LARRAMENDIKO MANUEL EUSKARA-EROSLEA
Migel Iņarra

1890
armiarma.eus, 2016

 

Haren jaiotzako bigarren ehunaldian

 

De manu mortis liberabo eos, de morte rédimam eos: ero mors tua o mors.

Osee; cap. XIII, v. 14.

 

 

Gure lehenengo gurasoai

Zer hizkuntz eman zitzaien

Gauza gaitza da... ezinezkoa

Garbiro behintzat bilatzen:

Gaurko mintzoak, horregatika

Noiz ezkeroztik datozen,

Babel oinean jaiota, ala

Geroztik sortu diraden,

Zaila da baina ikusiko da

Denborarekin azaltzen.

 

Artea hontan, hizkera jasa

Hartan zein diran sortuak

Diraudenetan ezagutzeko

Bide bi daude gertuak;

Mintzaeraren bereiztasuna

Eta osotasuna, batuak,

Gure amari, al dagozkio?

Euskaldun bihotzekoak!

Proga dakidan beharrik ez det

Dio, Tubalen mintzoak.

 

Nere gogoa, zale eta nahia

Ez dihoazte Euskera

Zeinen zaharra dan agertu eta

Hitz-lehen ta buru jartzera,

Hori lehenago eginik dago

Egonagatika behera.

Esaten garbi, eta horretaz

Hemen ez noa hastera

Berririk ezer, ez nuke esain ta

Esanak hitz-berritzera.

 

Tubal-jatorri Euskaradunak

Luzaro gero, bizitu

Ziran bakarrik, eta hermugak

Zituzten oso zabaldu.

Zori gaiztoa! halako batez,

Ziraden lagun-berritu,

Eta gureek, berrizaleak

Eraman eta, progatu

Nahi izan zuten beste hizkera

Eta... egin zuten bekatu.

 

Herri bakoitzen anima dala,

Bizi-mailea eta bixka

Beren hizkuntza, esana dago

Gaur baino lehenagotika.

Tubal-semeak beraz berenaz

Aspertzen diranetika

Han dihoazte Euskerarekin

Herria hil ta amilka

Infernuetan beren buruak

Ezin inondik sarrika.

 

Etsai zirika, burni eta su

Artean Euskal Herria

Beti murriztzen heldu zan baina

Jaunak ez zuen aitzia.

Inolaz ere, oso nahi, zeren?...

Zalako bere maitia,

Horregatika mendi hauetan

Idukitu du gordia

Iritsi arte erostzailea

Bidalitzeko tartia.

 

Gure aitonen errugarrizko

Antsiaz kupi-kupirik

Egin da Jauna, aukeratutzen

Kantauritarren artetik

Hasi zan gero bidalitzeko

Igerle, zalez beterik

Hara Axular, hara... ordea

Zenbat diraden nik dakit

Euskaltzaletan irakinduak

Bata bestean ondotik?

 

Hurbildu ziran denborak eta

Etor-lekuko aldeak

Hasi ziraden zabal eginda

Moldatzen bidagileak:

Egunak ere, bete dira ba,

Eta, Euskaldun jendeak

Pozez txoratzen daude zergatik

Ase dizkien zaleak

Leizaurrek eman dioen

Berdinbageko semeak.

 

Zorioneko Onentzaroa

Zure gauean argia

Ikusi zuen gure gidari

Danak, ta gure zoria.

Ongi etorri, luzaro bizi,

Manuel, txikiz-haundia,

Ekusten dezu inguraturik

Zauzkien Euskal Herria?

Ezin diteke gure burutik

Zure jaiotza ahaztia.

 

Larramendiko jator argia

Ikusi eta Jainkoa,

Horretarako eskaturika

Bere izate osoa,

Abiatu zan apaintzen oso

Bere barrengo asmoa

Egin ahal zezan, eta zergatik

Badakizute? Zeroa!

Euskera zaitzen agertu dedin

Jaungoikoaren besoa.

 

Euskal eroste ona hasi du

Harrigarrizko erakin,

Sarri Ezinak garaitu-az, ta

Hiru mintz-tegia-rekin

Gorputza atzera osatu dio

Arima jasoarekin

Eraio eta zegon tokitik

Aiten huskeriarekin:

Beste honenbeste, pentsatu ere nork,

Nork esan eta nork egin.

 

Bere erakusmen berri-ontarra

Zabaltzen zenbait bidali

Erakusle ta gizon jakintsu

Inguruetan badauzki,

Kardaberaz ta Mendiburu ta...

Danak kontatzen ni ari?

Euskal-berri on zabaltzaileak

Ere azaldu dira bi

Bata Bizkaiko Aita Nobia

Bestea Azkoitiar Patxi.

 

Euskara zaharra erosi da ta

Orduan, beraz, zabaldu,

Bere bidezko mugetaraino

Behinik behin egin behar du.

Erdarak bertan ito nahi luke,

Baldin inondik ahal balu:

Euskaldun-buru ausarditsuak

Berriz, zanpaka azkendu,

Baina Euskalehen eramana da

Ugari beti, edertsu.

 

Berriz-bizkortze osasungarri

Honi erantzun nahi eta

Onkeriol ta aitortzaileak

Ugari datoz lasterka:

Mogel anaiak, Astarloagaz

Txurio, Goietxe ta

Ubilos, Juan Agirrekoa,

Lardizabal, ta Iztueta...

Geroz hononzko berri taldea

Kontagarria ere ez da.

 

Zabaldu bitez librutegiak

Ikusi, eta, bihotzez!

Orain librurik esan Euskeraz

Izkribatzen dan edo ez.

Nori zor zaio aurrerapen hau?

Lehenago ikus degunez...

Baina libruak han egotea

Azal eginak haustutzez,

Ikusi eta motel-isilak

Egon gindezke gu legez?

 

Larramendiko Manuel haundi

Euskerazale sutsua

Gugan piztera etorri zinan

Ta, iguzu, gure maisua:

Sua horretan kiskal gaitean

Euskarazko erreinua

Haritz girizan jarri dezagun

Antxinan bezelakua

Danak batera gurtu dezagun

Lauburuko Jaungoikua.

 

Larramendiko Aita Manuel

Jakin ta Euskarazalia

Zala oihuka dagozka lanak;

Guztierakoa ordia?...

Dudarik ere ipin ledike

Erregin zuzendaria

Salamankako maisu iraunda

Lagunkidan egotia.

Hala ez bazan? Ezin zediken:

Haundia izan zan, haundia.

 

Merezi ditu beraz harrizko

Har-tailu eder lirainak;

Merezi ditu zilarrezkoak,

Urrez ta har-finez eginak,

Merezi ditu, zer ez merezi?

Andoain-seme bikainak?

Herri bakotxak berea altxa

Ezin badio, ahaleginak

Egin ditzala betetzen honen

Gogo berdindu ezinak.

 

Zori oneko Aita Manuel

Gizon Erromar goiena,

Euskalen poza, Espainiaren

Argigarri eta omena,

Leizaurreko goizalde-izar,

Jesustar leial zuzena,

Euskal-erosle ezin esana

Gur bedi zure izena

Geren etxetik hasi eta atzerri

Guzti-guztiak barrena.

 

Andoain maite oso poztua,

Erroren anai kutuna,

Ekusten dezu zeinen alaia

Dan Eguerri eguna

Zuganaturik euskal semeak

Aurten ospatzen deguna?

Orain bagoaz ostera etxera,

Gure artean, O, Jauna!

Bizi dedila beti Euskera,

Bai eta bere Erostuna.

 

LARRAMENDIKO MANUEL EUSKARA-EROSLEA
Migel Iņarra

1890
armiarma.eus, 2016