoen agian. Zuk baino gatz gehiago zuen. Kar-kar-kar. Gainera porru gehiegi zeukan eta tipula gutxiegi. Damu dut anis izarratu pixka bat zopari botatzeko Maryri ez aholkatu izana. Hurrengoan, neu arduratuko naiz.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Gure mutikoa garagardoa edateko irrikatzen zegoen, zanga-zanga ederrik egingo du horrek, zure antza du. Ikusi duzu mahaian, nola zeuzkan begiak botilan jarriak? Nik, ordea, iturriko ura bota diot basora. Egarriak zegoen, eta edan egin du. Hélènek nire antza du: maratza da, gordezalea, pianoa jotzen du. Edateko ez dizu inoiz garagardo ingelesa eskatuko. Gure alaba txikia bezalakoa da, esnea besterik edan ez eta ahia besterik jaten ez duena. Ezagun du bi urte besterik ez dituela. Peggy du izena.

        Irasagar eta babarrun tarta bikaina zegoen. Bagenuen ondo asko, postrerako, baso bana Borgoniako australiar ardo edatea agian, baina ez dut ardoa mahaira eraman tripazaikeriaren eredu txarrik umeei ez emateko. Irakatsi behar zaie bizitzan neurritsuak eta eratsuak izaten.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Mrs Parker-ek errumaniar dendari bat ezagutzen du, Popesco Rosenfeld deritzana, Konstantinoplatik etorri berria. Jogurtetan aditua da oso. Andrinoplako jogurtgileen eskolan diplomaduna da. Bihar harengana joango naiz lapiko handi bat bete errumaniar jogurt folkloriko erostera. Ez dugu horrelako gauzarik maiz izaten hemen, Londresko inguru hauetan.

 

(SMITH JAUNAk, irakurtzen jarraituz, mihiaz klaska egiten du.)

 

SMITH ANDREA: Jogurta ezin hobea da urdailerako, giltzurrunetarako, apendizitiserako eta apoteosirako. Hori esan zidan Mackenzie-King doktoreak, gure auzotarren, Johnstarren, umeen sendagileak. Mediku ona da. Uste bete-betea izan daiteke harengan. Inoiz ez du gomendatzen berak bere gorputzean saiatua ez duen sendagairik. Parkerri ebakuntza egin baino lehen, aurrena berari gibeleko ebakuntza egin ziezaioten agindu zuen, gaixorik inolaz ere egon gabe.

SMITH JAUNA: Baina orduan nola liteke sendagilea ebakuntzatik onik ateratzea eta Parker, berriz, hiltzea?

SMITH ANDREA: Ebakuntza ongi atera zelako sendagilearen kasuan eta ongi atera ez zelako Parkerren kasuan.

SMITH JAUNA: Orduan Mackenzie ez da sendagile ona. Ebakuntzak ongi atera behar zuen bien kasuan edo bestela biek behar zuten hilik.

SMITH ANDREA: Zergatik?

SMITH JAUNA: Sendagile arduratsuak gaixoarekin batera hil beharra dauka, ezin badira elkarrekin sendatu. Itsasontzi baten komandantea itsasontziarekin batera hondoratzen da, olatuetan. Ez da haren ondotik bizirik gelditzen.

SMITH ANDREA: Ez dago gaixo bat itsasontzi batekin konparatzerik.

SMITH JAUNA: Zergatik ez? Itsasontziak ere izaten ditu bere gaixotasunak; gainera, zure sendagile hori ontzi bat bezain osasuntsua da; horra zergatik ere hil beharra zeukan gaixoarekin batera, sendagileak itsasontziarekin bezala.

SMITH ANDREA: A! Hori ez zait bururatu... Baliteke zuzena izatea... eta, hortaz, zuk zer ondorio ateratzen duzu?

SMITH JAUNA: Ba sendagile guztiak gezurtero hutsak direla. Eta gaixo guztiak ere bai. Ingalaterran itsas armada baizik ez da zintzoa.

SMITH ANDREA: Marinelak ez ordea.

SMITH JAUNA: Jakina.

 

(Isilunea.)

 

SMITH JAUNA (egunkaria irakurtzen jarraitzen du): Bada gauza bat ulertzen ez dudana. Zergatik, egunkarietako jaiotzen eta heriotzen sailean, hildako pertsonen adina beti jartzen dute eta jaio berriena berriz sekula ez? Horrek ez du zentzurik.

SMITH ANDREA: Halakorik ez diot sekula neure buruari galdetu!

 

(Beste isilaldi bat. Erlojuak zazpi aldiz jotzen du. Isiltasuna. Erlojuak hiru aldiz jotzen du. Isiltasuna. Erlojuak ez du jotzen.)

 

SMITH JAUNA (bere egunkarian buru-belarri jarraitzen du): Hara, Bobby Watson hil dela dago hemen idatzia.

SMITH ANDREA: Ene bada, gizajoa, noiz hil da?

SMITH JAUNA: Zergatik egiten dituzu harritu planta horiek? Ondotxo zenekien hori. Orain dela bi urte hil zen. Ez al zara gogoratzen, haren hiletan izan ginen, orain dela urte t'erdi.

SMITH ANDREA: Horixe gogoratzen naizela. Berehala gogoratu naiz, baina ez dut ulertzen zerori ere zergatik horrenbeste harritu zaren berri hori egunkarian ikusi duzunean.

SMITH JAUNA: Ez zegoen egunkarian. Hiru urte badira haren heriotzaren berri eman zutela. Ideiak elkarri lotuz gogoratu naiz Bobbyz!

SMITH ANDREA: Zer lastima! Sasoi onean zegoen eta.

SMITH JAUNA: Britainia Handiko gorpurik ederrena zen! Ez zirudien adin hori zuenik. Bobby gizajoa, lau urte zeramatzan hilik, eta beroa zegoen oraindik. Benetako hilotz bizia. Eta alaia gainera!

SMITH ANDREA: Bobby gajoa.

SMITH JAUNA: Bobby «gizajoa» esan nahiko duzu.

SMITH ANDREA: Ez, haren emazteaz ari nintzen. Haren izen berbera zuen, Bobby, Bobby Watson. Izen bera zeukatenez, ez zegoen bata bestearengandik bereizterik elkarrekin ikusten zenituenean. Gizona hil zen arte, ez zuten ziur jakiterik izan nor zen bata eta nor bestea. Eta hala ere, gaur egun oraindik, batzuek hildakoarekin nahasten dute emakumea, eta doluminak ematen dizkiote. Ezagutzen al duzu?

SMITH JAUNA: Behin baizik ez dut ikusi, ustekabean, Bobbyren hiletan.

SMITH ANDREA: Nik ez dut inoiz ikusi. Polita al da?

SMITH JAUNA: Hazpegiak itxurakoak ditu, eta, hala ere, ezin esan daiteke ederra denik. Oso handia eta oso indartsua da. Hazpegiak ez ditu itxurakoak, eta, hala ere, oso ederra dela esan daiteke. Aukeran, oso txikia da eta oso argala. Kantu irakaslea da.

 

(Erlojuak bost aldiz jotzen du. Tarte luzea.)

 

SMITH ANDREA: Eta noiz dira ba ezkontzekoak bi horiek?

SMITH JAUNA: Datorren udaberrian, berandu jota.

SMITH ANDREA: Haien ezkontzara joan beharko dugu, jakina.

SMITH JAUNA: Ezkon-opari bat egin beharko diegu. Zer oparitu ordea?

SMITH ANDREA: Zergatik ez diegu oparitzen guri geure ezkontzan erregalatu zizkiguten eta sekula ezertarako balio izan ez zaizkigun zilarrezko zazpi erretilu horietatik bat?

 

(Isilune laburra. Erlojuak bi aldiz jotzen du.)

 

SMITH ANDREA: Tristea da harentzat horren gazte alargundu izana.

SMITH JAUNA: Zorionez, ez zuten umerik izan.

SMITH ANDREA: Besterik ez zuten behar! Umeak! Gajoa emakumea, zer atarramentu atera behar zuen umeekin!

SMITH JAUNA: Gaztea da oraindik. Berriz ere ezkontzea dauka, nahi izanez gero. Dolua primeran dihoakio.

SMITH ANDREA: Baina nork zainduko dizkio umeak? Ondotxo dakizu seme bat eta alaba bat dutela. Zer izen dute?

SMITH JAUNA: Bobby eta Bobby, beren gurasoak bezala. Bobby Watsonen osaba, Bobby Watson zaharra, aberatsa da, eta maite du mutikoa. Bera ederki asko ardura liteke Bobbyren hezibideaz.

SMITH ANDREA: Hala behar luke. Eta Bobby Watsonen izeba, Bobby Watson xaharra, berriz, ederki asko ardura liteke Bobby Watsonen hezibideaz, Bobby Watsonen alabarenaz. Horrela, Bobby Watsonen ama, Bobby, berriz ezkon liteke. Ba al du inor begiz joa?

SMITH JAUNA: Bai, Bobby Watsonen lehengusu bat.

SMITH ANDREA: Nor? Bobby Watson?

SMITH JAUNA: Zein Bobby Watsonez ari zara?

SMITH ANDREA: Bobby Watsonez, Bobby Watson zenaren beste osabaren, Bobby Watson zaharraren semeaz.

SMITH JAUNA: Ez, ez da hori, beste bat da. Bobby Watson da, Bobby Watson zenaren izebaren, Bobby Watson xaharraren semea.

SMITH ANDREA: Bobby Watsonez ari zara, bide-saltzaileaz?

SMITH JAUNA: Bobby Watson guztiak dira bide-saltzaileak.

SMITH ANDREA: Lanbide gogorra da gero! Nolanahi ere, negozio onak egiten dituzte.

SMITH JAUNA: Bai, elkarren lehian ibili beharrik ez dagoenean.

SMITH ANDREA: Eta noiz ez da elkarren lehian ibili beharrik izaten?

SMITH JAUNA: Astearteetan, ostegunetan eta astearteetan.

SMITH ANDREA: A! Hiru egunez astean? Eta zer egiten du Bobby Watsonek tarte horietan?

SMITH JAUNA: Atseden hartu, lo egin.

SMITH ANDREA: Baina zergatik ez du hiru egun horietan lanik egiten elkarren lehian ibili beharrik ez badago?

SMITH JAUNA: Ez daukat dena jakiterik. Ezin diet zure galdera ergel guztiei erantzun!

SMITH ANDREA (bekozko ilunez): Ni umiliatzeko esan didazu hori?

SMITH JAUNA, irribarrez: Ondotxo dakizu ezetz.

SMITH ANDREA: Gizonak denak berdinak dira! Hortxe gelditzen zarete egun osoan, zigarroa ahoan, edo bestela aurpegia hautsez apaintzen aritzen zarete eta ezpainak margotzen, berrogeita hamar bider egunean, non zurrutean gelditu gabe ez zabiltzaten!

SMITH JAUNA: Eta zer esango zenuke emakumeek egiten dutena egiten ikusiko bazenitu gizonak, egun osoan erretzen, aurpegia hautseztatzen, ezpainak gorriz margotzen, whiskya edaten?

SMITH ANDREA: Niregatik, behintzat, hor konpon! Baina niri min emateko esaten badidazu hori, orduan ba... ez zaizkit horrelako txantxak batere gustatzen, badakizu!

 

(Galtzerdiak urrutira botatzen ditu, eta hortzak erakusten ditu. Altxa egiten da.)

 

SMITH JAUNA (altxa egin da bera ere, eta bere emaztearengana doa, goxo-goxo): O! Nire oilandatxo errea, zer zabiltza, ahotik su eta gar darizula! Ondotxo dakizu txantxetan nenbilela! (Soinetik hartzen du eta besarkatzen du.) A zer agure-atso maitemindu bikote barregarria garen! Zatoz, argia itzaliko dugu, eta lolo egitera joango gara!

 

 

II. agerraldia

LEHENGO BERAK ETA MARY

 

MARY (sartzen): Ni neskamea naiz. Oso arratsalde atsegina pasa dut. Zineman izan naiz gizon batekin eta film bat ikusi dut emakumeekin. Zinematik irten ondoren, pattarra eta esnea edatera joan gara, eta gero egunkaria irakurri dugu.

SMITH ANDREA: Oso arratsalde atsegina pasa izana, zineman gizon batekin egon izana, eta pattarra eta esnea edan izana opa dizut.

SMITH JAUNA: Eta egunkaria!

MARY: Martin jaun-andreak, zuen gonbidatuak, atarian dituzue. Zain neuzkan. Ez ziren bakarrik sartzen ausartzen. Gaur arratsean zuekin afaltzekoak ziren.

SMITH ANDREA: Bai noski. Haien zain ginen. Eta goseak geunden. Ez zetozenez, haiek gabe afaltzera gindoazen. Egun osoan ez dugu ezer jan. Ez zenuen etxetik kanpo ibili behar!

MARY: Zuk eman didazu baimena.

SMITH JAUNA: Ez dugu nahita egin!

MARY (barre algaraz hasten da. Gero, negarrez. Irribarre egiten du): Pixontzi bat erosi dut.

SMITH ANDREA: Mary, laztana, ireki, arren, atea eta sarraraz itzazu Martin jauna eta Martin andrea, mesedez. Gu janztera goaz ziztu bizian.

 

(Smith jauna eta Smith andrea eskuinetik irteten dira. Maryk atea irekitzen du, ezkerraldean, eta ate horretatik Martin jauna eta Martin Andrea sartzen dira.)

 

 

III. agerraldia

MARY, MARTIN SENAR-EMAZTEAK

 

MARY: Zergatik etorri zarete horren berandu! Ez duzue jendetasunik. Garaiz etorri beharra dago. Ulertzen? Eser zaitezte hor bederen, eta, orain, itxaron.

 

(Mary irten egiten da.)

 

 

IV. agerraldia

LEHENGO BERAK, MARY GABE

 

(Martin andrea eta Martin jauna elkarren aurrez aurre esertzen dira, elkarri hitzik esan gabe. Irribarre egiten diote elkarri, lotsaturik.)

 

MARTIN JAUNA (jarraian datorren elkarrizketak ahots motel, monotono, nolerebait entzun-gozoz, inongo ñabardurarik gabe, esana behar du): Barkatuko didazu, andrea, baina uste dut, oker ez banago, zurekin non edo non egokitua naizela.

MARTIN ANDREA: Nik ere, jauna, uste dut zurekin non edo non egokitua naizela.

MARTIN JAUNA: Ez ote zaitut, andrea, ustekabean, Manchesterren, noizbait ikusi?

MARTIN ANDREA: Baliteke, bai horixe. Ni, izan ere, Manchesterren jaioa naiz! Baina ez naiz oso ondo gogoratzen, jauna, ezingo nizuke esan han ikusia zaitudan, ala ez!

MARTIN JAUNA: Alajaina, hau da marka hau! Ni ere Manchesterren jaioa naiz, andrea!

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau!

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau!... Nolanahi ere, nik, andrea, Manchestertik duela bost aste alde egin nuen, gutxi gorabehera.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau! A zer ustekabe bitxia! Nik ere, jauna, Manchestertik duela bost aste alde egin nuen, gutxi gorabehera.

MARTIN JAUNA: Goizeko zortzi t'erdietako trena hartu nuen nik, Londresa bostak laurden gutxiagotan iristen dena, andrea.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau! Bitxiaren bitxia! Eta a zer ustekabea! Nik ere, jauna, tren bera hartu nuen.

MARTIN JAUNA: Alajaina, hau da marka hau! Agian, andrea, trenean ikusiko zintudan orduan?

MARTIN ANDREA: Baliteke, bai horixe, ez dago hori zertan ukaturik, litekeena da, eta, azken batean, zergatik ez!... Baina horretaz ez naiz inondik ere gogoratzen, jauna!

MARTIN JAUNA: Ni bigarren klasean nindoan, andrea. Ingalaterran ez dago bigarren klaserik, baina ni bigarren klasean joaten naiz hala ere.

MARTIN ANDREA: Bitxiaren bitxia, hau marka, eta a zer ustekabea! Ni ere, jauna, bigarren klasean nindoan!

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau! Bigarren klasean egin dugu agian elkarrekin topo, andre maitea!

MARTIN ANDREA: Oso litekeena da hori, eta ez dago, inondik ere, zertan ukaturik. Baina horretaz ez naiz oso ondo gogoratzen, jaun maitea!

MARTIN JAUNA: Nik 8. bagoian neukan lekua, seigarren konpartimentuan, andrea!

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau! Nire lekua ere 8. bagoian zegoen, seigarren konpartimentuan, jaun maitea!

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau, eta a zer ustekabe bitxia! Agian seigarren konpartimentuan egin dugu elkarrekin topo, andre maitea?

MARTIN ANDREA: Baliteke, bai horixe! Baina ez naiz horretaz gogoratzen, jaun maitea!

MARTIN JAUNA: Egia esan, andre maitea, ni ere ez naiz horretaz gogoratzen, baina baliteke gu biok hantxe elkar ikusi izana, eta horretan ondo pentsatzen badut, oso litekeen zerbait iruditzen zait hori!

MARTIN ANDREA: O! Benetan, jakina, benetan, jauna!

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau!... Nik 3. jarlekua neukan, leiho ondoan, andre maitea.

MARTIN ANDREA: O, alajaina, hau da marka hau, eta bitxiaren bitxia, nik 6. jarlekua neukan, leiho ondoan, zure aurrez aurre, jaun maitea.

MARTIN JAUNA: O, alajaina, hau da marka hau, eta a zer ustekabea!... Aurrez aurre ginen bada, andre maitea! Hantxe ikusiko genuen elkar!

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau! Baliteke, baina ez naiz horretaz gogoratzen, jauna!

MARTIN JAUNA: Egia esan, andre maitea, ni ere ez naiz horretaz gogoratzen. Hala ere, oso litekeena da guk biok okasio hartan elkar ikusi izana.

MARTIN ANDREA: Egia da, baina ez nago horretaz batere ziur, jauna.

MARTIN JAUNA: Ez al zinen zu, andre maitea, maleta sarean jartzeko eskatu zidan andrea, eta, ondoren, eskerrak eman eta erretzeko baimena eman zidana?

MARTIN ANDREA: Bai horixe, ni izango nintzen, jauna! Hau da marka hau, hau da marka hau, eta a zer ustekabea!

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau, bitxiaren bitxia, eta a zer ustekabea! Hara, orduan, orduan, agian une hartantxe ezagutuko genuen elkar, andrea?

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, eta a zer ustekabea! Baliteke, bai horixe, jaun maitea! Hala ere, ez dut uste horretaz gogoratzen naizenik.

MARTIN JAUNA: Ni ere ez, andrea.

 

(Isilune bat. Erlojuak 2-1 jotzen du.)

 

MARTIN JAUNA: Londresera iritsi nintzenez geroztik, Bromfield kalean bizi naiz, andre maitea.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, bitxiaren bitxia! Ni ere, Londresera iritsi nintzenez geroztik, Bromfield kalean bizi naiz, jaun maitea.

MARTIN JAUNA: Hau da marka hau, baina orduan, baina orduan, agian Bromfield kalean topo egingo genuen elkarrekin, andre maitea.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, bitxiaren bitxia! Azken batean, baliteke, bai horixe! Baina ez naiz horretaz gogoratzen, jaun maitea.

MARTIN JAUNA: Ni 19. zenbakian bizi naiz, andre maitea.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, nik ere 19. zenbakian dut bizilekua, jaun maitea.

MARTIN JAUNA: Baina orduan, baina orduan, baina orduan, baina orduan, baina orduan, agian etxe horretan ikusi dugu gu biok elkar, andre maitea?

MARTIN ANDREA: Baliteke, bai horixe, baina ez naiz horretaz gogoratzen, jaun maitea.

MARTIN JAUNA: Nire etxebizitza bosgarren solairuan dago, 8. zenbakia du, andre maitea.

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, alajaina, bitxiaren bitxia! Eta a zer ustekabea! Ni ere bosgarren solairuan bizi naiz, 8. zenbakia duen etxebizitzan, jaun maitea!

MARTIN JAUNA (pentsakor): Hau da marka hau, hau da marka hau, hau da marka hau, eta a zer ustekabea! Hara, nire logelan ohe bat dut. Lumatxa berde batez estalia daukat ohea. Gela hori, bere ohe eta bere lumatxa berdea eta guzti, korridorearen atzealdean dago, komunen eta liburutegiaren artean, andre maitea!

MARTIN ANDREA: A zer ustekabea, alajaina, a zer ustekabea! Nire logelak ere ohe bat du, lumatxa berdea eta guzti, eta korridorearen atzealdean dago, komunen, jaun maitea, eta liburutegiaren artean!

MARTIN JAUNA: Hau da hau marka, gauza bitxia, arraroa! Orduan, andrea, gela berean bizi gara, eta ohe berean lo egiten dugu, andre maitea. Agian hantxe topo egingo genuen guk biok elkarrekin!

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau, eta a zer ustekabea! Baliteke, bai horixe, guk biok hantxe elkarrekin topo egin izana, eta agian bart arratsean bertan. Baina ez naiz horretaz gogoratzen, jaun maitea!

MARTIN JAUNA: Nik neska txiki bat dut, nire alaba txikia, nirekin bizi da, andre maitea. Bi urte ditu, ile-horia da, begi bat zuria du eta bestea gorria, oso polita da, Alice du izena, andre maitea.

MARTIN ANDREA: A zer ustekabe bitxia! Nik ere neska txiki bat dut, bi urte ditu, begi bat zuria eta bestea gorria, oso polita da, eta honek ere Alice du izena, jaun maitea!

MARTIN JAUNA (lehengo ahots motel, monotono berberaz): Hau da marka hau, eta a zer ustekabea! Eta bitxia! Neska bera da agian, andre maitea!

MARTIN ANDREA: Hau da marka hau! Baliteke, bai horixe, jaun maitea.

 

(Isilune luze samar bat...
Erlojuak hogeita bederatzi aldiz jotzen du.)

 

MARTIN JAUNA (luzaroan gogoeta egin ondoren, poliki-poliki zutitzen da, eta presarik gabe, Martin andrearengana joaten da, eta hura ere, Martin jaunaren itxura itzaltsuaz harriturik, zutitu egin da, astiro-astiro; Martin jaunak lehengo ahots bitxi, monotono, nolerebait entzun-gozo berbera du): Hortaz, andre maitea, uste dut ez dagoela inolako zalantzarik, elkar ikusiak gara dagoeneko eta zu nire emaztea zara... Élisabeth, aurkitu zaitut!

 

Martin andrea Martin jaunari hurbiltzen zaio presarik gabe. Elkar besarkatzen dute, ezer adierazi gabe. Erlojuak behin jotzen du, oso ozen. Erlojuaren joaldiak hain ozena izan behar du, non ikusleak ikaratu behar baititu. Martin senar-emazteek ez dute joaldi hori entzuten.

 

MARTIN ANDREA: Donald, zu zara, darling!

 

(Besaulki berean esertzen dira, elkar besarkaturik gelditzen dira, eta lo hartzen dute. Erlojuak behin eta berriz jotzen du. Mary, oin puntetan, hatz bat ezpainetan, agertokian sartzen da poliki-poliki, eta ikusleei hitz egiten die.)

 

 

V. agerraldia

LEHENGO BERAK ETA MARY

 

MARY: Élisabeth eta Donald zoriontsuegiak dira orain niri entzun ahal izateko. Sekretu bat jakinarazi diezazueket, beraz. Élisabeth ez da Élisabeth, Donald ez da Donald. Hona hemen horren froga: Donaldek aipatzen duen umea ez da Élisabethen alaba, ez da pertsona bera. Donalden neska kozkorrak begi bat zuria du eta bestea gorria, Élisabethen neska kozkorrak bezalaxe. Baina Donalden umeak begi zuria eskuinean du eta begi gorria ezkerrean, eta Élisabethen umeak, berriz, begi gorria eskuinean du eta zuria ezkerrean! Hortaz, Donalden arrazoibide osoak lur jotzen du haren teoria osoa desegiten duen azken eragozpen honen kontra. Erabateko frogak diruditen kointzidentzia harrigarri horiek gorabehera, Donald eta Élisabeth ume beraren gurasoak ez direnez, ez dira Donald eta Élisabeth. Alferrik uste du Donaldek bera Donald dela, alferrik uste du Élisabethek bera Élisabeth dela. Alferrik uste du Donaldek Élisabeth Élisabeth dela. Alferrik uste du Élisabethek Donald Donald dela: oker daude latz eta garratz. Nor da ordea benetako Donald? Nor da benetako Élisabeth? Nork ote du beraz halako interesa nahasmendu hau iraunarazten? Nik horretaz tutik ez dakit. Ez gaitezen hori jakiten ahalegindu. Utz ditzagun gauzak dauden daudenean. (Urrats batzuk egiten ditu aterantz, gero atzera egiten du, eta ikusleei hitz egiten die.) Nire benetako izena Sherlock Holmes da.

 

(Irten egiten da.)

 

 

VI. agerraldia

LEHENGO BERAK MARY GABE

 

(Erlojuak nahi adina aldiz jotzen du. Une askoren ondoren, Martin jauna eta Martin andrea elkarrengandik bereizten dira eta nor bere hasierako leku berberera joaten dira.)

 

MARTIN JAUNA: Ahaz dezagun, darling, gure artean gertatu ez den guztia, eta, orain berriz elkarrekin gaudenez, saia gaitezen sekula gehiago ez galtzen, eta bizi gaitezen lehen bezala.

MARTIN ANDREA: Bai, darling.

 

 

VII. agerraldia

LEHENGO BERAK ETA SMITHTARRAK

 

(Smith jauna eta Smith andrea eskuinetik sartzen dira, janzkera batere aldatu gabe.)

 

SMITH ANDREA: Gabon, adiskide maiteok! Barkaiguzue hain denbora luzean zain eduki izana. Uste izan dugu zuei zor zaizuen harrera ona egin behar genizuela, eta, jakin dugun orduko guri atsegin eman nahirik gugana etortzekoak zinetela ikustaldi bat egitera, aldez aurretik zuen bisitaldia iragarri gabe, arin bai arin joan gara gure festa-jantziak janztera.

SMITH JAUNA (haserre bizian): Egun osoan ez dugu ezer jan. Lau orduz eduki gaituzue zuen zain. Zergatik etorri zarete berandu?

 

(Smith andrea eta Smith jauna bisitarien aurrez aurre esertzen dira. Erlojuak antzezleen erantzunak azpimarratzen ditu, noiz ozenago, noiz motelago, kasuan kasu.)

(Martindarrek, Martin andreak batez ere, estututa eta lotsatuta dirudite. Eta, horregatik, elkarrizketak nekez egiten du bide, eta hitzak, hasieran, kostata ahoratzen dira. Isilune luze trabaz bete bat aurrenik, eta beste isilune batzuk eta duda-mudak ondoren.)

 

SMITH JAUNA: Hm.

 

(Isilunea.)

 

SMITH ANDREA: Hm, hm.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN ANDREA: Hm, hm, hm.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: Hm, hm, hm, hm.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN ANDREA: O, izan ere.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: Hotzeria dugu denok.

 

(Isilunea.)

 

SMITH JAUNA: Ez du hotzik egiten ordea.

 

(Isilunea.)

 

SMITH ANDREA: Ez dago haize-lasterrik.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: O ez, zorionez.

 

(Isilunea.)

 

SMITH JAUNA: Ai ene!, ai ene!, ai ene bada!

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: Oinazez al zaude?

 

(Isilunea.)

 

SMITH ANDREA: Ez. Asper-asper eginda dago.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN ANDREA: O, jauna, zure adinean, ez zenuke aspertuta egon behar.

 

(Isilunea.)

 

SMITH JAUNA: Bihotzak ez du adinik.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: Egia da.

 

(Isilunea.)

 

SMITH ANDREA: Hala diote.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN ANDREA: Kontrakoa ere esaten dute.

 

(Isilunea.)

 

SMITH JAUNA: Bien artean dago egia.

 

(Isilunea.)

 

MARTIN JAUNA: Zuzena da hori.

 

(Isilunea.)

 

SMITH ANDREA (Martin senar-emazteei): Zuek asko bidaiatzen duzuenez, izan beharko zenukete, hala ere, gauza interesgarririk guri kontatzeko.

MARTIN JAUNA (bere emazteari): Tira, maitea, zer ikusi duzu gaur?

MARTIN ANDREA: Ez du merezi, ez lidakete sinetsiko.

SMITH JAUNA: Ez dugu zure zintzotasuna zalantzan jarriko!

SMITH ANDREA: Irain egingo zeniguke hori pentsatuko bazenu.

MARTIN JAUNA (bere emazteari): Irain egingo zenieke, maitea, hori pentsatuko bazenu...

MARTIN ANDREA (adeitasunez): Tira ba, gauza txit harrigarri bat ikusi dut gaur. Ez da sinesteko gauza.

MARTIN JAUNA: Esan bizkor, maitea.

SMITH JAUNA: A, barre ederrik egingo dugu.

SMITH ANDREA: Azkenean.

MARTIN ANDREA: Beraz ba, gaur, banindoan azokara barazkiak erostera, izan ere, gero eta garestiago daude...

SMITH ANDREA: Hori da hori garestitu beharra!

SMITH JAUNA: Eziozu jarduna eten, maitea, bihurria alaena.

MARTIN ANDREA: Eta hor non ikusi dudan, kalean, kafe-etxe baten ondoan, gizon bat, txukun-txukun jantzia, berrogeita hamar bat urtekoa, edo hortxe-hortxe betegabekoa oraindik, eta hark...

SMITH JAUNA: Hark, zer?

SMITH ANDREA: Hark, zer?

SMITH JAUNA (bere emazteari): Ez jardunik eten, maitea, gogaikarria zara gero.

SMITH ANDREA: Maitea, zu zara aurrenik jarduna eten diona, petral horrek.

MARTIN JAUNA: Ixo. (Bere emazteari.) Zertan ari zen gizon hori?

MARTIN ANDREA: Ba, asmatzen ari naizela esango duzue, belaun bat lurrean jarrita zuen, eta makurtuta zegoen.

MARTIN JAUNA, SMITH JAUNA, SMITH ANDREA: O!

MARTIN ANDREA: Makurtuta, bai.

SMITH JAUNA: Ez da posible.

MARTIN ANDREA: Makurtuta, bai. Harengana hurbildu naiz zertan ari zen ikusteko...

SMITH JAUNA: Eta zer?

MARTIN ANDREA: Bere zapatako lokarriak lotzen ari zen, askatuta zituen eta.

BESTE HIRURAK: Hori da hori!

SMITH JAUNA: Zuk esana ez balitz, ez nuke sinetsiko.

MARTIN JAUNA: Zergatik ez? Hori baino askoz gauza harrigarriagoak ikusten dira kalean barrena. Hala, gaur neronek ikusia dut metroan, jarleku batean eserita, gizon bat egunkaria lasai asko irakurtzen.

SMITH ANDREA: Xelebrea gizona!

SMITH JAUNA: Gizon bera izango zen agian!

 

(Ate nagusiko txirrin hotsa entzuten da.)

 

SMITH JAUNA: Hara, txirrina jo dute.

SMITH ANDREA: Norbait izango da atean. Banoa ikustera. (Ikustera doa. Atea irekitzen du, eta itzultzen da.) Inor ez.

 

(Berriz esertzen da.)

 

MARTIN JAUNA: Beste adibide bat jarriko dizuet...

 

(Txirrina.)

 

SMITH JAUNA: Hara, txirrina jo dute.

SMITH ANDREA: Norbait izango da. Banoa ikustera. (Ikustera doa. Atea irekitzen du, eta itzultzen da.) Inor ez.

 

(Bere lekura itzultzen da.)

 

MARTIN JAUNA (zertan dabilen ahaztu zaio): Oi!...

MARTIN ANDREA: Beste adibide bat jarri behar omen zenuen.

MARTIN JAUNA: A bai...

 

(Txirrina.)

 

SMITH JAUNA: Hara, txirrina jo dute.

SMITH ANDREA: Ni ez noa berriz atea irekitzera.

SMITH JAUNA: Bai, baina norbait izango da atean!

SMITH ANDREA: Lehenengo aldian, ez zegoen inor. Bigarren aldian ere ez. Zergatik uste duzu oraingoan norbait izango dela?

SMITH JAUNA: Txirrina jo dutelako!

MARTIN ANDREA: Hori ez da arrazoia.

MARTIN JAUNA: Izango ez da ba? Atean txirrin hotsa entzuten denean, atean norbait izaten da, atea ireki diezaioten txirrina jotzen.

MARTIN ANDREA: Ez beti. Arestian ikusi duzu!

MARTIN JAUNA: Gehienetan, bai.

SMITH JAUNA: Ni norbaiten etxera joaten naizenean, txirrina jotzen dut sartzeko. Mundu guztiak gauza bera egiten duela uste dut nik, eta txirrinak jotzen duen bakoitzean norbait izaten dela atean.

SMITH ANDREA: Hori egia da teorian. Baina errealitatean gauzak ez dira horrela gertatzen. Ondotxo ikusi duzu arestian.

MARTIN ANDREA: Zure emazteak arrazoi du.

MARTIN JAUNA: O! Zuek, emakumeak, bata bestea defenditzen zabiltzate beti.

SMITH ANDREA: Ondo da, banoa ikustera. Ez duzu esango egoskorra naizela, baina ikusiko duzu nola ez dagoen inor! (Ikustera doa. Atea irekitzen du eta berriz ixten du.) Ikusten duzu, ez dago inor.

 

(Bere lekura itzultzen da.)

 

SMITH ANDREA: A! Hauek gizonak, beti arrazoi izan nahi eta beti oker ibili!

 

(Txirrin hotsa entzuten da berriz ere.)

 

SMITH JAUNA: Hara, txirrina jo dute. Norbait izango da atean.

SMITH ANDREA (sutan jarririk): Ez atea irekitzera ni gehiago bidali. Ikusi duzu alferrik zela. Esperientziak erakusten digu atean txirrin hotsa entzuten denean, inoiz ere ez dela inor izaten.

MARTIN ANDREA: Inoiz ere ez.

MARTIN JAUNA: Ez da gauza ziurra.

SMITH JAUNA: Gezurra ere bada. Gehienetan, atean txirrin hotsa entzuten denean, norbait ate joka dabilelako izaten da.

SMITH ANDREA: Gogor dago hau bere bostean.

MARTIN ANDREA: Nire senarra ere oso egoskorra da.

SMITH JAUNA: Norbait izaten da atean.

MARTIN JAUNA: Ez da ezinezkoa.

SMITH ANDREA (bere senarrari): Ez.

SMITH JAUNA: Bai.

SMITH ANDREA: Ezetz esaten dizut. Nolanahi ere, ez didazu berriz alferrik enbarazu egingo. Ikustera joan nahi baduzu, zoaz zerori!

SMITH JAUNA: Banoa.

 

(Smith andreak sorbaldak jasotzen ditu.
Martin andreak buruari eragiten dio.)

 

SMITH JAUNA (atea irekitzera doa): A! How do you do! (Begiratu bat ematen die Smith andreari eta Martin senar-emazteei; harri eta zur daude hirurak.) Suhiltzaileen kapitaina da!

 

 

VIII. agerraldia

LEHENGO BERAK, SUHILTZAILEEN KAPITAINA

 

SUHILTZAILEA (Burubabes handi distiratsu bat du, jakina, eta uniformea): Arratsalde on, jaun-andreok. (Besteak harritu samar daude oraindik. Smith andreak, haserre, burua jiratzen du, eta ez dio bere agurrari erantzuten.) Arratsalde on, Smith andrea. Haserre dirudizu.

SMITH ANDREA: O!

SMITH JAUNA: Hara bada, zera... emaztea burumakur samar daukat arrazoi izan ez duelako.

MARTIN JAUNA: Eztabaida izan da, suhiltzaileen kapitain jauna, Smith jaunaren eta Smith andrearen artean.

SMITH ANDREA (Martin jaunari): Hori ez da zure kontuko gauza! (Smith jaunari.) Arren eta arren eskatzen dizut gure arteko liskarretan arrotzik tartean ez sartzeko.

SMITH JAUNA: O, maitea, ez da hainbesterako ere. Kapitaina aspaldiko adiskidea dugu geure etxean. Haren amak gortea egiten zidan, eta haren aita ezaguna nuen. Nire alaba berari emaztetzat emateko eskatu zidan, alabarik izango nuenean. Horren esperoan hil zen.

MARTIN JAUNA: Ez da ez haren errua eta ez zurea.

SUHILTZAILEA: Tira, zertan da kontu hori?

SMITH ANDREA: Nire senarra setaz ari zen esaten...

SMITH JAUNA: Ez, zu ari zinen setaz esaten...

MARTIN JAUNA: Bai, Smith andrea ari zen.

MARTIN ANDREA: Ez, Smith jauna ari zen.

SUHILTZAILEA: Ez zaitezte aztoratu. Kontaidazu hori, Smith andrea.

SMITH ANDREA: Aizu ba, horra. Enbarazu handia egiten dit zuri argi eta garbi hitz egiteak, baina suhiltzailea aitor-entzule ere bada.

SUHILTZAILEA: Orduan zer?

SMITH ANDREA: Liskarrean aritu gara, nire senarrak esaten zuelako atean txirrin hotsa entzuten denean norbait izaten dela beti ate joka.

MARTIN JAUNA: Harritzeko gauzarik ez du horrek.

SMITH ANDREA: Eta nik, berriz, esaten nion txirrin hotsa entzuten den bakoitzean ez dela inor izaten atean.

MARTIN ANDREA: Harritzeko gauza dirudi horrek.

SMITH ANDREA: Frogatuta dago ordea, ez frogabide teorikoz, egitez baizik.

SMITH JAUNA: Gezurra da, suhiltzailea hemen dago eta. Berak txirrina jo du, nik atea ireki dut, eta hantxe zegoen.

MARTIN ANDREA: Noiz?

MARTIN JAUNA: Segituan ordea.

SMITH ANDREA: Bai, baina norbait agertzerako, txirrin hotsa entzun dugun laugarren aldia zen. Eta laugarren aldian ez du balio.

MARTIN ANDREA: Ez horixe. Aurreneko hirurak dira balio duten bakarrak.

SMITH JAUNA: Kapitain jauna, neronek ere egin nahi dizkizut galdera batzuk, galdetzea zilegi bazait.

SUHILTZAILEA: Bota.

SMITH JAUNA: Atea ireki eta ikusi zaitudanean, zuk jo al duzu txirrina?

SUHILTZAILEA: Bai, neronek jo dut.

MARTIN JAUNA: Atean al zinen? Etxean sartzeko jo al duzu txirrina?

SUHILTZAILEA: Ez dizut ukatuko.

SMITH JAUNA (bere emazteari, garaile): Ikusten? Arrazoi nuen. Txirrin hotsa entzuten dela atean, hortxe norbait txirrin joka. Ezin esango duzu kapitaina norbait ez denik.

SMITH ANDREA: Ez noski. Esaten dizut ba, berriz ere, lehendabiziko hiru aldiez besterik ez natzaizula ari, laugarrenak ez du balio eta.

MARTIN ANDREA: Eta txirrina aurreneko aldiz jo dutenean, zu al zinen?

SUHILTZAILEA: Ez, ez nintzen ni.

MARTIN ANDREA: Ikusten? Txirrina jo dute eta ez zegoen inor.

MARTIN JAUNA: Beste norbait izango al zen agian?

SMITH JAUNA: Luzaroan egon al zara atarian?

SUHILTZAILEA: Hiru ordu laurden.

SMITH JAUNA: Eta ez duzu inor ikusi?

SUHILTZAILEA: Inor ez. Ziur naiz horretaz.

MARTIN ANDREA: Entzun al duzu txirrina bigarren aldiz jotzen?

SUHILTZAILEA: Bai, orduan ere ez nintzen ni. Eta ez zegoen inor, ezta ere.

SMITH ANDREA: Irabazi dut! Nik dut arrazoia.

SMITH JAUNA (bere emazteari): Zaude pixka batean. (Suhiltzaileari.) Eta zertan ari zinen atarian?

SUHILTZAILEA: Ezertan ez. Egonean. Makina bat burutazio nerabilen gogoan.

MARTIN JAUNA (suhiltzaileari): Baina hirugarren aldian... txirrina ez al duzu zuk jo?

SUHILTZAILEA: Bai, nik jo dut.

SMITH JAUNA: Ireki dugunean, ordea, ez zaitugu ikusi.

SUHILTZAILEA: Ezkutatu egin naiz eta... txantxetan.

SMITH ANDREA: Ez da txantxa, kapitain jauna. Oso kontu tristea da hau.

MARTIN JAUNA: Beraz bada, oraindik ez dakigu ea atean txirrina jotzen dutenean norbait baden ala ez!

SMITH ANDREA: Sekula inor ez.

SMITH JAUNA: Beti norbait.

SUHILTZAILEA: Elkar harraraziko dizuet. Biok duzue arrazoi pixka bat. Atean txirrina jotzen dutenean, batzuetan norbait izaten da, eta beste batzuetan ez da inor izaten.

MARTIN JAUNA: Itxurazkoa deritzot horri.

MARTIN ANDREA: Baita nik ere.

SUHILTZAILEA: Berez, gauzak soil-soilak izaten dira. (Smith senar-emazteei.) Besarka ezazue elkar.

SMITH ANDREA: Arestian besarkatu dugu elkar.

MARTIN JAUNA: Bihar besarkatuko dute elkar. Badute astia nahikoa eta gehiago.

SMITH ANDREA: Kapitain jauna, hau dena argitzen lagundu diguzunez, eroso jar zaitez, erantzi burubabesa, eta eser zaitez pixka batean.

SUHILTZAILEA: Barkatuko didazue, baina ezin naiz luzaroan gelditu. Burubabesa erantziko dut, hori bai, baina ez dut esertzeko betarik. (Esertzen da, burubabesa erantzi gabe.) Aitortzen dizuet zeharo beste kontu baterako etorri naizela zuen etxera. Lanbideari dagokion betebeharrak ekarri nau hona.

SMITH ANDREA: Eta zertan da zure betebehar hori, kapitain jauna?

SUHILTZAILEA: Nire nabarmenkeria hau barkatzeko mesedez eskatu behar dizuet (estu eta larri), oi, (hatzaz erakusten ditu Martin senar-emazteak) ...ba al daukat esatea... hauen aurrean...

MARTIN ANDREA: Ez estutu, gizona.

MARTIN JAUNA: Aspaldiko adiskideak ditugu. Den-dena kontatzen digute.

SMITH JAUNA: Esan ba.

SUHILTZAILEA: Tira ba, horra. Ba al duzue surik etxean?

SMITH ANDREA: Zergatik galdetzen diguzu hori?

SUHILTZAILEA: Horra zergatik... barkatuko didazue, hiriko sute guztiak itzaltzeko agindua dudalako.

MARTIN ANDREA: Guztiak?

SUHILTZAILEA: Bai, guzti-guztiak.

SMITH ANDREA (harritua): Ez dakit... ez dut uste, nahi duzu begiratzera joatea?

SMITH JAUNA (usainka): Batere ez da egongo. Ez dago erre usainik.

SUHILTZAILEA (nahigabetua): Batere ez? Ez duzue izango sutondoko su txikiren bat, zer edo zer sutan ganbaran edo sotoan? Sute bat oraintxe erretzen hasiberria, bederen?

SMITH ANDREA: Entzun, ez zaitut nahigabetu nahi, baina ez dut uste gure etxean oraingoz ezer badenik. Hitz ematen dizut abisatuko dizudala ezer izan orduko.

SUHILTZAILEA: Ez ahaztu gero, mesede handia egingo zenidake eta.

SMITH ANDREA: Hitza hitz.

SUHILTZAILEA (Martin senar-emazteei): Eta zuen etxean, ez duzue han ere ezer sutan?

MARTIN ANDREA: Ez, zoritxarrez.

MARTIN JAUNA (suhiltzaileari): Bolada txarra lan-kontuetarako!

SUHILTZAILEA: Oso txarra. Ezer gutxi dago, huskeria bakan batzuk, sutondoren bat, mandioren bat. Ganorazkorik ezer ez. Irabazi laburreko jarduna da hau. Eta etekinik ez dagoenez, produkzioaren hobaria oso urria da.

SMITH JAUNA: Inon ez da giro. Bazter guztietan berdin. Merkataritza, nekazaritza, sua bezalaxe dabiltza aurtengoan, bide txarrean.

MARTIN JAUNA: Garirik ez, surik ez.

SUHILTZAILEA: Ezta uholderik ere.

SMITH ANDREA: Azukrea bai, ordea.

SMITH JAUNA: Atzerritik ekartzen dutelako.

MARTIN ANDREA: Sute kontuetan zailagoa da. Zerga gehiegi!

SUHILTZAILEA: Izaten da, hala ere, baina hori ere aski bakan, gasak itotakoren bat, edo bi. Hala, neska gazte bat ito zen, joan den astean, irekia utzi zuen gasa.

MARTIN ANDREA: Ahaztu egin al zitzaion?

SUHILTZAILEA: Ez, baina bere orrazia zelakoan zegoen.

SMITH JAUNA: Nahaste horiek arriskutsuak izaten dira beti!

SMITH ANDREA: Joan al zara galdezka pospolo-saltzailearen etxera?

SUHILTZAILEA: Alfer-alferrik. Sutearen aurka aseguratuta dago.

MARTIN JAUNA: Zoaz ba, nire partez, Wakefieldeko bikarioarengana!

SUHILTZAILEA: Nik ez dut eskubiderik apaizen etxeetan sua itzaltzeko. Apezpikua gozoa jarriko litzaidake. Bakar-bakarrik itzaltzen dituzte haiek beren suak, edo vestalei itzalarazten dizkiete bestela.

SMITH JAUNA: Egizu saio bat Duranden etxean.

SUHILTZAILEA: Hori ere ezin. Ez da ingelesa. Bertakotua besterik ez da. Bertakotuek badute eskubidea etxeak edukitzeko, baina ez ordea etxeak itzalarazteko, baldin eta su hartzen badute.

SMITH ANDREA: Nolanahi ere, iaz etxeak su hartu zionean, ondo asko itzali zuten horratik!

SUHILTZAILEA: Bakar-bakarrik egin zuen hori. Isilpean. O, neronek behintzat ez dut salatuko.

SMITH JAUNA: Nik ere ez.

SMITH ANDREA: Presa handirik ez duzunez, kapitain jauna, beste pixka batean egon zaitez. Atsegin egingo zeniguke.

SUHILTZAILEA: Pasadizoren bat kontatzea nahi duzue?

SMITH ANDREA: O, bai noski, zu bai gizon maitagarria.

 

(Besarkatzen du.)

 

SMITH JAUNA, MARTIN ANDREA, MARTIN JAUNA: Bai, bai, pasadizoak, hori duk eta!

 

(Txalo egiten dute.)

 

SMITH JAUNA: Eta askoz ere interesgarriagoa da gainera, egiazkoak baitira, den-denak, suhiltzailearen gertaerak, eta hari berari gertatuak.

SUHILTZAILEA: Neure buruan ikusia naizen gauzez ari naiz. Izadia, izadia besterik ez. Ez liburuak.

MARTIN JAUNA: Horixe bai, egia ez dago, bestela ere, liburuetan, bizitzan baizik.

SMITH ANDREA: Hasi!

MARTIN JAUNA: Hasi!

MARTIN ANDREA: Ixo, hastera doa.

SUHILTZAILEA (eztul txikia egiten du hainbat aldiz): Barkaidazue, ez niri horrela begiratu. Aztoratu egiten nauzue. Badakizue lotsatia naizela.

SMITH ANDREA: Bai gizon maitagarria!

 

(Besarkatzen du.)

 

SUHILTZAILEA: Saiatu, behintzat, saiatuko naiz hasten. Baina hitz emaidazue ez zaretela adi egongo.

MARTIN ANDREA: Adi egoten ez bagara, aditu ere ez dizugu egingo ordea.

SUHILTZAILEA: Bururatu ez niri!

SMITH ANDREA: Esan ez dizuet ba: ume bat da.

MARTIN JAUNA, SMITH JAUNA: O, mutiko maitea!

 

(Besarkatzen dute.)

 

MARTIN ANDREA: Ekin!

SUHILTZAILEA: Hara bada. (Eztul txikia egiten du berriz, eta zirrarak dardararazitako ahotsaz hasten da gero.) «Zakurra eta idia», alegia esperimentala: behin batean, beste idi batek galdetu zion beste zakur bati: zergatik ez duk tronpa irentsi? Barka, erantzun zion zakurrak, elefantea nintzela uste nuelako.

MARTIN ANDREA: Zein da irakaspena?

SUHILTZAILEA: Zeuek aurkitu behar diozue.

SMITH JAUNA: Arrazoi du.

SMITH ANDREA (haserre bizian): Beste bat.

SUHILTZAILEA: Txahal gazte batek beira txikitu gehiegi jan zuen. Beraz, erditu egin behar izan zuen. Behi bat ekarri zuen mundura. Nolanahi ere, txahala mutila zenez, behiak ezin zion «ama» esan. Ezin zion ezta ere «aita» esan, txahala txikiegia zelako. Orduan txahalak pertsona batekin ezkondu behar izan zuen, eta orduan udalak neurri guztiak hartu zituen, boladan zeuden zer-nolakoek agintzen zuten erara.

SMITH JAUNA: Caengo erara.

MARTIN JAUNA: Tripakiak bezala.

SUHILTZAILEA: Ezagutzen zenuten beraz?

SMITH ANDREA: Egunkari guztietan atera zen.

MARTIN ANDREA: Hori gure etxetik ez oso urrun gertatu zen.

SUHILTZAILEA: Beste bat kontatuko dizuet. «Oilarra.» Behin batean, oilar batek zakur plantak egin nahi izan zituen. Baina huts egin zuen, berehala igarri zioten eta.

SMITH ANDREA: Oilar plantak egin nahi izan zituen zakurrari, berriz, ez zioten inoiz igarri.

SMITH JAUNA: Nik ere pasadizo bat kontatu nahi dizuet: «Sugea eta azeria». Behin batean, suge bat azeri bati hurbildu zitzaion eta esan zion: «Zu ezagutzen zaitut, inondik ere!». Azeriak erantzun zion: «Baita nik ere zu». «Hortaz —esan zion sugeak— dirua emadazu.» «Azeriak ez du dirurik ematen», erantzun zion animalia maltzur hark, eta, ihes egiteko, marrubiz eta oilo-eztiz betetako haran batera salto egin zuen. Ordurako, han zeukan zain sugea, irribarre mefistotelikoz barrez. Azeriak labana atera zion garrasika: «Nik erakutsiko diat bizitzen!», gero, hanka egin zuen, bizkarra emanik. Ustel atera zitzaion. Sugea bizkorragoa izan zen. Ukabilkada ondo aukeratu batez kopetaren erdi-erdian jo zuen azeria, eta hura mila puskatan puskatu zen, oihu eginez: «Ez! Ez! Lau aldiz ez! Ni ez naiz zure alaba».

MARTIN ANDREA: Interesgarria da.

SMITH ANDREA: Ez dago gaizki.

MARTIN JAUNA (eskua estutzen dio Smith jaunari): Zorionak.

SUHILTZAILEA (jeloskor): Ez du piperrik balio. Eta ezagutzen nuen, gainera.

SMITH JAUNA: Izugarria da.

SMITH ANDREA: Baina ez da benetan gertatua.

MARTIN ANDREA: Bai. Zoritxarrez.

MARTIN JAUNA (Smith andreari): Zure txanda da, andrea.

SMITH ANDREA: Nik bakarra ezagutzen dut. Esan egingo dizuet. Izenburu hau du: «Lore sorta».

SMITH JAUNA: Nire emaztea erromantikoa izan da beti.

MARTIN JAUNA: Emakume ingeles peto-petoa da.

SMITH ANDREA: Horra: behin batean, senargai batek lore sorta bat eraman zion bere andregaiari, hark eskerrik asko esan zion, baina andregaiak eskerrik asko esan baino lehen, senargaiak, hitzik esan gabe, hartu zizkion erakutsi eder bat emateko emanak zizkion loreak, eta, berriz hartuko ditut esanez, agur esan zion, berriz hartu zituen, eta urrundu egin zen handik eta hemendik.

MARTIN JAUNA: O, zoragarria!

 

(Smith andrea besarkatzen du edo ez du
besarkatzen.)

 

MARTIN ANDREA: A zer emaztea duzun, Smith jauna, jeloskor dauka mundu guztia.

SMITH JAUNA: Egia da. Nire emaztea adimena berbera da. Eta ni baino bizkorragoa ere bada adimenez. Nolanahi ere, ni baino askoz emakumezkoagoa da. Hala diote.

SMITH ANDREA (suhiltzaileari): Beste bat, kapitain.

SUHILTZAILEA: O ez, oso berandu da.

MARTIN JAUNA: Kontatu hala ere.

SUHILTZAILEA: Neka-neka eginda nago.

SMITH JAUNA: Egiguzu mesede hori.

MARTIN JAUNA: Arren.

SUHILTZAILEA: Ez.

MARTIN ANDREA: Izotzezkoa duzu bihotza. Erre beharrean gaude.

SMITH ANDREA (belaunikatzen zaio, intzirika, edo ez zaio belaunikatzen): Arren eta arren.

SUHILTZAILEA: Bego.

SMITH JAUNA (Martin andreari, belarrira): Baietz esan du! Aspertuko gaitu berriz ere gogotik.

MARTIN ANDREA: Arraioa.

SMITH ANDREA: Ederra egin dugu. Adeitsuegia izan naiz.

SUHILTZAILEA: «Hotzeria.» Nire koinatuak bazuen, aitaren aldetik, lehengusu propio bat, eta lehengusu horren amaren aldeko osaba batek, berriz, bazuen aitaginarreba bat, eta aitagina horren aitaren aldeko aitona bat bigarren aldiz ezkondu zen neska gazte indigena batekin, eta neska horren nebak, bere bidaietako batean, neska baten ezaguera egin zuen, eta harekin maitemindu zen eta seme bat izan zuen harekin, eta seme hura neska botikari ausart batekin ezkondu zen, nor izango eta britainiar itsas armadako kabo ezezagun baten biloba zena, eta haren aitaordeak bazeukan izeba bat espainolez etorri handiz hitz egiten zuena, eta, agian, ingeniari baten bilobetako bat zena, gazterik hila, ardo kaskar bat ematen zuen mahasti sail baten jabe baten biloba zena bera ere, baina lehengusu txiki bat zuena ordea, etxezuloa, brigadierra, eta lehengusu horren semea neska gazte txit eder batekin ezkondu zen, dibortziatua bera, eta lehenengo senarra abertzale zintzo baten semea zuena, eta abertzale horrek ondo asmatu zuen bere alabetako bat aberastasunen irrikan hezten, eta hala ezkondu ahal izan zen neska hura Rothschild ezagutu zuen ehiztari batekin, eta ehiztari haren anaia, lanbidez maiz aldatu ondoren, ezkondu egin zen eta alaba bat izan zuen, eta neska haren birraitonak, ahula gizona, betaurrekoak zeuzkan, beraren lehengusu batek emanak, eta lehengusu hura portugaldar baten koinatua zen, errotari ez oso behartsu baten sasikumea alegia, eta errotari horren bular bereko anaiak landako mediku ohi baten alaba hartu zuen emaztetzat, mediku hori ere esne-saltzaile baten seme baten bular bereko anaia zelarik, eta esne-saltzaile hori ere beste landa mediku baten sasikumea zen, eta mediku hura hiru aldiz segidan ezkondua zen, eta haren hirugarren emaztea...

MARTIN JAUNA: Hirugarren emazte hori ezaguna dut, oker ez banago. Oilaskoa jaten zuen liztor-habia batean.

SUHILTZAILEA: Ez zen emakume bera.

SMITH ANDREA: Ixo!

SUHILTZAILEA: Diot beraz: ...eta haren hirugarren emaztea bazter haietako emaginik onenaren alaba zen, eta hura, sasoi onean alargundu zelarik...

SMITH JAUNA: Nire emaztea bezala.

SUHILTZAILEA: ...berriz ezkondu zen gogo beroz betetako beiragile batekin, eta hark egin zion, geltoki buru baten alabari, ume bat jakin zuena bizitzan bere bidea egiten...

SMITH ANDREA: Bere burdinbidea.

MARTIN JAUNA: Kartetan bezala*.

SUHILTZAILEA: Eta barazki-saltzaile ibiltari batekin ezkondu zen, eta saltzaile horren aitak bazuen anaia bat, herri txiki bateko alkatea, eta anaia hori maistra ile-hori batekin ezkonduta zegoen, eta maistra horren lehengusua, arrantza kanaberaz egiten zuena...

MARTIN JAUNA: Kanabera hilaz?

SUHILTZAILEA: ...beste maistra ile-hori batekin ezkondu zen, hark ere izena Marie zuena, eta bere neba beste Marie batekin ezkondua zuena, maistra ile-horia hura ere...

SMITH JAUNA: Ile-horia denez, Marie baizik ezin izan.

SUHILTZAILEA: ...eta maistra horren aita Kanadan hezia zuen emakume xahar batek, apaiz baten iloba zena, eta apaiz horren amonak, batzuetan, neguan, mundu guztiak bezala, hotzeria harrapatzen zuen.

SMITH ANDREA: Xelebrea kontakizuna. Ia ez da sinestekoa.

MARTIN JAUNA: Hotzeriak joz gero, dominak jarri behar.

SMITH JAUNA: Alfer-alferrikako neurria da hori, baina behar-beharrezkoa hala ere.

MARTIN ANDREA: Barkatuko didazu, kapitain jauna, baina ez dut zure kontakizuna oso ondo ulertu. Bukaeran, zuk apaizaren amona aipatu, eta hortxe ni korapilatu.

SMITH JAUNA: Apaizaren zangoetan korapilo galanta askotan.

SMITH ANDREA: O, bai, kapitain, hasi berriz! Horren eske gauzkazu denok.

SUHILTZAILEA: A! Ez dakit betarik izango dudan. Lanbideari dagokion betebeharrean nabil. Zer ordu den jakin behar.

SMITH ANDREA: Ez dugu guk etxean ordurik.

SUHILTZAILEA: Eta erlojua zer?

SMITH JAUNA: Gaizki dabil. Ukazioaren sena du. Ordu zuzena zein, hark kontrako ordua jotzen du beti.

 

 

IX. agerraldia

LEHENGO BERAK, MARYREKIN

 

MARY: Etxekoandrea... Nagusia...

SMITH ANDREA: Zer nahi duzu?

SMITH JAUNA: Zer zabiltza zu hemen?

MARY: Etxekoandreak eta nagusiak barkatuko didate... eta jaun eta andre hauek ere bai... nahi nuke... nahi nuke... nik ere... pasadizo bat kontatu.

MARTIN ANDREA: Zer dio honek?

MARTIN JAUNA: Gure adiskideen neskamea erotu egin dela uste dut... Pasadizo bat kontatu nahi du berak ere.

SUHILTZAILEA: Hara bestea! (Begiratzen dio.) O!

SMITH ANDREA: Zergatik sartzen duzu muturra?

SMITH JAUNA: Zeharo lekuz kanpo zaude, Mary...

SUHILTZAILEA: O! Bera da! Ez da posible.

SMITH JAUNA: Eta zu?

MARY: Ez da posible! Hemen?

SMITH ANDREA: Zer esan nahi du horrek!

SMITH JAUNA: Adiskideak zarete?

SUHILTZAILEA: Eta ez nolanahikoak!

 

(Maryk lepora botatzen dizkio besoak suhiltzaileari.)

 

MARY: Pozten naiz zu berriz ikusteaz... azkenean!

SMITH JAUNA eta SMITH ANDREA: O!

SMITH JAUNA: Hau gehiegi da, hemen, gure etxean, Londresko inguru hauetan.

SMITH ANDREA: Ez da egokia!...

SUHILTZAILEA: Emakume honek itzali zizkidan nire lehen suak.

MARY: Ni nau bere iturritxoa.

MARTIN JAUNA: Hori horrela bada... adiskide maiteok... sentimendu horiek ulertzekoak dira, gizabidekoak, zintzo askoak...

MARTIN ANDREA: Gizabidekoa den guztia zintzo askoa da.

SMITH ANDREA: Hala ere, ez zait atsegin neskamea hemen ikustea... gure artean...

SMITH JAUNA: Ez dago behar bezain ongi hezia...

SUHILTZAILEA: O, aurreiritzi gehiegi dituzue.

MARTIN ANDREA: Nire ustez, neskamea, azken batean, nire kontuko gauza ez bada ere, neskame besterik ez da beti...

MARTIN JAUNA: Batzuetan, detektibe aski ona izan badaiteke ere.

SUHILTZAILEA: Aska nazan.

MARY: Ez kezkatu!... Ez dira zuk uste bezain gaiztoak

SMITH JAUNA: Hum... hum... hunkigarriak zarete zuk biok, baina baita ere zertxobait... zertxobait...

MARTIN JAUNA: Bai, horixe da hitz egokia.

SMITH JAUNA: ...zertxobait nabarmenegiak...

MARTIN JAUNA: Bada britainiar begirune bat, barkaidazue berriz ere nire pentsamendua zehatz adieraztea, kanpotarrek ulertzen ez dutena, ezta espezialistek ere, eta horri esker, horrela esatea zilegi bazait... tira, ez dut hori zuengatik esaten...

MARY: Kontatu nahi nizuen...

SMITH JAUNA: Ez ezazu ezer kontatu...

MARY: O, bai!

SMITH ANDREA: Zoaz, Mary txikitxo hori, zoaz txinto-txintxo sukaldera zure poemak han irakurtzera, ispiluaren aurrean.

MARTIN JAUNA: Hara, neskamea izan gabe, nik ere poemak irakurtzen ditut ispiluaren aurrean.

MARTIN ANDREA: Gaur goizean, ispiluan zeure buruari begiratu diozunean ez duzu zeure burua ikusi.

MARTIN JAUNA: Oraindik ez nengoelako han...

MARY: Badaukat, agian, poematxo bat errezitatzea bederen.

SMITH ANDREA: Gure Mary txikia, izugarri egoskorra zara gero.

MARY: Poema bat errezitatuko dizuet, beraz, ados? Poema honek «Sua» du izenburua kapitainaren ohoretan.

                Sua

                Polikandroek distira egiten zuten basoetan

                Harri batek su hartu zuen

                Gazteluak su hartu zuen

                Basoak su hartu zuen

                Gizonek su hartu zuten

                Emakumeek su hartu zuten

                Txoriek su hartu zuten

                Arrainek su hartu zuten

                Urak su hartu zuen

                Zeruak su hartu zuen

                Errautsak su hartu zuen

                Keak su hartu zuen

                Suak su hartu zuen

                Denak su hartu zuen

                Su hartu zuen, su hartu zuen.

 

(Neskamea poema errezitatzen ari den bitartean, Smithtarrek gelatik kanpo bultzatzen dute.)

 

 

X. agerraldia

LEHENGO BERAK, MARY GABE

 

MARTIN ANDREA: Horrek bizkarra hoztu dit...

MARTIN JAUNA: Olerki horrek badu, ordea, halakoxe berotasun bat...

SUHILTZAILEA: Niri zoragarria iruditu zait.

SMITH ANDREA: Nolanahi ere...

SMITH JAUNA: Gehiegi esatea da hori...

SUHILTZAILEA: Entzun, egia da... hori dena oso subjektiboa da... baina hori da nire mundu ikuskera. Nire ametsa. Nire ideala... eta, gainera, hala gogorarazi dit joan beharrean naizela. Nola zuek ez duzuen ordurik, nik, hemendik zehatz-mehatz hiru ordu laurden eta hamasei minutu barru, sute bat dut, hiriaren beste puntan. Bizkor ibili beharra daukat. Gauza handia ez bada ere.

SMITH ANDREA: Zer ote da? Sutondoko su txiki bat?

SUHILTZAILEA: O, ezta gutxiago ere. Lasto su bat eta bihotzerre txiki bat.

SMITH JAUNA: Hortaz, damu dugu zuk alde egitea.

SMITH ANDREA: Ederki asko pasa dugu zurekin.

MARTIN ANDREA: Zuri esker, benetako ordu laurden kartesiarra igaro dugu.

SUHILTZAILEA (irteerarantz abiatzen da, gero gelditu egiten da): Izan ere, eta abeslari burusoila?

 

(Denak isilik, estutasunez.)

 

SMITH ANDREA: Betiko orrazkera berberarekin!

SUHILTZAILEA: A! Agur ba, jaunak, andreak.

MARTIN JAUNA: Zorte on, eta su on!

SUHILTZAILEA: Hala izango ahal da. Mundu guztiarentzat.

 

(Suhiltzailea badoa. Denek ateraino eramaten dute eta zein bere lekura itzultzen dira.)

 

 

XI. agerraldia

LEHENGO BERAK, SUHILTZAILEA GABE

 

MARTIN ANDREA: Nik sakelako labana bat eros dezaket nire nebarentzat, baina zuk ezin duzu Irlanda erosi zure aitonarentzat.

SMITH JAUNA: Oinez ibiltzen gara, baina elektrizitatearekin edo ikatzarekin berotzen gara.

MARTIN JAUNA: Gaur erosten duenak idi bat, bihar edukiko du arrautza bat.

SMITH ANDREA: Bizitzan leihotik begiratu beharra dago.

MARTIN ANDREA: Badago aulkian esertzea, aulkiak ez baitu aulkirik.

SMITH JAUNA: Gauza guztietan pentsatu beharra dago beti.

MARTIN JAUNA: Sabaia goian dago, zorua behean dago.

SMITH ANDREA: Baietz esaten dudanean, esateko modu bat da.

MARTIN ANDREA: Nork bere patua.

SMITH JAUNA: Har ezazu zirkulu bat, laztan egiozu, bizioz beteko zaizu!

SMITH ANDREA: Eskola maisuak irakurtzen erakusten die umeei, baina katemeak txikiak direnean ematen die titia bere txikiei.

MARTIN ANDREA: Behiak, berriz, bere isatsak ematen dizkigu.

SMITH JAUNA: Landan nagoenean, bakardadea eta lasaitasuna atsegin ditut.

MARTIN JAUNA: Ez zara oraindik horretarako bezain zaharra.

SMITH ANDREA: Benjamin Franklinek arrazoi zuen: zu ez zara bera bezain lasaia.

MARTIN ANDREA: Zein dira asteko zazpi egunak?

SMITH JAUNA: Monday, Tuesday, Wednesday, Thursday, Friday, Saturday, Sunday.

MARTIN JAUNA: Edwars is a clerck; his sister Nancy is a typist, and his brother William a shop-assistant.

SMITH ANDREA: A zer familia barregarria!

MARTIN ANDREA: Eder zelaian txoria, gaitz erdi gurdian galtzerdia.

SMITH JAUNA: Hobe bordan behikia, eta ez jauregian esnekia.

MARTIN JAUNA: Ingelesak etxea du benetako jauretxea.

SMITH ANDREA: Espainolez ez dakit nik inork ulertzeko bezain ongi.

MARTIN ANDREA: Nik neure amaginarrebaren txapinak emango dizkizut, zuk zeure senarraren hilkutxa ematen badidazu.

SMITH JAUNA: Apaiz monofisita baten bila nabil gure neskamearekin ezkonarazteko.

MARTIN JAUNA: Ogia zuhaitz bat da, baina ogia ere zuhaitz bat da, eta haritzetik haritza jaiotzen da, goizero egunsentian*.

SMITH ANDREA: Gure osaba baserrian bizi da, baina emaginak zerikusirik ez du horretan.

MARTIN JAUNA: Papera idazteko da, katua arratoiarentzat da. Gazta harramazka egiteko da.

SMITH ANDREA: Autoa oso bizkor doa, baina sukaldariak hobeto prestatzen ditu jakiak.

SMITH JAUNA: Koplaburuko izan baino, hobe azpikaria besarkatu.

MARTIN JAUNA: Charity begins at home.

SMITH ANDREA: Zain nago akueduktua nire errotara ikustaldian noiz etorriko.

MARTIN JAUNA: Badago frogatzea gizartearen aurrerabidea askoz hobea dela azukrearekin.

SMITH JAUNA: Behera betuna!

 

(Smith jaunaren azken erantzun honen ondoren, besteak isildu egiten dira une batez, harri eta zur. Halakoxe urduritasun bat nabaritzen da. Erlojuak egiten dituen joaldiak ere urduriagoak dira. Hemendik aurrerako erantzunek doinu hotz-hotz batean, etsaitasunez, esanak behar dute hasieran. Pertsonaiak gero eta etsaituago eta urduriago ariko dira. Agerraldi honen bukaeran, lau pertsonaiek zutik egon behar dute, elkarrengandik oso hurbil, zeinek bere erantzuna garrasi batean esaten, ukabilak gora, elkarrengana oldartzeko prest.)

 

MARTIN JAUNA: Betaurrekoei ez atera betun beltzarekin distira.

SMITH ANDREA: Bai, baina nahi den guztia eros daiteke diruarekin.

MARTIN JAUNA: Nahiago nik untxi bat akabatu, eta ez lorategian kantatu.

SMITH JAUNA: Kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak, kakatuak.

SMITH ANDREA: Hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria, hau kakalarria!

MARTIN JAUNA: Hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria, hau kakalardoaren kakalarria!

SMITH JAUNA: Zakurrek arkakusoak dituzte, zakurrek arkakusoak dituzte.

MARTIN ANDREA: Kaktus, Koksis! Koko! Konkordun! Kakontzi!

SMITH ANDREA: Kupelgile, kupelaz ez kupitu.

MARTIN JAUNA: Nahiago nik arrautza errun lehenik, eta idia lapurtu azkenik.

MARTIN ANDREA (ahoa alderik alde zabalduz): A!, o!, a!, o! Utzidazue hortzak karraskatzen!

SMITH JAUNA: Kaimana!

MARTIN JAUNA: Jo eta masaileko bat eman Ulisesi.

SMITH JAUNA: Nire txabolan biziko naiz ni nire kakaotzeen artean.

MARTIN ANDREA: Kakao-sailetako kakaotzeek ez dute kakahueterik ematen, kakaoa ematen dute! Kakao-sailetako kakaotzeek ez dute kakahueterik ematen, kakaoa ematen dute! Kakao-sailetako kakaotzeek ez dute kakahueterik ematen, kakaoa ematen dute!

SMITH ANDREA: Saguek bekainak dituzte, bekainek sagurik ez.

MARTIN ANDREA: Akerrak adarrak okerrak!

MARTIN JAUNA: Okerrak akerrak adarrak!

SMITH JAUNA: Olagarroaren garroak, larre errean erroak.

MARTIN ANDREA: Zakurra ez da lagun makurra.

SMITH ANDREA: Erregearen zakurra, zakurren errege.

MARTIN JAUNA: Otso zaharrari zakurrak iseka, otso zaharrari zakurrak iseka.

SMITH JAUNA: Zurruteroak zakurra harrapatu!

MARTIN ANDREA: Zirt-zart!

SMITH ANDREA: Koiperik ez zartagian!

MARTIN JAUNA: Zerririk ez bada zerritegian!

SMITH JAUNA: Zakarraren azpian zorriak.

MARTIN ANDREA: Barrenez zaharrak, azalez berriak.

SMITH ANDREA: Zaharrak atzo, gazteak etzi.

MARTIN JAUNA: Sully!

SMITH JAUNA: Prudhomme!

MARTIN ANDREA, SMITH JAUNA: François.

SMITH ANDREA, MARTIN JAUNA: Coppée.

MARTIN ANDREA, SMITH JAUNA: Coppée Sully!

SMITH ANDREA, MARTIN JAUNA: Prudhomme François.

MARTIN ANDREA: Karrankari alaenak, karrankari alaenak.

MARTIN JAUNA: Batista, ipurdian lau zizta!

SMITH ANDREA: Krishnamurti, Krishnamurti, Krishnamurti!

SMITH JAUNA: Apaizak ederrak gantzak! Gantzak ederrak ahuntzak. Ahuntzak jan ditu apaizak.

MARTIN ANDREA: Bazar, Balzac, Bazaine!

MARTIN JAUNA: Bizar, batzar, behi-zahar!

SMITH JAUNA: A, c, i, o, u, a, c, i, o, u, a, c, i, o, u, i!

MARTIN ANDREA: B, c, d, f, g, l, m, n, p, r, s, t, v, w, x, z!

MARTIN JAUNA: Makatzak garratzak, mikatzak makatzak.

SMITH ANDREA (trena imitatuz): Teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff, teuff!

SMITH JAUNA: Ezin!

MARTIN ANDREA: Da!

MARTIN JAUNA: Hortik!

SMITH ANDREA: Joan!

SMITH JAUNA: Hemendik!

MARTIN ANDREA: Joan!

MARTIN JAUNA: Behar!

SMITH ANDREA: Da!

 

(Denak batera, haserre bizian, garrasika ari dira zeinek besteen belarrietan. Argia itzali egin da. Ilunpean, gero eta erritmo biziagoz, entzuten da:)

 

DENAK BATERA: Ezin da hortik joan, hemendik joan behar da, ezin da hortik joan, hemendik joan behar da, ezin da hortik joan, hemendik joan behar da, ezin da hortik joan, hemendik joan behar da, ezin da hortik joan, hemendik joan behar da, ezin da hortik joan, hemendik joan behar da!

 

(Hitzak bat-batean isiltzen dira. Argia, berriz ere. Martin jauna eta Martin andrea eserita daude Smithtarrak emanaldiaren hasieran bezalaxe. Emanaldia berriz hasten da, eta Martindarrek Smithtarrek lehenengo agerraldian esan dituzten hitz berberak esaten dituzte, oihala poliki-poliki ixten den bitartean.)

 

Oihala

 

 

 

 

 

© Eugène Ionesco

© itzulpenarena: Jon Muñoz

 

 

"Eugène Ionesco / Abeslari burusoila" orrialde nagusia