AITA MANUEL LARRAMENDIRI
Manuel Antonio Antia

Urnietan, 1890eko abenduan
armiarma.eus, 2016

 

 

 

O, Aita Manuel Larramendi, Andoaingo seme argi eta gure probintziaren onra eta gloria! Zenbat zor dizun Euskal Herriak berari agertu zinion amodio bizi eta egin ziniozkan mesede haundiak gatik; batez ere gure hizkuntza miragarriaren jatorri garbi eta noblea ikusi erazotzeko eta gala guztiz egokiakin argitaratu zinituen gramatika eta hiztegiagatik. A!, gure euskera maite eder hau isekatua, baztertua, despreziatua, eta euskeraz hitz egitea gauza lotsagarri eta desonratzat, eta beragatik hiltzat bezela jakintsu usteko harroek zeukaten denboran, zuk biztu erazi zenduen moduren batean bizitza berria emanaz, eta agertuaz zala, ez Espaina menderatu zuten jende arrotzen hizkuntzetako hitzakin adabatu eta antolatutako hizkera txar eta guraso jakinik ez duen ume borta bezelakoa; ezpada Europan ezagutu izan diran giza arraza guztiez lehendikakoa, Babeleko dorretik mundu guztira sakabanatu ziran etxadi edo familietatik Espainiara etorri ziranak ekarri zutena berbera. Zu izan zinan besterik inor baino lehenago honen balioa ongi ezaguturik, garbi, txukun eta graziarekin hitz egiteko zuzenbide txit egokiak zure gramatikan utzi zinituena, hemen eta hiztegian emanaz ondorengo eskuera zale guztiai, hizkuntza paregabeko hau beti bizirik gordetzeko, eta gala eta apainduriakin jantzi eta okitzeko behar dan guztia, baita ere beste hizkuntza ezagutu guztien artean onenari eta sonatuenari ekartzen zaizkan errespetu eta begiramenduak merezi dituelazko probabiderik argiena. O, zer lan makur, ilun eta nahaspilatua hartu zenduen zere gain! Zenbat neke, zenbat buruhauste hartu, eta zenbat gau deskantsu gabe igaro erazo zinion zere gorputzari, lan osotoro berri eta paregabeko honi buru emateko! Eta hau guztia ez bestegatik, ezpada zure herritar euskaldunen onagatik, zuzenduaz guztia Jaungoikoaren onra eta gloria gehiagorako. Uste genezake, bai, dudaren izpirik gabe, lan nekoso hoek ongi sariztatuak izan dituzula, zeruan gozatzen zauden gloriarekin. Hala opa dizute zu mundura zinaneko bigarren ehunkidaren oroipen onragarria egiten duten euskaldun guztiek, eta hoen artean zure izkribuak gero eta gehiago estimatzen dituen

Manuel Antonio Antiak.


 

 

AITA MANUEL LARRAMENDIRI
Manuel Antonio Antia

Urnietan, 1890eko abenduan
armiarma.eus, 2016