ENE MAITETXO
Peli Markiegi

1937/01/28
armiarma.eus, 2016

 

Zer dezu baña, ene maitetxo? Ez egin gehigo negarrik.

Zotin garratzok bihotz barruan ito egizuz isilik.

Borroka beltza darabiltzuna badakit bai aspalditik.

Nola ez, biok bat-bat geranez, zuk haina min nik eukirik!

 

Begira neri. Hala ere ez dizut malko bat ere begian.

Ez, ez! Alaitu bihotza. Min hau ez al dakizu, agian,

beste norbaiten eskuz badare, nork bidalia leikian?

Isil-isilik esango dizut. Ipuin bat nik banekian...

 

Hara: baserri zuri eder bat zegon mendi magalean.

Arto eta gari, sagar ta belar ugari zan han danean.

Senar-emazte, ume, abere, eguneroko lanean.

Han bizi ziran pozik eta alai bake zabal ederrean.

 

Horma sendo bat zuan gerriko baserri hark gordegarri.

Noiztikoa zan, nork jaso ote zun ez zitekean igarri.

Nere aitaitak txiki nintzala bere sorbaldan ni jarri

Eta ate aurretik erakutsiaz esan ohi zion maiz, sarri:

 

“Horma zar hura ikusten al dek? Eutsi hakiok ba zutik.

Harri arteko sasi eta narrok atera arduraz errotik.

baserri dena galdua baitek erori daiten unetik.

Urteak dituk, hik gaur bezela, entzuna nauk aitagandik”.

 

Seme zabarrak etorri ziran. Horma sasiek jan zuten.

Lotan zaudela, basurde eta aker sartu ziran dana apurtzen.

Etsai ankerrak baserri-nausi. Dena hain galdua zegoen

lehenaz berdinduz, buru-erainka “Negarleku” dei zioten.

 

Gogoratu hutsaz zotin garratza igotzen zait eztarrira.

Jeremi igarle mendi gainetik bezelatsu bere herrira,

gorputza tinko, harrizko bainintz, jarri nintzaion begira...

Negar eiteko izoztua nun Negarbide dan pilpira.

 

Hau al da Jaunak erruki haundiz eman zigun baserria?

Ia eguna sortu zaneko bazenuan oinarria.

Geroztik, amak ume bakarra bezala, Jaunak hazia

etxe barruan arki dituzu apaiz, guraso, nausia.

 

Goizean goizik milaka urtetan, Jaunak bereiz bidalia

musu bero bat zuri ematen etorri zaizu Euzkia.

Mundu guzia, hanka puntetan, zuri beira zen jarria...

Eta gaur or zaude gaiztagin beltzen Egonleku ezetsia.

 

Zure zabarrez eta itsutasunez egina dezun hobena

odol-negarrez kitotzea da zure egiteko lehenena.

Txorakeriak alde batera. Hartu bide latz zuzena

eta gure Herriaz errukitzen ahal Zeruko Aita Gurena.

 

Seme leial bat aitatu zadan, merezi baitu gaixoak

haren dearraz esnatu ziran anai zintzo lehenengoak.

Eta ardi otzana otsoak antzo hil bazuen gorrotoak

haren izena aipatuko du menderen mende geroak.

 

Haren ondoren, borroka beltza. Hegoiaz zerua antzera,

zaplasto gorriz estali ziran lur ta baserri berbera;

Guda! Odolez dena gorri-beltz... Ikus, baina: bat-batera,

burua makur, bihotza lehertzer, belaun-buruak lurrera,

 

lehenagokoen oinordeko bat doa aginpidea hartzera.

Noren izenez, nolako asmoz zin egitetik atera.

“Eliza Santu Katolikua eta nere Herria aldeztera

behartutzen naiz, odola isuriz, hala behar izatera”.

 

Zezen setatsu itsuarentzat alper da akuilu eztena.

Baserri hormak jaso eta jaso gure gaztedi lerdena.

Zenbaten gorputz-odol bikainez! Maiteak badu ahalmena!

Denon ekinez, Goiak onetsiz, eman zitzaion azkena.

 

Hauxe da ipuina, ene maitetxo. Aditzen? Ez ba negarrik.

Dena dakien Maitaleari eskeini minok isilik.

Nork daki, maite, gure geroa hortatik bada zintzilik?

Geure harria jaso bakoitzak beuden hormak beti zutik!

 

Geroz, baserri eder zurian lehenagokoen legean

pozik eta alai bizi zenitun eguneroko lanean.

Eta aitaitak haurra sorbaldan jasoz horma jasoen aurrean,

esan zion: “Ikusten haiek? Lo geundela, behin batean...”

 

ENE MAITETXO
Peli Markiegi

1937/01/28
armiarma.eus, 2016