IZENBURU GABE
Xabier Gantzarain

Berria, 2020

 

      Artelanen izenburuetan erreparatzen duen edonorentzat, desesperatzeko modukoa da Zumeta. Ez dizu pistarik ematen, ez daukazu heldulekurik, koadroa bera bezain biluzik uzten zaitu. Ernegatu egiten zara. Eta figurak identifikatzen hasten zara, honek zaldia ematen du, txoria beste honek, hau buru bat da. Baina ez dago narraziorik, eta zaputza hartzen duzu. Hurrengo koadrora egiten duzu salto orduan, eta dagoeneko ez zaizu hainbeste inporta zein figura daukazun topatzea, koadroan batetik bestera hasten dira zure begiak euren kasa, mugimenduari jarraitzen diote, konposizioaren atzetik doaz. Eta hainbeste kolorerekin hordituta atseden hartzeko geratzen direnean, gozamena aurkitzen dute detaileetan, hantxe laketzen dira, horiak beltzarekin sortzen duen kontrastean, erabat tapatu gabeko marrazki baten arrastoetan. Gero, badaezpada, txartelari begiratzen diozu: Izenburu gabe. Ah, banekien.

      Izenburu gabe da izenburua, eta beraz badauka: ez daukat pintatzen dudana hitzekin zertan eman, aske naiz, zu ere bai hemen nahi duzuna ikusteko. Artea ez dago ulertu beharrik, saiatu hori guztia ahazten, begiratu, usaindu nahi baduzu olio freskoa, ohartu ez dela mihise baten gainean jarritako pintura besterik, eta hori nahikoa dela munduan gauza zoragarriak badaudela erakusteko. Koloreak, hain bizi, hain garbi. Ñabardurak. Margotu dutena erakusten dizutenean ez galdetu umeei: zer da?

      Gero zuk nahi baduzu egin ariketa, eta hasi zeure baitan: 1961ean margotu zuen koadro hau, marra horizontalez osatua, Bilboko Arte Ederren Museoan dagoena, zerua eta lurra batzen diren lekua da, zeruertza, mundua bere gordinean, ez dago besterik. Baina ez joan galderari erantzuna bilatzera: asma ditzagun galdera berriak.

      Zergatik sortu zen eskandalua 1961ean, Zumetak Donostiako Udal Arte Aretoan erakusketa paratu zuenean, marrez egindako 50 lan jarri zituenean? Sortuko ote luke eskandalua gaur?

      Gaur zerk sortuko luke eskandalua?

      Zer da euskaldunari Zumetarengandik gustatzen zaiona? Mikel Laboari egindako irudiak, Artzeren txoriak, Gernika? Gaur taldean eta Ez Dok Amairun ibili izana? Euskalduna izatea?

      Koadroa zoragarria iruditu zitzaidan ikusi nuen lehen aldian, orain are ederragoa irizten diot. Marra horizontalez egina dago bere osotasunean; beltzak, gorriak, horiak, urdinak, koloreak biluzik eta bizirik ageri dira, elkarren ondoan beste indar bat hartzen dute. Malevitxen Zalditeria Gorria ekartzen dizu gogora.

      Baina hemen ez dago zaldirik, artistarekin batera joan dira, zeruak eta lurrak ederrago egitera.

 

IZENBURU GABE
Xabier Gantzarain

Berria, 2020