7

 

        Ez nuen ilusiorik egiten, ez. Malnatek oso ondo ezagutzen zituen Finzi-Contini etxetik urrun egonarazten ninduten motiboak, bat bera ere kanpoan utzi gabe (orduan ere konturatzen nintzen oso ondo horretaz). Hala eta guztiz ere, gure solasaldietan gai hura ez zen inoiz ateratzen. Finzi-Continitarrei zegokienez, biok zuhurtzia eta begiramen apartekoa agertzen genuen, eta ni pozik nengoen, batez ere, berak itxurak egiten zituelako bezperako gauean esan nizkionak sinesteko: pozik nire jokoa onartu eta berak ere jokatzen zuelako, hain zuzen.

        Ia gauero ikusten genuen elkar. Uztail hasieratik, beroak bat-batean itogarri bihurtu eta hiria hustu egin zuen. Normalean ni joaten nintzen harenera, zazpietatik zortziak bitartean. Etxean aurkitzen ez nuenean, pazientziaz geratzen nintzen zain, noizbait Edvige andrearen berriketaldiekin entreteniturik. Baina gehienetan han topatzen nuen, bakarrik, sofa-ohean etzanda, kamiseta hutsean, eskuak garondoan gurutzaturik eta begiak sabaira josita, edota eserita amari karta egiten, maitasun handia baitzion, gehiegizkoa agian. Ikusten ninduen bezain azkar, bainugelan ixten zen bizarra mozteko, eta gero elkarrekin irteten ginen, elkarrekin afalduko genuela suposatuz.

        Normalean Giovanni-ra joaten ginen eta kanpoan esertzen ginen, gazteluko dorreen aurrean: gure buruen gainean, Dolomita mendietako harkaitzak bezain altuak ziren, eta, haiek bezalaxe, eguneko azken argiak gailurrean miazkatu egiten zituen. Bestela, Voltini-ra joaten ginen, Porta Reno kanpoko ostatura: han eserita, hegoaldera begira eta, garai hartan, landetara irekita zegoen arkupe txiki batean lerro-lerro jarritako mahaietan, begirada aireportuko zelai neurgaitzetaraino luza zitekeen. Bero handieneko arratsaldeetan, aldiz, hirira joan ordez, Pontelagoscurora zihoan errepide ederretik abiatzen ginen, Po gaineko burdinazko zubia igaro, eta elkarren ondoan pedalei eraginez ezponda gainetik, beste hamabost minuturen buruan iristen ginen Dogana Vecchia-ko etxe handi bakartira, Pontelagoscuro eta Polesella arteko erdibidean: aingira frijituagatik ospetsua zen leku hura. Oso mantso jaten genuen beti. Berandu arte geratzen ginen mahaian, Lambrusco eta Bosco ardotxoa edaten eta pipa erretzen. Aldiz, hirian afaltzen genuenean, halako batean eskuzapiak mahaian utzi, bakoitzak bere kontua ordaindu, eta gero, bizikletak eskutik eramanez, Giovecca aldetik paseatzen hasten ginen, gora eta behera gaztelutik Prospettivara, edo viale Cavouren zehar, gaztelutik geltokira. Gero, normalean, berak proposatzen zidan etxeraino laguntzea, gauerdi aldean. Erlojuari begirada bat eman, lotara joateko ordua zela iragarri (nahiz eta beraientzat, fabrikako «teknikoentzat», adarrak zortziak arte ez jo —gaineratu ohi zuen askotan, handioski—, ohetik zazpiak laurden gutxiagotan jaiki beharra zegoen «gutxienez»...), eta noizbait insistitzen nuen arren neuk laguntzeko berari, inoiz ez zegoen modurik berak onartzeko. Berataz geratzen zitzaidan azken irudia beti ere berbera izaten zen: galtzada erdian geldi, bizikleta gainean, han egoten zen sudurren aurrean atetzarra ondo-ondo itxi arte.

        Afaldu ondoren, bizpahiru gautan Porta Renoko bastioietan amaitu genuen, non, uda hartan, jolasparke bat instalatu baitzen alde batean gasometrora eta bestean piazza Travagliora ematen zuen zabaltokian. Lau xentimoko jolasparkea zen: dozena erdi bat tiro-barraka, zaldi-zirku txiki baten lonazko oihalpe adabakituaren onddoaren inguruan. Lekua erakargarria gertatzen zitzaidan. Erakargarria gertatu ezezik, hunkitu ere egiten ninduen bertara joan ohi ziren prostituta koitadu, biligarro, soldadu eta errebaletako homosexual dohakabeek osaturiko gizarte malenkoniatsuak. Apollinaire errezitatzen nuen, Ungaretti errezitatzen nuen ahapeka. Eta Malnatek, apur bat gogoz kontra arrastatu dutenaren aireaz, «dekadentismo merkeaz» salatzen ninduen arren, funtsean berari ere atsegin zitzaion Voltinin afaldu eta gero hara igotzea, zabaldi hautsez bete hartara, angurri xerra bat jaten geratzea meloi saltzailearen postuko azetileno-lanpararen ondoan, edo tiro-barrakan hogei minutuz aritzea. Giampi tiratzaile bikaina zen. Piazza Travagliotik bastioi gainera zeramaten eskailerak atzean utzi bezain azkar, tiro-postu batean geratzera gonbidatu gintuzten lehia handiz, eta zalantzarik gabe, gizon sendo eta garaia izanik, dotorea uda hasieratik janzten ikusia nion krema koloreko jaka saharatar ondo lisatuarekin, patxada osoz apuntatzen zuelarik kontxazko betaurrekoetan barrena, zirrara eragin zion postu hartako neska toskanatar pintatu eta lotsagabeari —lekuko erregina-edo zen—. Malnatek tiro egiten zuen bitartean, neskak ez zuen beldurrik izan berari kutsu lizuneko lausengu-ziriak esateko, bai eta berak ateraldi onekin erantzun ere, gaztaroko lehen urteetako hainbat ordu burdeletan igaro dituenak izan ohi duen patxada lasaiaz.

        Abuztuko gau bereziki sargoritsu batean, aldiz, aire zabaleko zinema batean sartu ginen, Cristina Söderbaum aktoresak antzezten zuen filme alemaniar bat ikustera. Emanaldia hasita zegoela sartu ginen, eta, Malnateri jaramonik egin gabe, kontuz ibiltzeko eta txutxumutxuka ez jarraitzeko errepikatzen zidalarik ez zuelako merezi, eseri baino lehen ere iruzkin ironikoak xuxurlatzeari ekin nion. Arrazoia zeukan. Izan ere, aurreko ilarako morroi batek, bat-batean altxatuz pantailako hondo esnetsuaren kontra, isiltzeko agindu zidan larderiaz. Irain batez erantzun nion, eta besteak oihu egin zuen: «Alde hemendik, judu nazkagarria!», eta aldi berean gainera oldartu zitzaidan, lepotik heltzen zidalarik. Eta eskerrak Malnatek, hitzik esan gabe, bultzada batez nire erasotzailea bere aulkira itzularazi eta ni kanpora arrastatu ninduen.

        — Astazakila halakoa! —egin zidan oihu, aparkalekura oso bizkor joan eta gero han utzitako bizikletak hartzera—. Orain, ospa egin dezagun hemendik, eta otoitz egin diezaiogun hire Jainkoari zerri horrek asmatu badu, kasualitate hutsagatik izan dadin.

        Horrela igarotzen genituen gure gauak, bata bestearen ondoren, itxura batean beti elkarri zorionak emanez hika-mika hasi gabe hitz egin genezakeelako, Alberto gurekin egoten zenean ez bezala, eta horrexegatik sekulan ere ez genuelarik pentsatzen bera ere, Alberto, telefono dei huts bat eginez gero, etxetik atera eta gurekin ibil zitekeela.

        Gai politikoak albo batera uzten genituen orduan. Biok ezinago seguru geunden Frantzia eta Ingalaterra azkenerako konpondu egingo zirela SESBrekin, haien misio diplomatikoak aspaldian iritsiak baitziren Moskura (biok ezinbestekotzat jotzen genuen akordioak Poloniaren independentzia ez ezik, bakea ere salbatuko zuen, bide batez, Altzairuzko Itunearen bukaerarekin bateratsu, gutxienez Mussoliniren erorketa ere eraginez), eta ia beti literaturaz eta arteaz hitz egiten genuen. Hizketa-moduan neurriz jokatu arren, eztabaidan urrutiegi iritsi gabe alegia (gainera, berak —esan ohi zuen— halako puntu bateraino bakarrik ulertzen zuen arteaz, ez zen bere lanbidea), Malnatek tinko gutxiesten zuen nik gehien maite nuena: Eliot zein Montale, García Lorca zein Esenin. Non chiederci la parola che squadri da ogni lato, edota Llanto por Ignacio-ko pasarte batzuk hunkiturik errezitatzen entzuten zidan, eta alferrik espero izaten nuen nik aldi bakoitzean bera ere berotzea, nire gustura erakartzea. Buruari eraginez, ezetz esaten zuen, berari Montaleren «ciò che non siamo, ciò che non vogliamo» hark hotz uzten zuela, aiherga, egiazko poesia ezin baita ezeztapenean oinarritu (ez aipatzeko Leopardi, mesedez! Leopardi beste kontu bat zela, eta Ginestra idatzia zuela gainera, ez ahazteko hori...), baieztapenean baizik, Poetak, azken finean, Natura etsaiaren eta Heriotzaren kontra derrigor altxatu behar duen bai-an. Ezta Morandiren koadroek ere ez zuten komentzitzen, esaten zuen: gauza finak, hauskorrak dudarik gabe, baina haren iritziz «subjetiboak» eta «sustrai gabeak». Errealitatearekiko izua, huts egiteko izua: horixe adierazten zuten azken batean Morandiren natura hilek, haren koadro ospetsuetako botila eta loretxoek; eta izua, baita artean ere, aholkulari ezin txarragoa izan da beti... Eta horri, ez ordea isilpean madarikatu gabe, ezin nion ezer kontra jarri inoiz. Biharamun arratsaldean berak, zorioneko hark, Alberto eta Micòl ikusiko zituela eta, beharbada, haiekin nitaz hitz egingo zuela pentsatzea aski izaten zen nire baitatik oldartzeko gogoa kendu eta neure oskolaren barruan egonarazteko.

        Hala eta guztiz ere, esatekorik gabe ez nintzen geratzen.

        — Tira, hik ere, azken finean —erantzun nion gau batean—, ezeztapen tinkoa erabiltzen duk literatura garaikidearekin, bizirik dagoen bakarrarekin: gure literaturak bizitzarekin erabiltzen duenean jasaten ez duan ezeztapen berbera. Zuzena iruditzen al zaik? Victor Hugo eta Carducci dituk oraindik hire poeta idealak. Onartu duk hori, ez?

        — Zergatik ez? —berak—. Nire iritziz, Carducciren poesia errepublikanoak, bere aldaketa politikoa baino lehenagokoak, edo, hobeki esanda, bere txotxaldi neoklasiko eta monarkikoa baino lehenagokoak, berriz kontutan izan beharrekoak dituk erabat. Irakurri al dituk berriro aspaldi honetan? Irakur itzak berriro eta ikusiko duk.

        Berriro irakurri gabe nengoela eta ez nituela berriro irakurriko erantzun nion. Nire ustez, haiek ere «farfail» hutsak zirela, abertzaletasun-erretorikaz puztuak. Eta, gainera, ulertezinak. Eta dibertigarriak, horrexegatik gainera: ulertezinak eta, funtsean, «surrealistak» zirelako.

        Beste gau batean, aldiz, nire poesia bat errezitatzeko tentazioan erori nintzen, ez ordea neure burua eder uztearren, baizik eta aspaldian neure barruan ziztaka nabaritzen nuen aitortzeko, zakua husteko behar lausoagatik. Trenean idatzi nuen, Bolognatik bueltan lizentziatura-tesia irakurri ondoren, eta zenbait astez jarraitu nuen arren pentsatzen zintzoki islatzen zuela egun haietako nire ilunaldi sakona, aldi hartan neure buruarekiko sentitzen nuen ikara, orain, aldiz, Malnateri errezitatzen nion bitartean oso argi ikusten nuen, egonezinik aztoratuta baino areago, haren faltsutasun osoa, haren literatur izaera. Giovecca partean genbiltzan, Prospettiva aldetik, eta harantzago trinkoa ageri zen landetako iluntasuna, harresi beltz bat bailitzan. Emeki errezitatzen nuen, erritmoa nabarmen uzteko ahaleginetan, ahotsa hunkiduraz zamatuz, on itxura ematearren nire salgai hondatu pobre hari, baina, bukaerara hurbiltzen nintzen heinean, gero eta garbiago ikusten nuelarik erakustaldi haren ezinbesteko porrota. Aldiz, oker nengoen. Bukatu nuenean, Malnatek seriotasun handiz begiratu zidan, eta gero esan zuen, ni aho zabalik utziz, asko gustatu zitzaiola poesia hura, biziki gustatu zitzaiola. Berriro errezitatzeko eskatu zidan (bai eta nik berehala horixe egin ere). Ondoren, zer esango eta, bere iritziz, nire «lirikak», berak bakarrik, «Montaleren eta Ungarettiren ahalegin penagarri guztiek batera» baino gehiago balio zuela esan zidan. Benetako oinazea nabaritzen zela haren barruan, «konpromezu moral» erabat berria, egiazkoa. Egia ote zioen? Aldi hartan behintzat, baietz esango nuke, dudarik gabe. Kontua da gau hartatik aurrera etengabe nire bertsoak ozenki errezitatzen hasi zela, esanez lerro apur haietan posible zela «irekiune» bat antzematea kaligrafismoaren eta hermetismoaren ur meheetan hondartuta zegoen Italiako poesia garaikidearentzat. Eta, aitortu beharko dut, orduan askoz gusturago entzuten nuen esaten zuena. Haren laudorio hiperbolikoen aurrean, noizean behin protesta ahulen bat egitera mugatzen nintzen, bihotza esker eta itxaropenez mukuru nuela, berriro horretaz pentsatzean arbuiagarria baino areago hunkigarria iruditzen zaidan moduan.

        Nolanahi ere, Malnatek poesia alorrean zeuzkan gustuei dagokienez, behartuta sentitzen naiz eranstera ez Carducci eta ez Victor Hugo ez zirela haren autorerik maiteenak. Carducci eta Hugo errespetatu egiten zituen: antifaxista zen aldetik, marxista zen aldetik. Baina, milandarra izanik, Porta zen haren grina handia; nik, aldiz, beste poeta bat jarria nuen beti Portaren gainetik: Belli. Baina ez, oker nengoen —esan ohi zuen Malnatek—, nola konpara nezakeen Belliren monotonia «kontrarreformista» hiletaria Portaren gizatasun bero nabarrarekin?

        Ehundaka bertso esan zitzakeen buruz:

 

                Bravo el mè Baldissar! Bravo el mè nan!

                L'eva poeù vora de vegnì a trovamm:

                t'el seet mattascion porch che maneman

                l'è on mes che no te vegent a ciollamm?

                Ah Cristo! Cristo! com'hin frecc sti man!

 

        Horixe hasi ohi zen deklamatzen bere milandar ahots lodi apur bat erlatsaz, gau batzuetan, paseatzen via Saccara edo via Colombara hurbiltzen ginenean edota via delle Voltetik gora poliki-poliki igotzen ginenean, ate zabaletatik burdeletako barrualdeetara kirik eginez. Ninetta del Verzee izenekoa osorik zekien, eta berari esker ezagutu nuen.

        Hatz batez mehatxatuz, begia keinatuz eta pikaro aurpegi adierazgarria jarriz (Milango haren nerabezaroko pasadizo urrunen bat adieraziko zuen, pentsatzen nuen orduan), askotan xuxurlatzen zuen:

 

                Nò Ghittin: no sont capazz

                de traditt: nò, stà pur franca.

                Mettem minga insemma a mazz

                coj gingitt e cont'i s'cianca...

 

        eta abar. Edota, ahots hunkitu mingotsaz:

 

                Paracar, che scappee de Lombardia...

 

        hasten den sonetoari heltzen zion, haren bertso bakoitza azpimarratzeko begi-keinuak eginez, Napoleonen frantsesei ez, faxistei eskainiak, jakina.

        Antzeko gar eta atxikimenduz errezitatzen zituen Ragazzoni eta Delio Tessaren poesiak ere; Tessarenak batez ere, nahiz eta niri ez iruditu poeta «klasiko»tzat jo zitekeenik —eta behinola esan ere esan nion—, halako sentiberatasun gainbeherati eta dekadente batez lepo aurkitzen nuelako. Baina kontua da Milanekin eta hango dialektoarekin zerikusia zeukan edozein gauzak inoiz ez bezain bihozbera agertarazten zuela. Milandik den-dena onartzen zuen, den-denari jartzen zion irribarrea. Milanen, baita literatur dekadentismoak ere, baita faxismoak ere bazuten zerbait onik.

 

                Pensa ed opra, varda e scolta

                tant se viv e tant se impara;

                mi, quand nassi on'altra volta,

                nassi on gatt de portinara!

                Per esempi, in Rugabella,

                nassi el gatt del sur Pinin...

                ...scartoseij de coradella,

                polpa e fidgh, barettin

                del patron per dormigh sora...

 

        errezitatzen zuen, eta bakarrik hasten zen barrez, samurki eta oroiminez beterik.

        Milango dialektoan ez nuen dena ulertzen, jakina, eta ulertzen ez nuenean galdetu egiten nuen.

        — Barkatu, Giampi; zer da Rugabella? —galdetu nion behin—. Milanen izan nauk, noski, baina ezin diat esan ezagutzen dudanik. Sinesten didak? Beste inon baino okerrago moldatzen nauk Milanen, Venezian baino okerrago.

        — Nolatan hori? —bota zuen, halako gogo bizi arraro batez—. Hain hiri argia duk-eta, hain arrazionala! Ez diat ulertzen nola konpara dezakean Venezia bezalako komun gainezkatu batekin!

        Baina gero, bat-batean bere senera itzuliz, Rugabella kale bat zela esplikatu zidan: katedraletik ez oso urruneko kale zahar hartantxe jaio zen bera, hantxe bizi ziren gurasoak artean ere, eta hantxe espero zuen bera ere bizi ahal izatea hilabete gutxiren buruan, urte bukaera baino lehen beharbada (baldin eta Milango Zuzendaritza Nagusian paper-saskira botatzen ez bazuten haren lekualdatze-eskaria!). Izan ere, zehaztu zuen, Ferrara hiritxo ederra da, bizia, alderdi askotatik interesgarria, baita alderdi politikotik ere. Are gehiago, han pasatutako bi urteetako esperientziari garrantzitsua irizten zion, funtsezkoa ez esatearren. Baina norbere etxea norbere etxea da beti, ama beti da ama, eta Lonbardiako zerua, «hain ederra eder dagoenean», zeru hura bezalakorik ez zegoen inon munduan, ez berarentzat bederen.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia