EUSKARA (A. Larramendiri)
Antonio Arzak

Andoaingo Udaletxean, 1890eko abenduak 28
armiarma.eus, 2016

 

      Zer esan, jaunak, zer hitz donkitu, nere hizkeran, maisuen maisuari?...

      Hala nola eguzkia irtetzean izarrak ezkutatzen diran, hala ikusten ditut gaur euskal izkribatzaile argienak Larramendiren aurrean, eta nik nitaz aitortzen det ez nezaketala beste gauzarik egin, ez bada haurrak bere aitarekin egiten duena, esaten dizkanean besterentzat balio ez duten hitzerditxo banakak, amodiozko begiratu batean gozoro bildurik.

      Denok dakigu gure Aitaren bizia eta obrak dirala Gloria zeruan, Euskara lurrean.

      Euskara!... Ia hil dala entzuten nago aspaldian, baina ez da hilko. Jaio, amak euskaraz erakutsi, hazi eta gizon egin euskararen musika entzunik, A. Larramendi bezelako gidari bat bidean arkitu eta gero, eguna arratsaldean hiltzen dihoan bezela, hobironz alderatzen ari geranean, geren buruak ukatu eta hil? Ez da geren buruak ukatzea euskaldunak ez gerala esatea? Eta nola esan euskaldunak gerala euskaraz hitz egiten ez badegu? Beren hizkuntzak ahaztuko balituzte izango litzake gaztelau, frantses edo ingelesik? Norbaitek esango du ez duela orain euskarak beste hizkuntzak hainbat balio ogia eta dirua irabazteko; ez det ukatzen. Baina nik dakitana da ez dala gizona ogiz eta diruz bakarrik bizitzeko Jainkoak egina, eta ez dala, ezin izan litekela gauza egokia eta zuzena gure gurasoek zituzten hizkuntza eta ohituretaz ahaztutzea, beretaz ernegaturik bezela. Nik ez, euskaldunak, bakarrik geldituko banaiz ere. Burnibide eta gainerako aurreramenduak, Elizak bedeinkaturik denborak dakartzienak, ongi etorriak izan bitez, beren bitartez herri guztiek bat bezela eginik; baina honegatik itzali behar degu gure herriari, etxeari eta familiari diogun amodioa?

      Euskara!... eri dago, bai!, baina ez da hilko; eta sendatu liteke euskaldunok hala nahi badegu. Euskara hil  ez! Ezin! Eta hiltzen utziko bagenu ere ez litzake hilko, bada, hitz itsusi, erneguzko eta blasfemiazkorik ezagutzen ez duen eta sekulan beretaz kutsutu ez liteken hizkuntza garbiari ezin falta lekioke zeruko laguntza; zerua onratzeko biziko da beti gure mendi-kolkoetan. Gainera, zabalduko da munduan: alde guztietako gizon jakintsuak ari dira gaur bera ikasi eta miresten, eta hemendik, Andoain, Larramendiren sehaskatik, bidal zaizkategun orain eskerrik beroenak.

      Euskara!... Zenbat edertasun gordetzen dituzun! eta hau da bat: nork adierazi lezake nolako eta norainokoa dan gure mendietako kantetan banatu dezun likurt gozoa?... A!... kontu haundiarekin egon izandu naiz, frankotan, beste herrietako mintzo eta jolasak entzuten, baina batean ere ez det nik arkitu zure atsegintasun paregabea. Egia da; nere lurretik kanpora, txorien kantak berak lehorrak bezela iruditzen zaizkit.

      Euskara!... biziko da, eta biziko da gure etxean, elizan, eskolan, mendi eta zelaietan, kale eta plazetan, hemen, Ameriketan, euskaldun bat bizi dan alde guztietan.

      Onra dezagun, bai! Aita Larramendi, baina ez bakarrik gaur, ez bakarrik hemen; baizik nonahi eta beti. Nola? Onraturik Euskara.

 

EUSKARA (A. Larramendiri)
Antonio Arzak

Andoaingo Udaletxean, 1890eko abenduak 28
armiarma.eus, 2016