GERNIKA
Jose Luis Zumeta

Xabier Gantzarain

Zuloa
Elkar, 2018

 

       Gatazka.

      Google jainkoak segituan aterako dizu: 321.000 emaitza inguru (0,45 segundo). Baina Boris Groys filosofo eta arte kritikariak ondo dioen bezala, erabiltzaileak ezin du Googlek erakusten ez dion beste ezer ikusi1, eta beraz, bilaketa horretan agertzen dena besterik ez da gatazka.

      Entziklopedia eta hiztegi modernoetatik oso bestela, zeinetan hitza erabilera, testuinguru eta arau batzuen arabera definitzen den, munduari galderak egiteko dugun modu nagusi honekin, Googlerekin alegia, gatazka hitz solte bat da, hitzen lainoan dabilen beste milioika hitzetarik bat, eta hizkuntza (lengoaia) hitzetan desegin duenez, ez dago esanahi artikulatu bati edo gehiagori lotua, ez da azaltzen bere erdoka semantikoa, ez dago diskurtso baten baitan sartuta, hor dabil, airea da, berez hain astuna dena: gatazka.

      Filosofiaz tutik ez dakit, baina arazo filosofiko potolo samarra izateko itxura guztia du honek. Ez soilik gatazkari dagokiona, noski, baina baita gatazkari ere.

      Izan ere, euskaldunak entzuten du gatazka eta badaki zer den, esplikatzen asmatuko ez badu ere, seguruenera. Baina horretarako, agian, XX. mendean jaiotakoa izan behar da. Zer ulertzen du 14 urteko gazte euskaldun batek gatazka entzunda? Zer gatazka bizi dute ETBko Gu ta gutarrak saioko gazteek? Eta hura ikusten dutenek? Zer ulertzen dute ‘Gu ta gutarrak’ esamoldea entzunda?

      Euskalbar da gure jainko partikularra, ia egunero joaten natzaio galdezka zalantza existentzial batekin —ez da txiste bat; gure existentzia kolektiboa hizkuntzaren iraupenarekin dago lotua erabat, baina baita gure existentzia intimoa ere: hiztegietan agertzen ez diren hitzak esaten ditut, eta horrek halako harrotasun bat ematen dit, eta aldi berean maila bereko arroztasun bat—, eta oraintxe bertan ere hala etorri natzaio, larri, galdezka: gatazka.

      Elhuyarren arabera, espainolez lucha, guerra; conflicto, contienda; disputa, riña da, frantsesez lutte, conflit, dispute, querelle, conflit, eta ingelesez fight, struggle; conflict. Eta espainolezko itzulpenaren ondotik, lau adibide dakartza:

            —gatazka luze batean sartu ziren bi gizonak: se enzarzaron en una larga disputa

            —klase-gatazka: lucha de clases

            —Ipar Irlandako gatazka: el conflicto norirlandés

            —barne-gatazka: conflicto interior

      Ez dakit nahikoa garbi geratu den nire tesia: gatazka zer den jakin nahi baduzu, ez galdetu jainkoei, galdetu jendeari, irakurri literatura, entzun musika, ikusi pelikulak, joan erakusketetan galtzera. Eta azken aukera gisa jainkoei galdetzea geratzen bazaizu, ez galdetu zuzenean, hobe duzu galdetzea ETA, eta are hobeto galdetzea Zumeta, Gernika.

      Orain hasten da gatazka.

      Albiste historiko batek hartu zituen 2011ko urriaren 21eko Gara egunkariaren azala eta kontrazala: ETAren jardun armatuaren amaierak.

      Albisteari laguntzeko bi irudi erabili zituzten. Batak, txikienak, hiru etakide erakusten zituen, jardun armatuaren amaiera iragartzen zuen komunikatua irakurtzen (paperik gabe, kamerari). Kazetaritza ikuspegitik logikoa zen irudi hau sartzea. Bestea, azalaren eta kontrazalaren azpiko erdia edo hartzen zuena, Zumetaren Gernika koadroaren erreprodukzioa zen.

      Mezua garbia zen: Espainiako Gerra Zibilean eta gerraosteko urte luzeetan Euskal Herriak pairatu behar izandako guztiaren ondorio izan da ETA, eta sufrimendu horren epitomea Gernikako bonbardaketa da. Ez da Garak asmatutako justifikazio aringarri bat, Joseba Zulaikak ere ETAren sorrera Gernikari lotzen dio bere Vieja Luna de Bilbao liburuan:

      “La generación de los sesenta supuso un acontecimieno histórico para  la sociedad vasca y para Bilbao. Se convirtió en un sujeto colectivo que buscaba una reinvención radical de la política, la cultura, el conocimiento y el amor. No se puede entender su aparición sin el trauma de Gernika y la persistencia de la dictadura.

      El escenario apocalíptico de la derrota del padre era Gernika: una localidad de 7.000 habitantes a poco más de treinta kilómetros de Bilbao.

      Gernika era la sede histórica de las Juntas Generales de Vizcaya y también del Árbol centenario, que simbolizaba la democracia popular vasca anulada por Franco con la ayuda de la Legión Cóndor de Hitler.

      La impotencia del padre sólo podía vengarse con una nueva clase de acción y de subjetividad. Para el padre, la guerra había sido el momento constitutivo de su conciencia nacional; pero ahora hacía falta una nueva forma de guerra y un nuevo género de estrategia revolucionaria.”

      Eta Gernikako traumaren neurria emateko, hauxe dio: “Para los vascos Gernika sería el fin de la historia: el apocalipsis.”

      Ez da bakarra, ez da gutxiagorako: euskal foruen sinboloa dagoen herrian zibilei egindako erasoa azoka egun batean, hegazkinak bonbak botatzen, herria sutan, esne beltza, hegazkinak ihesi zihoan jendea metrailetaz errematatzen, haurrak negarrez, giza kea. Baina Gernika ez da Gernika bakarrik. Ignazio Aiestaranen Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik liburu zoragarriko pasarte bat da hau:

      “zer da esne beltza gure artean? Gernika adieraztea. Hitz bat baino ez da,  baina Gernika aipatzean mundu oso bat dator burura. Gernika aipatzea, Otxandio, Durango eta Bilboko bonbardaketak gomutatzea da. Gernika aipatzea, Picassoren zaldia ikustea da. Gernika aipatzea, Auschwitz aurreikustea da. Gernika aipatzea, Tokio, Dresden eta Coventryko sufrimendua azpimarratzea da. Gernika aipatzea, Hiroshima eta Nagasakiko etorkizuna marraztea da. Gernika aipatzea, Lauaxeta gogora ekartzea da, baita Lorca eta Celan ere. Gernika aipatzea, Wagnerren su magikoa piztea da. Gernika aipatzea, Rif eta Abisinia oroitzea da. Gernika aipatzea, Portboun Walter Benjaminen aingerua da. Gernika aipatzea, Franco, Mussolini eta Hitlerren estrategia hiltzailea arbuiatzea da. Gernika aipatzea, gaztelu beltzaren azken harria da. Gernika aipatzea, iragana orainaldian etorkizun bihurtzea da. Gernika aipatzea, XX. mendean Espainiako errautsa da. Gernika aipatzea, Iparragirreren arbola erreketeen artean da. Gernika aipatzea, eliza katolikoaren kontraesanak baieztatzea da. Gernika aipatzea, liburu hau idaztea da, malkoz malko, kolpez kolpe.

      Gernika aipatzea, demokrazia amnesikoa esnatzea da. Gernika aipatzea, Euskal Herriko Unibertsitateak Ernst Ju¨ngerri emandako honoris causa doktoretza ez ulertzea da. Gernika aipatzea, Gabriel Arestiren betaurrekoetatik munduari beha egitea da. Gernika aipatzea, tamalez biktima guztiak aipatzeke uztea da. Gernika aipatzea, isiltasunaren oihartzuna da. Gernika aipatzea, atzerrialdian haur baten margolana da. Gernika aipatzea, giza kea da.”

      Gernika.

      Gernika aipatzea, Aurelio Arteta ikustea da, Mexiko Hiriko Coyoacanen, tranbia istripuan hila, erbestean, gobernu frankistak Julian Zugazagoitia fusilatu eta hurrengo egunean, 1940ko azaroaren 10ean.

      Gernika aipatzea, Zumetak 1967an pintatutako “Picassoren Guernicari omenaldia” koadroa imajinatzea da, gaur egun desagertua.

      Gernika aipatzea, Gara egunkariaren azala eta kontrazala hartzen dituen Zumetaren Gernika ikustea da, bete-betean.

      Baina Gernika aipatzea, artearen historiako koadrorik ezagunenetako bat gogora etortzea ere bada, Picassoren Guernica, eta hala izanik, zergatik aukeratu zuen Garak Zumetarena bere azalerako, eta ez Picassorena?

      Gure ikuspegi erromantikoa dezente narrastuko luketen arrazoi prosaikoagoak alde batera utzita, eskubideak eta diru kontuak alegia, egon behar du beste arrazoiren bat azalerako Zumetarena aukeratzeko. Batez ere, ETAk berak 2014ko otsailean armagabetze prozesuari hasiera emateko atzeko paretan Picassoren Guernicaren erreprodukzio bat erakutsi zuenean. Nazioarterako Picasso, Euskal Herrirako Zumeta? Errazegia.

      Picassoren Guernica oso koadro ezaguna da eta ez naiz historia kontatzen hasiko, zirraragarria bada ere. Baina koadroaren historia alde batera utzita, begiratu koadroari berari, eta ikusiko duzue ez dela bonbardaketa baten errepresentazioa. Mina dago, sufrimendua dago, ilunpea dago, baina ez dago bonbarik, askozaz alegorikoagoa da, unibertsalagoa nahi bada (koadro bat unibertsal zerk egiten duen erabakitzeko beste eztabaida batean sartu beharko bagenuen ere), eta ikonografia bera ere ez da Picassok beren-beregi koadro horretarako sortua, aurretik baitzekarren zezenak, zaldiak, beso hautsiak eta abarrak erabiltzeko joera.

      Aldiz, Zumetaren Gernikak erronka ugariri egiten die aurre. Alde batetik, bere orduko bidea alde batera utzi eta figuraziora itzuli zen artista koadro honetan. Neurriz eta formaz Picassoren koadroaren antzekoa da, lauki luze apaisatua, eta garbi dago zein duen erreferente zuzena. Baina ikonografia oso bestelakoa da Zumetarena, bai eta konposizioa ere. Picassoren koadroan hirukia baldin bada konposizioaren ardatza, Zumetarenean zerumuga irregular bat da koadroa bitan zatitzen duena, goi eta behe. Goian zerua ilun dago, ia beltz, eta batez ere sua dago, hegazkinetatik jaurtitakoa, bonbak, leherketak, etxeak sutan, kolore biziko suak, ia su artifizialak akordarazten dizkigutenak ezkerrean, eta forma sinbolikoetara gehiago hurbiltzen direnak eskuin aldean, tximista mardul edo geziak diruditenak; pixka bat behartuta, frankisten sinboloa izandako uztarri eta gezi haietako geziak direla esan daiteke, Gernika behin eta berriz zulatzen. Picassoren koadroan eskuak zabalik zerura begira baldin badago figura bat, Zumetarenean ukabila itxita ageri da pertsona bat justu zerumugatik zerurantz egiten. Picassorenean zaldia baldin bada lantza sartu diotena, Zumetarenean gizaki bat da, ahotik sartu eta eztarria zeharkatu dio lantzak. Badira ordea Picassorenean azaldu ere ez, eta Zumetarenean bitxiak iruditzen zaizkigun figurak. Bat, txakurra dirudiena, animalia grotesko samar bat. Bestea, esbastika baten antz handiegia duten hankek sortzen dutena. Bestea, haserre dagoela dirudien baserri gorri bat. Eta laugarrena, eta nire ustez koadro honetako gauzarik bitxiena, erdialdean behe-behean azaltzen diren bi oinazpiak, txuri gorri berdez pintatuak.

      Koldo Izagirrek hauxe idatzi zuen Zumetaren katalogo batean: “Guernica-ren bertsio zumetarenean zango bik egiten digute oihu, hildakoen zangoek bezain handi, bezain zurbil eta bezain garrasika. Lauaxetarenak dira, eta aldi berean dira Gernikan edo Varsovian hildako beste askorenak. Eta biluzik, fusilatuak oinutsik nahi baitzuen zutik, bere lurrarekin bat, larruz larru, San Juan egunean baserritarra egunsentiko ihintzetan ibiltzen den bezala. Errito telurikoak eta aldarrikapen kolektiboak bat egiten dute balio sinbolikoz.”

      Koldo Izagirrek ez du aipatzen zuzenean, hildakoen zangoak aipatzen dituen arren, baina niri beti iruditu izan zait, berez hau pentsatzeko motiborik ez badago ere, oinazpi horiek Joxe Arregiren oinazpi erreak direla.

      Igandea zen, seguru nago, akordatu egiten naiz, Berria egunkariak Igandea izeneko gehigarria ekartzen zuen garai hartan. Barrenak irauli zizkidan goiburu batek jo zuen ene begietan: “Hilobitik atera genuen argazkiak egiteko”. Amagoia Gurrutxagak Juan Kruz Unzurrunzagari egindako elkarrizketa zen, hil hurren zegoen, kontatu egin nahi zuen egia. Eta holaxe jarraitzen zuen goiburuaren azpian: “Asteartea zen, 1981eko otsailak 16 zituen. Juan Kruz Unzurrunzaga Zizurkilera joan zen, Joxe Arregiren omenaldian parte hartzera. Han bururatu zitzaion egun hartan bertan gorpua hilobitik ateratzea eta argazkiak egitea, bertsio ofiziala erabat indargabetzearren. ‘Bixente Ameztoiri esan nion’. Laguna zuen artista, izan ere. Horrela hasi zen torturak gurean utzitako argazki lazgarrienetako batzuen historia.”

      Elkarrizketa osorik irakurtzekoa da, ikaragarria, aipatua dut Ameztoiri buruzko atalean, baina osorik ekartzea ezinezkoa zaidanez, zatirik esanguratsuenak ekartzen saiatuko naiz, elkarrizketako ordena errespetatu gabe.

      “Niri eman zidan amorrua, Donostiatik Zizurkilerako bidean — Arregiren omenaldira nentorren autoz— albistegi guztietan ‘arnasa eta bihotza gelditu izanaren ondorioz hil zela baieztatzen da’ entzun behar hark! Denok hiltzen gara arnasa eta bihotza geldituta, aizu, baina Joxe Arregi torturagatik hil zen, eta ofizialki betiko geratuko zen bestea!”.

      “Haserre nengoen oso. Eta herrira heldu nintzenean, senideak erabat beldurtuta zeudela ikusi nuen. Hura ezkutuan pasatzen uztea izugarria iruditzen zitzaidan”.

      “Burutazioa izan zen, izan ere, hilkutxa ateratzea eta argazkiak egitea”.

      Lagun bati esan zion, Bixente Ameztoiri. Hark etxea zeukan Villabonan, Zizurkil ondoan, ezagutzen zituen ingurua eta ingurukoak. Omenaldiko argazkiak ateratzera joan zen argazkilari batekin egin zuten tratua, gauean hilerrian elkartzeko. Ameztoiren Villabonako etxera joan eta denbora egin zuten bertan, iluna heldu artean.

      “Jende gehienak artista gisa ezagutzen du Bixente. Normala, XX. mendean Euskal Herriak eman zuen artista handiena baitzen, Balerdirekin batera. Txoriburutzat ere izango dute batzuek, drogarekin arazoak izan zituelako eta.

      Pertsona osoa zen, bada, eta oso azkarra. Isilean eta ezeren truke lan asko egindako ezkertiarra eta abertzalea. Hau zuei kontatzeko arrazoi nagusia, hain zuzen ere, horixe da: hari omenaldia egitea. Hura hil zen, eta neu ere laster hilko naiz, gaitz larria daukadalako”.

      “Gorpua kutxatik errespetu handiz atera eta erantzi egin genuen argazkietarako. Jo eta ma geratu ginen han agertu zena ikusitakoan.

      Beltzune haiek, hanka azpi haiek haragi bizitan! Lehertuta zegoen erabat. Aurpegiak ematen zuen ikara gutxien. Argazkiek ez dute erakusten izugarrikeria haren laurdena ere”.

      Izugarrikeria hura akordura ekarri, eta zer aipatuko Juan Kruz Unzurrunzagak, eta hanka azpiak, haragi bizitan. Bitxia. Ez ote da ikusten duenak inoiz ez ahazteko moduko irudi bat? Eta tartean Bixente Ameztoi zebilela jakinda, pentsatzekoa ote da beharbada Zumeta bera ere han izango zela? Eta bertan izan ez bazen, lehen eskuko informazioa izango zuela Bixente eta Juan Kruzek emana?

      Zumetaren Gernikako oin azpi horiek Joxe Arregiren oin azpi erreak dira.

      Gernika aipatzea, Joxe Arregiren oin azpi erreak ikustea da, eta entzutea hil aurretik lagunei esaten: “Oso latza izan da”.

      Gernika, beti Gernika.

      Baita orain ere.

      Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko bi kiderekin armagabetze prozesuari hasiera eman diola erakusteko argazkia atera behar badu, ulertzekoa da ETAk Picassoren Guernica aukeratu izana atzeko paretan jartzeko, nazioartean lortu nahi duen oihartzunagatik, eta bere kausa Gernikaren bonbardaketarekin lotu nahi duelako. Baina koadroen esanahia ere aldatuz joaten denez, eta berez bonbardaketaren irudikapenik ez dagoenez koadroan bertan, beste hainbat kausaren ikur bilakatu da ordutik hona, eta aspaldi utzi zion gurea izateari. Beharbada, 1968an Carrero Blancoren aginduz New Yorketik Espainiara eramaten saiatu zirenean, nahiz eta ordukoan Picassok ezetza eman. 1981eko irailean jaitsi zuten hegazkinetik,isilean, Pradora eramateko. Gauzak zer diren, Picassoren Guernica Espainiako trantsizioaren ikur bilakatu zen, “Azken erbesteratua” deitu zion prentsak, bukatu da trantsizioa, Espainia demokratikoaren ikur bilakatu zen, izen osoa esaten ausartzen ez garen Madrileko Reina Sofia Museo Nazionalean dago, hitzak ez dira xaloak, hitzak ez dira alferrik, Picassoren Guernicak aspaldi utzi zion gurea izateari, hala zioen Koldo Izagirrek 1997an:

      “Gernikaren zinezko suntsimendua”, Argia, 1997-VI-15

      “Gerraondo bat inposatu zitzaigun, beren legera baketu gintuzten, gure ikur nagusia eta guzti jaso ziguten ostera Gernika, amets egin ez genezan inoiz libre izan ginela, han bertan baikeneukan askatasunaren landarea. Arbola Santua eta guzti egin zigutenez, perbersoa izan zen berreraikuntza. Arbola hura ez zen jadanik sakratua. Arbola barkatua zen. Gure mitoa errespetatuz, mitorik gabe utzi gintuzten. (...)

      Esaten ahal dugu gure historia hurbilaren une larrienetako batean gurea izan zela Picassoren koadroa. New Yorken zegoelarik, sobera unibertsala zelarik, sartzen ahal ginen geu ere haren jabeen artean. Gure patrimonio moralaren zatia zen, nolabait ere. Baina Espainiak demokratikotasunaren estatusa lortu duen heinean gero eta ez-gureagoa bilakatu da.

      Espainiako espainiarrek Picasso maitatzeko eskubidea eskuratu dute. (...)

      Iduri luke Guernica ez dela Picassok Francori eginiko opari bat besterik.”

      Gehiegizkoa iruditzen zaizue? Datu xume bat, detaile txiki bat: Verak eta Barrionuevok Picassoren Guernicaren erreplika bat margotu zuten Guadalajarako kartzelako patioan.

      1982an argitaratutako Contra el Guernica liburuan abisua emana zuen Antonio Saura pintoreak: “Detesto imaginar qué hubiera opinado Picasso si hubiese sabido que el Guernica llegaría a España en un régimen monárquico, protegido por la Guardia Civil, siendo Calvo Sotelo presidente del Gobierno y un cura director del Museo del Prado, habiendo sido encerrada la pintura en una urna cristalina bajo la protección permanente de las metralletas, y años más tarde en una pecera antibalas por capricho de un Gobierno socialista antimarxista”.

      Liburu honen 2009ko edizioaren hitzaurrean, halaxe mintzo zen Felix de Azua: “Hay en la historia de la pintura unas cuantas piezas que han sufrido tal exceso interpretativo o exagerada divulgación que se han convertido en prácticamente opacas”. Eta jarraitzen du gero: “Tal es el caso del Guernica de Picasso: ninguna pintura del siglo XX ha provocado tal cúmulo de lecturas ni tanta hagiografía contradictoria”.

      Irudiek ez dute berez ezer esaten, guk nahi duguna besterik.

 

 

GERNIKA
Jose Luis Zumeta

Xabier Gantzarain

Zuloa
Elkar, 2018