GAIXORIK
Peli Markiegi

1935
armiarma.eus, 2016

 

Agur, etxetar: sukarrak jota hemen naukazu ohean;

izerdi patsez egon ezinda, itzul-irauli batean.

Hezurrak urten, mamiak sartu, indarrak berriz hutsean...

Oihal askorik ez dut beharko hurren jantzia egitean.

 

Baina Gogoa ernai bizi dut gorputz ahul honen barnean.

Belarriz garbi dantzuzkit oro: ola zaratak atzean

iskilu dunbak, goiko mutiko bihurria jolasean,

irrat-entzuki ernegarria, belbil-turutak tartean.

 

Begiak dabiltz alfer samarka, nahiago dute etxean

gaixoa nola doan begira dabiltz zorrotz nere ustean.

Bada izan ere ikusgarririk! Hor, zain barruko odolean,

mila milioika xomorro txiki omen dabiltz haserrean.

 

Jarki zaizkizu, jarri ere bai elkarren aurrez aurrean.

Horko erailtze beldurgarria! Hor datzaz hilak sailean.

Horrelakorik! Odol gorria besterik ez da denean!

Hontan begiok jaso dituzte azalok uste gabean:

 

Gogai hego-beltz batek jo ditu tximista antzera iraizean:

Ene! Ez ote gero nere zain hildakook hor lurpean?

 

Azalok itxi. Barneruntz doaz. Han dihardute ekinean.

Orduan Gogok, jaiki, zutitu borrokalari artean,

ta dio: Jaunak, noiz artekoa dezute guda hau? Unean

amai zazute, eta arin bihoa bakoitza bere bidean.

 

Esana esan. Soil-soil, ikurrin zuriz ta zaldi gainean,

Bi gudalburu datoz aitzina eta biak urrats berean.

Alkarganatu, eskuak eman, itzul, ta han doaz bakean.

Guztiak txalo... eta ni be utz naute oraingoz bake ederrean.

 

Eginbeharrik ez nuan-eta nik esan, Kepa, idazketan,

hor non dituzun bertso berriok Xenpelarrenen antzean.

Ta orain agur. Hurrengo arte. Ondo bizi bitartean.

 

GAIXORIK
Peli Markiegi

1935
armiarma.eus, 2016