KANTA, PAPARGORRI
Peli Markiegi

armiarma.eus, 2016

 

Arin-arin, irribarrez badihoa neskatxa.

Nora, gero? Nora, gero, gure neska perkatxa?

Bidetxidor, bidetxidor, zelaitxoa gorago.

Zelaitxo haren erdian sagarrondo bat dago.

 

Kanta, kanta, papargorri, begitxoak larrituz

Kanta, kanta, paparreko lumatxoak astinduz.

 

Zein dabil sagar gainean isil-misil kukuka?

Zozo beltz? Haize bihurri? Nik ez baietz ez uka.

Sagar bat gorri-gorria, sagarrondo azpira;

Ez hartuko, bai hartuko, neskatxa hari begira.

 

Kanta, kanta, papargorri, begitxoak larrituz

Kanta, kanta, paparreko lumatxoak astinduz.

 

Itxura deken hainean eder bahintz, sagartxo,

Jango hinuket oso-osorik: baina beldur nauk, artxo...

Artxo gaizto! Artxo zikin! Esan zak: hor al hago?

Ez zekinat zulorik dun. Begira zan lehenago.

 

Kanta, kanta, papargorri, begitxoak larrituz.

Kanta, kanta paparreko lumatxoak astinduz.

 

Neskatxak besoa luza, eskuan du sagarra:

Zulorik ez du; bai, orde, motatxo bat nabarra.

Bi begiek ona dala, ezezkoa susmoak

nork asmatu zer amaitze izango dun jokoak?

 

KANTA, PAPARGORRI
Peli Markiegi

armiarma.eus, 2016